literaturaren zubitegia

976 idazle / 4.666 idazlan
7.228 esteka / 5.616 kritika / 1.828 aipamen / 5.231 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Telesforo Monzon

«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

56.— Telesforo Monzon Olaso

(1904-....)

 

        Bergara'ko semea, an baitzan jaio Olaso torretxean, 1904-12-1'an. Bere errian eta abar, osotu zizkigun bere ikasteak. Aitor-seme danez ta adimenez argi, bein banan izan zan Bergara'ko Udaletxeko ziñegotzi, Gipuzkoa'ko Buru-Batzarreko Buru, Euzkadi-Buru-Batzarreko ta Gipuzkoa'tik Kortietan Diputadu, Euzko Alderdi Jeltzaleak aututa. Gerra aurreko urteetan ainbat itzaldi emana Euskal Erri aldeko mitin eta batzarretan.

        Gudaldian, 1936-1937'an, Euzko Gobernuan parte artu zuen, Jaur-zaingoko Buru izanik. Ondorren, Lapurdi'ra aldatuta Donibane Lohitzun'en bizi izan da, ta bizi da gaur ere, bertoko «Anai-Artea» elkarteko buru dala. Euskal kulturari buruzko erakunde ta arazoetan sartua dago batez ere, «Eskualtzaleen Biltzarra» delakoan, «Euskal Kulturaren Alde»-n, «Eusko-Jakintza» alkartean eta Baiona'ko «Gure Herria» aldizkarian lan egiñik, buru, idazle ta aolkulari bezela noski.

        Euskaltzaindikoa. Euskaldun berri izanagatik, asko ta ondo idatzi du euskeraz, euskal olerkia ta antzerkia landurik geienetan. «Otea» erabilli du izenorde legez.

 

        OLERKARI.— Ez da errez olerkariak nola idazten duen jakiten. Biotzak idaroki ta buruak ematen dionez, noski. Baiña, gaur esan oi danez, gure biotza geurea al da, ala erriarena? Gure arteak erriaren zerbitzurako izan bear ei du. Zerbaitek eragin bear dio gure barruari, erriak, alderdi batek, gogai batek... Barruan daraman bear-izan orrek bultz-eragiñik soilki osotu dezake erti-lana, egiazko antze-lana. Ez gero kanpotik jarri dioten estakaillu naitaezkoz biurtuta: so-egite azke ta begi-zizta sortzaillepean jokatu bear du olerkariak bere arte-frutuak ekarterakoan.

        Orrela jokatu zuen Monzon'ek bere koplak lantzean. Erri bat zuen maite, bere sorterria, Euskal erria; anai arteko guda latzaren dirdaiak lausoturik, autsi ta abarrikaturik, aizeak naitara daraman ostoa iduri dardarazia, euskal mendiska ta zelaiak alabearrez utzita munduan zear, erri ta giza-mota arrotzak ezagutzera beartua, or ibilli zaigu olerkaria neke ta samiñaren zartaillupe izugarrian. Olerkari duzu, ta olerkariak pozean naiz miñean kantuari eman oi dio, laguna il dioten birigarroa antzo.

        Erbesteratu zutenetik bi olerki liburu eskeiñi dizkigu Monzon'ek. Auek, alegia:

        1) Urrundik (Mexiko, 1945). «Cultura» irarkolan. 213 orrialde. Bi bertso-idazti idatzi opa ditu: «Bake-Oroi» ta «Guda-Oroi»; biotatik lenengo duzu au, gero etorriko da bigarrena. Euskeraz ta erderaz dago: Kerman Maria Iñurrategi tolosarrak egin dio itzulpena, «itzez-itz baño, gogoari ardura artuaz, erderari al danik euskal usai-indar geien emanaz». Ludi-barrena, bertsoetan laguntzailla izan zaion Ganuza Lardizabal'eneko Mari Joxepa bere emazteari ezkeintzen dio liburua.

        Jakingarriak dira sarreran ezartzen dizkion berri-solasak ere. Luzexe diralarik ere, bijoaz emen gogo-betegarri, olerkariaren lana lekutzen bait-dute. «Ongi-egiña zor diet —dio— Euzkadi'tik jaurti niñutenai. Laga bear izan nionian baño, gaur ene aberria maiteago det. Orregatik diotsat idatzi oni URRUNDIK... Erriz-erri, ludi barrena ibilliaz, euskal gogoa biziago agertu zaitalako, ta bere bearra, berriz, sutu. Iparragirre'kin batera diot nik ere: Estranjeri aldian toki onak badira, bañan biotzak dio... zuaz Euskalerri'ra...! Orain zortzi urte, gure aberria odoletan utzi bear izan ondoren, Euzkadi'tik Euzkadi'ra muga igaro, ta —ene Bidasoa maite!— Laburdi'ko Arbona erritxoan Yainkoak aterpe eman zidala, antxen —biotzak negar!— sortu zitzaizkidan, uste-ezian, lendabiziko bertsoak.

        »Paris'eko kale-barrena ametsetan zala; Flandes'eko negu-lañupeetan urrengo; gero, berriz, Probentza'n, Mistral'en aberri urdiñean, Cassis Sur Mer itxasertzeko uri zoragarrienetako illuntze gorrizka aietan arrantzaleen txalupak, ixil-ixillik, kaian itxas-ikaraz dantzan, alkarri nola mun egiten begira yarrita.... edeoun sortuak izan ditut urrengo bertsoak ere, berez, artara yarri barik, aurretiko asmorik gabe, udaran euri-zaparrada ondoren —oi odol-zaparrada!— belarra zelaietan sortzen dan antzera. Probentza'n, Mireio egin nuan adiskide kutun, ta berak lagundu gero, Senekal'eraño, itxasoz itxaso nora yo bear yakin ezik, gora ta bera, itxastar ijitu antzera, luzaroan erabilli giñuzela. Amaika aldiz, ontzi zar artan, gauaz, euskaldunak bildu-ta, izarrai abestuaz, errimiña leguntzen alegindu bear. Illuntze batean, Marruekos'etik, Ameriketa'runtz urten...! Mexiko'n oñak ipiñi orduko, azkatasun besoetara yo ote genduan iruditu, ta alaxe izan ere. Emen, eguzki ta elurrez egindako lurralde eder ontan, amaitu al izan degu, nolabait, URRUNDIK... Ene poza, itxasotik onuntza bizi zeraten euskal-anai, URRUNDIK... irakurrita, zuen gaztetako oroitzez yantzita, "Bake-Oroi" barrena, Euskalerri-maitasuna bizituko ba'zitzaizueke! Gure mendien deia aitu, ibar aietako atsedenez bete, baserri-bakea arnastu, Bizkai-itxasotiko txipristiñez busti, euskotarren izate ta biziera barrena gogoa erabilliaz...

        »"Guda-Oroi" irakurrita berriz, sortu bedi zugan, euskotar, gudariaren anai izate arrotasuna. Euskal Gudaria...! Ez da ludian bera baño irainduagorik izan. Mendian, Euzkadi'ren alde ildako gudariak, luditar aingeru antzekoak zituzun. Berez bake-zale, beargin ta dantzari utsak izanik, mendira urten, ta tontorretan il ziran kantan...! Zergatik eta zertarako? Zure erriak, zuk an utzi izandako sendiak, sortu ziñun baserriak, arrotasun ederrez daramakizun abizenak, euskal gogoaren amaiera ikusi ez zezaten. Zuk orain, ez al diezu aiei abestuko? Ta lagundu ez, urrutitik ba'da ere, aien erriari, zure erriari!, azkatsun eta zorion-bidean? URRUNDIK... Amari, seme baten abesti apala».

        Aranoa'ren eskutikoak dira liburuak dakarzkin edergarriak. Sei doñu errikoi datoz azkenean. Koplariak zortzi poema ederki landutan askatzen digu barnea.

        2) Gudarien egiñak (Donibane Lohitzun, 1947). Goian aipatuaren bigarren zatia; azken gerrateko gudari ta ingurukoen gertakari ta egiñak dakazkiten poema aberkoiak. Erriak kantatzeko osotuak, noski. «Aitzol» deritzanak, laugarren ahapaldi onelan:

 

                «—Zer da ba emen? —Belardi utsa len

                ta gaur, oiñak ikaraz ditut ezartzen...

                Aitzol zanaren ezurrak emen bai daude lo artzen!»

 

        ANTZERKIGILLE.— Ondu dizkigun zortzi-bederatzi antzerkiak ere oso aipatuak izan dira. Ba-du ortarako jasa ta giarra.

        Lurrun elerkitsuz girotzen dizkigu geien bat, lan oiek ere, ta onek ziur asko aparteko goxotasuna eransten die ziñez. Ona, oietakoen zeaztasun batzuk:

        1) Lau kantari eta xori bat (Baiona, 1956), «Zurgin Zaharra»-tik artua; «1957-garren Epailean Donibane Lohitzun-go "Dukontenia" teatru berrian lehen aldiz emateko den Ikusgarria», zion «Euzko-Gogoa»-n (1956, lorailla, 86 orr.). Eta urrengo zenbakian: «Epailaren 23'an, Donibane-Lohitzun'go "Dukontenia" antzoki ederrean Monzon-Olaso'ren "Lau kantari ta xori bat" ikusgarria eman zuten bikain eta gorenik. Antzezlarien artean "Sankristaua"-rena Monzon-Olaso iaunak berak egin zun».

        2) Menditarrak (Baiona, 1957). «Euzko-Gogoa»-n dator.

        3) Harpeko bozkarioa (Baiona, 1957). Berdin.

        4) Zurgin zaharra.

        5) Ur garbi.

        6) Behorraren ostikoa.

        7) Gure behia hila da (Baiona, 1960). «Gure Herria», uzt., 11 orr.).

        8) Hazparneko Anderea (Baiona, 1966). «Gure Herria», 6'garren zenb.).

        9) Eneko Bizkai eta Maria Lorka. Drama (1966).

        Sail ederra bene-benetan. Nolakoak ote? Urriak ez noski. Onela A.M. Labaien'ek dioskuna: «Laburdi aldean Monzon Olaso eta P. Larzabal dira azken urteotan aiputan daudenak. Monzon-Olasok poesiz eta zirtoz josita "Zurgin Zaharra", "Behorraren ostikoa", "Behia hila da" komeria biziki politak egin ondoren, "Menditarrak" antzerkian dramara jotzen du; eta au gogor jalgitzen da "Eneko Bizkai ta Maria Lorka" deritzan dramakizun unkigarrian. Egilleak amets bat dala esaten digu: "Amets gabe dagozen erriek ez dutela salbamendurik"». Eta gero azken itza gisa: «Amets bat ego-aizeak ekarria. Etxeko alaba da ta bear zaio barkatu zer nai...» (Teatrogintza eta Yakintza, 137 orr.).

        «Alderdi»-n, «Euzko-Gogoa»-n, «Gure Herria»-n eta abar datoz Monzon'en lanak.

 

        (Ikus N. Ormaetxea, Eusko Jakintza, 1947, 700 orr.; Pierre Lafitte, E. Jakintza, 1947, 13 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1064. orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1957, 127 orr., ta 1959, 87 orr.; J, San Martin, Escritores euskéricos, 132, orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 92 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 174 orr.),

 

Bilaketa