46. Jose Aristimuño Olaso, «Aitzol»
(1896-1936)
Gizon kementsu onen bizitza ta lanak aipatu aurretik, bego emen ark bere egunetan olerkariai batez ere eman zien bultzadari buruz J. Zaitegi'k dioskuna. «Orain arte dio euskerak izan ditun olerkari garaienak eta bikañenak Aitzol'en baranoan loratu ziran, nonbait. Alegia, 1930 g. urtetik 1936 g. urterarte. Zazpi urteok, benetan, arrigarriak izan zenitun euskel-olerkarien onerako. Nik uste, zazpi urteok betirako goragarri izango dirala Eusko-Olertiaren edestian. Ori dala-ta, nolabait sailkatu ta izendatu bear-eta, aldi ori "Aitzol'en gizaldia" izendatu dezakegu. Aitzol izan bai-genun guziok eragille ta zirikatzalle, nolarebait. Ta beraren zaiñetako odolez edertu baitzigun guzion euskaltzaletasuna. Non-naiko elerti-edestietan olerkari ta idazleak sailka bildu oi dira» (Euzko-Gogoa, 1950, ilbeltza, 5 orr.).
BIZITZ-ORRIAK. Gizaseme eragille au Tolosa'n jaio zan 1896-3-18'an, gabeko amarretan, «Rondilla» deritzan kalean; urrengo egunean, Patrizio Orkaiztegi euskaltzale sonatuak eman zion bataioa Andre Mari elizan. Bere gurasoak: aita, Felix Aristimuño, tolosarra, txapelgiña ogibidez, ta ama, Frantziska Olaso, Billabona'koa. Aitaren aldeko aiton-amonak: Frantzisko Aristimuño, tolosarra, ta Florentina Urkia, Arrasate'ko alaba; ta amaren aldekoak: Bartolome Olaso ta Josefa Antonia Aranburu, biak Billabona'koak.
Mutiko argia zetorren. Len-ikasketak bere errian osotuta gero, eliz karrera egin nai zuela-ta, ortarako bideak ebakitzen asi zan. Komillas'en, beste euskaldun argi askorekin, ikasi zituen Jakintza, Teoloji ta auen inguruko beste gaiak, beti ere agiri edo nota bikaiñak irixten zituelarik. Bertan artu zituen, Santander'ko gotzaiaren eskutik, ordena txikiak, Subdiakonadoa 1921-9-24'an eta ondoren besteak. Bertatik, Gazteiz'ko goterki edo eliz-barrutian daukagu garrantzizko karguekin.
Ardura oietatik ona bat: 1922-9-5'an, orduan Gazteiz'ko gotzaia zan Leopoldo Eijo ta Garai'k, Benedito XV ta Pio XI Aita Santuen guraria zanez, gure eliz-barrutiko Apaizen Mixio-Batza sortu ta eratu zuen. Mixio Batz orrek bilkura aundi bat antolatu zun urrengo urrillaren 26, 27, 28 ta 29'rako. MixioBatz orren buru Yurre'ko seme Anjel Sagarminaga zan, idazkari Gregorio Olalde ta idazkari-ordeko Jose Aristimuño. Mixio-arazoari zirkin eragiteko gai zala-ta, urrengo urtean, au da, 1923-1-15'an, Gazteiz eliz-barrutiko mixio-zabalkunde ta erakundeko Idazkaritzaren buru ta zuzentzaille izendatu zuen Gotzai jaunak. 1924'gnko. bagillaren 4'tik 9'ra Mixio Astea ospatu zan Donostia'n; berau eratzen lan gaitza osotu zuen Aristimuño'k; bigarren egunean, ots, 5'ean, arratsaldean, berak euki zuen «Centro Católico»-ko aretoan itzaldi eder bat ere, gai oneri buruz: «El Secretariado diocesano y las Juntas provinciales y locales de las tres Obras Misionales». Onen ondoren Mixio-Asteak ugaritu ziran Gipuzkoa'n (Segura, Ordizia, Azpeiti, Eibar, Bergara, Tolosa) eta Bizkaia'n (Gernika, Areatza...) eta Araba'n. Orrez gaiñera, millaka ta millaka orri zabaldu ziran, euskeraz ta erderaz, errietan, apaizgaien artean eta praille ta moja-etxeetan. Jose Aristimuño zan guzti au aurrera eraman zuena. Orduantxe sortuak dira apaizgaien arteko El Eco Misional aldizkaria ta Gure Mixiolaria (Gazteiz, 1924), Mixio-zabalkunderako bi-illebeterokoa, gerraldiraiño iraun ziguna: J. Aristimuño'k zuzendu zuen lenengotan aldizkingi polit au.
Tolosar jakintsu au etzan Mixio-lanez bakarrik arduratu, dei asko bait zeuzkan barruan irten naiez. 1925'n, Urte Santua zala-ta, berak antolatu zuen euskaldun katolikuentzat, Gazteiz eliz-barrutian bizi ziranentzat batez ere, joan-etorri eder bat Erroma'ra; ez, ordea, turista bezela erromes garbaidun legez baizik. Bidezkunde ortarako batzordea auek osatzen zuten: Zakarias Martinez Gotzai jauna, buru; batzarkideak: Karlos Lorea, Erroman Laspiur, eta Anjel Sagarminaga; idazkari, Jose Aristimuño. Gure Mixiolaria-Nuestro Misionero'k edazi zuen berria amabost milla ieki errietan zabalduz.
1929'an, iraillaren 22'tik 29'ra, Mixio Batzar nagusia ospatu zan Barzelona'n; gure goterkiak an egiñiko lana etzan txikia izan; Mateo Muxika'k, Gazteiz'ko gotzaiak, eman zion asiera amaika gotzai eta iru bat milla pertsona aurrean zituela. An zan J. Aristimuño ere, bere gotzaiaren esanetara. Jai aiek aipatzean onela dio Gazteiz'ko Eleiz Boletiñak: «¿Quién podrá referir la labor improba, oscura, tenaz, de meses y meses del señor Ariztimuño, Secretario Nacional de la Unión Misional del Clero?» (B. Eclesiástico, 1929, 645 orr.). Aita Bisbal'en ordez, «Los estudios de Misionología en las Universidades, Seminarios, Colegios, etc.» lana ere berak irakurri bear izan zuen.
EUSKALTZALE. Erre ta eragille zebilkigun beti, sasoi oneko ta itxuraz osasuntsu. Ark zuen gogo bero, bizia! Mixio-zaletasuna piztazi nai zuen bazter guztietan, apaizen artean baitik bat. An-or-emen ordezkariak jartzen zituen, Bilbao'n adibidez Martin Oiartzabal, bere ondoan edo bere ordez lan egin zezan. Barne-sua leia bizitan erabilli arren, baiña, gorputzak ez digu sarri bear bezela erantzuten. Ainbat itzaldi ta mixio-zabalkunde egin bearrak pixkanaka igatu egin zion osasuna. Aski gaixo itzuli zan Barzelona'tik, eta lipar batez beintzat utzi egin bear izan zigun bere lan-zelaia. Ogei ta amairu urte zituen bakarrik.
1929'garren urte azkenerantza, beraz, Donostia'n daukagu osasun billa joanda. Bai, bear zuen atsedenaldi polita indar-berrituko ba'zan. Ez izan, alere, lazo ta bandil ta zeregin gabe egotekoa. Ederto ezagutzen zituen Euskalerriak zeuzkan auziak, buruko miñak, kezkak; gure erriak zer nai zuen eta zer bear zuen nunbait; ots: kultura nai zuen eta kultura bear zuen. Orri oratuko zion, ba, kementsu. Ta ortan zebiltzenakin alkartu zan, Lizardi, Orixe, Urreta, Artetxe, Lopez-Mendizabal...
1926'garren urtetik edo, ortan zebiltzan gizaseme garaiok zerbait sort-azi nai ziguten. Zer ote? Itxi-samar zegoen indar bati ateak zabaldu. Eta orain, besteak beste, erne-min bipillean zebillen euskal kulturari gagozkiola, or dugu «Euskaltzaleak», euskal idazle moltzo batek osatua. Lotsor aurrenik, agertze jorian gero. Motriku'n asi ta Arrasate'raiño, beltz eta argitsu, bidea luzean. Euskal Egunak ospatzen ziran, «gure yolas garbiak dantza dala, pelota dala, palanka, bertsolariak, eta abar eder agertuz: bertan euskera goratu ta umeai maitaraziz»; Euskal Idazle batza sortu, Euskal Olertiari egoak luzatu, Euskal Antzertia xuxperrarazi, Euskal Egunkari bat sortu, «Kirikiño» saria ipiñi. Auek ziran asmoak eta egiñak, 1930'an, «Euskaltzaleak» bazkuna, urte batzuk aurrerago irasia, eraberritu zutenean. Eta berriztatze ortan J. Ariztimuño ta Urreta'tar Mikel aukeratu zituzten buru ta xuxpertzailletzat.
Donosti'ko «El Día» sortu zutenean ere, bertan dugu J. Ariztimuño arnas emaille. Garai ortan etengabe idatzi zuen, beti euskal gaiez, «El Día» ta «Euzkadi» egunerokoetan. Berez zan asko ikasia ta irakurria, ta zaiñetik eragille zoli suarra, ta bazkune Euskaltzaleak ernai ta bizkor baten barruan zegoen. Asmotsua bai zala «Euskaltzaleak» euskal erriari buruzko edozein gairi ekiteko! Euskaldun eguneroko bat sortu nai zan; eta au eziña zan bitartean, esan dugu, euskal egunak ospatuko ziren, eusko aurren egunak, antzerti ta olerti egunak, bertsolari egunak. Guzti oietan esku artzen zigun J. Ariztimuño'k, bulkoz, asmoz eta itzez. Amaika itzaldi eder egin zuen olako egunetan! Erriak nola txalotzen zuen aren solas-jarduna!
Bazkune orren inguruan eta 1933'an alkarte orrek sortu zuen «Yakintza»-k ainbat idazle ta olerkari gazte piztazi zizkigun; olerti, antzerti ta eleberri egunak, batez ere, euskal literaturaren pizkunderik aintzagarriena ekarri ziguten, eder ta sendotasunean bederen, oraindik ere gainditu gabea noski. Eusko jakintza aldez jokatu nai zuen su ta gar aldizkingi berriak. Aurretik ere ortan alegindu ziranak gogora ekarriz, onela idazten du Artezkaritzak: «Gaurko eusko berpizkundean lankide izatea: ona beraz YAKINTZA'ren elburua. Baña izenari dagokionez yakintza lanetan besterik ez, "Euskal-Erria" ta "Euskalerriaren Alde"-k egindako pizkunde-lanari jarraituz. Etzaiote eusko izatearen berloratze au osorik aiei zor. Ez, noski, nabaitzen dan su-garraren indar aundienik ere. Gaurko aurrerapenaren bultzagai eragikorrenak, ezin ukatu ditezken beste batzuek izan dira. Ta ez alderdikeri utsak, bai yakitarauzkoak ere. Aitatzea bidezkotzat daukagu. Gipuzkoar pizkunde-ikara onekin bateratsu, indartsu ta zabaldu zan Bizkaya'n Arana'tar Sabin'ek asitakoa. Ta yakintza aldetik bakarrik begiratuta, ezin ukatu onen yarrailleak, gaur asko ta altsuak diralarik, Euskalerri osoan zabaldu ta lana mugarik zabalenen artean dagitela» (Sarrera, 1933, 8 orr.).
Euskalerriaren gogo-izatasuna dakar gogora bertatik. Gogo izakera ori gero ta geiago aberastu bear da. Euskaldunak ba-dituzte jakintza meta ederrak, baiña gai berriak pillatu bear dira, «eusko ikaskizun mota guzitan ikaslanak eta azterpenak ugaritu ta indartu: orixe da "Yakintza"-ren elburu nagusia». Ortarako «abenda gogoari zuzen ta bereziki dagozkion adimen-agerpenak bakarrik autatzen ditu, bederatzi sail oetan bilbanaturik: 1'go. Elertia, 2 g. Antzertia, 3 g. Irazkintza, 4 g. Edestia, 5 g. Legegintza, 6 g. Abendelesti ta Erri-yakintza, 7 g. Gizartiztia, 8 g. Ertia, ta 9 g. Eresertia» (Loc. cit.). Lan-asmo bikaiña noski. Lau urtez ontan ere sekulako lana burutu zuen J. Ariztimuño'k.
Sail auetatik elertia zan beretzat saillik begikoena; erri ertia saiets utzi gabe, egiazki. Gogora bertsolariak: urte gutxi buruan, nolako indar bizitasuna eman zien erri koplakari aintzagarrioi; nekez siñistekoa dugu: Donosti'ko antzokirik zabalenak, bertsolarien saio egunetan, bete-bete egiten ziran, erri zuzpertzaille trebe oieri entzuteko beti gertu. Omenaldiak eskeiñi oi zitzaizkien, Txirrita'ri Errenderi'n, Basarri'ri Zarautz'en, eta oietan zan, utsik egiteke, Ariztimuño eratzaille ta izlari bizkor. Antzerti naiz poxpolin egunetan orobat. Tolosar azkarra zan beti jai oien gogo ta arnas-emaille berebiziko.
EUSKO OLERKIAK. Baiña eusko olerkarien pizle genduen batez ere. Ark aurrera atera zuen, su ta gar, oietaro belaunaldi oba-eziña. J. Zaitegi'k ederto: «Iñolako olerkari-sailla sortu zun Aitzol'ek Eusko-Olerti-Egunen bitartez. Geientsuenak ordurarte olerkari ez-ezagunak izaki, bizkorrenetakoak zirala adierazi ziguten... Aitzol'en gizaldia oraindañoka arorik aintzagarriena izan dala ezin uka dezakegu» (Euzko-Gogoa, 1950, ilbeltza, 5-6 orrialde).
Idazlea ez da naikotzen idatziaz; bere sorpenak, dirala diralakoak, irarkietan ikusi nai ditu. Aitzol'ek, etzan zuntzuna ta, ba-zekin au. Ta zer zegin? Poesi-batzaldi bakoitzean artzen zituen Olerkiakin liburu mardul bat osotu; orrela egiñik dira sei liburu eder, «Eusko Olerkiak» izenez. Zazpi olerti egun ospatu ziran, baiña sei txorta dira bakarrik egun oietara bialdutako poesiakin osotuak: gerra zala-ta, etzan zazpigarrenik argitaratu. Lenengo liburuan datoz, Errenderi'n (1930) Jautarkol'en omenez ospatu zan batzaldira igorriak: Lauaxeta'ren Maitale Kutuna garaille. Bigarrenean, Tolosa'n (1931) E. Arrese'ren omenaldira bialdutakoak: Lizardi'ren Baso-Itzal garaille. Irugarrenean, Ernani'n (1932) A.P. Iturriaga'ren ospez egiñiko egunean artu ziranak: Loramendi'ren Barruntza leyoan saridun. Laugarrenean, Urretxua'n (1933) Iparragirre'ren aintzaz jaitu zanera bialduak: P. Etxeberria'ren Bost Lore zillarrezko aritz-adarrez saritua. Bostgarrenean, Zarautz'en (1934) Xabier Lizardi'ren omenez ospaturiko Olerti-egunerako artuak: J. Zaitegi' ren Tori nire edontzia txapeldun. Seigarrenean, Bedoña'n (1935) Loramendi goratuz ospatu zanera bialduak: L. Jauregi'ren Maite opari saritua. Zazpigarren Olerti-Eguna Lekeitio'n (1936-6-28) izan zan, Azkue aita-semeen omenez: Iñaki Otamendi'ren Giza-adiñak garaille. Etzan libururik osatu. Aritz-adarrez sarituaren lana ezezik, orren inguruko besteen onenak ere liburua aberastutzen zuten. Ale oiek, beraz, guztiz bikaiñak dituzu.
Itzaurrea beti Aitzol'ena da, olerkari sari-irabazlearen irudia goretsiz egiña seguraz ere. Orela zesan lenengoan: «Oraingoan, euskaldunak gure izkera apaindu eta aberastu bearrean gera. Eusko-elertia oparotsuenetakoa ez bada ere, ez da askok uste lezateken bezin argal eta makala. Euskalzaleak alaz guztiz, gure elertiari mendu gazteak txertatuaz sendotu nai luteke. Ortarako biderik egokiena ordea, olerti gaiari eragitea zaigu. Goitar indar meea, almen-biotzetan, darabilkiten gazte azkarrak bai dituzu. Gure sorterrian olerkariak, eta ugaritsu, ale mardulak bezela, sortzen ez ba dira, euskera loretsu, kemen-biziz indartua eta euskaldunan ezpaiñetan irribar antzera ikusi bearrean, oraindik argal eta beartsu luzaroan aurkituko degu. Olerki oparo ugaritsu gabe euskera ez da ernaituko, iñungo izkerarik poesi-neurtitzik gabe garaitu ta sendotu ez dan bezela». (Eusko-Olerkiak, 1930, 4 orr.).
Olerkariak dira, bere iritziz, edozein izkuntza edertu ta bizkor-azten dutenak. Onela darrai: «Ele apain, bigun, biurri, irudiz errez, adiz sakona, idazle lumetatik arin, aizetsu eta leun ixurtzeko euskerari beste biderik ez dagokio. Izkera-langille bearrenekoak, olerkariak dira. Oiek ele gogor eta gordiña, olaetan burni goria meetzen duten eran, bizkortu eta gozotzen dute: oiek irudi biziz, asmaketa zorrotzaz, eta amets-ereduz aberastutzen dute; oiek itz joskera berri-arrigarriak sumatzen dituzte. Idazleak aisago eta errezago ibilli ditezten, olerkariak, erdikaldi nekeak igarota, buru-auste gorriak ikusita, izkeraren bide zabalak idikitzen dituzte» (Loc. cit. 4 orr.).
Eta aritz-adar irabazleari buruz: «Urkiaga jauna, izenordez, Lauaxeta, geienak Errenderi'ko olerti-egunaren bidez ezagutu dute. Ez guk ordea. An eta emen argitaratutako bere neurtitz bigun eta leunak, irakurtzen bai giñuzen, orain dala bi edo iru urte ezkeroztik. Berez olerkari jaio ba-da, erdereetakoak irakurri ta ikasteakin aurrerapen galantak itsasi zaizka... "Maitale Kutuna", saritutako olerkia, olakoxe deritzaigu. Alako naitasun mee, gozo, atsegin eta aundikia, asmaketan eta irudietan alako batasun egokia, antz eta itxuraz alako aberastasuna, amets-ereduz alako indar bizitasuna; ahapaldi bakoitza pitxia, neurtitz bakoitza dirdiz argikorra..., "Maitale kutuna" dasadanak argaldu bearrean iaiotasuna eranzten dio. Besteak erabilli duten gaia, Lauaxetak era berrira tajututa dagerkigu eta mami eta azalez egokiago, gañera. Gure olerti pizkunderako, bai zoriona, erdel poesi jatorrekin batera aintzakotzat artu aal izatea, Lauaxetarena bezela» (Loc. cit. 18 orr.).
Ondoren dator ohorezko aipua izan zuenaren goratzarrea. «Mamiz sakona dio, oldozkun zorrotz-duna, goi-jakitez josia "Jainkoagan bat" olerkia, ohorezko aipa iritxi duana. Urte batzuetan olerti-mugatik aruntz Ormaetxea jauna egon bazaigu, berriro eta kementsu alare, olerkari bikaiña bezela datorkigu. Olerkiaren muin-azalak berekoiak ager zaizkigu. Sendiko gertaera gai artuaz, noizik bein zerutar Irutasuna, ain egoki aitatuaz darabilkiala, bertsoak uzkol jantziaz edo estaliak deritzaizkigu. Ormaetxearen goiargia uberka batetik dijoana ez da noski. Eusko oiturak kutsututako ain olerki politak eta biziak sortu aal ditzakela "Itzai zekena"-k argi erakusten digu. Iturritik ura, errex oso, datorren eran, Orixe'ri ere, bat-batean, olerki alai-jolaslariok, margo biziz edertutakoak datorzkio» (Loc. cit., 20 orrialde).
Amaitzeko, Lizardi, Tapia-Perurena, Loidi, Txomin Jakakortajarena, Zugasti, Jauregi, A.M. Labaien... aitatzen ditu, bide berri zaleen artean.
Urrengo urtean, bigarren alean noski, Lizardi'ren «Urte giroak» aztertu ta goretsirik, au diosku: «Urte giroak, udaberri eta uda-gaiak batez ere, olerti mamitzat aukeratu dituzten poesilariak amaika maitagarrien onurak jaso omen dituzte. Oek sormena ernaitu, irudimena zirika, amets-eredu-jantziak eskeñi omen dizkate. Arrotz olertiaren kutsurik, Lizardi'ren neurtitzetan aurki ezin lezakezu, ordea. Barneko iturburutik jaio zaizkio mami-azalak. Ederrak ba-dira ere, eusko-olerkariarenak dira. Ez irakurriz ikasiak, adi-munetik sortutakoak baizik. Bertsoak eusko-guna erraiyetan daramate. Euskerari dagokion gisa tajutuak dira. Gaurko olerki au irakurraz antziñeko poesi bateren-baten oroipena datorkit burura. Alako bertso errikoien doñua edo:
»Iduzki danean, zoin den eder itzala!
Maitia, mintzo zira, plazer duzun bezala.
»Euskera onela, olerti bidez eraberritzea, antziñeko guna gaurko izkerari txertatzea dala deritzait. Jantziz oraingoa ba dirudi, barnez aspaldikoa izan dedilla. Ala, Lizardi'ren "Urte giroak ene begian"» (Eusko Olerkiak, 1931, X orr.).
Irugarren urtean, bi eriotzaren dolu ta eraman-bearra azaltzen digu, Lizardi ta Loramendi il zirala-ta. «Yoan zitzaigun dio "Lizardi"-Agirre'tar Yoseba Mirena; ta bestek bete eziñeko utsunea utzi zigun Eusko-Elertian olerkari bikain gurenak. Beste bat eraman digu orain berriz Yaungoikoak, bikaiña au ere ta gazterik, munduan Arana'tar Yon, lekaidetzan Bedoña'tar Yokin eta eusko-olerti-saillean "Loramendi" izen ederrez ezagun genuen buruñurdun ikaslea.
»"Lizardi" zanaren eriotzak euskal poesi-elertiarentzako zekartzen ondoren beltzak ez al genituen ongi neurtu oraindio, ona orain berriz, andik egun gutxira, gauerdian, dakarkiguten berri samiña. Beste lagun aundi bat il, euskal olertiko izar berri bat itzalli. Epaillaren 24'an, "Lizardi" il eta amabigarren egunean, il Donostia'n, apaiz egiteko egun-egunetan "Loramendi" gure olerkaria. Bi zorigaitz auek gogoratzean, biak ere gure pizkunderako ez bait-dira galera makalak, "Loramendi"-k bere lagun kutun baten eriotzaz idatzitako neurtitz xamurrak datorzkit burura:
»II intzan, il i ere...! Eraman induten...
Ire itzalak, ordea, ni baitan dik lurmen...
Eta abia bai intzan
laño ta eurite...
Beste alde ortan
ba-al duk aterpe?..."»
Bedoña'tarraren eriotzaz ezin etsita, onela darrai: «Euskel pizkunde-bideetan abia ta beste gabe il zaigu; bizitza-arloa berak landu ta zatitu-bearreko lore-baratza zabal bezela begiz yo ta beste gabe. "Loramendi" yarri zion bere buruari olerkariak izena. Nonbait eder-loreak emateko lur gizena nabaitzen barnean; eta izkuntza maitea an bizimin biotz-irudimenen ernarazle» (Eusko Olerkiak, 1932, IV orr.).
Laugarren urtean, Bost Lore aztertuz, au dio: «Euskalerriak olerti gaietan badu bere eder-kera, badu bere estetika. Olerkari izan baitzaigu euskelduna: yatorriz bai-datorkio gure sorterriari olerkari izatea. Beraz, olerkari yatorra izanik, eder-zale ez ezik edertasunari soegiten eta edertasuna erakusten ba-lezake. Eder ikuste eta erakuste onek, berekin darama eder-oitura eta eder-legea sortzea. Nor bakoitzak bezela, erri osoaren atsemenak ere bere kerara yasotzen du edertasuna» (Eusko Olerkiak, 1933, VIII orr.).
Eta emen, oso ederki, euskal olerti errikoiak bere sabelean daraman edertasuna aitatzen digu. Sasi-olerkiak, erdel kutsuak ikutuak barik, eusko gogoari dagokion ederra duten olerkiak nai ditu Aitzol'ek. «Erri olerkiak beste dira. Oiek, sakonkiro euskeldun begiak ikusi eta biotz errikoiak maita izan dituzten gaiak, edertasunez aberastuta erakutsi dizkigute. Maiteminduen antziak, guraso-senideen ar-eman etxekoiak, eztai-yaiak, ezkontza arazoak, aurren azitzea, adizkidetasuna, gorrotoa, maitasuna, bertsoetan erriak kanta-gai artu dituanean alako dotoretasun bikain batekin yantzita aurkeztu dizkigu» (Loc. cit., IX orr.).
Gero, euskal olerkiaren irudi-gaiak aitatzen: eusko kutsua duten irudiak, irudi-kera maite kantetan, eskale-talde kantetan, dantza-kantetan, ogibide-kantetan, zergatik dan ain izadi-zale olerkari errikoia, irudi-oldozkunak alkarrekin duten zer-ikusia, apaldien taiukera, eta azkenez «Bost Lore»'k ditun eusko-irudiak. Lan luze ta bikaiña, euskal estetikari buruz osotua.
IDAZLANAK. Luma bizkorra zeukan J. Ariztimuño'k. Gorago esan dugunez, «Euzkadi»-n, «El Día»-n eta «Yakintza»-n ez ezik, Iruña'ko «La Voz de Navarra»-n eta Donostia'ko «Argia»-n ere poliki idatzi zigun, euskal asteroko oni indar berezia emanez bere gizarte-lanarekin.
Ona aren lanik beinenak:
1) Refranes y dichos populares de Tolosa (Anuario de Eusko Folklore, 1921, I, 58 orr.).
2) Edurnetxo (Tolosa, 1921). Ipuia. Euskaltzaindiaren ipui-sariketan irugarren saria jaso zuena (Euskera, 1921, 83 orrialde).
3) Gure Mixiolaria (Gazteiz, 1924). J. Aristimuño zuzendari. Gerraraiño azaldu zan.
4) «Eusko Ikaskuntza» ta «Euskaltzaleak» (EID, 1930, XII, 45 zenb., 17 orr.).
5) Elerti-pizkunde kimatxoak (Eusko Olerkiak, 1930); Urte giroak olerti-kimak dakarzkite... (1931); Arana'tar Yon, «Bedoña'tar Yokin», «Loramendi» olerkaria (1932); Eusko elerti-kera berezia (estetika), 1933; eta gaiñerakoak.
6) Itzaurreak: Eusko Olerkia (Donostia, 1930-33); E. Urkiaga'ren Poesías Vascas (Donostia, 1930); Esteban Urkiaga'ren Bide Barrijak (Bilbao, 1931); A.P. Iturriaga'ren Ipuiak (Tolosa, 1932); J.M. Agirre'ren Umezurtz olerkiak (Donostia, 1934); Mateo Zabala'ren Eusko-Alegiak (Donostia, 1934).
7) Tríptico euskeralógico. La muerte del euskera o los profetas de mal agüero: a) Miguel Unamuno; b) Pio Baroja, ta d) Ricardo Baroja (Donostia, 1931). Leizaola'ren irarkolan. 96 orrialde.
8) Yakintza (1933-36). Lan auek atera zituen: El primer renacentista y poeta euskeldun (1933, I, 12 orr.), El poeta José María de Aguirre, «Lizardi» (1933, I, 163 orr.); El poeta Juan de Arana, Bedoña'tar Yokin, «Loramendi» (1933, I, 243 orr.); Lucha de idiomas en Euzkadi. Ataques y defensas espirituales (1934, II, 353 ta 431 orr. ta 1935, III, 33 ta 114 orr.); Eusko olerti-kera berezia (estetika) (1934, II, 24-43 orr.); El folklore en el arte. La pintura y la poesía popular vasca (1934, II, 469 orrialde).
9) Las juntas de Guernica en 1601 (Libro de Oro, 1934); eta El porvenir del euskera (Libro de Oro, 1934).
10) Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa (Donostia, 1935).
11) La muerte de la independencia en la Euzkadi continental (Nación Vasca, 1938).
12) La democracia en Euzkadi (Donostia, 1935). 371 orrialde. Bigarren irarpena, Buenos Aires, 1942, «Ekin». Ameriketako «Democracia y Catolicismo» aldizkariak ere liburu mardul onen zati batzuk argitaratu zituen (1943, IV, 132 orr.). J.J. Urkina'z izenpetzen du.
Beste aldetik izlari trebea zan. Eta 1931'an, Errepublika etorri zitzaigunean, arriskuz gaiñezka lendabizi beintzat, bai politikaz bai gizartez naiz erlijio aldez gaitzori ta okerbideai arpegi eman bearra zegoela-ta, J. Ariztimuño'k, Alberto Onaindia markiñarra ta Polikarpo Barrena zarauztarra lagun zituela, irakastegi edo tribuna bat jarri zuen Donosti'ko Iztunde Irakastolako aretoan, orduko komunista ta anarkistai, agiriko eztabaida ta itz-burruka latzean, Elizak erakusten duen Kristoren Berri Ona zer dan ta nundik doan irakasteko, alegia. Bizkai aldean, Barakaldo ta Sestao'n batez ere, iru apaiz kementsu oiek euki zituzten itzaldi ta alkar izketak, oraindik ere gogotan ditugunak izan ziran.
* * *
Gutxi bezelako gizon au, 1936'gnko guda sortzean, deslai ibillia dugu, zoritxarpean noski. Lenen igesi joan zan mugaz arantza, Beloke'ko Aita Beneditarren artean aterpea aurkiturik. Gero, igesarekin damututa bezela, berriz dator Bilbo'rantza, «Galerna» itxasontzian. Bidean atzeman zuten, eta 1936-9-17'an, Ernani'n, tiroz illa izan zan. Berrogei urte zeuzkan.
(Ikus Batasuna (Txile), 1941, 10 orr.; Euzkadi (Txile), 1944, 4 orr.; T. Monzon, Gudarien egiñak, (Lapurdi), 1947, 71 orr.; J. Zaitegi, Euzko-Gogoa, 1950, I, 5-7 orr.; J. Iturralde, El catolicismo y la cruzada... 385 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 173 orr., eta Diccionario, An-Artazu, 432 orr.; A.M. Iruxo, Bol. Ame1. E.V., 1969, 143 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 277 orr.).