literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

25.— Manuel Lekuona Etxabeguren

(1894-....)

 

        Txartel onen asieran aukerakoa deritzait beiñola Fausto Arozena'k jalgi zuena: «Aundia da benetan On Manuel Lekuona'ren nortasuna. Aurrerapen asko zor dizkio euskal jakintzak. Olerkari ta euskaltzaiña, bere erriarentzat bizi izan da beti. Ta bere erriari eman dizkio, Gazteiz'ko Apaizgaitegian euskera, gerkera ta eberkera irakasle zalarik, azaldu izan zituan adimen-doai aundiak. Bañan euskerari zor ba'dio, bere nortasun aundi ori, ez dio gutxiago zor erti-landan izan zituan ondore zoriontsueri» (Kardaberaz-2, 1973, 33 orr.). Baita jakingarri dugu J.L. Zubiarre'k «Guipuzkoa 73» dalakoan idatzia ere: «Jakintza gai askotan nortasun berezi bat duan gizona da On Manuel Lekuona. Ikasnai aundikoa ta saiatua, ixilla ta arrokeririk gabekoa, jakintsuak oi diran bezela. Orain 83 urte jaio zan Oiartzun-en. Ondo irabazia du, ba, bere nortasuna. Ta bere adimen argiari ta bere lanerako gogo biziari esker, ameslari ta adoretsu ikusten degu oraindik ala ere, bai aolku zuzen bat, apaiz bezela, emateko, ta bai, jakintsu bezela, Euskal erriko jakintzaren alde leiatsu jokatzeko ere» (Loc. cit., 31 orr.).

        Oiartzun'en jaio zan Lekuona, 1894-2-9'an. Apaiza. Gazteiz'ko Apaizgaitegian osotu zizkigun bere eliz-karrerako ikaskizunak, 1906'tik 1916'ra noski. Urte orretan artu zuen apaizgoa, ta arrezkero, gerrararte, bertan erakutsi zuen, izkuntzak batez ere. Ondoren urteak eman zituen Kalahorra'n, ango katedraleko artxibu zain. Aspaldi danik, ostera, Andoain'go «Eguzki-Alde» txoko bikaiñean daukagu, «Berrospe» ikastetxeko kapellau ta irakasle dala.

        Gazteta-n eta zartzaroan, leen Gazteiz'ko Apaizgaitegian ogei urtetan eta gero beste ainbestetan Andoain'en, Lekuona'k lan eskerga burutu digu euskal kulturaren barrutian. Asko idatzi du euskeraz ta erderaz, zerbait gairi buruz, baiña euskal literaturari ta Euskalerriko ertiari buruz batez ere. Ainbat itzaldi emanak ditu gai oietaz. Euskaltzain osoa da 1951'tik, eta 1967'tik, iru urtez, beraren Buru. Naiko omenaldi izan ditu or-emen egiñak; azkena, 1967-4-24'an, Oiartzun bere erriak eskeiñi ziona.

 

        IDAZLE TA ERAGILLE.— Gazte zalarik asi zan idazten, eta leengo ta gaurko aldizkari ta eguneroko guztietan aurkituko dituzu Lekuona'ren lanak. Lankide izan da baitik bat: «Euskalerriaren Alde», RIEV, «Euskera», «Eusko Folklore», «Antzerti», «El Bidasoa», «Rioja», «Berceo», «Principe de Viana», «Olarso», «Euzko», «Egan», «Zeruko Argia», «Jaunaren Deia», eta abarren. «M.L.» ta «Berrospe» maiz erabilli ditu lanak izenpetzean.

        Eragille bezela, Gazteiz'ko Apaizgaitegian beronek sortu zuen ikasle gazteen artean «Euskal Idazle Eskola», 1924'an noski, ta «Kardaberaz» izena eman zion. Ikastetxe artan Mixioetako Bazkunak «Gure Mixiolaria» sortu zuen; Jose Migel Barandiaran'ek «Gymnasium», garai artako jakitunen pentsakera obeto ezagutzeko; eta Manuel Lekuona'k aitatu dugun «Kardaberaz». Jakintsuen bizinaia, aurki.

        Ona Lekuona'ren idatzirik jasoenak:

        1) La métrica vasca (Gasteiz, 1918). Montepío Diocesano irarkolan. 44 errialde. Gazteiz'ko Apaizgaitegian, 1918-1919'garreneko ikastaroa astean, egiñiko itzaldia. Euskal olerki neurkerari buruz sakonki ari da, euskal azentua, oskidetza ta gaiñerakoak, kopletan erabilli oi diranak, jakiña, oso ederki aztertu ta adieraziaz. Gure bertsoak, latiñak eta gerkerak legez, silabaka ez baina doiñuz neurtzea obe litzakigula, dio labur zurrian. Olako zerbait agertzen ei da gure antziñako kanta zarretan: Lastur'ko Milia'ren «Eresia», «Lelo il Lelo», «Atharratze jauregia», «Plañu niz», «Oñazez», «Txoriñua kaiolan», «Uso xuria», eta antzekoetan.

        2) Gazteizko Eliz-barrutiko Kristau-Ikasbidea (Gazteiz, 1918). Dotriña au, Gipuzkoa'n eta Bizkaia'n urteetan erabillia, ederki ere ederki egiña dago, euskera garbi, gozo, argian. Bizkaieraz J.B. Eguzkitza'k ipiñi zuen. Lekuona'k, onez gaiñera, garai aretan Goterkiko «Boletin Oficial»-ak zekarzkin euskerazko Gotzai-Idazkiak itzultzen zituen.

        3) La poesía popular vasca (Bergara, 1930). «V Congreso de Estudios Vascos» liburuan dator.

        4) Gabon Kantak (Gazteiz, 1933). «Anuario de Eusko Folklore»-n.

        5) Literatura oral euskérica (Donostia, 1935). Itxaropena irarkolan. «Beñat» idaztiak. 168 orrialde. Eusko Ikaskuntzak Bergara'ko billeran «Erri-jakintza» gaia erabilli zuen, eta M. Lekuona'k an aztertu zitun «Kopla Zaarrak» eta «Bertsolaritza», nasaigo ta zabalago adierazirik, damazkigu liburu mardul onetan. Bost ataletan banantzen du liburuaren muiña: I. Aoz-aozko literaturaz asi-masiak. II. Euskal Literatura errikoia. III. Bertsolaritza. IV. Kopla zaarrak. V. Apain-olerkia.

        Liburu onek jaso zuen gure aozko literatura zor zitzaion maillara. Gure erriak, baita, ementxe ikasi zuen gure bertsoak barnean duen ederraren ederra. Orduantxe asi ziran, zer lur zapaltzen zuten zekitela, bertsolari txapelketak eurrez antolatzen. Danok dakigu nolako indarra zuten gerra aurretik. Eta danok dakigu nolako jentetzak daramazkiten atzetik gaur-eguneko bertsolari zar eta gazteak.

        6) Eun dukat (Tolosa, 1935). Lekuona anaiak, Manuel eta Martin'ek egiñiko antzerkia, bi ekitalditan. Lopez-Mendizabal'enean. «Antzerti», 41-42 zenbakiak. Arrasate'ko «Bedia» antzokian antzeztu zuen Oiartzun'go «Mendiburu» taldeak, garagarrillaren 2'an, urrengo egunean Olerti jaia zala-ta. Iritziemailleak onela: «Aurten garaipen aundienetako iritxi duan lana "Eun dukat" ori ba-degu. Benetan antzerki errez argi ta polita... Lekuona anaiak "Eun Dukat"-en egilleak txaloak erruz entzun zituzten. Gure zorionak ere jaso itzate. Jendea pozik gelditu da».

        7) Teatru-saillean ba-dauzka euek ere: J. Barbier'en Sorgiñak eta P. Lartzabal'en Akillomendi ta abar, gipuzkeraz jarrita.

        8) Jesu Aurraren Bizitza (Donostia, 1948). Eresidun aurpoema.

        9) Gorotzika'tik Gurutziaga'ra (Donosti'a, 1952). «Euskera»-n ere ba-dator. Euskaltzaindian sartu zaneko itzaldia.

        10) «Egan»-en (1954) poesi auek azaltzen ditu: 1) Belenen; 2) Bizia maite irria; 3) Tanz-lied.

        11) «Egan»-en berriz ere: «Urkixo jaunaren liburutegia», «Aita Olabide'ren ITUN ZARRA», «Pernando, Amezketa'n», Lizardi'tar X.'en «Biotz-begietan», «Edertiak Gipuzkoan», «Gabon-kantak», «Jesus'en Jaiotza edertian», «Bizirik dago, ala il zan», eta abar, 1956-57 urteetan.

        12) Gero (Zarautz, 1954). Itxaropena irarkolan. 483 orrialde. «IV Argitara-aldia Euskaltzandiko Lekuona apaizak prestatua eta aintzin-solastua», Euskaltzaindia'ren ardurapean. Kalagurri'n izenpetzen du, 1954-2-9'an. Jardun ederra prestatzailleak Axular'en idazti giar oni ezarri diona: egillearen bizitza ta liburuaren argitaratzez gain, lanaren kritika apur bat ere badagi, ta urdazubitarraren idaztankera, joskera, esaera ta ederrak argi jarten dizkigu, baita idazle bezela ditun akatsak ere: zeren, ezen, ezik, zein, zeiñek, hain... non, hain... ezen, nola, ala, ta olakoak. Cuique suum.

        13) Del Oyartzun antiguo (Donostia, 1959). Onen antzeko beste monografi asko ditu: «La Catedral de Calahorra», «Iglesia de Santiago de Calahorra», «Iglesia de San Andrés de Calahorra», «Ciencia Tomista», «Fuentes de la M. Rafols», «Parroquia de San Pedro de Lasarte», «El Monasterio de MM. Brigidas de Lasarte», «La Iglesia parroquial de Andoain», «Dos Grecos en Guipúzcoa», «Santa Klara'ren kanta zahar bat», eta abar, geienak BAP-en argitara emanak.

        14) Zigor! (Zrautz, 1936). Izen bereko operaren izki-liburuxka.

        15) Itzaldiak: «Gure pertsulariak», «Mondragoe sutan», «Deikia aditzetan», «Berrespe», eta abar, «Euskera»-n, «Egan»-en, «Kardaberaz»-en... datozenak.

        16) Escollos de nuestra Historiografía (BAP, 1971). Euskal Edestia nai duenak, M. Lekuona'k sarri esan duenez, kontuan izan bear ditu edestiaren laguntzaille diran beste gai batzuk ere: etnoloji, gizarte-erakundeak, toki-izenak, aldi bakoitzeko oroigarriak... Eta ortan alegindu zaigu oiartzuar jakintsua: berak aurkituak dira bi «greko» Gipuzkoa'n, Gatzaga'n, bata ta Zestua'ko Iraeta'n bestea; baita berak aurkitu digu, Astigarrabia'ko San Ander elizan, erromaniku-aurreko leio luze bat, perra mokokoa.

        17) Bi antzerki ta bi itzaldi (Zarautz, 1965). Antzerki biok, auek dira: Eun Dukat eta Ameriketako osaba.

        18) Gerrateko nere amabi kantak. J. Urkixo'ri egin zitzaion Omenaldi-liburuan dator.

        Ainbat libururi ezarri dizkion itzaurreak, atzenez, jakingarriak dituzu.

        Olerkari lez, ez digu askorik ondu, baiña ondu duena erri-taiuz daukagu. Nere Milla euskal Olerki eder bilduman sei sartu nituen On Manuel'enak, eta nesan: «Irakur eta ikus zein ezti, errez ta polit egiñak diran!» Gaur ere berdintsu diot.

        Egunokaz ari dira beronen omenezko liburu Bilduma (3 ale) zabaltzen; ondoren etorriko bere idatzi guztien txorta.

 

        IRITZIAK.— M. Lekuona, artista dugu euskal literaturan. Beroren lumak eman diguna, txukun eta aratz egokitua da. Ni ez naiz ibilli billa, baiña izango ditu dudarik gabe —nork ez?— bere akatsak, uts-eziñak ez bait gara. Iritziak gora-bera ere, Lekuona'k berean jarraituko du: or izango dogu beti, geure ikasbiderako ain zuten, bere lan bikaiña, euskal gaietaz batez ere.

        Sarreran aitortuaz gaiñera, irakur zazu euskal idazle biren aitorra. «Auñamendi»-koak M. Lekuona'ren Literatura oral vasca (Donostia, 1965) bigarrenez atera zutenean, L. Mitxelena'k onela idatzi zigun: «Duela ia ogeitamar urte, 1936-ean, argitara zuen "Zabalkundea"-k orain "Auñamendi"-k atera duen liburu onen ainzindaria: ainbeste bider aipatu eta erabilli izan dugun Literatura oral euskérica eder ura. Bere saillean, ez dugu izan geroztik aren ordezkorik ezta inguratzekorik ere. Eta ortan, agerraldian berrian, osaturik dator erri-teatro zatiak erantsirik: Zuberoa'ko pastoral batenak eta Barrutia'ren Acto-arenak. Euskal gauzetarako gogorik duenak irakur beza lehenbait-lehen liburu aberats bezain argi au, ezagutzen ez badu. Ezagutzen duenak ez du zer esan bearrik, bein ta berriko joko baitu, iñok eragin gabe, iturri garbi orretara» (Egan, 1965, 176 orr.).

        Gogoangarri duzu au ere: M. Lekuona ez da egundo ere gaztetan artu zuen bidetik okertu, ez zearrean joka ibilli; au da, orduan egoki ta bidezko iritzi zitzaion jokabidea, euskerari buruzkoa noski, naiz ortografiari naiz erri-idazkerari gagozkiola, beti ontzat eman eta jarraitu izan du. Ez da izan ez aizea nora zapiak ara oietakoa. Ezta bear ere! Iritziz aldetzea, noizik bein, gizenarena dugun arren.

        1958'an, Orixe'ren Euskaltzaindian sartzea Leitza'n. Bazkal ostean dantza saioa ederra izan zuten, bertako dantzak dantzaturik. Eta M. Lekuonna'k: «Guztioi atsegin aundia eman baitzigun alako dantza txukunak. Ez ba, Euskalerrian dantza ederrik ez dalako; bañan Leitza'ko dantza onek ba-du beste euskal-dantzek ez duan zerbait. Itzal eta begirune eder batez gaiñera, beste zerbait: dantza errikoia izatea» (Egan, 1958, 7 orr.). Or M. Lekuona'ren idatziak duen lerden-eragiña ere, errikoi duzula.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 915 orr., ta Kardaberaz Aitaren Omenadia, Donosti, 1971, 130 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1965, 1-6, 176 orr.; P. Lafitte, Gure Herria, 1967, 3'garrena, 188 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 120 orr.; Euskera, 1968, 249 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 173 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 554 orr.; Juan San Martin eta Serafin Basauri, Hegatsez, 212 orr.; Kardaberaz-2, 1973, 31 orr.; J.L. Zubiaurre, Guipúzcoa 73).

 

Bilaketa