literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

34.— Fernando Artola Sagarzazu, «Bordari»

(1910-1983)

 

        Adiskise-lokarriz ondo bilduak giñan. «Bordari» ta ni, alkar ezagutu genduenetik, an 1953'an noski, euskal lurrari itsatsitako kimu bi giñan zugaitz-enbor gora, euskal barrutian langille, idazle ta olerkari alkarrekin eskutik giñoazenak.

 

        GIZONA.— Ondarribi'n jaio zan F. Artola, «Bordari», 1910-2-14'an, eta berton il zan 1983-2-3'an. Aita gazterik galdu zuen; ama, ordea, «fede aundiko emakumea genuen, ezitzaille aparta», dio Bordari'k. Amaika anai-arreba izan ziran, zazpi neska ta lau mutil, baiña ama ezitzaille on arek danai erakutsi zien ikasten eta bizitz-urteetan aurrera joten.

        Zazpi urtekin Guadalupe'ra igoten zan meza laguntzera. Erriko ikastetxean osatu zitun bere lenengo ikasteak; gero amalau urte zituala, eskola geiago ikasi bearrez, Irun'era jo eta an bi urtez ikasteari eman zion Lasalletarretan. Amazazpi urtekin ango txokolate fabrika baten asi zan lanean, bederatzi urte errerik bertan. Errepublika etorri zan. Eta Bordari lanean aspertu gabe, aberriaren lanean. «Lantegiko eginbearrak zintzo bete ondoren —diosku—, txolarte guztiak gutxi ziran neretzat aberriaren aldeko ekintzetarako. Nunnai eta beti gure elburu-asmoak edatzen, mueta askotako biltzarretan esku artuaz, abesbatzako lagun, antzezketak ematen, mendigoizaleen taldeko, ots, saltza guzitan, ta nolako saltsetan! Leia bizian, bizkor eta kementsu JEL'en alde».

        Ondarribi frankotarren menpean erori zanean, Bordari urez bestaldera aldatu zan. Zati batean, Beloke'n egon zan praille artean, emendik ostera batzuk Hazparne'ra ere egiñaz: emen aurkitu zuen beintzat emaztegaia, Henriette. Gero Akitania ta inguruetan lan-billa, bein Bordele'n lanean zegoelarik, España'ko gauzak pizkat obetu zirala-ta, andik zetorren ontzi batean Pasai'ra jo zuen, eta emendik Ondarribi'ra. Txapel okerrak bein baiño geiagotan joan zitzaizkion billa, baita giltzaperatu ere Irun'en. Lan-eske saiatu arren, ez zioten eman lengo lanposturik, eta Barzelona'ra jo zigun, baiña an ere lau illabete ortan egiñagatik, ezer ere ez. Ondarrabiratu ta berton ezkondu zan 1943'ko maiatzean.

        Eskeiñi zioten laguntzaz denda txiki bat iriki zuen Ondarribi'n. Berak onela: «Ni, gauza orotan bezala, saltzaille on bezain kobratzaille txar agertu nintzen. Bezeroei arrera ona egiteko trebea; kobratze kontu orretan, ordea, oso tontoa». Ala ere, arrebak lagunduta, aurrera eraman zigun denda ori. Gaiñera, urte askotan, bertako Arrantza Kofradiko idazkari bezela egin zuen lan, diruz naiko ondo aurkitzen zalarik. Aberri aldeko ixil-lana urteetan osotu zuen. Iru seme-alaba izan zituen.

 

        OLERKARI.— Itz-lauz eta olerkiz idatzi zigun Bordari'k, idazle ta olerkari ez-ezik izlari trebe ere ba-zanak. Begi erneaz eta biotz irekiaz, bizitzari korapillatua bizi izan zala diosku Martin Iturbe, aren lagun miñak. «Bere arnasa eta odolaren lurrun beroa dario —idazten du— eten gabe idazlan guztiaren zear. Buru arrigarri orretan daraman asmamen ugari eta irudimen oparoan oretuak dakarzki, gero paperera irauliko dituan erabakiak. Asko ikusitako gizona, asko bizitutako gizona, inguruan gertatzen diranetatik ezer ez du zokorako».

        Idaz-griña zekarren aurtzarotik eta gerra orduko asi zan idazten Donostia'ko «Argia»-n eta «El Día»-n. Guda ostean, «El Diario Vasco» eta «La Voz de España» euskal girotu ziranean, zerbait idazteko eskatu zioten, orrela egiñik. Arrezkero, «Euzko-Gogoa»n, «Zeruko Argia»-n, «Aranzazu»-n, «Egan»-en, «Olerti»-n agertu dira aren lanak, itz-neurtuz eta askatuz. «Bordari» ta «Sedea» izenordeak erabilli zituen.

        Olerkari zan, urduri ta bizia. Olerki-billa nenbillela ezagutu nuen nik urte mordoa dala, 1953'an, eta geroztik ere, beti, eta sarri, olerkiari buruzkoa izan oi zan gure autua. Larrea'ko Olerti-Egunean emen izaten zan beti, alai ta kantari. Sariketa askotara igorzten zitun bere poemak. Baita eurrez sariak jaso ere. Bakoitzak du bere idazkera, estiloa, eta neri atsegin zait Bordari'ren estilo bere-berea. Oni buruz irakur ezazu M. Lekuona'k dioena: «Estilo arin, irudimen bizi, txirrixtalaria, alde batetik; baiña baita kontraste garratz-zalea ere bestetik». Itz-joko bitxia du beti, estiloaren barrengo muiña maite izan du batez ere, eta orrela, Artearen kurpil ederra ederki du osotu.

        Konta-ezin-ala saio, itzaldi ta poema idatzita ere, auetatik banaka batzuk bakarrik irarkolara eraman zitun, irakurleen biotz-betegarri. Urrengo bi liburuok, alan ere, ba-dute garrantzirik.

        1) Goraintzi (Giza-alargunaren eskeintza) (Ondarribia, 1968). 107 orr. Bere emazte Henrriette il zitzaionean ondu zituen olerkiekin osaturiko idaztia. Itzaurrean onela dio: «Emaztea galtzea zerbait da. Ez dakit olerkari naizenik; bihotz samurbera dutela, ori bai, badakit. Nereak ar dezan deskantsu, arteka behartua nauzu gogo-eleketa bide, sentimenak agertzera». Oso txukun egindako 24 poesi dituzu.

        2) Bakoitzak berea (Donostia, 1982). Aspaldi dala zebillen Artola bere lanak, or-emen osto igar antzera sakabanaturik zebiltzanak, bilduma baten ipiñi ta argitara eman nairik. Ortarako, sarri bultzatu nindun ni ere. Azkenez, oraintsu oraindik, «Sendoa» argitaldariak bete zion luzaroan asmotan iraulitako gurari jatorra, aren lanak oro ale eder bitan, «Bakoitzak berea» titulupean, argitara emanik.

        Ale mardul bi dira, lenengoa itz-lauzko lanez eta bigarrena poesiz orniduta. Lenengoan sail auek datoz: «Urratsak», «Kukuxo», «Ipui eskutada», «Kontu ondarrak», «Itzaldiak», «Odolaren mintzoa», «Chalbador hil da», «Bertsolarien inguruan», «Ezpal xumeak» eta «Bakarrizketa». Interesgarria, ziñez.

        Bigarrenak, ordea, auek: «Ene baitan», «Olaxta», «Izadi kanta», «Goraintzi», «Eraskiñak», «Ama», «Iparragirre», «So! banatorkizue», «Tori Arantzazu», «Alegiak». Ale onek 423 orrialde dauzka. Bigarren liburu oni J.M. Lekuona'k egiten dio itzaurrea, eta onela bukatzen du: «Bordari'ren olerki-lan geienetan olako lirikotasunaren amorio fiña agiri da alderik alde». Bi liburuok ikusita joan zitzaigun zerura.

        Euskaltzaindikoa zan. Bertsolarien goraberetan sarri sartu zan, txapelketetan-eta maiko egiñik. Ba-du teatru-lan bat, «Tomas'en buruaustak», argitara gabe.

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 42 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1067 orr.; J. Alustiza, Aranzazu, 1969, XLXVIII, 271 orr.; J. San Martin, Egan, 1969, XXIX, 155 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 174 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VIII, 540 orr.; S. Onaindia, Zer, 64'gn. zenbakia, jorrailla, 8 orr.).

 

Bilaketa