literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

18.— Santiago Onaindia Baseta

(1909-....)

 

        Lekeitio'tik bost kilometrora dagoen Amoroto erritxo lerdenean jaio nintzan, Atxuriarte baserrian, 1909-11-24'an. Nere aita markiñarra zan eta axpetarra ama, ta bost seme-alaba izan zituzten, ni irugarrena nintzala. Gaztetxo, 1921'an, aitak praille ekarri ninduen, aspaldiko urteetan bizi naizen Larrea'ko bazter zoragarri ontara. Leenengo ikasteak berton egin ondoren, 1926'an artu nuen karmeldar jantzia, urrengo urtean 1927-7-10'an profesa egiñik. Markiña'n, Gasteiz'en eta Begoña'n osatu nuen eliz-karrera, 1934-7-8'an meza berria esanaz. 1935'ko iraillean Larrea'ra bialdu ninduten nagusiak. Urrengo urtean, garillez, ni Karmen'go Amaren bederatziurrena predikatzen Eibar'en nengoela, gudaren txinpart-otsak asi ziran zart egiten. Urte orretan, Gabon aurretxoan, Korta jaunak, gudarien kapillauen buru zanak, beste askori bezela niri ere dei egin zidan kapillautzarako: Kanpanzar, Sagasta, Intxorta bitarteko guda-oiñera igorri nindun, «Kirikiño» gudari-taldeko arduradun. Igandetan meza esan, zaurituai lagundu, auxe izan zan batez ere nire arazoa. Geroago Ubera'ra ta Basalgo'ra aldatua izan zan gure taldea, eta an izan giñean 1937-4-25'ra arte; egun orretan, igandea bait zan, goizeko amarrak doi-doi, ni meza emateko nengoela, tiro-zaparrada izugarria goitik eta beetik... Gauez Eibar'era jatsi giñan, eta andik Ermu ta Mallabi'tik zear Gernika'rantza. Ondoren, Bizkargi, Sollube, Geldos, Artxanda, Somorrostro, Truzios, Gibaja, Guriezo, Laredo... or gure ibilteak.

        Emen atzilotua, El Dueso'n 1937-8-26'tik 1938-11-12'ra arte. Gero, apaiz eta praille gudari kapellau ta beste batzuk mordoa egiñik, Oka'ko Nanklares'en, Venta de Baños'en eta Karmona'n, osatu genduen iru urteko kartzela egotaldia. 1940'ko garillean, loturak eten eta Hoz de Anero (Santander)'eko komentura bialdu ninduten nagusiak, gero Gasteiz'era eta Logroño'ra. 1948-4-17'an Hoz de Anero'ko nagusi izendatua izan nintzan; 1951-4-14'an Larrakoa; 1954-5-8'an Eibar'ko nagusi-ordeko; 1957-8-7'an, Larrakoa berriro; eta arrezkero guztian emen bizi naiz, bertoko nagusi bederatzi urtean izanik eta eliz-arazo ta liburuetan buru-belarri sarturik.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Umetan ainbat gauza dauzkagu barruan ernemin, eta gazteen ezitzailleak batez ere zenbat on egin ditzaken lurra ler-nairik barne ditugun eta bizitza guztirako esan-nai ikaragarria duten zaletasun oiek azaleraturik. Olakoak izan nituen nik ikasle nintzala eta iñoiz ere ez ditut eskertu bear aiña ongille oiek. Nik euki nituen irakasleak egiazko euskaltzaleak izan ziran.

        Eta eurak erakutsi zidaten idazten. Larrako Ikastetxean ikasle nintzala bertsoz eta prosaz ari nintzan, Donostia'ko «Euskal Esnalea»-ra ta, lantxoak bidali eta sariak ere eskuraturik: onek bait du bizi-azten idazlea. Gasteiz'en Filosofia ikasten negoela Cervantes'en «La Gitanilla» jarri nuen euskeraz, eta saria irabazi. Eta artikuluak idatzi ementxe ateratzen zan «Karmen'go Argia»-n, eta Tolosa'ko «Pyrenaica»-n (1929). Orrez gaiñ, «Ekin», «Yakintza», «Eguna»-n eta «Euzkadi»-n ere ainbat lantxo idatzi nitun, gerra aurretik. Espetxean, izkuntzak ikasten eman nuen denbora; baita Silvio Pellico'ren «Nere Espetxeak» eta Jonathan Swift'en «Gulliver's Travels» euskerara itzuli ta euskal gramatika bat antolatu ere.

        Ez, euskera maite duena ez dago iñoiz geldirik. Hoz de Anero'n aurkitzen nintzala, 1951'an Karmen'go Eskapularioaren zazpireungarren urtea zala-ta, jazokun aintzagarri au, bear bezela ospatzeko, zerbait egin nai izan nuen. Zer? «Karmen'go Amaren Egutegia» sortu, artikulu, poesi, kantu ta beste, 130 orrialdeko liburu txanbeliña, gero ere bost urtetan beintzat atera zana. Ortik eratorria dugu ondoren «Karmel» aldizkaria, gaur ere naikoa bizkor dabillena.

        Arrezkeroko nere ardurazko idaztiak iru sailletan banatuko ditut: 1) Jatorrak eta argitaratuak; 2) Itzulpenak, eta 3) Erderazkoak.

 

        JATORRAK ETA BILDUMAK:

        1) Milla euskal Olerki eder (Zarautz, 1954). Itxaropena'ren irarkolan, 1.199 orr. Liburu onek izan zituen aldezkoak eta etsaiak. Aldezkoen artean A.M. Labaien'ek onela: «Kemena bear zan orrelako asmoa aurrera eraman al izateko eta ezin uka Onaindia A.'k adorea gañezka izan dunik. Bertsoaldi ori gauza aztertu ta aukera egin, gero liburu bat osatzeko, lan gaitza zan. Idazti bikain, jori ta mardula... Liburu eder ortan orain-dañoko euskal Olerti osoa arkitzen dugula esan diteke: antxiñako guda-kanta zaarretatik asi ta egundañoko gazte berri-zaleen itz-neurtu "zazpiki"-etaraño. Bidez-bide erritar bertso, maite lelo, irri-kopla, jainkotiar kantika ta gure liriko ikasten olerki garaienak agertzen dizkigularik» (Egan, 1954, 2-4, 43 orr.).

        Etsaien artean, berriz, A. Villasante ezik, euskal literaturak idatzi dituzten guztiak zenbatu ditzakegu. L. Mitxelena'k eztu aipatu ere egiten, naiz-ta nere izena bai oar baten maxiokari gisa; etzaio itxura danez eder jakintsuak eta erriak ain ondo artu zuten euskal literaturari buruzko, Orixe'ren «Euskal-literaturaren atze edo edesti laburra» (1927) eta P. Lafitte'ren «Euskaldunen Loretegia» (1931) kanpo, bildumarik zaarrena; ondorengo guztiak ortaz baliatu izan dira.

        2) Goi-zale (Gasteiz, 1956). «Otoitzak», «Kristo'ren Antz-bidea» ta «Eraspenak». 544 orr.

        3) Olerkiak. Arrese-Beitia'renak (Bilbo, 1957). Bilbao irarkolan. 688 orr.

        4) Bertso berri ta Kanta zar. I eta II (Bilbo, 1957). Bilbao irarkolan.

        5) Xabiertxo. A. Onaindia'k bizkaieraz (Bilbao, 1959). 142 orr.

        6) Olerti, aldizkaria (Bilbo, 1959-1970). Poesi-ingurraztiak. Urtean 4 ale. Ale bakoitzak 64 bat orrialde.

        7) 70 Meza fitxa (Lizarra, 1960). Igande ta jaietako irakurgaiak eta Ebanjelioak.

        8) Eguneroko Meza (Bilbo, 1963). Ellakuria irarkolan. 859 orr. J. Kerexeta'k eta biok egiña.

        9) Gure Bertsolariak (Bilbo, 1964). 336 orr. J.A. Agirre «Saria» irabazi zuen 1965'an. Euskal bertsogintzari ta bertsolariai buruz egiñiko libururik bete osoena.

        10) Ondarrak (Bilbo, 1964). 264 orr. Txomin Agirre'ren idaz-atalik ederrenakin osaturiko idaztia.

        11) Jolasketa (Bilbo, 1965). Ellakuria irarkolan. 583 orr. Jolas, abesti, poesi, ipuin eta irakurgaiz ornidua. Maisu ta andereñoentzat arrobi bikaiña.

        12) «Orixe» Omenaldi (Donosti, 1965). 323 orr. Neuk antolatu nuen, naiz-ta beste batzuk ere eskua sartu.

        13) Enbeita Oleskaria (Zarautz, 1966). Kuliska Sortan dator, 59 zenbakian.

        14) Abarrak: 1) Abarrak; 2) Bigarrengo Abarrak eta 3) Eta abar.. (Bilbo, 1966). 335 orr.

        15) Larrea eta Karmeldarrak (Bilbo, 1968). Bilbao irarkilan. Larrea'ko kondaira dakar, naikoa zeatz. 122 orr.

        16) Goiznabar (Bilbo, 1970). Bilbao irarkolan. 242 orr. 1929'tik 1950'ra egiñiko olerki-lanak, 4 sailletan bananduta. Guztiz 149 olerki.

        17) Gure Urretxindorra: Enbeita'tar Kepa (Buenos Aires, 1971). «Ekin» argitaldaria. 232 orr. Or-emen sakabanaturik zeuden aren olerki edo oles-kanta denak, esan dezakegu, bildu dira liburu ontan; azkenean 30 doiñu datoz ark geien erabilten zituenak.

        18) Euskal Literatura (I). (Bilbo, 1972). 295 orr. XVI, XVII eta XVIII mendeak.

        19) Euskal Literatura (II). (Bilbo, 1973). XIX mendea, 375 orr.

        20) Euskal Literatura (III). (Bilbo, 1974). Bi menderen artean, 1896-1920. 411 orr.

        21) Euskal Literatura (IV). (Bilbo, 1975). 20 garren mendea. 445 orr.

        22) Euskal Literatura (V). (Bilbo, 1977). 1915-1940. 461 orr. VI'garrena laster agitaratzeko da, eta zazpigarrenarekin bukatuko dugu euskal literatura jakingarri au.

        23) Olerkiak: Lauaxeta'renak (Bilbo, 1974).

        24) Eskutitzak (Bilbo, 1974). 302 orr. Jasoriko idazkietatik nere ustez euskal literaturaz zer-ikusia zeukatenak gorde egiten nitun eta oiekin osatua duzu bilduma au.

        25) Azkatasunaren Yarrai (Zornotza, 1978). Bilbao irarkolan. 422 orr. J.A. Agirre lendakariaren «De Guernica a Nueva York pasando por Berlin», Gerenabarrena'tar Andoni'k euskeratua.

        26) Euskal Elertia (Zornotza, 1978). Gráficas Bilbao. 230 orr. Eundaka argazki ta marrazkiz ornidutako liburu bikaiña.

        27) Lamiñak (Zornotza, 1978). Gráficas Bilbao. 215 orr. Bizkaiko erri askoren edestia ta lamin-ipuiñak. «Klasikua», Luis Arostegi'ren iritziz.

        28) Bigarrengo Abarrak (Bilbo, 1980). Bilbo'ko «Kirikiño» liburutegiaren laguntzaz eta adei onez egiñiko argitalpena. 206 orr.

        29) Olerti-1981 (Bilbo, 19811. Igarri irarkolan. 152 orr.

        30) Olerti-1982 (Bilbo, 1982). Igarri irarkolan. 171 orr.

        31) Santa Teresa (Bilbo, 1981). Igarri irarkolan. 130 orr. M.T. Agirrekoikoa'ren marrazkiekin.

        32) Euskaldunak eta osasuna (Bilbao, 1984). «Igarri» irarkolan. 180 orr.

        33) Arana-Goiri'tar Sabin Olerkari (Bilbao, 1982). «Igarri» irarkolan. 16.

        34) Nere Baserria (Poemak). Bilbao, 1985 «Igarri» irarkolan. 188 orri.

        35) 25 Antzerki labur. (Bilbao). «Igarri». 167 orri.

        36) Olerki guztiak Lauaxeta. (Bilbao, 1985). «Igarri» irarkolan. 523 orri.

        37) Gernika. 1987. (Bilbao) «Igarri» irarkolan. 158 orri.

 

        ITZULPENAK:

        1) Iru poema. R. Tagore'nak (Zarautz, 1963). Kuliska Sorta, 53 zenbakia. 76 orr.

        2) Onbidea (Bilbo, 1963). Santa Teresa'ren «El Camino de Perfección» euskeraz. Ellakuria irarkolan. 279 orr. Aita Lino Akesolo'k eta biok itzulia. Geigarriak: 1) Biotz-oiuak; 2) Olerkiak, eta 3) Esanak.

        3) Bergili'ren Idazlanak osorik (Bilbo, 1966). Bilbao irarkolan. 382 orr. Lateratik euskerara emanak, A. Ibinagabeitia'k «Unai-Kantak», eta «Alor-Kantak», Aita Onaindia'k «Enearena». Marrazkiak: Elorriaga'tar Xabier'ek.

        4) Giza-bizia (Bilbo, 1968). Bilbao irarkola. VI'gn. Paul Aita Santuarren ezkuntzari buruzko «Humanae vitae» enziklikea euskeraz, beste zer batzuekin. 64 orr.

        5) Kolonbiar Olerki-txorta: Párnaso colombiano en euzkera (Buenos Aires, 1968). Euzkal Argitaldaria. 257 orr. Frantzisko Abrisketa'k eskatuta, A. Akesolo'k, J. Beistegi'k, Iñaki Goikoetxea'k, Sabin Muniategi'k eta nik osatu genduen itzulpen au. Luzuriaga'k egin zizkion marrazkiak.

        6) Nirea, zurea, gurea (Zornotza-Euba, 1979). Bilbao irarkolan. 117 orr. Erlejiño liburua, 4'garren maillako gazte-ikasleentzat.

        7) Intxorta mendiko burrukaldiak (1936-1937): Los asaltos al monte Intxorta (Bilbao, 1980). «Bidasoa» ingurraztiak. Pablo Beldarrain Olalde, «Martiartu» guda-taldeko buruzagiak erderaz egiña. Erderaz eta euskeraz. 141 orr. «El Noticiero Bilbaino» irarkolan.

        8) Intxixu ta Lezeko (Bilbo, 1982). Desclee de Brouwer'ek eta «Geu» Argitaldariak irarria. 242 orr. Jon Arkotxa Goikoa'k eta Leslie Mackenzie'k idatzia, iduritu ta arpikotua. Ikur: «Antxiñako jentillen ezpiritua Euskalurrera biurtu da». Liburu bitxia, bai itzez eta bai iduriz.

        9) Egoitzak edo Barne Gaztelua (Lizarra, 1981). 239 orr. Santa Teresa'ren «Las Moradas».

        10) Danzas de Guipúzcoa (Bilbo, 1968). 299 orr. J.I. Iztueta'ren «Gipuzcoaco Dantza gogoangarriak» erderaz. J. Maria Retana'k bere «La Gran Enciclopedia Vasca»-n.

        11) Poema amaitu bakoa (Bilbo, 1969). Luis Arostegi'ren «Poemas inacabados». 97 orr. 31 olerki.

        12) Jainko Antzerkia. Dante'ren «Divina Commedia» euskeraz. (Bilbao, 1985). «Igarri» irarkolan. 366 orri.

        13) Odisea. Homero'ren «Odisea». (Bilbao, 1985). «Igarri» irarkolan. 336 orri.

        14) Faust. Goethe'ren «Der Faust» euskeraz. (Bilbao, 1986). «Igarri» irarkolan. 305 orri.

        15) Ipuiñak Pio Baroja'ren «Cuentos» euskeraz. (Bilbao, 1987). «Igarri» irarkolan. 200 orri.

 

        ERDERAZ:

        1) Sed de almas (Donostia, 1959). 104 orr.

        2) Leyendas y tradiciones de Navidad (Bilbo, 1979). 56 orr.

        3) La Navidad en el Museo de Bellas Artes de Bilbao (Bilbo, 1980). Jabier Bengoetxea ta Jon Juaristi'rekin batera. 62 orr.

        Gerra ondorengo aldizkaririk geienetan idatzi dut zerbait: «Euzko-Gogoa», «Karmel», «Egan», «Zeruko Argia», «Jakin», «Aranzazu», «El Bidasoa», «Agur», «Olerki», «Príncipe de Viana», «Deia», «Zer»... euskeraz. Eta erderaz, Logroño'ko Karmen parrokiko «Hoja Dominical», «La Obra Máxima». «El Mensajero del Escapulario del Carmen», «El Correo Español», Donostia'ko «El Pueblo Vasco», ta abar.

        Bestalde, eliz-izlari legez ibillia naiz Bizkaiko errietako eliza ta ermita geienetan; baita ostantzeko jardun-aldi ta solasak berein tokitan eman ere.

 

        ARGITARATZEKO:

        1) Auzia, Burgos'ko epaia; 2) Begoña'ko Ama, kantak eta edestia; 3) Kontu-kontari, ipuiñak; 4) Euskalduna bere zaarean, Bizkai Aurrezki Kutxak sarituriko lana; 5) Iparragirre, nobela; 6) R. Tagore'ren Lau poema; 7) Horazio'ren Odak, eta abar.

 

        (Ikus P. Lafitte, Gure Herria, 1955, XXV, 148 orr.; A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1955, 1-2, 31 orr.; Bitaño, El Bidasoa, XI, 1955-7-16 eta 1955-8-20'an; B. Ataun, Euzko-Gogoa, 1956, VII, 16 orr.; J.M. Leizaola, Euzko-Gogoa, 1956, VII, 8 orr.; J. San Martin, Egan, 1965, 1-6, 161 orr.; Erdozainzi-Etxart, Gure Herria, 1965, 1 zenbakia, 61 orr.; M. Lekuona, Egan, 1963, 4-6, 234 orr.; N.A.G., Egan, 1967, 1-6, 131 orr. eta 1968, 1-6, 147 orr.; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 1970, 245 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 159 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 142 orr.; K. Etxenagusia, Euskal idazleak bizkaieraz, 281 orr.; Joan Mari Torrealdai, Euskal idazleak gaur, 375 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VI, 273 orr.; Enrique Zabala, Euskal Alfabetatzeko Literatura, 229 orr.; L. Villasante, Literatura vasca (Madrid, 1972), 298 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 197 orr.; Zelia Lopez Sainz, Quién es quién en Vizcaya, (Bilbao, 1975, 282 orr.).

 

Bilaketa