literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

21.— Jean Pierre Duvoisin

(1810-1891)

 

        Euskal abizena ez daraman arren, napartartzat jo oi zuen bere burua, 1879'an Arrese-Beitia'ri egin zion kartan aitortzen duenez.

        Euskaltzale jatorra. Oso ikasia ainitz gaitan. Euskal gauzai buruz zentzun aundiko agertu zitzaigun bizitza guztian. Haristoy'k diosku oni begira: «Latin, griego, gaztelania, italiera zekizkin, eta eguzki aldeko izkuntza batzuk, euskerarekin alderatu ta alkar jotzeko aiña beintzat. Aren ikur-itza, erromatar agintari zahar batena bezelaxe, auxe genduan: "Laboremus" —lan egin dezagun!—. Orrela ark gau ta egun bear egiten zigun, baita bere zartzaroko azken egunetan ere. Luma eskuan zuela ezik, ez zuen ezer irakurtzen. Egiazko zientzi ta funtsezko kritikaren ezaugarria darama, egin zuen guztiak».

 

BIZITZA.— Ainhoa'n jaio zan 1810-5-15'an, naiz eta gero aurtzaroa Ezpeleta'n igaro. Gibelondo ta senez etzan lege-barruan bizi izatekoa, ta aitak Larresoro'ko Seminarioan sartu zuen gaztetan, eta emen, kondairaz, geografiaz eta literaturaz batez ere jabeturik, guztiz irakurle porrokatu atera zan. Ogei urte zitula, baiña, Larresoro utzi ta Ezpeleta'ra biurtu zitzaigun. 1830'garren urtean aita il zitzaion, eta amak Sendakuntza ikasi zezan nai izan zuen, baiña matxiñada egunak zirala-ta, ordukoz beintzat, bere aitak lan egiten zuen petxu edo aduana-lantokian sartu zan. Arazo oni loturik, beti zintzo, bizi izan zan 28 urtetan, Donibane-Lohitzun'en eta Ziburu'n.

        Baiona'ko sendi itzaltsu bateko alaba Rosalia Chateauneuf'ekin ezkondu ta bi alaba —Henriette ta Marie— ta seme bat —Jules— izan zitun. Semea umetan il zitzaion, eta bi alabak ezkondu zitzaizkionean, bere ikas-gaietan paketsuago lan egitearren, atso zahar batekin bizi izan zan.

        Bakar-zale amorratu, 1859'an Bardotze'ra, joan eta ementxe osotu zuen, eramankizun ikaragarriz, L.L. Bonaparte'k agindu zion lana: Bibli osoaren itzulpena. 1891-1-30'an il zan, eta Ezpeleta'n datza, bere gurasoen illobian, bere anai argi Duvoisin kalonje, Dagerre ospetsuaren bizitza ain apainki moldatu zuenaren ondoan.

        Gizaseme errimea, bai goputzez bai arimaz. Gorputzez onela pintatzen digu Hariztoy'k: «Itxura itsa, zerbait zuraila, bekain beteak, ille gaztain kolorezkoak, begi bizi ta sarkorrak, sudur zorrotza, ezpain mee guriak», Arimaz, ostera, onoimen eder eta oitura kristauen ispillu garden, bere sendiko guztiak bezela. Labur: bene benetako gizona.

        Eta euskal idazle kementsua. Ogei urtetara zaneko idaz-ekiñari emana dabilkigu jo ta su: 1820'rako asia bait zan bere iztegia osatzen eta Fenelon'en Aventures de Télémaque euskeraz jartzen. Baiña oraindik ere gogotsuago bere lanari lotua dakusgu 1856'an L.L. Bonaparte printzipearekin ar-emanean sartu zanetik. Donibane-Lohitzune'n zegoen Duvoisin aduanetako kapitain zalarik; eta Abbadie jaunaren bitartez, bere otelera dei egin zion Bonaparte'k, eta arrezkero onek bere laguntzailletzat artu zuen ainhoatarra.

        Eta euskal alorrean lan egiteko asti geiago izan zezan, atseden-aroa edo erretirua artu zuen 1859'an. Eta ezeren kezka gabe bizi zedin, L.L. Bonaparte printzipeak berak eskatuta, gobernuko Irakaskintza'k emango zizkion, zar-sari bezela, urteko 1.000 franko; geroago Jules Ferry ministru zala kendu egin zioten sari au.

        Printzipeak berarekin eraman zuen Paris'era, Londres'era eta abar, Bibli osoa itzuli ta argitaltzen zebiltzan bitartean batez ere. Azkenik Ziburu'ra aldatu zitzaigun bizi izaten. Ementxe il zan, esan dugunez. Bere adiskide miña zan Hariztoi Ziburu'ko erretore jaunari utzi zizkion, il osterako, bere liburuak eta esku-idatziak.

 

IDAZLANAK.— Gazterik zaletu zuen euskerak. Eta barneko zaletasun orri erantzuki, ogei urte zitunetik ekin zion Telemako euskeratzen eta euskal-prantses iztegi bat osatzen. Geroago euskal poesiari ta teatruari buruz lau bat lan idatzi zitun «Album Pyrénéen»-en; 1841-42'an, «Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts» Paube'n argitaratzen zanekoan eman zuen euskaldunon jatorriaz lan eder bat.

        Geroagoan, Bonaparte printzearekin ar-emanean sartu zanetik batez ere, liburu auek atera zizkigun:

        1) Liburu Ederra (1856). Kardaberatz Aitak gipuzkeraz egiñiko Aita San Ignacioaren Egercicioen gañean afectoac, lapurteraz naiko azke itzulita. Bere iztegia osotzen zebillela irakurri omen zuen liburu au, ta ederra iritzirik, argitara eman zuen bere menean.

        2) Dialogues basques: guipuzcoans, biscayens, par don A.P. Iturriaga, le P.J.A. de Uriarte; labourdins, souletins, par M. le Cap. J. Duvoisin, M. l'abbé Inchauspe; accompagnés de deux traductions, espagnole et française (Londres, 1857). Bonaparte'ren eginduz egin zuen itzulpena.

        3) Laborantzazko liburua, edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean (Baiona, 1858). 393 orrialde. Ainoharraren idatzirik jator eta ederrena. Iturriaga'ren solasak irakurriaz antzeko zerbait osatzeko garra piztu zitzaion bear bada. Maite zuen laborantza, eta ingurumari zitun soro ta landak, euskaldunak landuak noski, biziki aurreratuak ikusi nai zitun, dudarik gabe.

        4) Bibbe saindua edo Testament zahar eta berria, Duvoisin kapitainak latinezko Bulgatatik lehembiziko aldizko laphurdiko eskarara itzulia, Luis-Luziano Bonaparte Printzeak argitara emana (Londres, 1859). Argitalpen onen irartzea 1859-3-9'an asi ta 1865-3-27'an amaitu zan, urrenez urrengo bost banakotan azaldua. 1.374 orrialde ditu, abe bitan. Eta auxe dugu euskerazko lenengo Bibli edo Idazteun osoa, ots, Testamentu zaharra ta berria. Printzeak argitara zitun aurretik ere Duvoisin'en Bibli-zati batzuk: 1) «Le Cantique des cantiques de Salomon» (Londres, 1859); 2) «Le Libre de Ruth» (Londres, 1860); 3) «La Prophétie de Jonas» (Londres, 1863). Baita Bibliaren separata bezela, 1) «Ebangelio saindua san Marken arabera» (Londres, 1887), eta 2) «Ebangelio saindua san Joanessen arabera» (Londres, 1887) ere.

        5) Quelques mots á propos de l'Essai de grammaire de la langue basque par W.J. Van Eys (Baiona, 1868), «Courrier de Bayonne» zalakoan aurretik, 1868-2-9'an, azaldua.

        6) Etude sur la déclinaison basque (Baiona, 1866). 54 orrialde.

        7) Etudes sur la langue basque (Paris, 1874). «Actes de la Société phitologique»-n, 1874'ko maiatzeko bigarren zenbakian, 73-93 orrialdeetan aurretik argitara emana.

        8) De la formation des noms dans la langue basque (Paube, 1874).

        9) Escualdun almanac edo egunari berria 1884 urtheco (Baiona, 1884). 36 orrialde idatzirik, eta 12 iragarkitan. Bertoko idazlanak osorik Duvoisin'enak dira. Urrengo iru urteetan ere argitaratu zuten euskaldun almanaka au.

        10) Jesu Kristoren Imitazionea (Paube, 1896). Kempis ontatik iru liburu bakarrik itzul zitun, baiña Haristoy'k kapitain jakintsua il ostean, laugarrena ere osotu ta dena argitara ekarri zuen.

        11) Miguel Saavedra Cervantestarrak scribatu zuen Don Kixoten Gerthakariak deitzen den liburuko aintzin-solasa eta hari darritzan hirur buruxoak (Biarritz, 1904). 66 orrialde. Lapurdi'ko euskeraz dago. Biarriz'eko «Pays Basque»-n argitaratu zan lendabizi 1904'ko bagillaren 4, 11, 18, 25 eta garagarrillaren 2'an.

        Onez gaiñera ba-ditu argitara gabe beste lan batzuk, naikoa garrantzitsuak: 1) Telemako'ren 12 liburu; 2) Fenelon'en Alegiak; 3) Lamenais'en lan batzuk; 4) Demostenes'en lan batzuk; 500 orrialdetik gora euskal erriko kondaira, izkuntza ta literaturari buruz eskuz idatzita.

        Musika zalea zan, baita poeta ere. Abbadia'k antolatzen zitun olerki-batzaldietan sarri agertzen zaigu maiko bezela. Mugaz andiko euskal idazleen artean ba-zan orduan kezka pizkat gure ortografi edo idazkera zala-ta. Duvoisin'i era berria zitzaion atsegin erabat, bere idatzietatik dakusgunez.

 

ALKARREN LEIAN.— Protestantean Bibli-alkarteak, 1868'tik onuntz batez ere, Berri Ona ta beste Bibli-zati batzuk argitaratuz zabalkunde sendoa egin zuten, onetarako, geienez beintzat, Duvoisin'ek egiñiko itzulpenak arturik. Protestanteak bururata ematearren moldetua da Perlasco colier bat deritzan liburuxka, 1864'an argitaratua (Baiona, Bordele, Paris). 125 orrialde.

        Gisa ontako argitalpenak katolikuentzat ere pizgarri izan ziran alegia, ta oieri erantzunez egiñak dira beste idaztiño auek: 1) Pachicu eta Mañubel (Baiona, 1868) 2) Herejien eta beste gauza batzuben gañean Pachicuren eta Mañubelen bigarren barriqueta (Baiona, 1869); 3) Terescharen sucaldea. Pachicu, Manubel, Terescha, dn. Pablo eta Josché Domingo, alcarrequin berriquetan (Baiona, 1869); 4) Bi ganbarac (Baiona, 1869); 5) Josché Miguelen ganbara (Baiona, 1869); 6) Pello Mariren ganbara (Baiona, 1870); 7) Erligio eguiazcoaren siñalac (Baiona). Zazpi liburutxo auek Donosti'ko Bermingham jaunak bere arduraz ta diruz argitara zitun, eta etzuten beste xederik 1868'ko iraillaren 29'an matxiñadak erlijioaren kontra eman zitun legeen aurka jokatzea baizik.

 

IRITZIAK.— P. Lafitte'k: «1858'an Laborantzako liburua moldetu zuen, bere idazlanik ederrena; aita ta onen semearen arteko alkar-izketa aotik utzi eziña, soro-langintzaz ta abere azieraz. Lan au bein eta berriz argitaratua izan da. Darrabillen izkera oso berezko, biurkor eta aratza dugu».

        Baionako «Eskualduna»-ren zuzendari izan zan Hiriart-Urruty apez kazetari argiak aitortzen zuenez, Duvoisin'en Laborantzako liburua irakurriaz konturatu omen zan bere euskerak barnean dauzkan indar arrigarrietaz. Liburu au, izan ere, Bible sainduari ezer kendu gabe, jator bezain jariotsu idatzia dugu.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 193 eta abar; Haristoy, «Euskal Erria», 1'goa, 1895; J.B. Daranatz, RIEV, 1928-30 eta 1931, 555 or.; E. Urrutia, «E. Alde», VII, 433 orr.; P. Lafitte, Le basque et la litt. d'expression basque, 56 orr.; G. Garriga, «Bol. Am. E.V.», 1950, 58 orr.; S. Oraindia, MEOE, 464 orr.; L. Villasante, HLV, 183 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 668 orr.).

 

Bilaketa