2. Isaak Lopez-Mendizabal
(1879-1977)
Izkuntzalari jakintsu, euskaltzale zintzo ta idazle gurbilla. Bere urteak izan arren, lanari atxikia bizi izan zaiguna. Zeleta'k oraintsu: «Emengo, gudaldiko urte negargarriak, eta geroago beste batzuk, Argentina'n naigabez igaro ondoren, ostera Tolosa'raturik, berriro bere jaiotetxe kuttunean bizi zaigu orain, atseginki, ain maiteak ditun seme-alaba Xabier, Izaskun, Itziar eta Mirtha errañarekin. Urteak urte, osasunez ongi; gorputzez sendo; zentzu ta adimenez oso argi; ta oroimenez edo memoriz, arrigarriro jantzirik aurkitzen zaigula somatzeak, txunditurik utzi gaitu benetan, biotzez besarkatu naiaz bere etxean ikertu degunean. Ikusmenez edo bistaz ori bai, itxuantz aurkitzen dala, nabaitu degu; baiña, mingañez, oso jardunlari. Nork bera ixildu?» (Aranzazu, 1975, 529 zenbakia, 144 orr.).
Tolosa'n jaioa dugu Lopez-Mendizabal, 1879-4-11'an. Berton il zan 1977-2-27'an, 97 urte bete zituelarik.
LIBURUGILLE OSPETSU. Etxean ikusia aurrak ikasia, esan bear emen. Isaak'en etxean aspalditik zan arrunta liburu langintza, 1750'garrena inguruan asita nunbait. Len-urte aietako liburu zarrak galduak dira, baiña amazortzigarren gizaldian, adibidez, Frantzisko Lalama'ren etxean, Lopez-Mendizabal'en aurretikoenean, argitaratu ziran Agustin Kardaberatz'en lan batzuk: Mezako Sakrifizio ta Komunio sagraduaren gañean Dotriña (1782, bigarrenez), Kristaubaren Jakinbidia (1783), Ondo iltzen ikasteko ta ondo iltzen laguntzeko Ejerzizioak (1787), Aita S. Iñazio Loiolakoren Ejerzizioak (1790), ta abar. Frantzisko Lalama au, ainbat euskal liburu argitara ekarri zituena, Isaak'en amonaren aita zan, Zegama'n sortua, baiña jatorriz Bizkai'ko Karrantza'koa. Beraz dio Isaak'ek euskeraren aldeko nere zaletasuna nere aurrekoetatik, noski, datorkit. Nere amak eta nere amonak liburu aek gertatzean ongi irakurri eta orrazten zituzten eta argatik oker gutxi arkitzen ditugu beretan. 1878'an nere amak Naparroa'ko Lodosa'n jaioa zan giza gazte eta gudako egun aetan ezagutu zuen Tolosa'ra asko etorri zalako, eta berarekin ezkondu zan. Ainbeste gora-bera eta naigabe izan ginituen ondoren ez zan bada arritzeko ni ere lengoen bidean jarraitzea euskal liburu asko etengabe egiñaz ondorengo urte guzietan» (Loc. cit.).
1818'an il zan Frantzisko Lalama. Zortzi urte aurretik onen alaba Josefa Antonia ezkondua zan Goiaz'ko seme Iñazio Mendizabal'ekin; 1839'an il zan au, ta J. Antonia alargun lotu zan. Eta Lalama il ostean ere liburu asko euskerazko otoitz-idaztiak, Gorosabel'en «Bosquejo de las Antigüedades de Tolosa» (1853), Gerriko'ren «Kristau Doktriña guztiaren Esplikazioaren Sayakera» (1858), ta abar irarri ziran arren, Mendizabal'en alargunaren alaba Eusebio Lopez lodosatar gazteakin ezkondu zanean, irarkola onek indar berezia artu zuela; esan bear dugu: 1878'tik aurrera lan izugarria burutu zuen. Lan txiki asko ta askoren artean, ementxe argitaratuak dira Aizkibel'en Iztegia (1883), Kanpion'en «Gramática» (1884), Novia de Salzedo'ren Iztegia (1887), J.I. Iztueta'ren «Gipuzkoako dantza gogoangarrien Kondaira» (1895), Aita Henao'ren «Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria» (1894), Aita Mendiburu'ren «Jesusen Bihotzaren Debozioa» (1882) eta «Ototz-gaiak» (1904), Juan J. Mogel'en «Maiatz-illerako berba-aldiak» (1885), ta abar.
1929-3-11'an il zan Eusebio Lopez, 83 urtekin; eta onnek egundo ere nekatu gabe osatu zuen lana aurrera eraman zigun, indar berriz azkortuta, bere seme Isaak'ek, irarkola liburuen ikurtzat zekarren «Sinismen alde-Aberri alde» goiburuari iñoiz ere muzin egin gaberik.
EUSKALTZALE. Nolako aizeak epeltzen duen asko esan nai du gizaseme baten bizitzan. «Iritzi garbi eta iakingarriak agertu ziran aldian jaio nintzan ni, eta nere asmo beroa gure euskera maitearen alde gogoz eta biotzez jarraitu nuen». Astarloa, Novia de Salzedo ta olakoen iritzi illun samarrak albora utzirik, Arana-Goiri, Kanpion, eta olakoen iritzi garbien aroagatik dio ori. Garai berri onetako euskaltzalea dugu Isaak.
Bere sorterrian egin zituen len-ikasketak, 1897'tik aurrera Deusto'ko Ikastetxe Nagusian, jarraituaz, eta bere lege-karrerako lau azken urteak Madrid'en bere aitaren adiskide Jose Goia Urkina zumaiarraren etxean egiñik. Emen, Azkue zanaren «Euskalzale»-ta irakurriaz, oso euskaltzaletu ziran biak; «guk orduan gabero biltzen giñanean diosku Isaak'ek izaten genduen alaitasuna ez da erreza esaten». Onezaz gaiñ, bein gurasoen erakutsi eder! Bidasoa'z beste aldera eraman zuen, ango euskaldunak ezagutu zitzan; eta Isaak'ek: «Berak zituen adiskide asko nere lagun bezela egin ziran eta ortik sortu zan ere nere zaletasuna alde artako anaien alde».
Adiskidetasun oien ondorioa izan zan gero, 1901'an Endaia'ko Erri-Etxean osatu zan billera; Lapurdi ta Baxenabarra'tik Hazparne'ko sendagille Broussain eta gaiñerakoak ziran batzar ortan, emengo aldetik berriz Serapio Muxika, J.K. Gerra, I. Lopez Mendizabal... Batzar orri izena jarri bear zitzaiola-ta, «Eskualtzaleen Biltzarra» ipiñi zituen. Orrela dazagugu arrezkero guztian. Urrengo urtean ere Ondarrabi'n ospatu zuten batzarra, Arana-Goiri'k bere ortografia lana aurkeztu zuenekoa. 1904'an, ordea, Irun'en, eta abar.
Gaztetako giza-ar-eman eta lanakin gogo-beroturik, aspertu gabe jokatu digu euskal erriaren eta beronen izkuntzaren alde, ainbat artikulu ta liburu osatuaz. Aldi bateko «Gipuzkoarra» asterokoa sortukeran, an genduen Isaak ere irasle bezela: Aita Azkoitia prantziskotarra «Jel-alde» izen-ordekoaz ainbat idatzi zuenaren eta Andres Amunarriz tolosarraren laguntzarekin, berak zuzendu zigun, kemenez. Euskal eguneroko, asteroko ta aldizkariak lekuko, euskal gaietaz batez ere, ez digu gutxi idatzi bere bizitzaldi luze ederrean. Euskeraz ta erderaz, berdin erabilli izan du luma.
Ona argitaratu izan dizkigun liburuetatik sail bat.
1) Cantabria, la guerra cantábrica y el País Vasco en el tiempo de Augusto (Tolosa, 1899). 80 orriolde. Jakintza ta Letretan Irakasle egin zaneko lana, tesisa.
2) Fueros de Guipúzcoa (1903). Eskugoan maixu egin zanekoa.
3) Aita Santu Amargarren Pio'ren Dotriña laburra (Tolosa, 1907). 104 orrialde.
4) Manual de Conversación erdera-Euskera (Tolosa, 1908), bigarren (1918) eta irugarren (1932) irarkaldiak ere Tolosa'n, eta laugarrena (1962) Donosti'n «Izarra» irarkolan, eta bost garrena, Zarautz'eko Itxaropena etxe argitaldariak: 368 orrialde. Izen, aditz eta esakeren iztegiak, alkar-izketak, idazkiak, esaera zarrak, iragarkiak eta euskal iztegitxoa. Azken irarkaldiak 368 orrialde. L. Mitxelena'k onela: «Euskeraz zerbait dakienak, eta are zerbait ikasi nai duenak, laguntzaille bizkorra dauka orain liburu argi, trinko eta ongi banatu orretan. Orrelakorik asko eztago: ene ustez, eztago deus ere oirren parekorik».
5) Zenbakiztiya (Tolosa, 1913). 32 orrialde. Umetxoentzat aritmetika laburra.
6) El Euskera (Bilbao, 1915). 12 orrialde. Bilbao'ko Euzko-Gastedija'n emandako itzaldia.
7) Diccionario castellano-euzkera y euzkera-castellano (Tolosa, 1916). Lopez'tar E.'ren etxean. 654 orrialde. Bigarrenez ere Tolosa'n (1932) argitaratu zan; 1.168 orrialde. Lenengo zatia (Erdel-euzkel-iztegia) Bera'tar Erroman Mirena Aitarena duzu. Ogetaz urteetan ainbat erabillia ta mesede egiña dugu iztegi mamitsu au.
8) Umearen laguna (Tolosa, 1920). Euskeraz irakurteko ikasbidea. Tolosa'n (1931) irarri zan berriz ere, Txiki'ren marrazkiekin. 64 orrialde.
9) Xabiertxo (Tolosa, 1925). 144 orrialde. Euskal irakurgaiak, Txiki'ren marrazkiekin. Sei irarkaldi izan ditu: bigarrena, Tolosa'n (1932), irugarrena Buenos Aires'en (1943), laugarrena «Karmel» aldizkariaren ardurapean, nik 1959'an Bilbao'n egiña (142 orrialde), bostgarrena Xabier Peña'k eta biok Bilbao'n (1966) egiña eta seigarrena egilleak berak Tolosa'n oraintsu argitaratua.
10) Nekazaritza (Donostia, 1930). Leizaola'ren irarkolan. 209 orrialde. 1929'an «Euskalerriaren Alde»-k eratu zuen txapelketan saria eraman zuen Euskalerriko nekazarientzat egindako liburu onek. Berrogei ikasgaitan ederki azaltzen ditu nekazariak etxe-aldean izan oi dituzten lan, arazo ta ardurak.
11) Martin Txilibitu (Tolosa, 1931). Euskal agaka edo abeze umeentzat. 16 orrialde. Irakurbide laburra.
12) Euskal Ikasbide erreztua, Txiki'ren marrazkiekin.
13) ¿Quiere Vd. hablar en euskera? (1932). 56 orrialde.
14) Seaska abestia (Tolosa, 1932). Lopez Mendizabal' enean. Bi ekitalditako komeria. G. Martinez Sierra'ren «Canción de cuna» euskeraz. «Antzerti»-n dator, 1932 azaroa-abendua'ko 11'an eta 12'en zenbakian.
15) Erleak, beren bizitza eta oiturak (Tolosa, 1933). 28 orrialde 15 apaingarrikin.
16) Voulez-vous parler le basque? (Donibane Lohitzun, 1938). 62 orrialde. Mendisko'kin batera egiñiko lana. Bigarren argitalpena 1947'an.
17) Otoitzak. (Buenos Aires, 1942). J. Hebbelynk'en marrazkiakin.
18) La Lengua vasca: Gramática, conversación, diccionario vasco-castellano y castellano-vasco (Buenos Aires, 1943). 351 orrialde. Geroago, Itxaropena'k ere argitaratua.
19) Breve historia del País Vasco (Buenos Aires, ,1945). «Ekin» etxe argitaldariak. 192 orrialde.
20) El País Vasco, descripción general (Buenos Aires, 1946). «Ekin» argitaldariak, 114 apaingarriz. 230 orrialde.
21) El idioma vasco, testigo excepcional en la Historia (Buenos Aires, 1953). Eta Bol. Amer. E.V. dalako aldizkarian beste euskerazko lan asko.
22) Gramática Vasca abreviada (Buenos Aires, 1954). 86 orrialde. Erdal-euskerazko ta euskal-erderazko iztegiarekin.
23) Etimologías de Apellidos vascos (Buenos Aires, 1958). Sebastian Amorrortu ta Semeen irarkolan. 794 orrialde. Lan ikaragarria, euskal abizenai buruz. L. Mitxelena'k: «López Mendizabal jauna goiz asi zen lanean euskal-soroan eta ezta oraindik gelditu. Lekuko izan bedi, lekukorik bear balitz, Buenos Aires'en oraindik argitara berri duen Apellidos vascos arrigarria» (Egan, 1962, 4-6, 314 orr.).
Lan-zerrenda jori ontatik dakusgunez, egundo ere etzaigu zabar eta larru-lazo agertu tolosar argi au. Naiz euskeraz naiz gaztelaniaz su ta ke ekin dio euskal barrutian lanari. Eredu bipilla guztiontzat, noski. Merezi du, gaiñera, gure goratzarre ta omena. Egiña dugu onako zerbait, baiña ez geiegi. Euskaltzaindiko aspalditik, Euskaltzaindiaren eztei-jaiak zirala-ta, 1968-12-4'an, Naparroa'ren Uriburuan izandako batzarrean; 1919'tik Euskaltzaindiko laguntzaille diranak ohorezko izendatzea erabakita zegoanez, beste batzuen artean, I. López-Mendizabal eta R. Menéndez Pidal izendatu zituzten.
Aipatu Batzar orretan, Euskaltzaindi buruak, beste askoren izenak goraipa ondoren, onela dio Isaak'i buruz: «Eta ez nua geiago jarraitzera, bañan bai auxe aizkenik esatera: asko zor diegula, eta zor ori aitortzea dagokigula "aurrelari" (precursor) diran aiei, aien ondotik etorri geran guztiok. Beste izen bat geiago oraindik euskal-kulturaren alorrean bein ere aztuko ez dana: Ixaak Lopez Mendizabal. "Ixaka" neka-egiña Nork ikusi du iñoiz gure Ixaka, eskuak tolestuta geldirik? idazle ta argitaltzalle; eta beti Euskeraren alde lanean. Urrutietako periplo luze ta onurakor baten ondoren, gaur berriz ere, bere Tolosa'ko txoko maitean daukagu: urte askotarako!» (Euskera, Bilbao, 1971, 19 orr.).
Nolako euskera, jori garbia, darabillen jakin nai ba'duzu, irakur itzazu bere euskerazko liburuak, eta «Gernika»-n, «Euzko-Deya»-n, «Bol. Amer. E.V.»-n eta olakoetan idatzi zizkigun artikuluak. Il zanean onela idatzi zuen Praga'tar euskal idazle zintzo, Tauer'tar Norbet'ek: «Min handi-handia sentitzen dut neure bihotzean. Aspaldiko adiskide laztan bat galdu dut... Lopez Mendizabal-dar Ixaka jauna... Euskal Herri guztian ongi ezaguna zen irarkola famatu baten jabea zen Ixaka jaunarekin 1926' urtetik aurrera euskarazko eskutitzen bidez harremanetan nengoen. 1936' urtean sortu zen gerrateak gure elkar-idaztea eten zuen. Nire adiskide maitea bere Aberria utzi beharrean izan zen, beste euskaltzale asko bezala. Buenos Aires-era ihes egin zuen, eta hango euskotarren artean babes-toki bat aurkitu. Bere bizileku berrian jarraitu zuen euskararen eta Euskal Herriaren onerako lanean. «Ekin» izeneko etxe argitaldaria eraiki zuen. Liburuak ugari, bai euskarazkoak, bai erderazkoak, euskal arloak erabiltzen dituztenak, argitara eman zituen. Munduko gerla akabatuta eta nire Aberriak azkatasuna lortuz gero gure eskutizketa berriz hasi zen. Bere euskerazko eskutitzak irakurri nituen beti arreta haundiz. Bere lerroetatik nabari zaigu abertzaletasun sakona» (Zeruko Argia, 1977 maiatza-1, 35 orr.).
(Ikus G. Lacombe, RIEV, 1908, II, 675 orr.; J. Urkixo, RIEV, 1920, XI, 74 orr.; Norbert Tauer, Bol. Amer. E.V., 1954, 38 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1962, 4-6, 314 orr.; L. Villasante, HLV, 421 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 517 orr.; Juan Garmendia, «Zeleta», Aránzazu, 1975, 529'garren zenbakia, 12 (144) orr.).