literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

16.— Jean Hiriart-Urruti

(1859-1915)

 

        Apat-Etxabarne'k, 1959'an, kazetari bizkor onen urte-urrena zala-ta, onela idatzi zigun: «Aurten betetzen dira 100 urte izen horren idazlari andia sortu zela Hazparne-n, Joanesederraenea izeneko etxean. 1886'garren urtetik, asieratik, ESKUALDUNA astekariaren leen buruzagia hil arteraiño, berak abia-arazi zuen eta bidatu. Berak idazten zuen asteoro leen lerrotako artikuloa, herriko euskara eder, aberats eta garbi hartan» (Egan, 1959, 185 orr.).

 

        BIZI-ERRAIÑUAK.— Hazparne'n jaio zan 1859-1-30'an, Azketa auzotegiko «Joanes-ederra» zeritzan etxean. Txomin edo Dominique'ren anai bizkia. Garai artan Hazparne'n apaiz-laguntzaille zan G. Adema'k bateatu zuen. Erriko eskolan leen-ikasketak egin ondoren, Larresoro'n eta Baiona'n osotu zizkigun eleiz-karrerakoak. Gero, 1881'an, Larresoro'ko irakasle izendatua izan zan; urrengo urtean, Ducellier gotzaiñak eman zion Baiona'n apaiz-ordena.

        Andik laster asi zan idazten, 1887'an, «Eskualduna» sortu zanean batez ere. Eta Hiriart-Urruti'ren bizi osoko lana astekari onen orrietan daukagu, lan sendo, giartsu ta aspertu gabea. 1907-12-25'an kanonigu izendatu zuten, G. Adema kalonje il berriaren ordezko. 1901-02'an, euskal ortografi zala ta etzala izan ziran goraberetan parte artu zuen, zearka beintzat; mugaz andikoak, bada, emengo batzuekin batera, goiak eta beiak astindu zituzten, ikusi dugunez, aranatarren asmo ta burubideai kale eragiteko.

        Baiona'n il zan, gazte oraindik, 1915-11-4'an. Hazparne'n lurra eman zioten bere gorpuari.

 

        EUSKAL LANA.— Bigarren alean aitatu dugun Jean Ithurri apezaren Grammaire basque (Baiona, 1895) osotu ta argitaratean asko lagundu ba'zuen ere, liburu bezela ez zuen ezer argitara ekarri; bai, ordea, eundaka artikulu eder, «Eskualduna» kazetan bereziki.

        Emeretzigarren mende azkenerantza Frantziak jasan zuen iraulketa gordiñak Euskalerrian ere, ipar-aldekoan baitik bat, izen zuen bere oiartzuna. Erlijio aldetik batez ere, gorriak ikusi bear izan zituzten ango erriak eta eliztarrak. Iraultzailleak bizkor zebiltzan, gure errian ere beren ideia ta aurrera naiak guneraiño sartu gurarik. Ortarako, 1886'an, «Le Réveil Basque» zalakoa sortu zuten Baiona'n; bestaldetik, baiña, euskaldunak ere etzeuden lo ta, urrengo urtean, «Eskualduna» atera zuten. Asteroko onen buruzagi Hiriart-Urruti izan zan asieratik il arteraiño. «Le Réveil Basque» lez, izkera bikoa zan «Eskualduna» ere, euskeraz ta frantsesez erdizka. Urteak joan urteak etorri, ala ere, «Eskualduna» osorik euskaldundu zitzaizun. «Réveil» laster itzali zan; «Eskualduna»-k ordea bizi luzea ta joria izan du, ta gaur ere aren erro-muskil «Herria» bizitza mardulaz agiri zaigu.

        Errian eta idazle zaarretan ikasita, ederki zekin Lapurdi'ko mintzaira. Eta zuzentzen zuen asterokoan eman zitun lanak euskera dotore, bizi ta ugarian biribilduak daude. Duvoisin kapitainaren «Laborantzako Liburua» irakurriaz ikasi omen zuen idazkortza azkar ta pipermintsu erabiltzen. Baita erriari atsegin zaizkion gaiak aukeratzen ere. Aren lanak orduko giroa jakinazten digute bizi-bizi, 1887'tik 1914'raiñoko giroa bai beintzat. Eta aspaldikoak izanda ere, ba-dira gai batzuk eta idazkera batzuk egundaiño gaurkotasuna galtzen ez dutenak. Auxe atzeman nai luke idazle onak.

        Ikusi zuek, irakurle, diodana egia danentz. Irakur zazu «Errepublika» deritzaion lana.

 

        «Adiskide batek izkribatzen dauku, harritu dela, iragan astean, Eskualduna-ren lehenbiziko artikulua irakurtzearekin. Ez dugu bada, gure ustez, deusere erran egiarik eta zuzenik baizik. Erran dugu Aita Sainduak kontseilatzen gituela, bakearen gatik eta erlisionearen gatik, Errepublika on bat onets dezagun. Egia erran dugu.

        Erran dugu onartzen dugula guk kontseilu hori. Erran dugu orai baino lehen ere, gure baitarik eta aski erakutsi dugu, nor diren gure etsaiak; ez gituela gu Errepublikaren izenak izitzen. Erran dugu Errepublika ona izan dezakegula, baldin bozkatze guzietan gizon zuzenak, zuhurrak, giristinoak izendatzen baditugu. Hori egia ote da, ala ez? Hala ez bada, zoazi adiskidea; errozu Aita Sainduari, ez dela xuxen mintzo. Guk nahiago dugu haren eta gure hitzean egon.

        Zer bada? Orai xuriak gorri behar ote gira bilakatu? —Ez dugu hori erran; ez eta hitz erdirik ere ez dugu erran, hortara dohanik. Gure adiskidearen arabera, gaizki egin dugu Aita Sainduaren letra laburzki aipatzea. Behar ginuen beraz letra hartarik zati handi bat bederen eman... Zertako ez letra guzia, osorik, zabal zabala? Bazuketen gure irakurtzalek behingo lan, letra luze horren burutik buru irakurtzen. Ez; ez dugu nahi izan sobera lan hartu, ez eta eman nehori. Oxala astean behin egia bat, bakar bat ongi sar-arazten ahal baginu gure Eskualdun irakurtzaleen buruan!

        Azken aldian ahal bezen laburzki eta garbiki eman ditugu hemen Aita Sainduak igortzen dauzkigun bi kontseilu. Kontseilu horietarik lehena da, gorago aipatu duguna: Errepublika on bat onestea. Kontseilu hori zor ginuen gure adiskideri. Eta, ez gure izenean, bainan Aita Sainduaren izenean, ezarri dugu hemen eta egun berriz ezartzen lañoki den gutieneko gibel-beldurrik, ez itzulikarik gabe. Hanbat gaixtoago hori ongi ez zaionarentzat.

        Eta aldiz Aita Sainduaren bigarren konseiluaz ez omen dugu aski erran. Gure adiskidearen arabera, Errepublikaz sobera mintzatu gira; eta ez aski orai artinoko Errepublika hunen lege tzarrez eta egitate tzarrez. Barkatu, jauna. Huna, hitzez hitz, zer erran dugun egun zortzi: "Framazonen eskuetan gira. Framazon horiek bere ahal guziak egiten dituzte Frantzian erlisioneari erro guziak moztu nahiz. Guri dago ahal guzien egitea gaixtaginer jazartzeko. Dugun elgar adi, elgarri esku eman giristino guziek, framazonak eta herriko kontseiluetarik kanpo ezartzeko. Behinere ez dezagun bozetan indarrik eman erlisionearen kontrako lege tzar horien kentzera ariko direla zinez hitzeman nahi ez duten gizoneri".

        Xetasunetan sartzeko denbora dugu. Etsaiek emanen daukute aski eta sobera okasione hortako. Goazin elgar adituz, bederen adiskidekin» (Eskualduna, 1892-3-4).

 

        IRITZIAK.— Izadian begiz dakusgun lur-pendiza, ederra baldin bada, ezin dezakegu bestelakoa danik esan; berdintsu idazlan baten ere. Hiriart-Urruti'ren lanak irakurri dituzten guztiak bikaiñak dirala esan dute.

        G. Muxika'k onela: «Jaun onek ainbat, gure ustez, ez du beste iñork euskeraz idatzi. Ainbeste gaietzaz ez beintzat. Estu-estuan esan dezakegu, jaun au izan dala orain arte euskerak izan duan «periodista» bakarra. Lendabizikoa bai beintzat» (Euskal Esnalea, 1915, 284 orr.).

        P. Lafitte'k: «Aritik landako idazlea izan zitzaigun, autu ta alkar-izketa zorrotz-zartatsutik eraso koskalari, leiatsu ta trufalarira aldatzen zana, idazkera erabat errikoi ta txukun-amultsuan. Esku-jokari bat izan zan Onaren zerbitzurako. Are geiago: bera izan zan gaiñera belaunaldi osoko maixua; berak erakutsi zion oni euskeraz bene-benetan pentsatzen, frantses itz-jarionen esteku ta korapilloetan matazatu gabe» (Le Basque... 68 orr.).

        Joseba Intxausti'k: «Historizale eta euskal literaturzaleak ahantz ez genezakeen luma zuen Jean Hiriart-Urrutik... Idazle gutik ekar dezaiguke garaiaren histori testigantza jakingarriagorik. Euskal Herrian, hazpandarraren luma egunean eguneko kezketan blai eginda ari bait da lenean». Ibon Sarasola'k: «Prosalari paregabe, Iparreko idazle askoren maisu eta gidari».

        Azken urteotan Hiriart-Urruti'ren lanez ornitutako bi liburu apain atera dizkigu «Jakin» liburu sortak. Bata: «Mintzaira, aurpegia: gizona», P. Lafitte'ren sarrera luze batekin (222 orr.), eta bestea: «Zezenak Errepublikan», Hiriart-Urruti bere garaiaren kritiku (212 orr.).

 

        (Ikus G. Biona, Euskal Esnalea, 1915, 284 orr.; P. Lafitte, Col. Aintzina, Baiona, 1944, 5-10 ta 56 orr.; A. Irigarai, Egan, 1959, 185 orr.; L. Villasante, HLV, 195 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 177 orr.; I. Sarasola, Euskal Literaturaren historia, 117 orr.).

 

Bilaketa