12. Jose Maria Iparragirre Balerdi
(1820-1881)
«Ona, euskal-pizkunde aurretik dio J. Etxaide'k XIX'gn. eunkiak sorturiko euskal semerik begikoena, zintzoena, biotz zabalena. Etxahun'en anaitzakoa tankera batean, ark bezala onek ere asko jasan baitzun bere bizian. Zuberotarra, etxekoen gorrotoak jaurti zun etxetik eta mixerian ta bakartasunean amildu; giputza, bere erriaren etsaiak jaurti zuten Euskalerritik saldukerizko itun bati men egin etziolako nai lenengoz, Euskalerria bere Arbola'ren inguruan bildu nai izan zulako bigarrenez. Biak ibilli ziran orronkari mundu zabalean barna, biak izan ziran biotzberak, txeratsuak, etsi onekoak».
Urretxu'n jaio zan Iparragirre, 1820-8-12'an. Bere gurasoak errian gozotegi bat zeukaten, eta diruz gaizki ez zeuden ezkero, Zerain'era bialdu zuten semea, an euren osaba batekin erderaz eta gramatika ikasi zitzan; gero, Gazteiz'era igorri zuten latiña ikasten. Andik laster, ordea, Joxe Marik amairu urte zeuzkala, Iparragirre sendi osoa Madrid'era aldatu zan, eta mutikoa, an jesuitak zuzentzen zuten San Isidro ikastetxean sartu zuten, bere ikaskuntzak jarraitu zitzan.
Baiña etzan orretan luzez ari izan. Egun oietan il zan Fernando VII'garrena, España'ko errege izana, eta bat-batean jaiki zitzaizkizun burruka ta iskanbil-otsak nun-nai: illaren anai Karlos V'garrena nai zuten batzuk erregetzat, aren alaba Isabel II'garrena beste batzuk, eta ortik jarri ziran muturka karlatarrak eta liberalak (1833). Liberalok, egia esan, euskaldunak etzituzten begi onez ikusten, zeuzkagun eskubideak Foruak, lege zarrak, Kadiz'ko Konstituzioan batez ere, moztu zizkigutelako.
Iparragirre, On Karlos euskal foruen aldeko zala-ta, onen alderdikoen tartean sartu zan lenengotik. Zori-zale ere bazan dakusgunez, eta Madrid eta ango eskola liburuak lagarik, euskal mendietara aldatu zitzaigun gerrari. Zauriz betea ibilli zan geroztik: Arrigorriaga'n (1835) eta abar. On Karlos'en jagolekoen sailleko ere bai, luzaro. Etzitzaion azkenez eder izan Bergara'ko besarkada (1839) eta, erbeste zear, ibilli zitzaigun urteetan.
Arat-onat, bai, gitarra zartxo bat lagun zuela; jo ta kanta; gaurko hippi antzera edo. Frantzia, Suiza, Tirol, Italia dira lekuko. Gogoko ditu italiar doiñuak, eta aien airetan antolatzen dizkigu bere abestiak. Egon-eziñik Frantzira dator berriz ere: naste gogorrak goibeltzen dute erresuma au, Napoleon III'garrena aginteaz jabetu danetik. Egun odoltsuak 1848'koak! Errepublika-zaleen artekoa duzu Iparragirre; au da: an ere askatasuna du maite, iñoren mende egotekoa ez da ta. Kanta errikoak abesten ditu baita Marsellesa ere, plaza ta kafe-zuloetan. Eta egun batean Tolosa'ko jendarmak, Napoleon'ek aginduta, atxillo artu dute: kartzelarik kartzela erabilli ostean, bota egin zuten Frantzi-lurraldetatik.
Inglaterra'ra doa. 1851'garrena dugu. An ere, «kale-bazter, enparantza ta antzoki koxkorretan kantari irabazi oi zun eguneroko ogia». Atzenez, Mazarredo jeneralaren bitartez Espaiña'ra itzuli zan, Santoña'tik Bilbao'ra sarturik. Nolako naigabea berriz ere! Lege zar gabe, aul samar arkitu zuen Euskalerria, gizon baten arnasa premiñan. Berak kantatu zuen Gernika'ko Arbola (1953). Ta orixe, bere biotzaren sua, izango du ikur Euskalerriak. Baiña maite-bero azaltze au erria asaldatzea zalata, Tolosa'n preso artu zuten, urretxuarrak ordaiñez «Zibillak esan naute» abestuaz. Euskalerritik atera zedilla agintzen du azkenik gobernuak. Eta or berriz ere, gure Iparragirre zintzoa, erbeste zear. Santarder, Asturias, Galizia barna, Portugal'era jo zuen, bere anai askoren bidea jarraiki.
Iru urte ostean berriz itzuli zan bere lurrera. Baiña illa zekusan etorkizuna. Ta 1858-8-29'an, Ego-Ameriketarako ontzia artu zigun Baiona'ko portuan. Urrutiratu baiño len amari abesten dio:
Agur, nere biotzeko
amatxo maitea,
laister etorriko naiz
kontsola zaitea.
Jaungoikuak nai ba'du
ni urez joatea,
ama, zertako da
negar egitea?
1859. Buenos Aires'en, Alegi'ko alaba Maria Anjela Kerexeta'rekin ezkontzen zaigu. Geroztik Uruguai'n bizitu zan emeretzi urtez, alper ta kartari, bere emazte ta izan zituzten zortzi seme-alabakin.
Baiña errimiñak joa zebillen, urduri ta epebako. Aren premiña zeukan Euskalerriak ere, 1876'an zeuzkan foru ta lege zarrak zearo ebaki bait zizkiguten. Eta emen datorkigu Iparragirre, 1877'an. Berrogeta amazazpi urte baizik ez ditun arren, zartua daukagu. Bordele'n artu du lurra. Endaia'ra irixtean, bere lur maitea ingurumari ikuskaturik, oiu bizitan dabes:
Ara nun diran mendi maiteak,
ara nun diran zelaiak,
baserri eder, zuri-zuriak,
iturri eta ibaiak.
Endaia'n nago zoraturikan
zabal-zabalik begiak
ara, Espaiña... lur oberikan
ez du Europa guztiak.
Euskal lurrean zegon, azkenez. Ainbestetan eskatu zion Jainkoari, ezurrak emen uztea gogo zuela. Ta ementxe dago. Argi ta ospetsu agertzen da berriz ere askorentzat, eta Madrid'en bertan ere, Errege-teatruan, goratzarre galanta eskeiñi diote bere errikideak, Gaiarre'k berak zortziko batzuk kantatuaz.
Etzan lanerako gauza, ta or-emen biltzen ziotenaz bizi izan zan zati batean. Baiña, azkenez, 1880'an, lau probintzietako Aldundiak, illean 110 pezetako diru-laguntza jarri zioten. Eta orrela, nun zer berri ta biotz-ikutua, iru urte ta erdi ozta-ozta bizi izan zan oraindik, bere lur maitatuan. Itxaso'n, Zozabarro baserrian, bere jaioterritik urbil zeukan egoitza. Baiña zartzaroko pozak, laburrak izan: bere lagunakin ospatu zuen apari eder baten ondoren, gaixotu ta alborengoak eraman zigun Jaunarenera, 1881-4-6'an. Arri-iduri ikusgarri bat jaso zitzaion Urretxu'ko plazan, 1890'an. Bere gitarra, ordea, Gernika'ko Batzaretxean daukagu.
EUSKAL-KANTARI. Begi-nini antzera maite zuen Iparragirre'k bere sorterria, dagozkion oitura, lege zar ta kideko doai guztiekin. Lengo aldietan bezela, azke ta bere eskuko ikusi gura zuen; baiña, zoritxarrez gerra ta kale-burrukaz mutilduta zekusan. Baita lo ere. Bereak zuzpertu naiez oiuzkatu zitun ainbat kanta zoragarri. Egiazki, aren kanta, intziri ta joan-etorriak askatasun jarioka daude, mats-aien ebakia bezelatsu: berak biotz-muiñean zeraman su-galgara piztazi nai zuen bere aldiko euskaldunen izate barruan.
Eta erria piztu-azteko bertsoz kantatu zuen, gitarra zartxoa lagun. Lirika sailleko bertsoak, biotz-azpitik irtenak, zinkurin eta eiagoraz aragituak. Or Gernika'ko Arbola euskal miñez, abenda oiuz, neurtitz beroz oretua. Londres'tik itzuli zanean, konziertu bat eratu zuten Bilbao'n, ama ikusten Madrid'era joan zedin dirua biltzeko asmuz. Madrid'en, amaren ondoan zegoela, bertan bizi ziran euskaldunakin batu oi zan Montera kaleko San Luis kafetxean. Alako illuntze baten (1853) abestu zuen asmatu-berri zeukan zortziko au:
Gernika'ko Arbola da bedeinkatua,
Euskaldunen artean guztiz maitatua.
Eman da zatial zazu munduan frutua,
Adoratzen zaitugu, Arbola santua.
Onek bai piztu zuela sua! Gazteen artean, batez ere. Durango'ko seme Jose Altuna'ren musika zeraman. Eta geroztik; atertu gabe, euskaldunek suazi ditun ereserki onek illezkortu du Iparragirre.
ETA OLERKARI. Bohemi-bizitza daramatenak errez azaldu oi dituzte beren barneko samin-poztasunak. Bertsotan sarri. Iparragirre oien tartekoa gendun. Eta ondorioz, bertsolari; ta gain-gaiñekoa izan ere.
Ogetamar bat poesi utzi zizkigun, gai askori buruz osotuak; «Gernika'ko Arbola», «Nere amak baleki», «Kantari euskalduna», «Nere amarentzat», «Agur Euskalerriari», «Viva Euskera», «Ne etorrera lur maitera», «Glu, glu, glu», «Nere ongille maiteari», «Zugana, Manuela», «Jaungoikoa eta Arbola», «Nere oldozmena», «Errukarriya», «Ezkongayetan», «Okendo-ri», «Ameriketatik Urretxuko semeei», «Becerro Bengoa - Arrese Erran eta Manteli-ri», «Baltzerena», «Euskal Erria eta Amerika», «Anzuola-ko Batzarrari mairuen bandera», «Arren, ez bedi galdu Euskera», «Galdu genduan gure Moraza», «Obian», «Oroitza», «Elizondo-ko Batzarra eta euskaldunen gauzik maitena», «Aloña mendi», «Gu gera», «Karlos VII-garrenari».
Emendik atera dezakegunez, ainitz motatako poesi-lanak ditu urretxuar abertzaleak. Ez da arrigarri. Erri-miñak erasoa dugu, biotz mindutik datozten sentipenak dira, ziur asko, atsegingarrien zaizkigunak. Aberria abesten du «Gernika'ko Arbola» ta «Nere amak baleki», «Agur Euskal Erriari», «Ara nun diran», maitasuna abesten du «Ume eder bat», gizonak goresten ditu «Okendo», iru arabarrak, ardoa abesten du «Glu, glu, glu».
1879, Elizondo'ko euskal jaiak. Ara joan zitzaigun oiñez, diotenez urretxuarra. Bertantxe sarri zien Iparragirre'ri ta Otxandio'ko seme Arrese-Beitia'ri koplarien ereiñotz koroia. Iparragirre'k, esker onez, iru ahapaldiko olerkitxo au abestu zuen:
Zer atsegiña mendian bera
Agertzen gure anaiak
Esanez emen alkartu gera
Izan euskaldun leialak.
Ta ikustean gure artean
Aomen aundiko gizonak
Euskalerriaren zorionean
Argi, maiz egin dutenak.
Elizondo'ko ibar luzean
Egontza eder batean,
Amoriozko batasunean
Ikus ditugu pakean;
Euskaldun onak esku emanik
Jaungoikoaren aurrean,
Diotela: «emen gaude baturik
Lur maitearen onean».
Labur: Iparragirre'ren bertsoak biotza ikutu ta samurtzen digutenak dira; auxe baita bere doairik ederrena. Euskal jarioz betea irauli digu barrua, kantatzeko osotu zizkigun olerkiotan. Irakur, azkenez, bere lan osoari begiratuz nik ere neretzat egiten dudan J. Etxaide'ren iritzi au. «Ez dezaiekegu dio aitor Iparragirre'ren olerkiai bulko goitarrik eta ezta ere irudimen aundirik, baiñan ba-dute beren baitan, batzuk beñepein, sentipen zirraragarri bat biotzik gogorrena xamurtuazteko laingoa».
(Ikus Fr. Michel, Le Pays Basque, 262 orr.; Peña y Goñi, «Euskal Erria», XXIII, 368 orr.; R. Becerro de Bengoa, Iparraguirre y el Arbol de Guernica, Bilbao, 1896; I. Belaustegi, El bardo eúscaro Iparraguirre, Durango, 1920; J.M. Salaverria, Iparraguirre, el último bardo, Bilbao, 1932; J. Manterola, Cancionero Baseo, 1878, II, 1 orr.; 1878, III, 73 orr.; «Revista Euscara», 1880, 14 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 660; S. Onaindia, MEOE, 348 orr., ta Gure Bertsolariak, 227 orr.; L. Villasante, HLV, 269 orr.; J. Etxaide, Amasei seme... 75 orr.; Auñamendi, Literatura, 1, 656 orr.; Antonio Arrillaga Arriola, Lo que se ha dicho de Iparraguirre, Bilbao, 1967).