literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

19.— Jean P. Kamusarri Murgi

(1815-1842)

 

        Ziburu'n (L) jaio zan 1815-3-17'an, Pakalet kalean; aita, Martin, itxas-gizona zuen, eta ama, Mari, etxeko zeregiñai lotua bizi zana. Nun osotu zizkigun ikastaroak? Ez dakigu. Baiña apaiz egiñik, 1838'tik 1839'ra Larresoro'ko Apaiz-Ikastetxean daukagu irakasle. Urrengo urtean Donibane Garatzi'n aurkitzen da bertako elizako bikario bezela. 1842'an, gexorik, bere ama alargunaren ondora dator, ots, Ziburu'ra. Emen ilten da urte ortan bertan iraillaren 21'an. Gaitz epelak eraman zuen illobira, 27 urteko zala.

 

OLERKARI.— Bizi laburra noski apez gazte onena, baina ederki ituindua. Eriak atzapar arte zeukalarik ere, euskal gaiari atxikia zebillen. Poesi-zale zan, eta oler-ildoetan ustu zun bere barru urduria. Amar bat olerki ditu txit txairo biribilduak, baiña banakaren bat izan ezik besteak argitara gabe oraindiñokarren. Amairu ahapaldi ditun «Ene goguetak» azaldu nuen nik nere olerki-bilduma nagusian.

        Eriotz-agiñeko orduak dakarkigutena da poema onen aria. Errialde guztietako izkuntzak dauzkate gai berdiñekoak: aintziñakoen artean Tibulo'k (54-19) il-eresi asko eratu zitun, eta geroztik, erromantikuen garaian batez ere, Millevoye'k (1782-1816), Goethe'k (1749-1832), Becquer'ek (1836-1870), eta abarrek. Baiña ziburutar gazte onen alamentu ta zinguliñak aienak bezain gotor ixuriak daude. Oean zetzala, onela abesten zuen:

 

                Menditik nola doha ura itxasorat,

                Hala ni ba-nioha, lasterka, tonbarat.

                Akabo da akabo, neretzat denbora;

                Ba-noa sekulako hilen herritara.

 

        Otsoak bildotsa naiz arranoak usoa bezela, ala du eriok kupigabe esitzen. Ta ola ertsi-ertsi egiñik, bere gorputza nola dagoen dio:

 

                Trunko baten pareko, ohean etzana,

                Ene gorputza dago gaitzak urren jana.

                Ezin ditazke higi ene menbro hotzak;

                Mihia dut lodi, begiak zorrotzak.

 

        Itz eta gogoeta latzez, edu onetan pintatzen ditu bere gorputz-oiñazeak. Auxegatik edo diosku Fr. Michel'ek, olerki ontan Kamousarri, beeko gauza ta miñai lotuegi agiri zaigula. Ala ere, aldamenean daukan amaren negar-uluak eta etsimena ikusiz, otoitzera doakigu laster. Apaizari dei egin dezaiotela eskatzen du, zeruko santuak bitarteko jarri ditzan. Ingurumari du jendea, belauniko. Dolugarri ta ondikozko darrai:

 

                Bolsua zaut baratzen, xipitzen bihotza;

                Ai! ezin diot hartzen, ezin diot hatsa.

                Har zazu, o Jainkoa! har ene arima.

                Banoha, ah! banoha; adio, ene ama!

 

        Baita ba-dakus nola ipintzen duten bere gorputza, oialetan bildua, kaxa baten, iltegira eramateko.

 

                Bertzek dautet zerratzen aho gogortua,

                Bertzek eroez hesten begi ubeldua,

                Mihise xahar baten barnean gordea,

                Naute kaxan ematen. Oi, nere sortea!

 

        Maixuki egiñak dira ziburutar gaztearen poesi-lanak. Beraz, egiazki dio P. Lafitte'k: «Camoussarri, egia erran, ez zen bertsularia, bainan bai poeta edo zenbaitek dioten bezala "olerkaria". Erromantiko aroan handitua, ez da mirakulu haren gaietan ageri baita auhenetarako ixurki bat. Bertzalde bere burua eri-handi ikusiz aise zitzaion bihotza ilhuntzen eta kobla samintzen».

 

        (Ikus «Herria», 68o zenbakia; Fr. Michel, Le Pays Basque, 4-52 orr., edo «Auñamendi» bilduma, 29 zenbakia, 68 orr.; S. Onaindia, MEOE, 485 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 578 orr.).

 

Bilaketa