28. Jose Manterola Beldarrain
(1849-1984)
«Gizaseme baten deia ta nortasuna, ia beti, dio A. Villasante'k inguruko zer-nolak eragin oi dute. Manterola'rena, orobat, bizi bear izan zuen bira-giroan mamitu zan. Urbildik ikusi zuen bere gaztaroan karlisten bigarrengo gudu-eraso gordiña, baita onek lege zarrak galduaz izan zuen azken tamalgarri ta itsa ere. Gertakariok Euskalerriaren zerbitzura zuzendu zuten Manterola'ren bizia» (HLV, 278 orr.).
Donostia'n jaio zan gizon argi au, 1849-3-23'an. Elerti-zale genduan, eta erri-jakintzalari. Maite zuen sorterria biotzez, eta gaztetatik saia zan beronen gauza jakingarrienak edatu ta indar azten, bai aldizkariz bai liburuz. Artarako artu zuen El Diario de San Sebastián egunerokoaren zuzendaritza, eta Euskal-Erria aldizkaria sortu ta Gipuzkoa'ko Lore-Jokuak eratu.
Uriko Institutoan irakasle zan, gaiñera, ta Udaleko liburutegiaren arduradun. Baiña irakasletza kendu egin zioten, eta auzitegira eraman bi aldiz. Zergatik? Gorago ere aitatu dugunez, karlisten bigarren guda amaikeran, gobernuak, 1876-7-21 emandako legearen bitartez, euskaldunak euren foru ta lege zar gabe utzi zituen. Gaiztakeri onek, jakiña, barren-barrendik astin-azi zitun euskaldunen biotz-osiñak. Protesta latza egin zuen Manterola'k.
Erabakirik sakonenak sarri agotik sudurrera datozkigun ezbearrak jalgi oi ditu. Foruak galtzerakoan, egiazko zoritxarra noski, bertatiko baten ernarazi ta zuzpertu zan euskal kontzientzia: gure erriak bere-bere dituan zer guztiak onik atera bearra zegoen. Egon-eziña nabari zan or-emen. Kezka ta bizi-nai auei tankera eman ziena, berriz, Manterola gaztea dugu. Euskal idazlerik beiñenak bildu zizkigun berak sortutako «Euskal-Erria»ren ingurumari. Lore jokuen bitartez ere erri xearen su sagaratuari eutsi zion.
Jaunak, tamalez, gazterik bereratu zigun: 35 urteko zala itzali zan Donosti'n. Egunerokoak eta aldizkariak leporatzen zioten lanak purrukatu zuen aren osasuna, eta ustekabeko buruko eraso batek eratxi zuen illobira, 1884-2-29'an. Euskal pizkundeak, bai, bere bizi laburrean bultzada eraginkorra artu zuen: langille onak zituen biran eta aurrera joko zuen, ziur asko.
BERE EUSKAL LANA. Ogei ta bi urte baizik etzitula atera zuen: Guía manual geográfico-descriptiva de la provincia de Guipúzcoa (Donosti, 1871). Geroxeago deduzko bazkide izentatu zuen Naparroa'ko «Asociación Euskara» zalakoak.
Bi auek ditugu aren lanik ederrenak: 1) Cancionero Vasco, eta 2) Euskal-Erria aldizkaria. Auek dira Manterola euskal literaturan ezilkortu zutenak.
Cancionero Vasco. 1877'tik 1880 atera zuen liburu sorta. Ezta, egia aitortzeko, kantutegi bat, izenak orrela badio ere. Poesi bilduma duzu geien bat, izkelgi, aro ta tankera guzietako olerkiz ornitua; berton datoz maite-olerkiak, edesti-kantak, aberkoiak, jainkotarrak, ziri-lanak, ipuiak, alegiak, itzulpen eta guzti, auek gaztelaniaz, aiek prantsesez ere bai; iritzi-emate zorrotzak, koplalarien biziei buruzko zeaztasunak, oar-mordoak une illunak adieraziz; gramatika ta lutelestia, eta neurtitz auek kantatzeko doiñu-pilla ederra. Ez dugu errez ulertu al izango, garai artan batez ere, lan bikain onek zer adierazi nai zuen.
Iru sail ditu sortak. Lenengoa ta bigarrena lau aletxotan banantzen da, berriz ere. Ale bakar bat baizik ez du irugarrenak. Lenengo saillean idazle auen lanak datoz: Iparragirre, Oihenart, Iztueta, Guibert, Bilintx, Beltzuntze bizkondearenak len-alean; bigarrenean, Etxepare, S. Baroja, Jose Joakin Ormaetxea, Frantzisko Manuel Egaña'renak, eta erri-olerki batzuk; irugarrenean, jai eta ziri-olerkiak geienik, lengoekin gaiñ, Larralde, Meagher, R. Artola'renak, eta izen gabeak; laugarrenean alegilarienak datoz, Ereille alegia, zortzi euskalgitan, eta Iturriaga, Goietxe, Luis Itza Agirre, Artxu, Hergaraien, J.A. Mogel eta abarrenak.
Bigarren saillean, aurrekoez gaiñ, A. Salaberri, J.B. Elizanburu, Azkue, J. Bizente Etxagarai, Silvain Pouvreau, A. Uriarte, Joanes Etxeberri, J. Bizente Mogel, izen gabeko neurtitz batzuk, bertsolarien saioak, Lelo'ren kanta, Altabiskar'koa ta Beotibar'ko gudu kanta datozki.
Irugarren saillak sei atal ditu: 1) Alegi-olerkiak; 2) unai-olerkiak; 3) maite-olerkiak; 4) jai eta ziri-olerkiak; 5) olerki mistikuak, eta 6) askotariko olerkiak. Iturriaga, A. Arzak, Aita Arana, K. Otaegi, Sueskun, Arrese-Beitia, A. Uriarte, J. Berjes eta Guilbeau'ren lanak agiri dira. Ale onen bukaeran aurkitzen da, azkenez, berton datozen euskal itz guztien euskal-erdal-prantses iztegia.
Iru aleok 1.200 bat orrialde dagizkite guztira.
Ba-ziran lendik ere onako bildumak. Gorago aitatu ditugu Fr. Michel'en Le Pays Basque eta J. Salaberri'ren Chants populaires du Pays Basque. Donostiar gazte kementsuari, ala ere, ez zaio txalorik ebatsi bear egin zuen lan bikaiñagatik. Otz zegoen ingurua; ez-jakiña ta axolik eza nun-nai. Manterola'k, berriz, neurtitz sorta onekin euskal elertiaren duintasuna agertazi zuen, eta kezka berdiñez iñarrosita zeuden indarrakin eundura baliotsua korapollatu.
«EUSKAL-ERRIA». Kantutegiari jarraiki, Manterola guztiz ospe aundiko egingo zuen aldizkaria etorri zan. Manterola'k berak lendabizi, ta gero Arzak'ek eta López Alen'ek eta gaiñerakoak zuzendu zuten «Euskal-Erria». 1880'an sortu zan; illean irutan irtetzen zuen lenengoz, zenbaki bakoitzak 24 orrialde zitularik, eta urtean iru ale osotzen ziran 300 orrialdekoak. Onen aurretik, egia, napartarrak «Revista Euskara» ateratzen zuten; baiña bizitza igarankorra izan zuen ark, zazpi urtekoa, 1877-1883. Manterola'renak, ordea, bizitza luzea iritzi zuen, 38 urtekoa, 1880-1918.
Asierako xede onen inguruan jokatu zuen beti: «Euskaldunai ezagun-arazi beren aspaldiko izkuntza, kantu jatorrak, edestia, lege ta oiturak, auetaz esan dituzten gauzarik bakanenak bilduaz, aurretiko euskal idazle onenen lanik interesgarrienak, oraindik argitara eman gabeak noski, irarkolara eramanaz, eta euskal letrai izena ematen saia oi diran guztien laguntasuna billatuaz; gure aldizkari onekin, gisa orretan, egiazko Album bat, Euskal-Erri osoko zer jakingarri guztien esku-artxibu bat osatuko dugu». Etzion, ez, kale egin asmo onek. Gaur zerbait jakin nai dugunok «Euskal-Erria»-ren ostoak irauli oi ditugu.
Idazle ta ertilari saldo izugarria, «elite» bikaiña noski, batu zuen bere billaldean. «Bertan aurkitzen dira diosku Becerro Bengoa'k, olerkarien artean, Arrese, Otaegi, Arzak, Artola, A. Arana, Etxegarai, Iraola, Egurbide ta Kapalestegi; literatu ta nobelalarien artean, Trueba, Iturralde, Arana, Oloriz eta Delmas; kanta-zar zaleen artean, Gerra ta Baraibar; izkuntzalarien artean, Bonaparte Printzea, Abbadie, Kanpion eta Gisasola; eta beste iritzi oneko berriketari ango ta emengoen artean, Jamar, Vinson, Herrán, Agirre, Apraiz, Doiarzabal, Billabaso, Guilbeau, Sagarminaga, Etxebarria, Madinabeitia, eta beste asko».
DONOSTIKO LORE-JOKUAK. Euskerazko itz-jostaldien Batzarra dugu au erderaz, Consistorio de juegos Florales, Bidasoaz andik Abbadie jaunak egiten zuen antzeko zerbait osotu nairik, sortua nunbait. Onen arauak 1882'ko apirillaren 12'an onartu zitun Gipuzkoako Aldundiak eta maiatzaren 4'an Donostiako Udalak. Urtero aldatuko zan batzordea, nolarebait; 1883'ko dagonillean lenengo urtea bukatzean, auek osotzen zuten: Lendakari, Jose Manuel Agirre-Miramon; Lendakari-ordezko, Jose Irastortza; Diru-zai, Jose Beitia; Idazkari, Jose Manterola; Idazkari-ordezko, Manuel Gorostidi; Bokala, Kanuto Iñazio Muñoz.
Iru zati zituzten batzaldiak: 1) Elertizko nor-geiagoka; 2) musika sariketa, ta 3) margo-leia. Amabi sari banatzen ziran: «Zillarrezko ereiñotz-abarra», «urreztatutako luma bat», «zillarez tartekaturiko makila», eta urrezko edo zillarrezko domiñak, zelan zan.
OLERKARI OTE? Neurtizlari ere ba-zan, eta ez nolanaikoa. Bertsotan itzuli zitun Trueba'ren lantxo batzuk, eta abar. Orrez gaiñ «Euskal-Erria»-n argitaratu zan bere goratzarre lirikua, «Post tenebras spero lucem» deritzaiona. Bertan kantatzen duenez, etorkizun ona izango du Euskal erriak, izugarrizko zigorpean aurkitu arren, bere semeak bear bezela maite ba'dute, euren lurra, izkuntza, izate illezkorra zaitzen alegintzen ba'dira beintzat.
Gazteak su-azi naiean, onan asazkatzen da ahapaldi baten:
Ongi, mutillak, maitatu zagun
beti gure Euskal-Erria,
ipiñirikan odeiez goiti
gure odol ta izen garbia;
munduan ez da, seguru nago,
au baño erri bat obia;
gorde dezagun, bada, osorikan
ama Euskeraren legia.
Berak argitaratu zuen, azkenez, El Diario de San Sebastián'en zuzendari zala, J.F. Irigoien'ek Mexiko'n (1809) atera zuen Colección alfabética de apellidos bascongados con su significación, oar eta erazkin askoz aberastua.
(Ikus «Euskal-Erria», 1884, ale berezia; «Espasa-Calpe», 32 alea, 1033. orr.; S. Onaindia, MEOE, 346 orr.; L. Mitxelena, HLV, 136 orr.; L. Villasante, HLV, 275 orr.; F. Arozena, Diccionario biográfico vasco, 145 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 382 ta 664 orr.).