literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

38.— Bizente Ametzaga Aresti

(1901-1969)

 

        A. Ibinagabeitia'k bikainki osatzen digu Ametzaga euskal idazlearen gizantza. «Orra —dio—, aspalditik Ametzaga'tar Bingen'ek gure artean lantzen dun arloa: itzul-lana. Ederki erakutsi dizkigu euskeraren gaitasunak gaurdaño argitara ditun itzulpen ederretan: "Hamlet", "Adiskidetasuna" eta berrien berri, "Platero ta biok", Juan Ramón Jiménez olerkari ospetsuarena» (Euzko-Gogoa, 1954, 70 orr.). Ortan luzaro saiatua dugu, izan ere.

        Algorta'n, Getxo udal-barruan munduratu zan 1901-7-4'an. Ikasle ona, Eskubide-gaiak urratu zituen sakonki, 1918'an Valladolid'en karrera ortako titulua aterarik. Garai artan arduratu zan baita umetatik, etzekian euskera ikasten, idatzi ta mintzatzeraiño ikasi ere. 1931'an Getxo'ko aiuntamentuko ziñegotzi da; bertako diru-arazoak-eta zintzo eramaten alegindu zan. Orduan ezagutu nuen nik egiazko euskaltzale bezela ere.

        1936'an, gerra aroan, Eusko-Gobernu barruan Len-Irakaskintzako Buru izan zan, azkenez 500 bat umekin erbestera jo bear izanik. Donibane Garazi'n egon zan zati baten, ondoren beste ume-talde batekin Inglaterra'ra aldatuaz. Urteak joan urteak etorri, Arjentina'ra jo zigun.

        Etzan geldi egotekoa. Ta laster oratu zien euskal lanai; 1943'an, esaterako, «Instituto Americano de Estudios vascos» sortu zanean, alkarte ontan agertzen zaigu Ametzaga. 1947-1955 bitartean Montebideo'ko Ikasgu nagusian «Euskal Kultura» erakutsi zuen, baita bertako Goi-Kulturaren Ikastetxean euskera ere. 1957'rantza Venezuela'ra joan zan, uri artan lan egiñik euskal alorrean batez ere beste amabi bat urtean.

        Karakas'en il zan 1969-2-4'an. Euskaltzaindiko urgazle genduan 1957'tik.

 

        EUSKALTZALE.— Euskaldun berri izanik ere, beingo batean jabetu zan gure izkuntzak ditun izur eta biurgune guztiekin. Euskal idazle bikaiña dugu, eta itzultzaille batez ere. Eta olerkari goxo. Nolako aoxuria ote zuen? Gizona, dauzkan irrits eta aokotik ezagutu oi dugu. Ametzaga'tar Bingen'i, idazterakoan, ipuiak, elezarrak, saioak eta olerkiak atsegin zitzaizkion. «Euskera aldezko esakunak» da aren lenengo lan argitaratua (Euskal Esnalea, 1925). Gero datoz besteak, eta oparotsu.

        Ona algortarraren lanik garaienak:

        1) Itz oroigarriak (Euskal Esnalea, 1928, 50 orr.). Urte berean Donosti'ko «Euskalerriaren Alde»-k jarritako saria jaso zigun Cervantes'en «El Licenciado Vidriera» euskeraldu zuelako.

        2) Hamlet (Buenos Aires, 1952). William Shakespeare'ren trajeri euskeraz. 205 orrialde. Itzulpen oni buruz A. Ibinagabeitia'k: «Gure euskerak berez, antziña kutsua dizu, eta antziña kutsu ori Hamlet'en itzulpenean ere bete-betean ikus dezakegu. Euskerak ez dio bat ere urritu indar bere-biziko ori Shakespeare'ren ingeles textuari, are geitu egin diola esango nuke. Leizarraga'k darion zaar-kutsuz bere itzulpena gantzutu du Ametzaga'k» (Euzko-Gogoa, 1952, 9-10, 19 err.). Ingeles idazle aundi onen LXVI'garren amalaukoa ere euskeraratu zigun (E.G., 1954, 135 orr.).

        3) Adiskidetasuna (Euzko-Gogoa, 1952). Kikeron'en «De Amicitia» euskeraz, zatika. Urte berean irabazi zuen «Argia»-k eratutako literatura leiaketako saria.

        4) Platero ta biok. Illots andaluzitarra (Montebideo, 1953). Juan Ramón Jiménez'en «Platero y yo» euskeraztuta. 109 orrialde. Florensa irarkolan, Karlos Gonzalez Mendilaharzu'ren irudiakin. A. Ibinagabeitia'k: «Poesiak beti ditu izkutune berezi ta zirkun-zarkun itzuli-gaitzak. J.R. Jiménez'ek liburutxo ortan, Platero mandakoa laguntzat artuz, lirika goitarrez bere lana oretu du. Dizdiratsu, margo ñabarrez izadi betearen oiartzuna, itz sotil eta gogamen sakonetan gatzatua damakigu. Alare ez du Ametzaga'k olerkiaren gogaiok saldu bearrik ukan euskeraz jazteko. Ortan datza aren meriturik nabariena. Aren lirika gure izkeraren txanbilletan ixurtzeko itz eta esakera egokienak arkitu ditu. Ez dio euskerak ukorik egin itzulari azkarrari» (E.G., 1954, 3-4, 70 orr.). 1974'ko jorraillaren 26'an Huelva eta bide batez Moguer ikustean, an J.R. Jiménez'en etxe-liburutegian idoro gendun Ametzaga'ren «Platero ta biok», beste itzulpen askoren artean.

        5) Plini gaztearen idazkiak (Euzko-Gogoa, 1951, 11-12, 31 orr.).

        6) Reading Baitegiko leloa (Euzko-Gogoa, 1954, 169 orr.). Oskar Wilde'ren «The Reading gaol», euskeraz.

        7) Prometeu burdinetan (Euzko-Gogoa, 1959, 74-106 orr.). Aiskilu'ren trajeria euskerazturik.

        8) Descartes'en Ikasbideari buruzko Itzaldia (E.G., 1963, eta Egan, 1963, 197 orr.).

        9) Jamaika'ren idazkia (Rev. Soc. Bol. de Venezuela, 1966 12-17).

        10) Lur-miña (Egan, 1960, 140 orr.). Goethe'ren antzera.

        11) Simon Bolibar'en eskutitza (Egan, 1964, 116 orr.).

        Erderazkoak, berriz, auek:

        1) Jesus Muños Te-bar (Caracas, 1959), Edgar Pardo Stolk'ekin bat.

        2) Hombres célebres de la Compañía guipuzcoana (Caracas, 1966), Pedro Grases'en itzaurreakin.

        3) El hombre vasco (Buenos Aires, 1967). Or-emen emandako itzaldien bilduma euskal gaiezkoa. «Ekin» liburu sortan dator.

        4) El general Zuan Uslar (Caracas, 1966).

        5) El elemento vasco en el siglo XVIII venezolano (Caracas, 1966).

        6) Vicente Antonio de Icuza, comandante de corsarios (Caracas, 1966).

        7) Bolivar y los vascos (Caracas, John Boulten Eraikitzako Boletin'aren 63'garren zenbakian dator. Aldizkari au Ametzaga'k sustatu zuen urte mordoan.

        Luma erreza zuen euskeraz ta erderaz, ta ez da arrigarri bere lanak eguneroko ta aldizkari askotan aurkitzea. Orratik, ba, aren lan osoa aipatu eziñez, gogora ditzagun beintzat Montebideo'ko Boletín de Filología-n eman zizkigun itzaldi ta bestelako lanak, euskal abizenetaz (1952, 449 orr.) ta euskerari buruz (1943, 91 orr.) batez ere.

 

        OLERKARI.— Eder zitzaion Bingen'i bere oldozkun aratz sakonak itz-neurtu liraiñetan dizditsu eiotea. Algorta'n bizi zalarik, euskerazko olerki xamur asko zeuzkan egiñak. 1933'rantza, J. Aitzol'ek eratzen zitun poesi-leiaketan agertzen zaigu. Ondoren, berriz, or-emengo aldizkarietan argitarazi zizkigun kopla ederki borobilduak. Urretxua'ko olerki-jaietarako «Otoia» deritzana, adibidez, pentsamentuz ta egituraz ederra duzuna; Dabid'en L'garren eresiko itzok, «irazan egizu enegan biotz garbia» eredu arturik, gotorki dabes Jainkoaren errukia. Munduko bideak —eta bere barrua— sasiz mukuru ta gilgil ikusiaz, goi-miñetan dager (Eusko Olerkiak, 1933, IV, 73 orr.).

        «Lur-miña» deritzana txukun egina duzu; Goethe'ren antzera antolatua dala dio berak. Jaioterritik urruti egaztu bearra latz zitzaion ezmezik gabe, ta doixtar koplari gurenari bezela, atzerri-leiatillatik aberria erakusten zion biotzak intzira goxoz. Onela abesten digu seigarren aapaldian:

 

                «Ezaguna al duzu itsaso gaiñean

                kokatu uritxoa, arkaitz gorrietan?

                An nire begiak lenik zabal nitun,

                an gaztezaroa bizi ta amestu nun,

                andik aita zarrak dei eiten didate.

                        Araxe, araxe,

                Lur-loa dagidan eraman nazate».

 

        Au idaztean, bere Algorta, bere Getxo zerabillen —bai orixe!— gogotan. Lur-miñak ez parkatzen.

 

        IRITZIAK.— Labur esanda, kultura-lan bikaiña da, ziñez, Ametzaga'k egin ziguna. Ta onek —ez uka— mesede ezin-obea dakarkio gure izkuntzari. Izkuntz jaikia gura digu euskerak, eta ortarako bat ark egiña, munduko literatura jatorretatiko lanak euskal soiñeko dotorez jantzi. Euskal elertian goiak eta beiak edertu bearra daukagu.

        A. Ibinagabeitia'k onan: «Alegiñak egiten ari dira euskal idazleak aberri-izkera gaitu ta asmo garaienetarako ere egokitzen. Ezbairik gabe, xede ori iristeko biderik egokiena, itzulpena da, ots, gure artean ezagun ez diran arrotz-idazleen bulko ta gogoetak, sakonenak ere, euskeraz, zintzoki taiutzea. Ortara oldartu ziran, aurrenekoz, ainbat erri-izkera zokoratu, egun elerti gaindegiak iritxi dituten ainbat izkuntza. Ez daukagu zertan iardun aipaketa luzeegian, aspergarri litzake bada. Orra, aspalditik Ametzaga'tar Bingen...» (E.G., 1954, 70 orr.).

        Hamlet'en itzultzea dala-ta, Nik'ek onela: «Ametzaga jauna, egin duan ekiñaldia ikaragarria iduritzen zaigu. Izan ere antziñako ingeles zarrean dagon "drama" izugarri ori euskerara aldatzea, olgeta ezta. Esan oi dute ondo itzultzeko idaztiaren mamia ondo ausnartu bear dala, bestela azala baño ezta aldatzen beste elera. Ta Hamlet'en mamia sakon-sakona dogu; baña Ametzaga'k ausnartu ta bikain itzuli du, aldian dituan edertasunak ondo orraztu ta azalduaz» (Gernika, 1953, 121 o-rr.).

        Darabillen euskereari buruz A. Ibinagabeitia'k berriz ere: «Arrigarria benetan, euskaldun berri batek ain sakonki euskera ikas al izatea, bere erraietatik euskera osotuaren zitu bikañena ateratzeko... Ontan iardun bear genuke, Ametzaga'ren ariora, beste idazle guztiak ere; euskera bikain eta bakar bat, edozertarako gai diteken izkera bat euskaldun eta euskotar guziontzat antolatzen» (E.G., 1952, 9-10, 19 orr.).

        Eusebio Erkiaga'k: «Legegizon egin zen Salamanca-n, izkuntza ikasi bilakatu, ingeles, frantses, griegu, latin eta euskera ikasi bait zituen... Laguntzaile izendatu zuen Euskaltzaindiak eta haren izkera geroago ta jatorrago ta atseginago zen» (Euskera, 1968, 285 orr.).

 

        (Ikus Gabino Garriga, Bol. Amer. E.V., 1953, 39 orr., 1954, 56 orr. ta 1957, 126 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1954, 734 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1954, 2-4, 41 orr.; M. Zirikiain, BAP, 1956, 106 orr.; K. Muxika, Bol. Amer. E.V., 1953, 35 orr.; A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1952, 19 orr. ta 1954, 70 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 483 orr. ta Diccionario, A-Amuzti, 628 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 25 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, I, 151 orr.; Ander M. Iruxo, Bol. Amer. E.V., 1969, 28 orr.).

 

Bilaketa