literaturaren zubitegia

974 idazle / 4.657 idazlan
7.227 esteka / 5.586 kritika / 1.828 aipamen / 5.228 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ebaristo Bustintza, Kirikiņo

«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

16.— Bustintza'tar Ebaista, «Kirikiño»

(1866-1929)

 

        Euskal literaturan «Kirikiño» goitizenez dugu ezagun. X. Gereño'k: «Zorionekoak, eurak mundu ontatik joanda gero, euren atzean zeozer ixten dabenak. Kirikiño'k bai itxi ebala itzal ederra mundu ontatik joanda... Kirikiño bizkaitarra zan. Bera izan bear da gutzat ejenplu. Bere bidea jarraitu bear dogu. Euskeraren bear izana daukagu Bizkaia'n. Euskera galtzen badogu, gure erriaren espiritua galdu egingo dogu. Euskera ez da gutzat izkuntza bat, bestelako izkuntza bat. Euskera da gure arima ta iñork, ezta munduko urre guztiagaitik, eztau bere arima saldu bear» (Zeruko Argia, 1966, urrillak 23, 1 orr.).

 

        BIZITZ-OSTOAK.— Mugarra ta Untzillaitz bitarteko erri lerden Mañari'n jaioa dugu Bustintza eta Lasuen'dar Ebaista, «Kirikiño», 1866-10-26'an. Bere gurasoak: Karlos ta Juliana. Munduratu ta bertatik bataio-urez kristautu zuten, Migel zapatari deitua ta Josepa Iragorritza aita-amabitxi zitularik. Urkiola'tik beera gatoztela, erriaren erdian, ezkerretara daukazu Etxanoa, Kirikiño'ren jaiotetxe jaikia; gerora, Ebaista zazpi urteko zala, etxe au utzi ta zerbait goraxeago dagon «Zumelaga»-ra aldatu zitzaizun Bustintza sendia, etxe au erosi bait zuen aitak.

        Erriko eskolan ikasi zuen lenengo, ta gero Durango'n: buru argiko zetorren. 1878'an Almansa (Albazete)'ra aldatu zan Bustintza sendi osoa, aitak bada an zeuzkan lendik ere anai bat apaiz eta arreba bat ezkonduta. Kirikiño'k emen osotu zitun urrengo ikasketak, batxiller eta abar, gai guztietan gorenengo ikas-notak iritxirik. Amazazpi urtekin, ordea, Madrid'era joan zitzaizun Bideetako Injeniero ikasteko asmoz, baiña karrera au utzi ta Jakintza ikastolan burutu zitun orduko ikas-saillak, 1891-6-17'an Fisika ta Matematiketan lizenziatu titulua lortuaz. Andik laster Siguenza'n dago, aintziñako Ikastetxe nagusi artan Elizak zeukan irakastegian Matematikak batez ere erakusten.

        Madrid'en ikasteak egin zitun bitartean Aita Marin prantsesaren etxean egon zan ostatuz, beste zazpi ikasle lagunekin, auen artekoa zalarik Migel Primo de Rivera ere; baita bertan ezagutu zuen Martzelo Torrontegi, euskaltzale zintzoa: auxe zuen geienik txango-lagun, eta bion arteko autu ta izketa-gai euskera. Orrela, euskal garra sortu zitzaion gaztetatik. Euskal arloan lan egin nai zigun, eta 1899'rantza, Siguenza'ri agur egiñik, Bilbao'ra etorri zitzaigun. Arrezkero guztian berton bizi izan zan, euskal gaiai korapillo sendoz lotu ta ekiñaz. Gran Via'n zegoen Montellano'ko Miña-Alkartasun bateko diru-goraberak eraman zitun arren, euskerari eskeiñi zion bere bizitzaldi osoa.

        Erbeste zear zebillelarik ere borbor zeraman euskal lapikoa beroagotu egin zitzaion Bilboratzean. Azkue zanak bertatik artu zuen lagungarri bezela Euskalzale aldizkarian; ementxe agertzen da Kirikiño'ren lenengo idazlana, Zerutar bat; ipuin labur polita, eundaka onen antzeko egingo zizkigun gero. 1902-3'ra Kirikiño'k zuzendu zuen, Azkue'ren aginduz, Ibaizabal agerkaria; onen zuzendari zala il zitzaion aita, Karlos Bustintza, 80 urtetan, an Almansa'n, bere seme-alabak, Paulin apaiza, Frantziska, Felix eta Ebaista oe-inguruan zituzalarik.

        Idazle ez-ezik, irakasle bizkor ere izan zitzaigun. Bizkai'ko Diputazioak aldi aretan euskerazko ikastola bat zeukan, eta antxe irakatsi zuen Bustintza'k, lau urtean Azkue jaunaren ordez eta beste ogei urtean bere arduraz. Euskeraz tautik jakin gabe, zenbatek ikasi zuen errez ta nasai itz egiteko bestean. Orduko egun-ikastaroak gogoratuz, ona zer dioan emakume euskaldun berri batek: Euskal ikastolearen aldi gozatsu gomutagarria. Egun osoan, arratseko ikastola orduaren begira egoten giñean. Eta berau eldu baiño apurtxu bat lenago joaten gintzazan ara, Instituto zarrera, irakasle maitiagaz barriketalditxo bat egitera. Zelako gomutak dakarstazan burura bere eriotzak! Zenbat maite ninduan berak, eta zenbat nik bera!». Ta orrelaxe millaka ta millakak.

        Egia osorik aitortzeko, auxe dugu Bustintza'ren lanik aipagarriena: euskera irakatsiz, bilbotarren biotzak euskal maitasunean ixiotu. Ori zan barruan zerabillen izatezko deiaren su-miin zolia, ta dei orreri jarraituaz arek egiñiko lan ixil gozoaren ondorena ezta errez neurriaren ertz-barruan jartea. Ikasleak maite zuten; eurakin etzan egundo ere irakasle, adiskide barruko baizik. Ikasle-irakasle arteko maitasun lokarri onen ezaugarri egiazkoak ditugu jaiero ta, ikastaro azkeneruntz batez ere, Bizkai'ko erri askotara egin oi zituzten ibiltaldi aiztu-eziñak; auetan agertzen omen zan Kirikiño iñoizkorik gizon txeratsu bioztunen, autu ezti pozkorrean lagunen biotz-adimenak aldatu ta argiturik. Bein, Aralar'ko puntan aurkitzen zan Bilbo'tik ara joandako euskaltzale pillo batekin; bere lagun eta artzaiñen aurrean baserri-izaeraz ziarduan izketan; entzule batek, aren jakituriz eta dotoretasunaz arrituta, esan zion: «Jaun au, ez dirudi, baiña baserritarra dala edonork esango luke». «Eta izan be bai —erantzun zion Kirikiño'k—; nainundik begiratu, baserritarra nozu, baserritar utsa. Baserritarrak izan ziran neure gurasoak eta neure gurasoen gurasoak, belaunik belaun. Eta baserrian jaio nintzan neu be. Beraz, baserritar izate au ez dot nik iñun ez iñoiz ukatuko».

        Orrez gaiñera, Azkue'ri iru izkuntzako Iztegi nagusia mamintzerakoan, asko lagundu zion. Lan arteko atsedena ere bear zuela-ta, urtero bere Mañari kutunean eman oi zuen illabete bat; orduan zeukan aukera egoki-egokia, zelai-une ta mendiak arakatzeko ta baserriz baserri ibillirik aietako biztanleen ao-ezpaiñetatik euskerazko itz eta esaera bitxi asko jasoteko. Orduan maitemindu ere egin zitzaigun, antza, ta 1909-9-25'an ezkondu zan bere illoba zan Basili Bustintza Ozerin'ekin. Andre aukerakoa bizi-laguntzat, euskaldun jatorra ta kristau obea. Ez zuten seme-alabarik izan. Basili oraintsuarte bizi izan da bere Zumelaga etxe dotorean.

        1913-2-1'an «Euzkadi» izparringia asi zan Bilbao'n; euskal atal bat zuen onek, edo izango zuen, oso garrantzitsua. Atal au zuzentzeko Kirikiño autatu zuten, eta ementxe jardun zuen, beti trinko ta txintxo, amasei urtez. Makiña bat lan eder idatzi zuen, egunik egun, eguneroko aren orrialdeetan! Errez, arin, pipermiñez zipriztinduak ziran bere lanak, eta irakurleak orri artara zijoazten jakin-miñetan. Orduantxe egin zuen guztiz entzutetsu bere izen-orde Kirikiño, ta arrezkero, goitizen orrekin dazaugu gure literaturan. Aurreragoko idazlanetan Mañari, Bloa ta Boldro ere erabilli zitun.

        Izlari ere ba-zan, eta bikaiña. Euskaljaietan eta mitinetan sua zan aren itza, ta entzuleen biotzak ere sutan ipiñi oi zitun. Urte aietan guztiz euskaltzaletu zan gure erria, ta euskaltzaletze ori, Bizkaia'n artan ere, zatitxo bat bederen, berari zor diogu. Aren eragiña eguzkiaren pareko zan. Aundi ta txiki, danetaraiño zabaldu zan eragiña. Danak zituen maite, baiña gere izate ta arnasaren erro dugun euskaltzaleena batez ere. Ark bai xamur itz egin umetxoai, auen biotz-adimenetan berak zeraman zerbait barren-azi naiez!

        Nolakoa gendun gorputzez, Abeletxe idazleak onan: «Aretxa lez sendo ta lerden. Bizar politez oso serioa. Betaurreko biribillen ordez, ilgoran illargi erdiak izaten daben irudikoak eroazan. Gure korbatearen lazo bat txori eginda. Soñez, jakituriz, izakeraz, bere bizikoa zan» (Zeruko Argia, 1966, urrillak 23, 12 orr.).

        Baiña urteak parkatzen ez... Eta bein, Bilbao'n eukan lantegia utzi ta Mañari'ra joan zitzaigun Kirikiño, zartzaroko egunak atseden goxoan igarotzeko asmoz. 1928'garren urteko iraillaren 6'an zan. Nekaturik ere ba zegoen bear bada, ala eriotzaren urbiltasuna somatzen ote? Dana dalarik, Goiko Jaunak betiko atsedenera eraman zigun. 1929-1-31'an, Mañari'n, bere etxe Zumelaga'n il zan gure gizaseme zangarra. Egun batzuk lenago, etxosteko baratzean zebillela arri batean laban egiñik erori ta ortik il zan Elizakoak artu ondoren. Kristau ta euskaltzale bizi, kristau ta euskaltzale il.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Kirikiño'k asko idatzi zuen; amasei urtean etzun beste arazorik izan euskeraz idatzi ta irakatsi baiño. Eta idazkeran, goxo ta errikoi agertzen zitzaigun beti; irudimen ariñekoa zan, eta olako gazigeza ta gatz-ozpin biziarekin gozatzen zizkigun bere lanak. Idazten asi zanetik elburu bat zeukan begi aurrean: erriarentzat idatzi. Gure erria etzan garai aretan gaur bezin eskolatua, naiz-ta gaur ere euskal gaietan orren jakitun ez izan; Kirikiño, beeraiño makurtuaz, erriari egoki zitzaiona ematen saiatu zan. Ezta egiteko aisa; idazleak idatzi dagi, erriak ordea irakurri; bi auek, idazlea ta erria, mailla berdin xamarrera ekarri bear ditugu, bitzuon lana onuragarri izan daiten: ez bata gooregi ta bestea beeregi. Erriak, beraz, ikasi bearra du, goiko maillara begiratuaz; idazleak, albait errezen idatzirik, erria izan bear du gogotan. Erriaren adimena argitu, erriaren biotza esanaren beroz duindu.

        Kirikiño'k erria euki zun begipe, geure erria. Ta aintziñako erri guztiak lez, gure euskal erria eder-min zala ba-zeukan; eta ederra ipuiñez, alegiz, kontuz, bertsoz adierazi oi dugu geien bat, eta orrelako lanetan jarduna dugu mañaritar argia bere lan ugarietan. Jakituna izanda ere, gai mee ariñak, errez ulertzekoak idazten alegindu zan, bere pentsamentuak eta biotz-zauskadak lau-lau azaldurik. Eta ortik datorkie bere liburuai barruan duten biguntasuna, edertasun betea. Oindiño ezta euskal idazleetan ark aiña euskeraz idatzi duenik, naiz-ta Orixe bera ere asko idatzia izan. Eta ura bezin irakurria izatea ere nekez lortuko dugu.

        Idatzi jakingarri oietatik ia danak Euskalzale'n, Ibaizabal'en eta Euzkadi'n argitaratu zitun. Urte batzuk dirala Mañari'ko erriak ari egindako omenaldia zala-ta, Abarrak (Bilbao, 1966) liburua atera nuen nik, 329 orrialdeko liburu mardula. Berton datoz mañariarraren Abarrak, Bigarrengo Abarrak eta Bilbao'ko Euskalzale'n, Ibaizabal'en argitaratu zitun lan guztiak. 1913'tik 1928'ra bitartean Euzkadi'n azaldu zitunak biltzeko daude oraindik. Ona bere lanak banaiz:

        1) Abarrak (Bilbao, 1918). Grijelmo'ren Alargun-Semien irarkolean. 121 orrialde. Ogetabat ipui dira guztira, euskera ariñean egiñik. Itzaurrean dio: «Su andija egiteko, egur lodija ixetuteko, lenengo abarrari ezarten yako sua, ta onegaz ari gero. Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leye euzkeraz irakurteko zaletasuna. Txikijak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gitxidunak, geyenak barre batzuk eragitekuak ixanik, euzkeraz irakurten bape zalia eztanak onakoxiak atsegiñez artu leiz, ta eurok, abarrak lez, bere goguan sua biztu... Irakurgaitxu oneik geyenak jazorikuak dira; batzuk antxiñakuak, nik neure aitari entzunak, eta berak bere aititari; beste batzuk neuk batu dodaz or-emen neure aldijan; beste batzuk neuk asmauta be bai-dira, gustitara».

        2) Bigarrengo Abarrak (Zornotza, 1930). «Jaungoiko-Zale»-ren irarkolan. 190 orrialde. Bilbao'ko Euzko-Pizkundiaren pentzutan egin zan argitalpen au, ta Arantzadi'tar Ingartzi'ren sarrera darama. 43 ipui ta 3 olerki dira guztira. Ipuiak aurreneko liburuan datoztenen antzekoak dira, mami ta azal ederki onduak, gertaera parregarri ta edestitxoz orniduta.

        3) Abarrak... eta abar (Bilbao, 1966). Gráficas Bilbao'ren irarkolan. 329 orrialde. Esan dugunez, bi Abarrak eta Euskalzale'n eta Ibaizabal'en argitara eman zituen lanak osorik datoz, lau atalño auetan bananduta: 1) Euskera; 2) Jakingarriak; 3) Bertsoak eta Izkirimiriak, eta 4) Albistak. Garai artako izpar eta jazoerak datoz batez ere atalotan; gai jakingarrien artean gure mendietako areitz eta pago azpian datozen perretxikuak aitatzen ditu, amasei lantxo joritan.

        4) Gastela-mutillak. 1928-12-2'an, Euskal Esnalea'k eraturiko itzaldietan; egilleak irakurri zuen. Bigarrengo Abarrak-en azkenean ere ba-dator.

        5) Kirikiño'ren ipuiak, naiz-ta ez osorik, sarri argitara emanak izan dira Euskalerriko aldizkari ta egunerokoetan. Euskaltzaindiak (Donosti, 1956) Bustintza'ren bost ipuiezko argitalpen bat egin zuen, bizkaieraz eta gipuzkeraz, A. Ayalde'ren marrazki ederrez apainduta.

        6) Teatru-sailla. 1914'an antzeztu zan lenengoz Kirikiño'ren Anton Berakatz bakar-izketa; bere ipui Azerijari azerija da antzez-era emanik, eta sarri ta leku askotan aurkeztua.

        7) Lelo. Alfredo Etxabe ertilariaren iru ekitalditako antzerkia, Bustintza'k euskeraz ipiñita.

        8) Txomin Arraio (Bilbao, 1912). Jose Elizondo'ren komeria, mañaritarrak bizkaieraz jarrita.

        9) Meza Barriya. Abelino Barriola'ren ekitaldi bateko antzerkia, Kirikiño'k bizkaieraz ipiñi ta Bilbao'ko Euzkeltzale-Bazkuna'k argitara emana.

        Naiz eztei bat zala, naiz bataio bat, edo-ta beste edozein motako jaieren bat, an zan beti ere Kirikiño'ren eskua, arduratsu ta laguntzaille. Erderatik ere ainbat lan pitin jantzi zituen euskal soiñekoz.

 

        OLERKARI?— Ortarako gai izan arren, ez dakigu iñoiz bertsolaritzan jardun zuenik. Bertsolariak zirikatzen, eratzen eta aupatzen, ordea, maiz ibilli zitzaizun. Bertsorik naiko idatzi ere egin zigun. Euzkeltzale-Bazkunak argitaldutako kanta-liburuetako kopla asko Kirikiño'k arteztu ta eraturik argitaldu ziran; ona batzuk: «Lora polita ontzijan», «Ene aberri polit ederra», «Aitonaren esana», «Jagi, jagi!», «Zetara ator ona?», «Ama zeu barik larri», «Anton Aizkorri», «Abestu biar dogu», «Gertu gagoz», «Negarrez ikusten zaut», «Deun-jonaz», «Oi txori polita», «Mendijan axia», «Len baño len itxartu zaiz»... Abesti xamur auetan utzi zigun, dardarti, bere poeta gogoa, su ta gar.

        Santa Ageda kantak, gaur ere, entzute aundikoak. Beren izki ta letrea, orraitio, ezta ain gogoa, maiz baldar merkatza baizik. Kirikiño'renak dira aapaldi auek, aspalditik abestu izan diranak:

 

                Aintzaldu daigun Agate Deuna,

                bijar da ba, Deun Agate.

                Etxe onetan zorijon utsa

                betiko euko al dabe...

 

        1909'an peregriñazio eder bat egin zan Euskalerritik Lourdes'era. Ona emen, andik alde egikeran, Andre Maria'ri abestu zioten kanta, Kirikiño'k osotua: «Agur, Josu'ren Ama...»

        Olerkari zelaian sari batzuk ere etxeratu zitun. 1901-8-26'an, Bilbao'n euskal jaietako Lore-Jokuak ospatu ziran; poesi saillean Fides gaiatzaz Bustintza'rena izan zan saria jaso zuena: Migel Unamuno izan zan olerki-batzaldi artako artezle.

        Beste bein ere Gure Herria'k (1924) kopla-sariketa bat eratu zuen, lau sailletan banandurik: 1) Olerki arin laburrak; 2) kopla batzuk euskaldunen oitura ta jokoz; 3) Euskalerria ta euskera berariz goresten dituzten olerkiak, eta 4) Jainkoaz eta Andre Maria'z. Maruri'k, Sagartzazu'k, Enbeita'k eta Garbizu'k jaso zituzten sariak. Kirikiño'k ere berea bialdu zuen, eta Gure Herria'k onela: «Bertzalde, sail berezi batean ezarri ditugu Kirikiño aipatuaren neurthitzak, gai berezi batekoak direlakotz. Saririk ez diogu eman Kirikiño'ri, bainan gure adiskideak nahiko du onhartu, orhoitzapentzat bederen, helarazi gogo dakogun Aipamen Ohorezkoa». Nai dan lez?... Aal dan lez! du izena 1924-7-16'an ara bialdutako olerkiak.

        Bego emen iraizean bezela esanik: Kirikiño'k, bizkaitarra zala ere, gipuzkeraz nai lapurteraz egoki ta errez idazten zuela. Ikasbide ederra nunbait gaurko euskaltzale askorentzat, beren izkelgia baiño jakin nai ez duenentzat! Alde exkaxa baita izkelgi batetik besterakoa, zergatik ez ikasi danetik? Apur bat leia ezkero, egin genezakena dugu.

 

        IRITZIAK.— Asko aizatu dira or-emen Kirikiño'ren erri-idazkera ta estiloa. Beti txaloka esan genezake. Ba-ditu, egia esateko, bere akatsak ere; baiña, orren maixu aundiari diogun begiruneagatik edo, ez da iñor oraindik ausartu Mañari'ko euskal idazle aundiari ezain-izpi pitiñenik ere jartzen.

        Aingeru Irigarai idazlari zorrotzak onela dio: «Kirikiño'ren idaztankera (estiloa) eredugarri dugu xaloki. Euskera garbia du, baiña gutxi ikasientzat ere aisa ulertzekoa; Bizkai-izkelgia darabil, mugaz emendikoen artean berezko gatz eta nabardura geienez idazten dana. Aldizka beste izkelgietako esan-itz eta jokerak —itxi, utxi ta olakoak— darabilzki, beti ere izkelgi-diferentziak geiegi aunditu gabe; geiegitze au bada, gure ustez, izkuntzaren zabalgundeari kalte dagiona dugu, euskera idatzia eratzeko batez ere» (RIEV, 1931, 226 orr.).

        G. Garriga'k: «Gutxik bezela erabiltzen zuen erriko euskera, eta ateraldi zorrotz, itz goxo ta josterako ba-zuen gatza ta ozpiña. Kirikiño'ren Abarrak goraltzeko emen esan genezaken guztia, oso gutxi litzake izanez dana adierazteko. Euskaldun gutxi izango dira aren gazigezak txastatu ez dituztenak. Sarkutzak austeraiño parra eragiten dio irakurleari; eta aren kontakizunak, irakurriago ta geiago atsegin zaizkizu».

        Jadarka'k: «...erriko izkeraren zabaltzaille bipil; oneri jakin zuen ematen bere irudimen joriaren biurkortasun eta esker osoa, onekin, beste iñor ez aiñean, euskaldun erriaren biotzaz jabetzera iritxirik».

        L. Mitxelena'k: «Kirikiño'ren ipuiak, kondaira ta lillura, beren laburtasun eta gora exkax samarrean ere, kontatzaille azkarraren doai bereziak ez dizkigute aztu-azi bear; egilleak aueri esker, izan ere, maisu-lan txikiak burutu zizkigun gai benetsu ta, ala naiz, umore onekoetan».

        Eusebio Erkiaga'k: «Kirikiñok halako giroa sortu zuan gure izkeraren alde. Hainbat eta hainbat euskaldun jarri zituan euskeraz idazten. Orduan sortu ziran, erri-idazle izango ziranak, orduan "euskal idazleak". Kirikiño il ta urrengo urteetan, izan ere, gure izkuntzarentzat halako askatasun aize garbiagoa eratu zan ezkero, euskaltzaletasunak garra artu zuan».

        Azkenez, nik beiñola idatzi nuen: «Gaurko idazleok aintzat artu bear geunkean beste doai eder bat be ba-eban Kirikiño'k: begiramena, adei-legea. Asko idatzi arren, ak ez eban sekula iñor irainduko; gazte ta zarrakaz, eretxi bateko ta bestekoakaz, beti genduan begirune ta itzal aundiko; egundo etzan azpikeriz ibilli, ez lakatz ederrik sartzen. Xalotasuna zan aren jantzirik dotoreena. Txera ederrez artu oi zituan idazle gazteak, aitak seme barriari lez abegi samur egiñik. Oneik eskuz idazten eutsezan lanak, berak makiñaz idatzi, akatsak orraztu, joskera arildu, makiña bat bear alperreko (?) emon eutsoen. Bera, alan be, pozarren, euskal idazleak azkortu, indartu ta ugaritzeko egitekoari loturik».

        Noizbait, alaz ere, asarre xamar idatzi zuen. 1919'an, Euskaltzaindia sortu zanean, esate baterako. G. Muxika'k, alkarte orri itsu-itsuan men-egin bear zaiola zioan idazlan baten. Kirikiño'k, ordea, ori zala-ta, latz idatzi zion gipuzkoar jakintsuari; baita gero bazkun artako zadorlari zan Aita P. Lhande'ri ere. Ez zetorren bat euskaltzaiñak erabakiak artu emateari buruz. Jokera onek, egia esan, bazkun orretan sartzeko ateak itxi zitzaizkion; onek baiña etzion kalte aundirik ekarri, bere bidetik eta bere kontura lan egiteko eskuak zabalago zituen eta. Omenezko aulki ori gaberik ere, ospetsu egin zuen bere izena.

        Bear aiñarik ezta ere, izan ditu bere goratzarreak. Azkena, 1966-10-23'an, Mañari'n bertan. Ua eguna! «Aiey arkaitzak inguru guzian, eta erria txori-kabi bat bezela erdi-erdian kokatuta», dio N. Etxaniz'ek. An ziran Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Naparroatik euskaltzalerik onenak. Meza ostean, bereala, Bustintza'tar Ebaista'ren oroitarria bedeinkatzea, «Gerediaga» alkarteak zuzenduta. Euskaltzaindiak bere oizko batzarra; bazkaria, bertsolariak, erria jaietan. Ondarru'ko Teatru-taldeak Kirikiño'ren antzerki bi eman zizkigun: Anton Berakatz eta Atxuri'ko Milagrua, azken au A. Zubikarai'k antzerkitarako antolatua. Egun bete-besta.

 

        (Ikus Jadarka, Euzkerea, 1929, 18 orr.; Euskal Esnalea, 1929, 29 orr.; A. Irigarai, RIEV, 1931, 226 orr.; S. Onaindia, MEOE, 643 orr. ta Zeruko Argia, 1966, urrillak 23, 12 orr. ta Z.A., abenduak 17, 3 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1960, 144 orr.; L. Mitxelena, HLV, 155 orr.; L. Villasante, HLV, 330 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 310 orr.; E. Erkiaga, Zeruko Argia, 1966; urrillak 23, 1 orr.; N. Etxaniz, Zeruko Argia, 1966, urrillak 30, 1 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 204 orr.; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 147 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 396 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, II, 177 orr.).

 

Bilaketa