literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

10.— Piarres Axular

(1556-1644)

 

        Idazle ta izlari zan Azular, bietan trebe. Leen naiz orain, guztiz aipatua. Atsegiña zuen mintzoa, eta egiñak; gizona, ain zuzen, egiñetatik dugu ezagun. Ezbaitasun izpirik gabe, Axular'ek beti izan du, baita izango ere, toki bakana gure literaturan.

        Duda-mudarik bada aren deituraz, ez bait dakigu ziur nola idatzi bear dugun, Axular ala Atsular. Ainhoa'n bada, Arantza'ko kapera gaiñean, Atsulai izeneko mendia; baiña Axular axuri-larre'tik edo datorkigu; gaur Axular idatzi arren, gaiñera, ta aren sortetxeak izen ori eraman, amaseigarren gizaldiko paper zaharretan Axularrena agertzen da; itz au dugu, beraz, etorki eusgarri ta guri ere obe zaigu orri oratzea, Axular idatzirik.

        Axular ez da aren abizena, jaiotetxearena baizik; antxen dago, gaur ere, barriztua, Axular basetxea. Idazle ospetsuaren egiazko izen-abizenak auek dira: Piarres Agerre ta Azpilkueta, aren gurasoak Piarres Dagerre ta Maria Azpilkueta baitziran. Urdazubi'n (Urdax), napar mendi-zoko gordean jaioa dugu, Lapurdi ta Naparroa tarteko muga-mugan. Noiz? 1556'an, uste danez.

        Deus ez da aren gaztaroaz dakiguna. Nun egin zitun ikaskizunak? Urdazubi'n bertan lenengoak noski; antxiña batean ba-zan an prailletegi bat, gazteai asi-ikasiak ematen zizkiena: Salbatore bakartegia. Gorago jo nai zutenak, ordea, Ikastetxe nausietara joaten ziran, Paris'era, Tolosa'ra, Bolonia'ra, Salamanka'ra, edo-ta Oiñati'ra. Nun egon zan Axular? Salamanka'n bear bada; bere eskola-maixu bezela Zumel ospetsua aipatzen du beintzat.

        Dena den, ornitu zitun bere apaiz-ikasketak, an-or ibillirik. Iruña'n egin zan apaizki 1584'an, eta bertan artu zuen Epistola 1595'an; urrengo urtean, ots, 1596'an, Lerida'n Ebanjelioa arturik, Tarbe'n apaiz egin zan, Salvar d'Iharce bastidatar Apezpiku euskaldunaren eskuz.

        Auxe emendik errez atera dezakeguna: Axular ez zala Ikastetxe baten bakarrik ibilli bere ikaskizunak osatzen. Ebanjelaritzeko garaia eldu zitzaionean, egia, Iruña'n etzegon gotzaiñik, baiña urrago ba-zitun Kalagurri'n, Jaka'n, Ueska'n, Zaragoza'n eta abar. Zeaztasun guztioi au gaiñeratzen die M. Lekuona'k: «Lerida'ko ibilliaz gaiñera, gure Apezgaiak Tarbe'ko bere Apaizgitean, eta andik aurrera beti ta beti, Prantzi-alderako azaldu zuan makurtasun eta joaiera eten-gabeak, olako zerozer esan nai du guretzat: azkeneko ikastaldiren batzuek Prantzialdean ere egin ote zituan» (Gero, Zarautz, 1954, XIII).

        An edo emen, Axular'ek jakinduri ederra iritxi zuen, Batxiler izena eramateraiñokoa iritxi ere. Gero bere liburu sonatuan erakusten digun jakituri sakona ez da, izan ere, Urdazubi'n bakarrik artua, kanpoan lortu zuena baizik. Urte askotan ibilli zan, dudarik gabe, ikasi ta ikasi, 40 urte zitula apaiztu bait zan. Zortorrak izan ote zitun apaiz izateko? Zoriak irriñorik ez egiten? Ala alderdi txarrekoak zitun aurka? Sorgiñak?

        Ezetz dirudi. Ez digu beiñik-bein bere liburuan sorginkeririk aipatu ere egiten. Baiña bada, orraitio, aretzaz sorginkerizko ipui bat, urdazubitarra patu gaiztoko biurtzen duena. Axular Salamanka'n ikasle zala, deabruak an omen zeukan bere eskola leize zulo batean. Urtero, ikasleetatik bat, txarrena, beretzat artzen omen zuen. Leize-barruan zan bein Axular ere, ta andik irtetzerakoan, berau ei zan lerroan azkenengo. Deabrua zan atezai, eta denak txandaka ateratzean, «Ar zak ene ondokoa» esaten zuten. Axular'ek ere, guztien atzenak noski, deabrua leize-orman eguzkiak egiten zion itzalera bota zuen; Axular libre joan zan, baña itzalik gabe. Orrezkero itzalikan gabe dabilkigu; au da: Axular itzalik gabeko eguzki zabala dugu. Gizon jakintsua zalako, norbaitzuk esan oi dute deabruagandik zerbait ikasi ote zuen.

        Sara'n il zan, 1644'garren urtean, bertako erretore zala. Oraindik ere irakurri ditzakegu ango eleizan Bonaparte printzeak ipiñi zuen illarrian dauden itzok: «Pedro Axular euskaldun izkribatzalletatik iztun ederrenari, nik Luis Luziano Bonaparte euskerazaleak au ipiñi nion. Ez dago atsedenik ta odei gabe egunik, zeruetan baizik. 1.865.

 

ARIMAZAI.— Egin zitula egin zituen lekuan bere eliz-ikaskizunak, Axular, apaiztu ondorean, arimazai daukagu bertatik Donibane Lohitzune'n (1595-1600). Zeukan arazorik ez dakigu, zerbitzari ala agintedun. Andik bost urtera, 1600'an, Sara'ko arimazai Juan Douamet gaixotu zalako, urdazubiarrari eman zioten ango erretorgoa, eta Bertrand d'Etxaus baigorriarrak eman ere: Axular'ek oni eskeiñiko zion geroago bere Gero. Axular orduko, emendik ageri danez, naiz-ta ikastaro bitartean arat-onat ibillia izan, meza eman aitzinetik Baiona'ko eliz-barrutiko eginda edo goterki ontan errotua zegoen.

        Etzitzaion xamurra izan Sara'ko erretorgoan sartzea. Muga lurraldeak ditugu aiek, eta ezta arrigarri: urte aietan ez zebiltzan ain paketsu Prantzi ta Espaiña arteko gauzak. Au da, baziran alderdiak eta alderdi bakoitzak bere eskubideak, edo eskubide antzekoak, su ta ke aldeztu oi zituzten. Axular'i ere etzan zerbait ezarri zioten: mendiz onuzkoa zala nunbait. Ala dirudi beintzat.

        Eta Sara'ko elizaren zuzendaritza artu ta ille batzuetara, «pujatzaille» bat agertu zitzaion: Harostegi zeritzan Donibane'ko apaiz bat. Axular Baiona'ko apezpikuak izentatua zan; Harostegi'k, ordea, Erroma'tik atzeman zuen; Axular seguru xamar ba'zegoen ere, erronkaria goragotik zebillen. «In fraudem? tranpian? —galdetzen du M. Lekuona'k—. Ez jakin. Gertatu oi ziran orduan olako saltsak eta goraberak... Bi eskubidedun zeuden leku bakar baterako; bata, lenengo sartua, Axular; bestea, ondoren, berandutxo etorria, Harostegi. Lenengo sartuak, ordea, beti ere eskubide obea: melior est conditio possidentis... indarrak laguntzen badio batez ere» (Gero, XVII).

        Urdazubiarrak, orrez gaiñ, ba-zuen adiskide indartsurik; bat Prantzi'ko errege Endika IV pauetarra. Eta Sara'n sartzerakoan zeuzkan istillu ta auziak zuritzeko, oiñez ala zaldiz ez jakin, Paris'eraiño joan omen zan, Erregearekin egotera; baita aregandik bere aldeko erabakia lortu ere. Endika IV'garrenak, idazki baten, au esaten zion: «Naparroa'ko erreiñuak nere menpeko baititut eta baitira, nai degu ta agintzen degu, Axular'ek ukan eta goza dezala Sara'ko erretorgoa, sortzez Naparroa goitikoa dala beste kontrarik ez baldin badu... Paris'en, 1601'garren urtean». Errege jator, lendik ere, Navarrae Rex —Naparroa'ko Errege— jartzen zuen bere idazkietan. Eta izengoiti onek eta Erregekin zuen adiskidetasunak asko balio izan zioten Axular'i bere auzian, Bordele'ko auzitegian erabaki bear zan ontan, batez ere. M. Lekuona'k: «Dana dala, gorabera guztien buruan —Paris eta Bordele jo-ta gero—, gure Axular gelditu zan Sara'ko Erretor».

        Etzuen txarto burutu bere egitekoa. Idazle ez-ezik, izlari, «predikari» sutsu genduan, omen aundikoa euskal erri osoan; «irakurri gaitzekoa», gure baserritarrak esan oi zutenez. Langille porrokatua. Pozik zeuden erritarrak. Eliz-barrutiko arimazaintzan beti agertu zitzaigun zentzudun eta gizatiar. Sara'ko elizak garai artan 298 sukalde edo familia zeuzkan. Erretorez gain, zerbitzari bat zeukan. Parroki au garrantzi aundikoa zan, eta bertako erretora gotzaiñak izentatua izan oi zan. Saratarrak, itxas-gizon batzuk kendu ezkero, nekazaritzatik bizi ziran. Arimazaia maite zuten, eta Duvoisin'ek dioskuna egia baldin bada, elizari amarrenak ordaintzen txit jator agertzen omen ziran, eta eliztarrak ainbat sagar eramaten ziotelako, dolare bat eraiki omen zuen erretorak, sagardoa egiteko (Haristoy, Les paroisses du Pays Basque, I ale, 237 orr.).

        Idatz-arloan, urteak joan urteak etorri, itzaldi ta nota pilloak zeuzkan bere gelako mai ta arasaetan. Ezer argitara gabe oraindio. Baiña aren lanak, txukun bezain sakon egiñak, etziran lakaripean eukitekoak; eta, onek aolka ta arek zirika, gure erretore zaharra atzenez bere lanak bildumatu ta liburu mardo batean argitaltzera etorri zan. Axular 87 urteko zala, 1643'an, azaldu zan irrika biziz itxaron zuten lana: Gero.

        Arrera meratsu ta beroa egin zioten denak. Baiona'ko gotzaiaren iritzi-emaille Dizanetxe'k onela dio: «Authore Domino Pedro de Axular, viro meritissimo in nostra Cantabria». Eta Pedro d'Urtubie'k: «Meritissimo olim rectore». Itxura danez, 1644-4-8'an il zan Axular; baiña orduko izen-abizen berdiñeko bat zan Sara'ko erretore, Axular'en illoba noski. Aipatutako bi iritzi-emailleak, beintzat, lenengoak diño: «celebri nuper rectore de Sara», eta bigarrenak: «olim rectore». Bi itzok esan nai dute: «arestian», «oraindik orain».

        Urtez abaildua, aomenaren gaillurrean zegolarik, joan zitzaigun mundu ontatik. Sara'ko eliz-gurdi ugelak etzeuden esku txarretan; antxe bertan il zan au ere, ots, Pedro Axular. M, Lekuona'k illobi baten ikusten ditu osaba-illobak, illik ere, alkar besarkatuta. «Sara'ko eleizan —dio— bertan dago lur emana (Axular). Arri leundu bat gaiñean. Bere illoba, 1653'an illa, apaizaren ondoan. Osaba-illobak, biok batean. Biok izen berekoak —Pedro de Axular—. Biok Sara'ko erretor izandakoak. Biok obi batean... Zeruan ere biok batean izango bait-dira» (Loc. cit.).

 

«GERO».— Euskal literatur galtzarrean ez dugu nolanaiko lana, danetatik bear bada aipatuena baizik. Alaz eta ere, ezta geiegi argitaratua izan: iru gizaldi ta emeretzi urtetan bost ekoizpen (edizione): 1643, 1660?, 1864, 1954 ta 1964'an; eta an-emengo euskalkietara egiñiko itzulpen batzuk.

        Liburuaren titulua: Gero, bi partetan partitua eta berezia (Bordele, 1643), G. Millanges'enean, edo erregeren inpraitzaillea baitan. Baiona'n etzan 1665'rarte irarkolarik; Iruña'n, berriz, 1489'tik ezaguna zan; Baiona eliz-barrutiko liburuak, ala ere, geienak beiñik-bein Bordele'n argitaratzen ziran.

        Liburu mardula zan Gero, 623 orrialdekoa. Ez dakigu zenbat aleko argitalpena izan zan lendabiziko au. Bat-batean saldu ziran beintzat ale guztiak, eta berriro egin bear izan zuten beste argitaratze bat. Oraingoan «Geroko Gero» tituluarekin, eta azalean Bordele'n egiña dala dion arren, ez dakar urterik: lenengoa ta bigarrena oso berdiñak dira, itxuraz. Bigarren au lenengoa baiño txukunagoa, askoren iritziz; baiña euskalari jatorrentzat ainbat garrantzi ez duena. Ba-ditu utsune betetze batzuk ere; eta «uste bait-degu —dio M. Lekuona'k— zin-ziñetan, argitaltze au egin zuanak, Axular beraren esku-idatziak begi aurrean euki zituala... Birrargitatzaillea, Egilearen illoba berbera —ots, Axular gaztea— ote zan ere susmorik bai baitdegu...» (Loc cit., XIX orrialdean).

        Irugarrenez 1864'an argitaratu zuten, titulu au emanik: «GUEROCO GUERO edo arimaren egitekoen geroko urteak zenbat kalte eta zorigaitz dakarken. Gogomenak, eskritura saindutik, elizako dotorretarik eta zuhurren liburuetarik Axular, Sarako Erretorak bilduak.— Edizione berria, garbitua, xuxendua eta bere baitako ordenan emana». Baiona'n, Lamaignère alargunaren moldekintzan. Baiona'ko gotzai Lacroix jaunaren baimenez eta Intxauspe kalonjearen ardurapean ornidua izan zan argitaratze apain eta buruzko au. Gaiak eta atal batzuk aldatu egin zizkigun zerbait Intxauspe'k, baita, aurrerago A. Añibarro'k bizkaieraz jartzean bezela, aragiari buruz gordiñegiak zerizkion esaldi batzuk moztu ere. Kritikalariak, beraz, ez diote balio aundirik egozten argitaraldi oni.

        Laugarren argitalpena (Zarautz, 1954) Itxaropena irarkolan egin zan, Euskaltzaindiaren ardurapean, M. Lekuona apaizak gertatu ta aitzinsolastua. Ekoizpen oni dagokionez, oiartzuar jakintsuak au dio: «GERO'ren argitaratze berri au, guztiontzako era errezean, Euskaltzaindiaren idazkeran eta ortographian antolatuz... eta Bizkaian eta Gipuzkoan ez bait-degu h'rik erabiltzen, zenbait h kenduaz; beste zenbait bere artan uzten baditugu ere». Aditz joko zenbait eta itz ezezagun mordoxka orrialde ertzetan agiri dira. Oso txukun emana dugu laugarrengo au ere.

        Bostgarren ateraldia «GERO —Después—» izenburuarekin Donostian Izarra'ren irarkolan egin da, 1964'garren urtean; «Espirituales Españoles»-ek bere Textos bilduman XVI'garren alea osotu du Peru Axular'en liburu eder onekin. Sarrera ta gaztelerazko itzulpena Aita Villasante euskaltzaindikoarenak dituzu. Ogei ta zazpi orrialde ditu sarrera gisan, Axular eta aren ingurua ta lana sakonki aztertuaz. Guztiz 783 orrialde. Barru ta kanpo, guztiz ederra.

        Onezaz ostean, J. Urkixo'k facsimil gisan argitaldu zuen bere RIEV delakoan, zatika, IV'garren aletik —1910— asita; baiña etzan Axular osoa argitara eman, 1936'an bada argitaratzea urratu zan, eta lan guztia amaitzeko 200 orrialde palta ziran oraindik. Orobat esan genezake A. Antonio Añibarro prantziskotarrak —1820'garrenerantza— bizkaieraz ipiñi ta J. Urkixo'k RIEV aldizkarian XIV'tik aurrera egin zuenaz: etzan osorik agertazi. «Euskal Esnaleak» ere, 1909'rantza, gipuzkeraz argitara zitun Axular'en zati batzuk.

 

ZER DUGU GERO?Gaiari begi eman ezkero, mistika baiño asketika liburu geiago duzu. Oroz gaiñ fedean errime daudenentzat egiña, kilikolo dabillenak ere laprast-arriskuan zein arriri oratu ugari bertan aurkituko baditu ere. Elbutu berezi bat du gogotan: pekatariaren Jainkoagana biurtzea; lera ta pekatua dana utzirik, kristau bizitza osatzen duenarekin egiaz besarkatu.

        Liburu baliotsu onek irurogei kapitulu ditu, bakoitza iru bat ataltxotan bananduta. Ona, laburki, bere guna:

        Ekintzarako jaioa da gizona; alperkeriak, ain zuzen, ainbat kalte dakazki, naikunde utsaletan denbora joanik. Geroko segurantzarik ez dugu, ta Jaunagana biurtzea gerorako utzi ezkero, geroago ta gaitzago zaigu pekatutik jaikitzea. Gerotik gerora gabiltzala bete lekiguke pekatuen neurria. Gaitz-urre dugu, beraz, geroko baterako gauzak uztea (I-IX).

        Errukitsu da Jainkoa. Baita zuzena ere. Ta onek, ots, zuzentasunak darabil Aren errukia. Pekataria, etzera bildur Jainko zuzenaren aurrean? Uskerietan galtzen duzun aldia, ezin dezakezu berriz eskuratu; ez luza penitentzi egitea. Seaskatik illobira, ondoz ondo dabilkizu eriotza. Noiz ilko zera? Gaur? Biar? Une seguru-ez ortan biurtuko al zera Jainkoagana? Ez! Egin limosna ta beste obra kontzientziaz zor dituzunak (XXVIII).

        Eragozpen auek kendu bear dituzu: birauak, asarreak, ezin ikusiak (XIX - XXVII). Zergatik parkatu bear diozun zeure etsaiari, eta biotzez maite izan: iru errazoi (XXVIII-XXX). Zenbat kalte egiten duen aragiaren pekatuak (XXXI-XLIV).

        Gisa onetan pekatu bidez, gerotik gerora gabiltzalarik, gaiztotu egin zaigu kontzientzia, belar pozoitsuz lurra bezela. Arima barnetik onak dakarkigun bake eztia uxatua da. Beraz, geroko begira egon gaberikan, ontasunaren ein gozatsuan irautera egin bear dugu. Ifernuko bidea gaitza baita, gerotik gerora ibiltzea utzi ta andik iges egiten saiatzea egoki zaigu (XLV - XLVIII).

        Ez duzu zailla zerurako bidea. Nola segi bertatik? Gerotik gerora ez utzi, arren, konfesatzea; maiz aitortu, probetxugarri da-ta. Luzatu naiez dabillenak bidegabea dagio Jainkoari, baita aingeruai, bere buruari, bere kristau lagunai ta munduko gauza guztiai ere (XLIX-LV).

        Ifernuko neke-oiñazeak gogotan erabilteak laburtu egin oi dizkigu Jaunagana biurtzeko darabilzkigun aiko-maikoak. Suleizeko miñak! Ez da andik irtetzerik! Zergatik zigor ain luze ta sekulakoa? Zer dala-ta ez die Jainko errukitsuak an daudenai parkatzen? (LVI-LX).

        Auxe dugu saillez sail Gero ospetsuaren mamia.

 

        Gomendiozko karta baten bitartez, len Baiona'ko gotzai eta gero Tours'ko Arzipizpiku izanari, ots, Bertran d'Etxaus jaunari, «Frantzia'ko Lehenbiziko Erremusinari, Ordenako Aitonen Seme eta Erregeren Kontseillari famatuari» eskeiñi zion liburua, gizon argi ura liburua azaldu orduko illa izanik ere. «Neure Iaun maitea —diotsa—: Ioan zatzaizkit lurretik, baiña ez gogotik, ezta ez bihotzetik. Heldu nintzen. Ezterautazu iguriki. Ordea eneak dira faltak, enea da hobena. Gerotik gerora ibilli naiz, eta hala dabillanari gerthatzen oi zaikana egin zait niri ere». Naiz-ta liburua erri xearentzat borobildua izan, Axular'ek ba-zekian jakitun maillara igotzen ere.

        Zer oni buruz A. Irigarai'k onela dio: «GERO liburua humanista bete baten (gizatiar baten, esate baterako) kumea da. Garai aietan, aro ta sasoi orretan ziren, greko eta erromanoen idurira izkiribatzen zuten, eta Axular'en liburutik gizatasuna dario alde guztietarik. Montagne, Fr. Luis de Granada, Bossuet ere humanistak ziren, baiñan laister gero aintzineko autoreen imitazione ori kritikatua izan zan, Boileau'ren «Querelle des anciens et des modernes» delakoaren garaian. Axular'ek oraiño klasikoak imitatzen ditu, eta idazlari aien edergailuak onesten, eta aien birtuteak laudorioz aipatzen, paganoenak izanik ere, Renacimiento-aro edo Berpizkunde-aro delakoaren seme egiazko batek bezala» (Egan, 1-4, 1953).

 

IZKERA EDERRA.— Eder al dugu Axular'en izkera? Bai, alegia. Au, ordea, gora-itzez baiño obeki adieraziko dugu egille ber-beraren idatzi-zati batekin. Ona VI'garren kapitulutik artuta zatitxo au: «Errazago bada ere on bahituaren ateratzea, eta koberatzea, salduaren baino, edireiten da guztiarekin ere bere onak bahitzen bezala, saltzen ere dituenik. Eta haur beror gertatzen da arimako gauzetan ere. Beldur direla, bere konzientziak alha zaiztela, bekatu bat edo bia baizen eztutela eginen erraiten dutela; eta heken ere utzteko gogorekin dabiltzala, bekatuak egiten dituztenek, bahitzen dituzte bere arimak. Baiña beldurtasunik gabe, Iainkoz, konzientziaz, eta munduaren erraiteaz ere konturik egin gabe, antsikabeki dabiltzanek saltzen dituzte. Bahi bat tabernara arnozun igortzen duzunean, gaztigatzen diozu tabernariari eduki dezala zenbait egunez bahi hura, eta heken buruan aterako duzula. Baiña zuk nola aterako duzun ezen barrenago sartzen duzu: egunetik egunera bahiaren gaiñean, arno gehiago hartzen duzu, halako moldez ezen azkenean ikusirik bahiaren balioa edan duzula, bahi guztia tabernan uzten baituzu. Bada haur beror zeure arimaz ere egiten duzu. Erraiten duzu, bahi bai, baña neholatan ere eztezakezula sal. Erraiten duzu bekatu bat eginen duzula, eta ez gehiago. Ordea bat egin eta bat hari, hanbat iratxekitzen diozu bere ondotik; halako moldez eta suertez arimaren gaiñean, bekatuaren zorra berretzen eta kargatzen duzu, non azkenean, bahi guztia, zein baita zure arima, tabernan, deabruaren eskuan, eta boterean gelditzen baita, hartzaz, nork bere gauzaz bezala, nahi duenaren egiteko» (Gero, VI kapitulua, I).

        Zati onetatik errez atera genezake nola idazten zuen Axular'ek, eta nolako eder-bitxiak erein zizkigun bere Gero mardulean; baita bidenabar, lan osoa begiz jo ezkero, or-emen agiri diran akatsak —eunetik zazpi bat, Orixe'ren iritziz— oartu ere. Lan atsegingarria, egiaz. «Liburu oparoa —dio M. Lekuona'k—; luze eta zabal. Oparoa gaiaz, oparoa eraz. Oparoa mamiz, oparoa azalez. Ixuri ugariduna, benetan. Ixuri errezekoa. Euskal Literaturan facile princeps. Ongitxoz guztien gañetikoa, gorena, ederrena, jantziena, jakintsuena, jatorrena, erreza, txairua, apaña... facile princeps. Oparoa esan det. Eta benetan. Eta edozeñen eskutarako gañera. Guztiontzat "duena". Ez euskal-zaleentzat bakarrik —Euskera jatorraren ur bizia iturburuan bertan xurgatu nai duanarentzat bakarrik—; baita zuretzat ere, Apez Jaun, zuretzat, Midiku Jaun, zuretzat, Jaun Abokat... Zerana zerala: guztiontzat. Guztiok arkituko degu Liburu onetan nun edan, nun goza, nun ase. Olakoxea da» (Loc. cit., XX).

        Bada oraindik beste zeozer ere Axular jator egiten duena. Zer baña? Argi idazten du, nahasirik gabe, leun eta berdin; labur ere bai; ez, ezta bat ere esakun luze zale. «Sorta txiki asko dun itzaldia degu aren itzaldia», dio M. Lekuona'k. Aren idaztankera —estiloa— ezta, alere, arnas estukoa, ebakia: badaki zati laburra luzeakin uztartzen, gaiak eta belarriak nola eskatu. Artista dugu idazkortza erabiltzen, eta pentsamentuak luze-laburtzen. Zer nai, axe dagi. Ta ementxe dago, ain zuzen, Axular'en ezkutua: bizia ta gaztea darabillen izkera.

 

ETA AKATSIK?— Baita. «Zeren», «ezen», «zeiñek», «hain» eta olakoak darabilzki bear ez dirala. «Latinismo oietaz gañera —dio oiartzuarrak— ba-du gure Axular'ek beste latinismorik ere. Itzen joskeran —itzen egokieran— batez ere. Ezta arritzeko ta, Axular'en pentsaera, latin-antzatxo ibilli oi da askotan. Aren mendeko eskribitzallerik geienena bezela» (Loc. cit). Eta Axular beraren zatiño bat aldatzen du adibide bezela: «Haur da erremedio ona, etsaiari barkatzeko eta pairatzeko, aren eginerranez konturik ez egiteko, nola eta zer moldez dagoen, koleran dagoenean, kontsideratzea». Au erantsiz: «Axular'en zatiak, latin-usai geitxo du. Baserritar arruntak, zati au jatorrago josten du».

        Orixe'k, berriz, oiartzundarrari erantzunez, dio: «Ain zuzen ere latin jatorretik latin kaxkarrera, gaztelanira, aldegiten dulako ari da gaizki Axular. Gure baserritarren itzurrena latinik jatorrenarena baiño jatorrago da. Zer bada, diokezu? Latiña ta euskera biak bat al dira itzurrenean? —Bai, jaunak, eta ez arritu. Baizik ere, euskera zarrago dala. Beraz, latiñak euskerari artu al dio itzurren ori? —Ez, biak lenagoko bati; ausaz len-lenengo izkuntzari. Euskerak esan dezake latiñarengatik, arako anai arek beste anaiarengatik ziagona: "anai al duzu olako?", eta, "ez, arek nau ni anai"... Euskera ta latin jatorraren itzurrena berbera da, eta euskal idazle berriena jatorrago oraindik, baserritarrekin elkar artzen dutela. Or esaten diran eguneroko jarduneko utsen gaiñetik, baserritarrak euneko ia eun aldiz itzurren jatorra du, ots, galderari dagokiona; idazle berriagoak ere bai» (Euskera, 1958, 17 orr.).

 

GURE EREDU.— Oni gagozkiala, beraz, idazle berriok, au da, Axular'en ondorenguok, aren utsak albora utzirik, dauzkan bitxiak urre-ale bezela jaso ta zaitu bear ditugu. Gervantes'ek ere baditu bere Kixote sonatuan akatsak, eta ez gutxi, baña gaurko espaiñiar idazleak ez darabilzkite aiek. Urteak dira joanak arrezkero, iru gizaldi ta erdi bezelatsu, ta gizonak beti ere aitzina jo bearra du. Axular, ba, ez bekigu itsu-itsu jarraitzeko maixu, eredu baizik.

        Eredu, ba, orraitio; gaur guztiok darabilgun euskal batasunaren kezka bipilean batez ere. Batasun-zale dagerkigu Axular. Zein euskalkitakoa ote da berak bere liburuetan utzi zigun euskera? Sortzez naparra zalarik ere, aren euskera lapurditarrago dugu, itxura baten. «Gure Axular'ek bi edo iru izkelgi nahasian erabiltzen ditu», dio M. Lekuona'k.

        Ba-zezagun euskeraren batasunari dagokion auzia. Ta koska au zerbait berdintzeagatik edo, osatu zuen bere Gero, andik eta emendik artutako itzez eta gramatika-formaz adelaturik. Guk ere orrela jokatu bear genuke, ez gero taldetxo batek olan edo alan nai duela-ta, iritziak eta indarrak uztartu ondoan, guztion artean arturiko batasun-erabaki gotorrez baizik.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 22 a.; J. Urkixo, RIEV, 1911, 538-655 orr.; Ibar, Genio y lengua, Tolosa, 1936, 103 orr.; M. Lekuona, Gero, Zarautz, 1954; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, Zarautz, 1958, 21 orr.; A. Irigarai, Egan, 1-4, 1953; L. Mitxelena. HLV, 72 orr.; L. Villasante, HLV, 72 orr., ta Gero, itzulpena, Gráficas Izarra, Donosti, 1964; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, Donostia, 1969, 32 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 166 orr.).

 

Bilaketa