literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

7.— Aingeru Irigarai ta Irigarai

(1899-....)

 

        Gizaldiak zear, euskaldun seme jatorrak sortu dizkigu Bidasoa ibai ertzean poliki datzan Bera uri xarmantak; askoren artean, Pio Baroxa, eleberri parasta erderaz mamitu ziguna. Ementxe, Bera'n, jaioa dugu Aingeru Irigarai euskal idazle yaioa ere, 1899-3-1'an. Leen-ikaskizunak bere sorterrian burutuz gero, batxiller eta mirikuntza ikasi zizkigun. Ondoren, ain zuzen ere, Iruñean daukagu 1926'an ango Erruki-Etxeko sendalari, eta 1929'an uriburu artan bertan Txikien Ebaztegiko osasun-jagole.

        Geroztik, Donostia'ra aldatu ta berton bizi da.

        Auritze'ko seme argi Fermin Irigarai osagille ta euskal idazle ugari jasoaren semea duzu. «Apat-Etxebarne» darabil lanak izenpetzean.

 

        EUSKALTZALE.— Nolako egurra alako ezpala, dio esakun zaarrak. Aita idazlari bizkorra zanezkero, semeak ere tankera ortako izan bear. Gazterik asi zitzaigun idazten, bai euskeraz eta bai erderaz. Idatzi du bereziki: «RIEV», «Gure Herria», «Anuario de Eusko Folklore», «Euskera», «Yakintza», «Euskal Esnalea», «BAP», «Egan», «EID», «Principe de Viana», «Diario de Navarra», ta beste aldizkari batzuetan.

        Benetako gizonaren zentzuak eskatu bezela igitzen du beti bere luma jakin aditua. Artzaillea barik, emalea dala adikatzen dana, esan oi da; emen bestera aitortu bear: Irigarai etzaigu egundo ere ematen aspertu. Sendia aurrera atera bearrak lan eragin dio, idazteko ere orraitio izan ditu oraindik bere astiuneak: betaz egon zaigun guztietan idazteari ekin dio, euskal gaiai begi argia egiñik.

        Orrez gaiñ, 1929'an sartu zan Euskaltzaindian laguntzaille bezela, ta 1941'an euskaltzain oso izendatua izan zan. Ortan ere, euskal alkarte onek illero, ospatzen ditun batzarretara joanik, lan txalogarria egin izan digu. 1951'tik ara, ots, Egan sortu zanetik, Antonio Arrue ta L. Mitxelena'kin batera, aldizkari berria zuzentzen du, berton lan zenbait, «Naas-maas» deritzan saillekoak batez ere; argitara emanik.

        Ona argitaratu dizkigun liburu ta lanik beiñenak:

        1) Lakoizketa apez jauna eta euskera (Bermeo, 1926). «Euskal-egunetako Itzaldiak»-en dator, 61'garren orrialdean.

        2) Traducción al vascuence de un Capítulo de «El Quijote» (RIEV, 1928, XIX, 598 orr.). Separata bezela (Donostia, 1929), eta gero BAP (1947, III, 197 orr.). Cervantes'en liburu ospetsuko IX'garren atala duzu, euskaldun (bizkaitar) lerden eta, mantxatar kementsuaren arteko borroka azaltzen duena.

        3) Oihenart, poeta (KIEV, 1928, XIX, 71 orr.).

        4) Un acta de ayuntamiento en lengua vasca (RIEV, 1932, XXIII, 665 orr.).

        5) Cantares de Navidad, Año Nuevo, etc. («Anuario, de Eusko folklore», 1933, XIII, 9 orr.).

        6) Euskaldun antzertia («Gure Herria», 1933, XIII, 316 orr.).

        7) Una poesía de Chamisso sobre Etchahun (RIEV, 1933, 618 orr.).

        8) Euskaltzaindiaren laguntzaleak (EID, 1933, XV, 10 orr.).

        9) Documentos para la Geografía lingüística de Navarra (RIEV, 1935, XXVI, 601 orr.).

        10) Euskal liburu zaarretako zenbait yakingarri («Yakintza», 1936, IV, 83 orr.).

        11) El euskera en Artajona («Yakintza», 1934, II, 128 orr.).

        12) XVII garren mendeko iru eskutitz («Egan», 1955, VIII, 1-2, 10 orr.).

        13) Naas-maas («Egan», 1956, IX, 1'an asita amar bat artikulu).

        14) Euskal-literaturaren bilduma laburra («Egan», 1956, 1, 12'garrenean asita zazpi lan jakingarri).

        15) Euskalerriko Ipuiñak (Zarautz, 1957). Itxaropena irarkolan 232 orrialde. «Kuliska Sorta», 17'garren zenbakia. M. Lekuonak onela: «Ipuiñak, izkuntza guztien literaturaren zatirik oituenak izan oi dira. Oituenak, eta ederrenak ere bai. Esan dezagun, ordea, ipuiñen gai au, gizon landuena ez baño erri xumearen sorkaria areago izan oi dala. Ipuiñik ederrena jaberik gabeak izan oi dira, literatura orotan, ots, jabe bakoiztarrik gabeak; erriarenak, izen gabeak. Orregatik ipuin-sortarik geienak, "bilduak" izan oi dira. Irigarai jaunak gaur aurkezten dizkigunak ere, alaxe dira: erriaren aotik "bilduak" —ale batzuek ez beste—. Biltzalleak, Barandiaran, Azkue, Caro, Irigarai... Irigarai jaunak euskeraz ikasteko-edo argitaldi ditu. Bañan gure idazleentzako gai bezela ere aukerakoak bait-dira. Edo-ta etnographoentzako, beren etnographi-lanak osatzeko» (Egan, 1957, 5-6, 363 orr.). Beronek antolatu ta argitara zigun baita, Kirikiño'ren Abarrak liburutik jasota, beste sail bat ere.

        16) Prosistas navarros contemporáneos en lengua vasca. XX-garren mendeko Nafarroako Euskal idazlariak (Iruña, 1958). Enrike Zubiri Gortari (1867-1943) eta Pablo Fermin Irigarai Goizueta (1889, 1949) idazleen lanak. Gomez'en irarkolan. 193 orrialde.

        17) Lizarraga Elkano'koa («Euskera», 1959, IV, 119, orr.).

        18) Mogel eta Literatur-euskera («Egan», 1959, XII, 130 orr.).

        19) La lengua vasca en los siglos XVI al XIX («Geografía histórica de la lengua vasca»-n dator, askoren artean egiñiko lana, Auñamendi bilduma, 13'garren zenbakia, 67-106 orrialdeetan.

        20) Poesías populares vascas (Donostia, 1962). F. Michel'en «Le Pays Fasque» liburuko XX'garren kapitutua euskeraz jarrita. Auñamendi bilduman, 22 ta zenbakiak.

        21) Esbozo crítico, con textos, de literatura euskara profana (Iruña, 1965). «Príncipe de Viana»-n lenengo, 98-99 zenbakietan, eta separata bezela gero.

        22) La obra del Príncipe Bonaparte (Donostia, 1966). Separata, BAP'etik, XXII, 1'go ingurraztia. 10 oriralde.

        23) Noticias y viejos textos de la «Lingua Navarrorum» (Donostia, 1971). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicadones, S.A.'k aterata, Juli Karo Baroxa'ren itzaurrea. Lau zati ditu: 1) Joan mendeetako euskal textuak; 2) Gure edestiko kimu naikoa; 3) aur-jolas, ipuin eta olakoak; eta 4) Elebitsu edo bilinguismua ikutzen du. «Liburu atsegiña dugu —dio J. San Martin'ek—, berri, xehetasun eta gehigarri askoren txokoa» (Egan, 4-6 (1970) ta 1-6 (1971), 89 orr.).

        24) Onaindia-ren «Euskal Literatura» liburuari buruzko lanak («Egan», 1-6, 1973, 113 orrialdean, eta, «Diario de Navarra»-n).

        25) Ainitz kritika, berri ta xeaztasun «RIEV», «BAP», «Príncipe de Viana»-n eta abarren, Txomin Aguirre, Azkue, Azular, Bustintza, Y. Etxaide, N. Etxaniz, Loidi Bizkarrondo, Gaxitegi, F. Idoate, J. Garate, J.M. Iribarren, Iturriaga, P. Iraitzoz, Lizardi, L. Mitxelena, R. Tagore, A. Trueba. Oskar Wilde, P. Zamarripa, Tournier-Lafitte ta beste askoren idatziak aztertu ta bere iritzia, beti neurritsu ta sen aundikoa; adierazi ta emanez.

        Gaiñezkakoa litzakigu emen nola idazten duen galdezka aritzea. Ez al dugu guztiok ezagun? Ala ere, irakur zazu zatitxo au, beiñola bezela gaur ere, bizi asko gure literatur Euskera-ren inguruan darabilgun auziari buruzkoa noski.

        «Dakusagun —dio— zer zioten duela 40 urte euskalari ezagun batzuek. Ezta oraikoa euskara bateratu baten griña: 1922 urtean, Euskaltzaindiak lau batzarre bil-arazi zituen hortarako, Bilbon, Donostian, Baztanen eta Hazparnen. Entzun ziran 14, 15 iritze eta opinione kolore guzitakoak, eta oroen gaiñetik Broussain orduko Hazparneko alkatearen eta Campion izkiriatzaillearen informea. Harritzeko da bi jaun jakitsun horien azalpena... Emanen ditzuegu aditzera opinione batzu, on baita ikustea zenbait gauzetan aitzinamendu poxibat dugula; eztu balio beti nigarrez eta etsiturik ibiltzea.

        »Broussain eta Campion jaunek ez dute bere izkiribuan alde bat autatzen euskalki bat literario gisa, besteeri kalte ez egiteagatik, bainan gipuzkoarraren alderat ixurtzen dira. Naiz bizkaitarra, diote, bardiñena den, sendoena eta edatuena; lapurtarra ongienik izkiriatua, eta ziberotarra izpiritutsuena. Gipuzkoarraren eta lapurtarraren arteko autsi-mautsi bat proposatzen dute, besteetatik ere hartuz. B. Gaubeka, Bermeoko liburugilleak dio: bizkai-eskuara, autatu besteak baztertu gabe, eta erdal usaiñeko hitz oro kendu. Mikolas Cortes, Bilbao'ko apezak dio: eztela euskalki bakar bat autatu behar langue littéraire bezala. Aski dela aur euskaldunei irakurtzen irakastea; eta euskera hori erritarra nai du, eta ez garbizaleena. A. Zabala Arana gramatikalari gipuzkoarra ere, euskalki bakarraren kontrakoa da.

        »Federiko Belaustegigoitia, Garitaonandia ("Argia"-ren zuzendari zena), Eguzkiza eskualzaina, eta Azkue gure eskualzain buru maite zena, lauak bizkaitarrak, giputz euskalkiaren alde dira. Eta Azkuek horren inguruan eraiki nai izan zuen gipuzkera osotu hura. Bide bat sumatzen zitzaion gipuzkoera osotua delako horri. Eta Franziako eskuaraz ez zen guti bezik axolatu.

        »Belaustegigoitia iskribauak zion: "Euskera bakar batera joan laster edo erdera bakar hatek lurpetu (ehortzi). Gipuzkoako euskera (eta euskera erreza eta errikoa) ala erdera, guretzat beste biderik eztago".

        »Amayur-ko erretore espetsua iskiriatzaillea izan zen Gurutz Goienetxe jaunaren opinionea irakurri nai dautzuet, zentzun handiko hitzak direlakotz denbora haietako... "Nere iduripena deus gutikoa bada ere, aal bezain lañoki eta garbi emanen dut. Guzien gogorako gauza litzake eskualdun guzien artean odolez bat garen bezalaxe, eskualera bakarra izatea. Baiñan erran beharko baitugu naski aspaldiko itz neurtzailleak zaona: Video meliora, proboque, deteriora sequor... Bearko. Ikusten dugu denek oberena litzakela eskualera bat artzea; baiñan denekin gelditu beharko. Zergatik? Hara zergatik. Urrats horren ematea gauza zailla, nekosa eta eskuararentzat kaltegarria izan laikelakotz".

        »Hori egitekotan, bat bear genuke artu. Zein? Ezta errex erabakitzea. Eskualdunek buru gogor aire bat ba dugula derasate bazterretan; hori ez ala izan ta ere, au bai egia aundi bat da; eskualduna atxikia dela bere gauzeei, baita bear ere; eta ez luke neork nahiko bere amaren altzoan ikasitako era bazterrerat uztea, zokorat igortzea.

        »Euskalki guzietarik bat artzea orai bein, ez da egoki den gauza. Erran dut, orai bein. Gero zer egoki izain den, geroak erakutsiko du. Eskuararen batasun hori, ez indarka, baizik bere baitatik etorri bear den gauza da. Guzien gogorakoa. On aundiak emain luzken gertaera; eta denek, bakotxak egiten aal duena eginez, urraska urraska bilatu bear duguna...

        »Eskuara izkiriatuaren batasuna, ezin da beraz erdietsi Euskaltzaindiaren agindu edo gramatika baten medioz, horiek denak ametsak direlakotz; bainan izkiriatzaileek asko egin dezaketela nago, euskara idatziaren desberdintasunak ttipitzeko; gero eta geiago, edatuz izkiributan erdiko-Ekuara edo erdiko molde bezalako bat» (Gure Herria, 1959, 233 orr.).

        Ar nai izanez gero, bada emen zentzun-alerik.

 

        (Ikus M. Lekuona, Egan, 1957, 5-6, 363 orr.; A. Arrue, Egan, 1958, 3-6, 238 orr.; N. Kortazar, El Bidasoa, 1960, 758 zenbakia, 8 orr.; N.A.G., Egan, 1965, 1-6, 141 orr.; P.L. Henry, Folklore, Dublin, I, 1959; J. San Martin, Escritores euskérikos, orr.; Auñamendi, Literatura, III, 601 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 48 orr.).

 

Bilaketa