literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

30.— Emeterio Arrese ta Bauduer

(1869-1954)

 

        A. Ibinagabeitia'k onelan: «Nork ez du gure artean Arrese ezagutzen? Antxiñatik aren olerkiak atsegin-eztitan irakurtzen. Gazterik olerkari apaiñak darion argi-xotillak beretu gindun, eta nere biotzak zirrara osasungarrienak nabari oi zituen aren neurtitz ozenak darion poesi goitarra urrupatzean» (Euzko-Gogoa, 1949, Uztaila-dagonila, 27 orr.).

        Tolosa'k len eta orain asko esan nai du gipuzkoar bizitzan —kapitala izan zitzaizun garai baten— eta euskal literaturan. Bertakoak dazauguz ainbat gizakume jator: XV'garren, esaterako, euskal foruen alde lan txalogarria burutu zuen Domenjon Andia, tolosarra genduan, oiñaztar eta ganboatarren arteko takela, liskarkeri ta istilluak ixillerazten alegindu zana; Migel Aranburu, Gipuzkoa'ko probintziko lege ta enparauak artez jarri zituna, ta onen seme Jose Basilio —Villafuertes'ko kondea— guda-gizon gartsua, ta Felipe Dugiols, Filipinas'en egintsari aundiak burutua; P. Eleizalde, Karlos V'garrenaren kutuna; Eugenio Azkue margolaria; Pablo Gorosabel (1803-1868), Gipuzkoako kondairari buruz ainbat liburu eder osotu zituena; Alfonso Idiakez, Karlos V'garrenaren idazkaria; Modesto Letamendia, musikalari leuna; Juan Sagues eta Martin Zatarain taillugilleak. Eta gaurkoen artean: Eduardo Mokoroa musikalaria; Ramon Artola ta Ramos Azkarate bertsolari ta teatru-gilleak; Baleriano Mokoroa ta onen seme Justomari, euskaltzale porrokatuak; Antonio Maria Labaien antzerkilari goxoa, Antonio Zabala, bertso-argitaratzaille bizkorra, eta besteak. Eta auen artean aulki berezia merezi du Arrese'tar Emeteri olerkariak.

 

        BIZITZ-ZEAZTASUNAK.— Tolosa'n munduratu zan Arrese, 1869-3-3'an; il ere bertan il zan 1954-4-7'an. Aita tolosarra zuen, baiña urte mordoak Gazteiz'en igarotakoa; ama, berriz, etorkiz prantsesa zala ere, Gazteiz'en sortua. Tolosa'n, Aita Eskolapioetan ikasi zitun bere len-asi-orraziak; irakasleak, alaz ere —diotenez—, ez zitzaizkion txit begiko izan, ikastaro aietako egunak gibelmin pixkat utzi bait zioten biziera guztirako, noski.

        Euskaldunok sorterri maitale ez garanik ezin liteke beingoan ukatu. Geiegitan, ordea, etxe-lokarriak autsi ta zori-eske dauzkagun urrutiko itxas-bidetaz ibilliak gara, gisa ontako arrotzak bezin azkar, nik uste. Itxasoa maitagarriz edertua iduritzen zaigu, ta asagokoa negarrik gabe, pitxi gordegaillu. Ipur-dantzari ta zori-zale biurtu oi gara, onik onenean.

        Edu ontakoa dugu Arrese. Lan jakiñerako baiño andik ona, aldiak zer ekarriko, bidalari jarduteko zima ta sen geiago zuen iñola ere. Bere izakera urduri, ameskor, arranguratsuari amor emanik, lur berriak ikusi naiean, oindio gazte, Ameriketarako bidean jarri zitzaigun. 48 bat bider igaro omen zuen Atlantik itxasoa. Zergatik orrenbeste joan-etorri? Pelota-zale ere ba zan, eta lenengo Habana'n eta Merida'n, eta gero New York'en eta Buenos Aires'en eta abar, frontoiak jaso, alkarteak sortu ta euskal pelota zaletasuna Ipar eta Ego Ameriketan zabaltzen alegindu zitzaigun. Lan oei mamia ateraziaz, buruko min artean izanik ere, dirutza ederrak eskuratu zitun; sosa, ala ere, edo ezkurra, labankor izaki, Arrese maiz aurkitu zan itxasoa igarotzeko ere sakelean txintxiñik gabe.

        Arrese'n bizitza etzan samurra izan. Ia beti garraztu xamar zebillen, bere poesi-lanetatik ere agertzen zaigunez. Gizartetik igeska lez ibilli zan, berez biozti ta adeitsu zalarik. Ezkon gai bizi ta il zan, eta onek ere, litekena da, beaztun poxi bat ipiñiko zion bizi-bidearen bi egaletan. Gizasemea, baiña, Jaunak etzuen egin bakarrik bizi zedin, eta utsune ori zerbaitekin bete bear. Erri-miñak joa zebillen, bere olerkietatik dakusgunez; bazuen beste elgai bat, gazte urteetan batez ere: giza-bizia eman zion «ama». 1903'an, Habana'n aurkitzen zala il zitzaion; il-berria artu zuen egun berean idatzi zuen Ama deritzaion poesi samurra. Etorkizun obe billa urrutiratu zan Euskalerritik. Une zorigaiztokoa, ziñez! Eta dio:

 

                Geroztik ez det iñoiz arkitu

                   iñoiz ez lengo pakea;

                damu garratz ta zatilariyaz

                   ergeldu zait megopea.

 

        Orain urruti, amarik gabe, tristura illungarriz beiñere kentzen eztanez ingurratuta. Gau-giro larria!

 

                Ama zan lenaz nere penaren

                   sendakai on txit biguna,

                ta ura gabe gaur ezin nezake

                   garaitu bizitz astuna.

 

        Ama, bizia eman ziona utzita, joan zan urruti. Ta orain malkotan dago semea. Jaunari diotsa:

 

                Jauna, barkatu; penaz aitu da

                   ni gabe soil arki zana!;

                il da lo negon irten-goizean

                   alboraturik nigana,

                muxu emanda ezpaiñ tartean

                   malko bat utzi zirana!

 

        Eta berriz ere bakartadea, sorterriko mugaldeai buruzko irudipenez asea; «eritu baten antzera» egin nai luke bere jira, zorabio ta kezka artean, «uts-utsa dagon kabira». Eta amaren puxkak dauden obi gaiñean otoitz egin «zeruetara begira».

        Zerbait dan olerkaria, izan ere, kezka utsa besterik ezta. Arrese'k, bere giza-ama ez-ezik, sorterri-ama ere maite zuen; eta, ez baita noski arrigarri, orren kezkak ere larri zerabillen. 1895'an asi zitzaigun idazten «Euskal-Erria» ta «Euskalzale» aldizkarietan, baiña aurretik ere ba-zitun poesi-lan batzuk, Aurrera!!, adibidez, bertso-paper bezela, 1886'an Tolosa'ko Gurrutxaga'ren moldiztegian azaldua. Erromantikuen garaia beerantza zijoan iraiz batean, eta gurean, gure literaturan, Azkue ta Arana'ren aro kezkatiak —pizkunde giroak— zegian erlantz-dirdira.

        Tolasarraren olerkiak bietatik du zerbait. Laister oartzen gara aren lana irakurriaz, ark ba-duela gure len-bertsolarien kera ta erromantikuen kutsu berezia, barrokorantza oben egiñik. Gerora, urteak joanik, Lizardi, Orixe ta Lauaxeta'ren bidera jo zuen, igarteko bestean. Joera guztiok urratzean agertzen zaigu txit minbera ta biotz-ukigarri naiz zar-zale naiz izadia goratuaz ozen ta barrenkoi. Olaxe, bidenabar, sorterria kantatzen du, bere zer guztiakin, gero ta gartsuago, itxasoz andik dabillela batez ere. Euskera aldetik Arana-Goiri'ren eskolakoa genduan.

        Are geiago. ama ta aberria eman dizkigun Jainkoaren kezka bizia zebilkion tai gabe izate barrenean koskalari. Noiz edo bein arpegira bota zioten bere Jainkoarekiko axolik eza. Zertako iritzi eske? Misterio uts ez al da giza-barnea? Biziera orron ta iperloka sarri izan oi da, ez gogo ez soin, ardurarik ezerako bide pitzatua. Arrese'n biotza, alaz ere, amagana zijoan unero, ordu larrietan baitik bat; berak onela:

 

                Jainkoa'ren urren ama guk ordu

                zalletan aipa deguna.

 

        Gure olerkariak ortaz Jainkoari dei zegion lenen, ta amari gero. Izatez nolakoak geran jakiteko, idatzietara jo oi dugu: Arrese'ren poesietan eurrez didorogu Jainkoaren aipamena. Aita Salbatore Mitxelena'k eman zizkion azken orduan eliz-sakramentuak, eta, giza-bizitza Jainkoaz ta gizarteaz aseari al giñoan bukaera emanik, goirantza jo zuen «illak bakarrik entzuten duten izkera maitagarrian» ama zanari adieraztera bere «koita guziyak».

        Pello Otaño (1857-1910) bertsolariaren adiskide barrukoa zan, onek eragin bait zion euskera ta olerkigintza maite izatera, 1887'garren urtetik ain zuzen ere. Urteak joan urteak etorri, Buenos Aires'en egin zion ikertaldi bat; eta, 1952'an, Donostiako uriak Pedro Mari'ri opatu zion goratzarre-omenaldian Arrese'k irakurri zuen txerazko itzaldia.

        Bizitz azkenerantza Donosti'n bizi izan zan luzaroan; 80 urte zitularik alaz ere, Donostia utzi ta Tolosa'ra aldatu zitzaigun. Ementxe il zan 1954 jorraillaren 7'an, 85 urteko.

 

        EUSKALDUN OLERKARIA.— Pixu aundiko olerkaria da neretzat Arrese tolosarra, ezta sekula ere alabaiña bear bezelako arduraz aren lana aztertua izan. Egia aitortzera ezkeroz, ba-ditugu beste poeta batzuk ere orrelaxe erdi-azturik utziak, sakon bezin zabal aztatu ta ikasteak merezi luketenak noski. Itz neurtuz bestera ere idatzi zuen zerbait, baiña aren lanik beiñena bertsogintza izan zan. Orduko aldizkarietan —«Euskal-Erria», «Euskalzale», «Ibaizabal», «Euskal Esnalea», «Aranzazu», «Euzko-Olerkiak», «Yakintza» ta «Euzko-Gogoa»— irakurri ditzakegu aren poesi errotsuak. Eta argitaratu zitun liburuetan.

        Lanok geien bat Ameriketan mamitu zizkigun; arat-onat zebillela, egon-ezin gordiñak jota egiñak, gaztelar olerkari J. Ramon Jiménez baten antzera noski. Barneak zer xeatu, uraxe dardarazten zigun bertso-kordetan. A. Ibinagabeitia'k au: «Yakiña da, olerkariak bere barneko auziak ere azalera bear dituala gogo-giro betea irakurlearen baitara aldatzeko. Gaurko olerkariak aidorki nabarmentzen ditute barne-muinak urra oi dizkien auzi latzak, gureak aldiz, argi ta apalki, gogoz irakurriko lukenak atzemateko eran. Arrese'k poesi-indar berbizikoa txertatu dio gure euskerari. Ortan gutxi izan dira gure artean ain lan ederra egin duenik. Aren eskuetan poesi-tresna egin-egiña duzute gure izkera: apain, egoki ta neurrikoa; pin eta zailua» (Euzko-Gogoa. 1952, 7-8, 28 orr.).

        Iru liburu dauzka argitara emanak:

        1) Nere Bidean (Tolosa, 1913). 200 orrialde. Tolosar gudul-etxeak berak ordainduta egin zuen argitalpen au, 1913'garren urteko erri-jaietarako bezuza bezela. Emeteri'k berak itzaurrean: «Aspalditik neukan nere bakar-aldietan ernetako amets-loreak sorta batean bildu ta argitaratzeko asmoa. Bañan ez dakit noiz arte egongo nitzan ala beti asmotan, baldin Tolosa'ko zaindari dauden Batzarkide jaunak nere buruko txokotan ipurtargien antzera illunean zeuden gogotar egazale gaxoak: aldi oberik etzitzaiekien aurtengo Euskal-Jaiak, emen ospetu bear diranez, dakartena baño».

        Olerkiok nola gatzatuak diran ere, argi ta garbi dio: «Udazkeneko txori-negarrak orbel tartean banatzen diran bezela goititz-osto zurbil oietan mintsu dijoaz, ez dakit nora!, nere biotzeko eresirik geienak. Ez arritu; neke gabe, arin txoro, pozezko lorategian pinpilinpauxen eraz nebillela zirudin garaian poz-eztia baño aldi geigotan arkitu izan det zorigaitzeko lixtorra. Toki gorde ta irixpide zallean dago nunbait bizitz ontako ezti leun ori».

        Irurogei ta amabost dira guztiz liburuan datozen poesi-lanak. Gorago aitaturiko agerkarietan azaldutako banakaren batzuk ba-datoz berton, baiña geienak berriak dituzu. Gaia? Danetik: Basajaun, maitagarri, sorgin eta onakoak eder zaizkio; Sarasate, Elosegi, Tolosa, F. Dugiols, Pello Mari Otaño, J. Zabala, Etxeberria'tar Pello goratzen ditu; beste batzuetan abesteko eskatzen dizkioten letrak jartzen ditu, edo-ta album baten jartzekoak; ba-dauzka par-neurtitzak ere, ziri-jardunak eta abar. Onakoak gatzatu zitun 1900-1907 bitartean, Habana'n zegoela alegia.

        2) Txindor (Donostia, 1928). 158 orrialde. Irakurleari diotsa: «Nere bidean aspertu ezik ostera len bezin ameskor eta zaletsu ibilli naizen aldiko gora-berak idazti batean ezarri ta beronekin gaur zugana abegi on esker nator. Emen darakustan olerki-sorta belaxka izan arren, nere gogozkiko arduraz urri ez dago beintzat. Ez ere txindor gaxoa ixil-ixillik, otzikaraz eta soraio beti, lei bero maitetsu batek papartxoa noizik-bein igi erazten dio. Neurtitz oek, beraz, onespen-gai izan al balitezke, nere arazoen saritzat lortu nezaken ordañik aberatsena orixe litzake: euskalzalearen biotzari deika alper-alperrik ibilli ez naizela jakitea. Idazti onen bidez ortaraño iritxiko baldin banitz, zorionean Txindor...».

        Irurogei ta sei poesi dira guztiz, ederki landuak. Maite ditu mendiak: Aralar, Uzturre, Aia, Ulia... Maite ditu lorak eta pinpilinpauxak, itxasoa eta itxas-errietako arraunketak... Eta illun-abarreko itzal-zoria, ta negar otoitza. Atsegin zaio euskal izen politak asmatzea: «Maitiñe» lilien aizpa, «Izartxune» beti poz-jario ikusi nai lukena, «Zorentxu» begi-sorgin, «Maitagar» egodun aur itsua, «Abiñe ta Xumelar», «Aratziñe» mendiko ixillaren ama txuri, ta abar. Eder du baiña illak goratzea: Jose Ganboa, Orkaiztegi, Patrizio, Larunbe'tar Rafael, K. Etxegarai.

        3) Olerki berrizte (Zarautz, 1952). 111 orrialde. Berrogei ta bi olerki guztira. Adiskide batzuk zirikatuta diosku, olerki zarretatik berezitako mordoska bat antolatu zuen, 83 urte zeuz kala. Ona berberak itzaurrean : «Alperkerizko lastai bigunean etzinda ote negon edo zenbaitek ala uste izan arren, aldapa gogor zalletik ibili naiz. Gauz bat bi bider esan besterik ezpalitz, nekez ari bearrik ez nuen izango, errexean jardun eta nere arazoari laister azken emango nion. Aundi da baña olakotan gerta zaidana: garai batean idatzitako neurtizkiek argira jaso ta andik urte batzuetara akatsez itxusituak ikusten ditut. Ori dala-ta beren zimurrik agerienak igurtzi, aldaketa bat edo beste egin, ustez beintzat egoki xamar ezarri ta ona emen, liburu txiki ontan, oraingo nere langintza».

        Egin zitun, bai, orrazketak bere lanetan. Baiña txukunago utzi ote zizkigun? Baliteke ezetz. Len-argitalpenean zeuden lez obeki agertzen dira, bear bada. Askotan gerta oi: berezko lanak apaiñagotzen ari oi gara, ta egin ziran uneko bereztasuna moztu egiten diegu, zeuden baño baldanago utzirik. Beraz, akats eta guzti ere, berriz argitara nai ditugun lanak obe dakigu lenean utzi, ezertariko orrazketa gabe. Azal ta muin, begoz erdi-unetxoan ekarri zuten mardultasun sotillean. Artistaren lana, orraitio, beti dugu eder, ta Arrese'k eskeiñi zigun olerki berrizte oneri ere, lena berriro apaindu bearrak oker aundirik ekarri zionik, ezin dezakegu aitortu.

        Bertsotan idatzi zitun urrengo lanok ere.

 

        TEATRU-GILLE.—

        1) Aiton baten eriotza (Euskalzale, 1898). Bakarrizketa duzu, bere adiskide Jose Artola'ri eskeiñia. Tolosa'n osotu zuen 1898-1-4'an. Gizonki edesten ditu aitonaren azken-uneak. Felipe Arrese otxandiotarraren Anjela gisa berean egiña dago.

        2) E. Mokoroa'ren Sentierak operak, 1900'garren urtean Iruña'n lendabizi aurkeztu zana, E. Arrese'ren letrea darama. Gero ere, Leidor tituluz argitaratu ta antzeztua (1936) izan zan.

        3) Zara (Tolosa, 1913). Bertsotan egiña; iru ekintza ta azken zati bat ditu. Eduardo Mokoroa'k jarri zion musikea, ta zati batzuk beintzat, Tolosa'ko euskal jaietan (1913) ango abeslari taldeak abestu zitun. Liburuxka, «Euskalerriaren Alde»k saritua izan zan l911'an Segura'n ospatu ziran euskal jaietan. Polita da, ta «Nere bidean» liburuarekin (175-201 orr.) argitaldu zuen.

 

        NOLAKO OLERKARI?— Esan dugu: gutxi bat beintzat erromantizismuaren jarioz kutsutu, naiz-ta berandu xamar. Gizonak larogetabost urtean aldakuntzak izan oi ditu, ta, ezta batere arrigarri Arrese'k, azken aldera, zerbait pentsakeran eta idazkeran jantzi berriekin apaindu ba'zizkigun. Gizakumeok, orraitio, gaztetan artu kulturak eta azierak ematen dionean iraun oi du iñundikan ere.

        Uxu ta ibilkoi zanarren, beti zuen astia zerbait idazteko. Begi zorrotza zeukan eder aldetik, baita arima sentikorra ere. Oar-azi dugunez, ba-zuen ortan zenbait arrotz olerkari iper-lokaren antza, bai ibillaldietan bai osotu zitun kopla-lanetan. Arrese'ri bere neurtitzak irakurriaz igartzen zaio nolako barrena zuen, bertsoetan utsitu ziguna nunbait. Euskalerritik kanpora ibilteak ere zerbait lagunduko zion gauzai itxura ta iduri geiago ematen, naiz-ta, nik sarri idatzi dudanez, berton euki zer ugari senti dezakegun eder-gabea nola ta zerekin ase-azi ta okitu.

        Iritzietara jorik, L. Villasante'k onela: «Federiko Zabala'k ederki esan duenez, Arrese erromantizismu ostekoa deitu dezakegunaren jarraitzaille da; giro au, ain zuzen, eunki ontako lenengo bi amarkoetako euskal olerkarien artean ere ainbat zabaldutakoa noski. Oni begira Lizardi dugu posromantizismua erabat gainditu zuena».

        A. Ibinagabeitia'k: «Doai bat bereziki bulartzen zitzaidan aren poemak barna: izadia bete-betean kolore goxoenaz inguraturik. Gaur ere izadiaren olerkari dala esango nuke Arrese. Ez ordea izadi soil ta legorrarena, bere gogo-giro, arduraz, sendimenduz oretutako izadia damakigu olerkariarena baizik. Bere biotzondoaren ukitura bizitz ta arnasaz jazten dakian poeta garaiarena. Ez da ez auxe beti ere eginkizun, eta poeta guzien ez dagoelako ainbeste ta ainbeste olerkari antzu ta aspergarri gertatzen zaizkigu Natura ta naturazko oro norbere gogo-giroz erne-arazten dakian olerkaria olerkari gaillena noski. Eta ortan maizu andi ageri zaigu Arrese'tar Emeteri» (Euzko-Gogoa, 1952, 7-8, 27 orr.).

        Izadia, egitan, poesi-bizitasunez kuin-kuin agertzen zaigu. Ez du adimenik, ez du zentzunik, baiña ba-du ederra Jainkoak ikusiz bakarrik ereiña. Onan zioan poeta batek: «Nere biotzetik irtetzen dan otoitza, adimenik eztun izadiaren pil-pilla duzu». Olerkariak izadia, adimen gabea baldin bada ere, biozdun egiten du. Irakur Arrese'ren «Nere basetxean», «Lore-jai», «Ulia», «Kayuak», «Itxasoa», «Artzaiaren abestia», «Txantxangorria», «Gau eder», «Basatiaren oiua», esanaren agerkai bezela.

        Entzun berriz ere Andima'ri: «Lur au —dio— argiz ikusten du gure olerkariak eta lur ontan, ortzi urdin ta itxas apartsuz inguratutako lur ontan, bere jauregia dauka oraingoa eta gerokoa ere. Maragall'eri beste ainbeste gertatzen zitzaion, eta ala ageri du "L'Oda al infinit" deritzan olerki giartsu artan. Olerkari au ere ludiaren edertasunak txundituta zeukan, ementxe egin gogo luke bere jauregi jatorra eta betikorra, urdin ta legorraren bitartean. Arrese'k ere naikari berbera ageri du bere olerkietan, eta gogo luken bezin argi adierazten ez ba'digu ere, irakurle ikasiak laister atzeman dezake aren gogo barneko karnaba. Ez dut esango panteista danik, bai ordea munduaren, izadiaren ederrak menperatu olerkaria: antxen du bizitoki, antxen amets-kabi. Gorago? Galde-atz (interrogante) nabari bat islatzen da Arrese'ren olerkien gainean» (Loc. cit.). Ona elantxobetarrak dioanaren agerkari bat, «Kayuak»-en laugarren aapalditik artuta:

 

                Noizik-bein alde xamar

                ugina lertzen dan batez,

                apar arroaz beren

                lumak busti ez ditezen

                bai arin goitu, bai errez!

 

        «Iñor bukolikoa —diosku Uxola'k—, iñork mendiei, basoei, bidexkei, txoriei kantatu baldin ba-dio gurean, iñor ori Arrese izan da. Pertsona ezagutu bear dala-ta gaurko olerkizale modernistak pertsonei gertatzen zaizkioten antipoesiak sudurretatik sartu nairik badabiltzaozkigute, poesi ori egiten ez dutenei atzeratuak eta mundu gabekoak esanaz» (Zeruko Argia, 1969, 3, 20, 12 orr.).

        Eta J. Artetxe'k: «Emeterio Arrese olerkari benetakoa zan. Olerkari jaio zan. Ortxen dago olerkaritzako giltza. Olerki doai goi graziaz ikutua izateko edo ez. Lenengoak, olerkiak egingo ditu; bigarrenak berriz, plomua baño pixuagoko idazti-antzekoak» (Zeruko Argia; 1969, 3, 16, 3 orr.).

 

        (Ikus A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1952, 7-8, 27 orr.; S. Onaindia, MEOE, 828 orr.; L. Mitxelena, Aranzazu, 1954, 201 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1954, 120 ta 1959, 47 orr.; L. Villasante, HLV, 1961, 382 orr.; P.J. Bitaño, El Bidasoa, 1955-1-22, 10 orr.; J. San Martin, Escritores Euskéricos, 1968, 37 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, I, 307 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 335 orr.).

 

Bilaketa