8. Aita Juan Mateo Zabala
(1777-1840)
BIZITZA. Benetako euskaltzale dugu prantziskotar au. Bilbao'n jaio zan, 1777-9-21'an, urrengo egunean San Anton elizan bataiaturik. Bakiotarra zuen aita ta Billarokoa ama. Añibarro ta Zabala, erri bateko lege: adiskide kutunak genitun. Eta euskaldun sukalde artan sustatu zitzaion Zabala'ri, urteak joan urteak etorri, arantza iduri, josita erabilliko zuen euskerarekiko kezka miña.
Amabost bat urte zituala, latin eta gaiñerako eliz-ikasketak Bilbo'ko aita prantziskotarren komentuan eginda gero, beste nunbaiten Santander'en, Araba'n, Gaztela'n? artu zuen praille jantzia, Bilbo'tik kanpora beintzat. Baita Gaztelerrian osotu zitun, berak dioskunez, Teolojia ta onen inguruko beste ikaskizunak. Eta, zelan ez?, aiztu egin zitzaion amaren magalean ikasitako euskera, edo beintzat mezakotu zanean ez zeukan egokitasunik, erreztasunik aitortzeko ez Jaunaren Itza, bear bezela, erriz erri zabaltzeko. Orduan asi zan berriro euskeraz ikasten, Larramendi ta Astarloa'ren lanak irakurriaz batez ere.
Buru argiko ta jakintsu zetorren eta, 1804'an Filosofi-irakasle izentatu zuten Bilbao'ko lekaretxean; lau urtetan jardun zuen egiteko orri loturik, au da, Napoleon Bonaparte'k, 1808'an, prailleak beren komentuetatik jaurti zituen arte. Ordu estu aietan, ara ta ona ibilli zitzaigun Aita Zabala, beste askoren antzera, Galizia'ko Herbón prantziskotar mixiolarien ikastetxetik, eta abar.
Sorterri-miñak joa edo, atzenez, Zarautz'eko mixiolari-komentua eskatu zuen, eta lortu; ta ementxe bizi izan zan 1815-10-15'tik il arteraiño, beti langille zintzo. Berton il zitzaigun, 63 urtekin, 1840-2-6'an.
Zarautz'eko itxasalde atsegingarrian eman zituen 25 urte oiek etziran ezelan ere elkor gertatu. Izlari ibilli zitzaigun or-emen, Bizkai aldean batez ere, ortarako trebe zan eta. Bide batez, onela, errietan ari ta oni galdetu ta itz egiñaz, bere jatorrizko euskera sakonago ikasi ta aztertzen saiatu zan. Edu onetan osotu al izan zuen azkenik bere bizkaierazko aditzaren saiakera ederra.
Garrantzizko karguak euki zitun komentu barruan; birritan izan zan, adibidez, Zarautz'ko etxeko Aita Nagusi, lenengoz 1826'tik 1829'ra, ta bigarrenez 1839'tik aurrera. Praille komentuetan, jakiña danez, iru urterik iru urtera egin oi dute nagusiak aldatzea. Aita Zabala'ren besoetan il zan A. Añibarro: biak bizkaitar eta euskaltzale sutsu.
Bigarrenez Nagusi aukeratu zutenean ez zegoen, antza, bere gogora; egun aiek, izan ere, gogorrak ziran, 1837'tik lekaideak beren komentuetatik botatea erabakirik zegoen eta. Gipuzkoa'n, orraitio, ez zuten ain arin bete espaiñar gobernuak emandako agindua, ta prailleak beren etxeetan jarraitu zuten oraindio; baiña 1839'tik, Bergara'ko besarkada etoi ostean, beti bizi izan ziran Nagusi ta menpekoak eten gabeko artega ta urduritasunean.
Aita Zabala, berak il aurretxoan zioanez, bi bider eraman zuten beltzak, au da, liberalak Getari'ra, txispa artean; baita beste bi aldiz komentua poliki arakatu ta ustu-azi ere, egin zioten. Egun latzak, eritxi batez.
IDAZLANAK. Beargiña zan Zabala, ta etxcko zuzendaritzak, errietako mixioak eta bestelako lanak uzten zizkioten betauneetan, ainbat gauza eder burutu zituen gure izkuntzaz. Ona aren idatzink ederrenak:
1) El Verbo regular vascongado del dialecto vizcaino (Donosti, 1848). 169 orrialde. I.R. Baroja'ren irarkolan. A. Zabala'k gertu, prest zeukan lan au argitaratu zedin, baiña Gipuzkoa'ko probintziak, bera il eta zortzi urtera, Iztueta ta Iturriaga'ri iritzia eskatu ondoren, argitara ekarri zuen.
Egia da noski, urte askotako lana zan. Astarloa artu zuen aitortu dugu euskera berriz ikasi ta sakontzean, bide-erakusle bezela; baiña laster asi zan aren esanak, zer batzuetan beintzat, albora utzi ta berenez bide egiñik, bere nortasuna erakusten. Onela dio euskal aditzaren sarreran: «Apolojiaren urratsi jarraitu eziñik, nire bidean barna joaten saiatu natzaizu. Au dala-ta, jakintsu aren bidea ta nirea ez ditezke bat etorri, eskuarki beiñepein; are geiago, bakoitzak geren bidean jomuga bereziak aukera ditugulako. Astarloa'k, euskera bere nortasun eta izateari dagokionez zeazki ta filosofiki aztertu zun, ni ostera, abotan darabilkigun bezala ausnartuz. Eta ainbeste eunkitan barrena bizirik diraun gure euskerak nai-ta-ez jasan ditun eraberritze eta aldakizunak gogoan eukita, elburu nagusitzat auxe artu dut: nire irakurleak uler dizaidatela. Asmo onen betegarri auzoko bulko ta espresiñoak jasoten ditut, naiz-ta gure gramatikari osoro ez egokitu. Au dala-ta, irakurleak igarriko dio noski aldi ta tankera izenetan, euren kopuruan eta beste ainitzetan zenbait bereiztasun» (El Verbo..., J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 162 orr.).
Bizkaiera ez-ezik, ordurarteko euskal gramatikalarien lanak ere ezagutzen zitun; eta gure aditzaren nortasunak, batez ere, arriturik zeukan. Beste izkuntzak ez duten lango joku ernegarria du, mee ta gozoa, labur esateko. Gaiñera, gure aditz-joko onetan «silabak ez-ezik, letrak ere esan-nai baten jabe dira». Eta joko ori ain ugaria baita, nola ikasi dana? Neke aundi gaberik; joko-sail oiek, ugariak dirala ere, erakuntzaz oso «baitira legepeko».
2) Noticia de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (Donosti, 1856). Amar orrialdeko idaztitxoa. L.L. Bonaparte'k argitara ekarri zuen liburu au, egillearen izen barik, eta euskalari batzuk orixegatik uste izan dute etzala A. Zabala'rena; alere, A. Ruiz Larrañaga'k onetzaz egiñiko arakatzeari esker, arena dala aitortu bear dugu. Ta auxe dugu, ain zuzen, euskal literatura bildumetatik osoena, bere laburrean beintzat, geroztik agertu diranai ezer kendu gabe.
Garai artarako ezta egille ta idazle zerrenda makala; euskalki (dialektu) guztietakoak dakazki erabat.. Bidasoz andikoak ere bai, Aranbillaga'rena ta zuberoeraz dagon Oloron'go dotriña ere aipatzen ditu. Ta garrantzia badu, ta ez gutxi, ark idazle bakoitzari buruz damakigun iritzia. Asko ikasia zan naiz filosofi-gaietaz, naiz izkuntzalari bezela; ango ta emengo euskalkiak ezezen, ba-zekizkian edonork bezain ondo euskeraren joskera ta osterantzekoak.
Aren iritzietatik ar gogoan bi auek. Izkelgiai buruz au zioan A. Zabala'k: Idazle bakoitzak, al dala, bere izkelgi jatorrean idatzi bear duela, bestela oker aunditan jausiko garala-ta. Idazleari buruz, berriz, ez du iritzirik agertu nai oraindiño bizi diran egilletzaz, onerakoa izan ezik beintzat. Ortik dakigu J.K. Etxeberria aita prantziskotarraren lanak, naizta Aita au Zarautz'ko komentuan berarekin bizi izan eta aren lan batzuk Zabala nagusi zala argitaratuak izan, etzitzaizkiola eder; ezta Iztueta'ren Gipuzkoa'ko Dantzak ere. Iritzia, naiz-ta berez mergatza izan, zentzunez emana danean, ez zaigu olako.
3) Fábulas en dialecto vizcaino (RIEV, I, 1907, 90 ta 529; III, 25 orr.). Bizkaieraz daude alegi auek, eta A. Mateo'k Zarautz'en ondu zituen, gaixoaldi batean dirudienez. Gero, d'Abbadie jaunaren eskuetara jo zuten, eta ura il zanean, Paris'ko «Bibliotheque National»-era. Azkue'k idoro zitun eta Urkixo'k bere RIEV-en argitaratu. Bilduma ortako danak ez dira bereak, Zabala'k berak dioanez. RIEV'ek onela argitara zitun: 23 Zabala'renak, 11 J.A. Mogel'enak, bat B. Mogel'ena ta beste bat Salaberri'rena. Nor dugu Salaberri au? M. Salaberri ote, Donibane Garatzi'ko notario ta L.L. Boncparte'ren laguntzaille bizkorrarena? Bizkaieraz ipiñia dala dio A. Zabala'ren alegi-bildumak.
Geroago, «Euskaltzaleak» zeritzan bazkunak berriz atera zitun ipui neurtuok, «Eusko-Alegiak» (Donosti, 1934) izenarekin, J. Ariztimuño'ren itzaurrez apainduta. Zelako alegiak ote? «Ez deritzagu dio Ariztimuño'k alegi ortatik Zabala'renak jatorrik diranik, agian, bat edo beste ez izanik. Ba liteke berea, "Madril'go itsu barrizabaltzailliak"... Hartzenbusch alegilariarena ez bada, noski... Baiña alegi oiei eusko-kutsua erantsi zion. Bertso errezetan oparotsu ipuiak adierazten dizkigu. Ain errezki bertso doaia gure artean izan duanik gutxi noski» (15-16 orr.).
* * *
A. Zabala'k oraindio ba-ditu or-emen ainbat lan. Esate baterako: «103 Conjugaciones del presente perfecto de indicativo en el dialecto vizcaíno o muestra de los 206 presentes de indicativo que da al bascuence D. Pablo Pedro de Astarloa» (Euskera, 1922, III urtea, 2 zenbakia, 36 orr.). Eguzkitza jaunak Zabala'ren liburu ontako adizpiakera batzuetzaz zerbait idaztean, au zioan: «Astarloak aitaturiko berreun eta sei adizpiakerak Mr. Lécluse'ri adierazteko asmoz egin eban lan onetan, Zabalak adimen zolia darakus; baiña beti zuzen ibilli zanik ez dot uste. Bein onelan idatzi eban: salduten zaitut, zaituet; gero, salduten zaust, zaustaz. "Os vendo (a Vos) = salduten zaitut (zaudaz)" izan ezkero, "os me vende = salduten zaustaz" izan bear, eta alderantzira, "os me vende = salduten zaust" izan ezkero, "os vendo = salduten zaut" izan bear» (Euskera, loc. cit., 30 orr.).
Badu mixioetako sermoi-liburu bat ere, bizkaieraz, manuskritu antzera, beste galdu edo diranen zati bat. Euskera zeatz eta garbian dago. Bizkaian nun itzaldia egin, alako izketa darabil: Arrati aldean daragoio ta Markiña aldean diardu, ta antzekoak.
Bolara artako euskaltzalerik geienakin izan zuen ar-emana, idazkiz beintzat. Tolosa (Prantzia)'ko Goi-ikastetxean irakasle zan Lécluse euskaltzaleari ainbat lan bialdu zizkion, baita ark Zabala eskutitzez eskertu ere. Abando'n bizi zan J.P. Ulibarri Galindez euskaltzaleak idazki mordoa zuzendu zion, baita A. Mateo'k adeitsu ta sen oneko erantzun ere.
Zarautz'en, Arantzazu'n eta Urkixo zanaren liburutegian makiña bat idazki, paper ta oar balio aundiko, aurkitzen da oraindik, argitara gabe.
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 240, 282; J. Urkixo, RIEV, 1907, I, 88, 29; III, 27; IV, 147 orr.; J. Eguzkitza, Lenengo Euskalegunetako itzaldiak, 13 orr.; I. Ruiz Larrañaga, RIEV, XV, 32, 313 orr.; L. Lezama Leguizamon, RIEV, XV, 337 orr.; K. Etxegarai, RIEV, XVIII, 298 orr.; Y. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 159 orr.; L. Mitxelena, HLV, 114 orr.; L. Villasante, HLV, 235 orr.; S. Onaindia, MEOE, 263 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 575 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko Euskal Idazleak, 79 orr.).