literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

7.— Leon Leon

(1896-1962)

 

        Azparne'n sortua, deduzko famili baten bizitegian. Ikasketak, bere errian lendabizi ta gero Beloke'n egin zituen; bigarren maillakoetan ziarduala, Europa'ko guda sartu zan eta gudari joan bearra izan zuen. Gudaritza utziaz batera, umetatik aditu zuen goi-deiari erantzunik, Baiona'ko Apaiz-ikastetxe nagusian sartu zan, eliz-gizon izateko asmoz.

        Apaiz-ikasketak amaitu ondoren, 1923'an apeztu zan. Bertatik, Azparne'n bertan zegoen apaiz-ikastetxe txikira bialdu zuten irakasle, gazteen irakasletzan urte bete egiñik. Ondoren, Baiona'ra aldatu ta emen eman zituen bost urte; 1929-1932 bitartean, Donibane-Lohitzune'n daukazu bikario; 1932'an Arrangoitze'ko erretore egin zuten. Europa'ko bigarren gerran, au da, alemanak Prantziaz jabetu ziranean, 1939'an Arnegi'ra jo zuen; 1941'an, ordea, gotzai jaunak Uztaritze'ra igorri zuen erretore nagusi. Emen zegoen ni, 1954'an, nere olerki bilduma osatzeko poesi billa andik ibilli nintzanean: oso txeratsu ta biozkoi artu ninduen, lapurtar olerkarien ainbat berri jakinerazirik.

        Uztaritz erri liraiñak maite zuen bere arimazaia. Nagusiak berdin, maite zuten Leon apez langillea, ta zegian lana zerbaitekin eskertu nairik, Baiona'ko apezpiku jaunak ohorezko kalonje egin zuen, 1959'gn urtean. Andik iru urtera Uztaritze'n bertan il zan 1962-2-12'an. Euskaltzain urgazle.

 

        EUSKAL LANA.— Arima-zaintzeak uzten zizkion asti-uneetan idazteari emanik ibilli zitzaizun. Ederki zekin euskeraz, bere etxean ikasia ta gero apaiz-ikasle zala obetua; Saint-Pierre apezak erakusle zan orduan Baiona'ko Seminarioan, eta ark bultzatuta, Leon eta onen lagun ikasle talde bat euskera lantzen jardun zuten gogotsu ere gogotsu. Arrezkerokoa zuen azpandarrak gero bizitza osoan, bai mintzatzeko eta bai idazteko zeukan erreztasun bizia: arrosko zeuden uztariztarrak zeukaten izlariaren sermoe, prediku ta esanak, garbi ta ozenak, errez ta aberatsak aditzen; idaztean, ordea, ipui, abesti, alegi, antzerki ta erlijio-gai, beti zuen luma txairo ariña.

        Ainitz lan eder osotu zizkigun. Geienak, itz lauz ta bertsoz, Baiona'ko «Gure Herria» illerokoan dauzkazu. «Berrizarte» izen-ordez ainbat artikulu firmatu zituen. Ona aren idatzietatik beiñenak:

        1) Jesu-Kristoren Imitazionea (Beljika, 1929). Turnhout' eko irian, Brepols liburu-egileen etxean. 440 orrialde. Baiona'n zegoelarik egin zuen itzulpen au. Ona berak aitzin-solasean: «Zaharrak berri, Eskualdun maiteak. Liburu zahar bat berritu dugu guk ere: mami berari axal berri bat eman. Eskuarazko Imitazione asko izan da orai arte ere: gehienak elgarren haurride edo bederen ahaide hurbil. Hunek ez du aitzineko bihi bati deus zorrik; erran nahi dugu ez diotegula deusik ebatsi ez maileatu. Lan huntan hasi ginelarik, iduritu zaikun, orhe bera hartuz, zerbait pollitagorik egin zitakela. Badakigu segur obra hunen bururatzeko, hogoi-ta bortz bazirela Eskual-Herrian gu baiño zaharragorik eta beraz trebeagorik eta argituagorik: gazte bati behar zaio hanitz barkatu, zeren egiten baitu hanitz bekatu. Bekatu egin badugu lan huni lotuz, liburu hunek ere huts eta itzal asko balin badauka, doala halarik ere bi hegalez: badakigu zuen jakitatea asko handia dela huts hoien bethetzeko eta zuen bihotza aski zabala itzal hoien barkatzeko. Hitz bakhar batzu kausituko ditutzue han hemenka, orai arte beharbada bakan ikusi ditutzuenak. Beltzuririk ez egin, othoi; ez dira den gutienik berriak, bainan zaharrez hiltzerat zoazin hitz batzu: gaixoak hil-herrirat bidaltzeko orde, zuen gana ditugu igortzen, zuen aldean gazteturik eta odol-berrizkaturik bizi ditezen Eskuarak diraueno eta beraz mundua mundu deno. Ez badiozute ere ginarria berehalakoan atzemaiten, ez lotsa, ez etsi: emeki emeki aldeko hitzek eginen dautzuete argi» (5'garren orr.). Oso ondo artua izan zan. Larreko'k onela: «Lan eder-eder bat egin digu Leon jaunak; neretzat, aspalditik irakurri dutan ederrena. Buruen-buru, euskar usain ederrean dago; ez du iduri erdaratik artua dela, eta ori da, alako lanetan bearrena; mami andiko gutunak ezerez ez du galdu euskararat itzulikaturik» (E. Esnalea, 1930, 176 orr.).

        2) Proverbes Basques et vie spirituelle (Baiona, 1934). Courrier irarkolan. 1934-2-15'an Baiona'ko Aztetxe (Seminario) Nagusian euki zuen itzaldia. Ogei ta amar bat esaera zar, edo zur-itz, dituzu; ez banaka emanak ere, gaiari dagokionez, gogozko egin-biderik egoki ta beteenean baizik. «Belar usaidun batzuk bildu, pillo bat egin, eta ontzi batera lauskitu ondoren, gogozko urgozo onuratsua eratu» digu.

        3) Haurren Meza (Baiona, 1936).

        4) Jesu-Kristo Gure Jaunaren Ebanjelio Saindua (Ligugé-Vienne, 1947). Aubin'en etxean. 366 orrialde. Urrengo urtean (1948) egin zan beste argitalpen bat ere. Imitazionea bezain ederki itzulia, bere-berea duen euskera errez goxoan.

        5) Alegiak (Baiona, 1960). La Fontaine'ren Fables euskeraz.

        6) Euskerazko Dotriña. Baiona eliz-barrutiko Kristau Ikasbidearen bi itzulpen egin zizkigun.

        7) «Gure Herria» illerokoan datozten itz-lauzko idatzi ta olerki mordoak.

        8) Teatru-lanak: 1) Gure xokoan (1926); 2) Matturianaren gaphoinak (1933); 3) Tomas ezkongei (1934); 4) Herriko besta biharamunean (1937); 5) Mehetegiko nausia (1938); 6) Haurrak azken hitza bere! (1939). Geienok «Gure Herria»-n datoz.

        Leon apezak ba-zekin onako lanetan, gure baserritarrak poliki duten gatz-pixkat jartzen. Laket zitzaion baita bertsolariai toki ematea, ardua edo lana goresteko baldin ba'zan batez ere. «Gure xokoan» bertan Ellande ta Pattin ari dira bertatik bertsotan, arnoak eta urak diztuzten doaik adi-erazi naiean. Ona bi ahapaldi:

 

                «—Ezagutzen duzia, Xubero maitia,

                Beiheralako Noe, gizon famatia,

                Harek landatu zizun lehen mahastia,

                Harek maite zizuna guk nola hastia

                Urez izanik ere pixka bat bustia!»

 

                «-Badakit nor zer Noe, zük aiphatü hura,

                Etzen ez diotenez gizon bat makurra,

                Berak egin ardua jin zaion burura:

                Hobe izanen züzün egonik barura,

                Hoi etzaion heltüko edan balu hura»

 

                        (G. Herria, 1926, 335 orr.).

 

        Gizonak maite du ardua, len bezela orain; emazteñoak ere poliki beatzen, eta gaur edaten. Miragarria omen da ardoaren aala, baiña asko edanez eztu egarria iltzen. Gizona baldin ba'dago miñak urturik, edan beza oporretik! Baiña gizon doakabea freskatzen danekoz, berriz bizi-azten penak: «Arduak segurenik berthutia hiltzen».

        Irudimen bizia ta esan erreza du Leon apezak bere idaztietan. Nola eiotzen digun alkar-izketa antzerki-lanetan! Euskera garbia du, oso sentikor eta errikoia; erriak egunero ezpain gaiñ darabilzkin itz eta esan jatorrak, tai-gabe ta jarraian datozkio luma puntara, eta onek lits berezko leunez jazten dio mintzoa. Idazle ona duzu lapurditar izkelgia ikasteko.

 

        (Ikus Larreko, Euskal Esnalea, 1930, 176 orr.; P. Lafitte, Eusko Jakintza, 1948, 332 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.123 orr.; Gure Herria, 1962, 384 orr.; A. Irigarai, Euskera, 1962, 353 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 121 orr.; L. Villasante, HLV, 311 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 415 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 173 orr.).

 

Bilaketa