literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

39.— Tomas Agirre Urdalleta, «Barrensoro»

(1898-....)

 

        Errexil, Ernio azpiko erri pertxenta, basetxe zuri-gorriz ezin obeki jantzia. Emen jaioa dugu gure Agirre'tar Toma, «Barrensoro», 1898-2-24'an. Salgaien artekaria. 1936'gneko gerra tartean Sevilla'ra aldatu zan, eta antxe daukagu arrezkero guztian. Maria Dolores Agirre'ren neba, biok euskal idazle, Toma'k gerra ezkero ezer idatzi ez digun arren.

 

        EUSKAL IDAZLE PIZKOR.— Gerra aintzinako sei urte loretsu aietan euskal elerti zelaian ildoak urratu ta azia ereñez zoli lan zegitenen artean aurrenengo bezela daurkigu Barrensoro. Onan J. Zaitegi'k: «Barrensoro gezur-izenez deritza Agirre'tar Toma. Yayotzez errexildarra duzu, biotzez bilbotarra. Beso zaintsu-sendoak ta sorbalda eskergaren indarra baño gogorrago, altsuago ta onuratsuago, duzu bere adimen-indarra. Gaxte-gaxterik bere ikasketak asi zizun. Bere ikaskideak diotenez, etzan ikasle makala izan batez ere elerti gaitan. 1930 g. urtez-gero bere idazlanen zantzuan naukazu. Ao-sapaia ur biurtzen bai-zitzaidan. Ameriketako oyan itzaltsuetan barna pozik irakurtzen nizkizun bere irakurgai ariñak. "Euzkadi" izparringiaren euskal-atalean idazten zizun. Gero ere bai eskuarki» (Euzko-Gogoa, 1950, 1'go zenbakia, 13 orr.).

        Urte oietan, ia beti euskal literatur gaiez, eten gabe idatzi zuen, itz askatuz eta lotuz idatzi ere. 1931'an, Tolosa'ko olerti jaietarako iru poesi aurkeztu zizkigun; urrengo urtean irabazi zuen «Kirikiño» saria ere, «Amaika nekeen semea dek ogia» artikuluarekin, Orixe (1930) ta J.B. Eguzkitzaren (1931) ondoren. Eta sari ori irixtean «euskel idazle bikaiñen artean sartu genun —diosku J. Zaitegi'k—. Arrezkero, eten gabe eta alegiñez yardun du idazten».

        Emen argitara zizkigun liburuak:

        1) Gazigozoak (Bilbao, 1933). Verdes-Atxirika'tar E.'renean. 105 orrialde. Leendik erre izparringietan azaldutako lanak geientsuenak beintzat. Ona gaiak: «Loreti», maitasun edesti txairoa; «Larretxe'ko sorgiña!», irakurgai lilluragarria; «Mikel, arrantzale zangarra», giza-irudi zindoa; «Moringer zaldunaren edestia», Walter Scett'en olerki-kantua, itz lauz; «Baroja idazlea nere begi-ninietan», elerti-zirrindak; «Papini'ren irudipen-amesak»; «Errusi'ko zabaldietan barrena»; «Goazik baserrialdera: Amaika nekeren semea dek ogia!», «Kirikiño» saria irabazi zuen lana; «Silvio Pellico'ren biozkadak». J. Zaitegi'k: «Ageri danez, legartzako baso-loreari, sasi-tarteko lili urdin apalari ta yauregi-ormako larrosa gorriri eztia ostutzen dion erle langille antzo, Barrensoro'k gizarte, politika, ederti ta abertzale-gaiak yalkiaz idazti ederra eskeñi digu adiguri zurrian» (Loc. cit., 13 orr.).

        2) Uztaro (Bilbao, 1937). Eleberria. «Editorial Vasca» irarkolan. 316 orrialde. Bigarrenez ere «Editorial Vasca»-k (Bilbao, 1950) atera zizun. 320 orrialde. T. Agirre'k, izan ere, badu asmamena nobelarako bereziki; nortzu edo pertsonak bizi-bizi jarten dizkigu begi-aurrean, eta irudi-jolas bizkorrez aragitzen ditu maite-kondairatxo atsegiñak. Orixegatik, ez da arritzekoa bere sasoiko idazleen artean, itz lauz batez ere, bikaiñenetarakotzat joten ba'zuten askotxok.

        «Euzkadi»-n eta «Yakintza»-n idatzi zigun berariz. Baita «Libro de Oro» (1934) deritzanean ere «Eutrapelia literaria» lana.

 

        OLERKARI.— Irudimen azkarreko agertu zan olerti-zelaian ere, 1931'an. «Euskaltzaleak» Tolosa'n antolatu zuen Olerti batzaldira iru poesi bialdu zituen: Jose Migel Amerika'ra bidean, Zein ederra dan kezka-gabeko atsedeña! ta Donosti'ri. Lizardi'ren Urte-giroak ene begian izan zan sariatua; baiña an aurkeztu ziran orduko olerkaririk gaillenenak, M. Lekuona, Tapia-Perurena, Jautarkol, Tx. Jakakortaxarena, Loramendi ta abar. Eta auen artean, Agirre'tar Toma.

        Olerki aiek liburu legez argitaratzerakoan, J. Aitzol'ek egin zien aintzin-solasa, ta onela zesan: «Irudipenez ugari, olde-asmoz apain jantziak Tapia-Perurena eta Jauregi bai-dagerzkigu. Minkuntz zintzoaz aberatsagoak dira, ordea: liriko bikañenetakoak bai-zaizkizu biak. Irudipena eta minkuntza naasi, biotzmuñ iturri barnetik ahapaldietara oparotsu, arro, nabarmen datorzkiote. Erromantiko ospetsuek izpiak ikututakoak ditugu bi olerkari oiek. Lizardi, labur, legor, adi-gaiez izorra: Jakakortajarena, asmoz eta eraz errikoi: Jauregi eta Tapia-Perurena irudiz ugari minkuntzez bigun. Oetakoxea, erdizka bada ere, Agirre'tar Toma, oraingoz lendabizi, olerkari antzo datorkiguna. Edermenaz orritsu: orritsuregi, agian, adi-izpi zolien kaltegarri ia. Goiargiak sututakoa, benetan, gipuzkoar ertilari au» (Eusko Olerkiak, II, 1931, XVIII orr.).

 

        IRITZIAK.— Aitzol'enaz gaiñ ona J. Zaitegi'rena ere. «Izkera bizi, guri ta apatza darabil —dio— eta itz polit, txanbelin eta taxak atsegin zazkio. Euskal-elerti barrutian Barrensoro'ren itz laua bereki, berri ta kementsua duzu. Gure artean eragin andia egingo dulakoan nagokizu. Itz garbi, aratz, ugari ta poxpoliñak bakarrik ez darabiltzi... Azal zindo-gardenaren azpian, ibaia iduri, sakon, bero, bizi, yoan doa izaki guztien funtsa. Dana bere xeetasun esanguratsuenaz.... Orain-arteko idazle ainitzen itz laua, ardagaia baño legorragoa zenun eta gelatsuan dingilizka oi diran abarkak baño igarragoa. Beraz, Euskel-elerti berbizkundeari bultzada sendoa erautsi dio bere idurimen zoragarri ta argiari esker Barrensoro'k. Onen idaztietan, olerkariak ere, izkera landu ta orraztua gertu idoroko dute. Lore-pitxi oiek lagun, arrobietako arri aundiak atera ta elerti-yauregi ikusgarria eraiki al izango dute» (Euzko-Gogoa, 1950, 1'go zenbakia, 14 orr.).

 

        (Ikus Yakintza, 1933, 318 orr.; J. Zaitegi, Euzko-Gogoa, 1950, 1'90 zenbakia, 13 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1024 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 18 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 588 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 57 orr.).

 

Bilaketa