literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

4.— Martin Landerretxe

(1842-1930)

 

        Itxas-erraiak gorderik ditun urre-bitxi antzekoz beteta dauzkagu, oraindik ere, gure euskal izkelgiak. Olakoak jasoten ibillia dugu, urteak dirala, Martin Landerretxe apeza. Jainko-gizon zanez, arima arduratan zaletua zebilkigun beti, maratz eta kezkati; sorterriari dagokionez, euskaldun jator, ikasi ta jaso, bazterrik bazter ari izan zan arduratsu.

        Onetaz ere, beste askotaz bezela, beiñola A. Olabide'k idatzi zuena, esan dezakegu. Ots: «Ixilikan Jainkoak barnetik gizonaren burua argitu ta biotza eragin dezake, berez ta bitartekorik gabe gurekin jardun nai duan bakoitzean. Baña norbait bere ordekotzat aukeratu ta zeruko argia Errian zabaltzera igortzen duaneko, orren mintzo ta itzak dire Erriak beretzat duan Jainkoaren argiz piztutako zuzia. Euskaldunei argi egiteko aukeratu danak euskeraz ezpa'leki, zuzi itzali ta alperra izango litzake. Ta ezin igarri det ori baño elgaitz gogorragorik Jainkoaren aserreak bidali litzaigukenik» (Euskera, 1921, 36 orr.).

 

        BIZITZ-IZPIAK.— Busunaritz (Benabarre)'n jaio zan 1842-7-26'an. Bere ikaskintzak Hazparne'n osotu zitun aurrenik, 1857'tik 1859'raiño; gero, Larresoro'ko apaizgaitegi txikian, 1859'tik 1864'raiño, eta atzenez, Baiona'ko apaiz ikastetxean eta berriz Larresoro'n 1864'tik 1869'raiño; urte ontan apaiztu zan Irutasun deunaren bezperan. Irakasle egin zuen ondoko urteetan 1873'raiño ta gero, iru urtean Maule-Leixtarre'ko apaiz-ordeko, ta Aiziritz eta Oragarre'ko artzain l880'tik 1891'raiño. Ondoren, osasunez gaizki zebillela-ta, apaiz oitua geratu zan, Biriatu'n, Getari'n, Donibane Lohitzun'en eta guenez Ezpeleta'n bizi izanik.

        Arima zaintzatik azke geratu arren, etzion euskal lanari utzi, len baiño ere sendoago oratu baizik. Itzez ez-ezik, lumaz ere egin dezakegu lan arimen alde, ta M. Landerretxe'k bere bizi luzean lumaz ere lan bikaiña osotu zigun. Arekin eta onekin ar-emana izanik etzuen gutxi ikasi, ta, etxeko andre aiolatsuak lez, ipar aldeko euskalgietatik batez ere, zenbat itz zahar, esaera, kanta, igarkizun ta beste, bildu ta sailkatu zizkigun! Oi ez bezelako oroimena zuen, diotenez, ta aren lana erabat jakingarria dugu, ta edozein euskaltzalerentzat iturri garden, ugari ta ziurra. Onela diosku G. Lakonbe'k.

        Bere eskuko gelditu zalarik ere, apaiza zanez, etzan alperzulo bizi izan. 1892'tik geroz berak euskeratu ta argitaratu zuen Fedearen Propagazionea zeritzaiona. Bestalde, maite zuen euskera, ta berau zaintzeko, bere ustez, euskaldunen kemenak bildu bearrak ziran oro. Besteak beste, ortarako antolatu zan gorago aitatu dugun Ondarrabi'ko euskal biltzarra, 1901'an antxe bait zan sortu ta oiñarriak ipiñi, ain zuzen ere, Martin Landerretxe'ren arioz, gaur ere indartsu daukagun «Eskualzaleen Biltzarra», euskerari eutsi ta zabaltzeko ardura izango zuen alkarte berria. Baita berau, ots, M. Landerretxe izan zan alkarte onen idazkari betierekoa, ta gero ta dizditsuago aurrera egin zezan iñortxo baiño geiago alegindu zana.

        Euskaltzaindia sortu zanean, Lapurdi'ko izke1giaren urgazle lez, Martin Landerretxe izendatu zuten, 1919-10-5'an. Iraillaren 21'an Eusko Ikaskuntza'k, Julian Elorza Gipuzkoa'ko Aldundiko buru zalarik, batzarra euki zuen euskaltzain berriak aukeratzeko. Besteak beste, J. Blaise Adema apaiza, Baiona'ko kalonjea ere aukeratu zuten, baiña onek, ango eliz nagusian naiko lan zuela-ta, etzuen onartu izendatze ura. Eta, 1919'eko urrillaren 7'ko batzarrean, «orren ordez Broussain eta Lhande'k eskatu zuten —dio Euskera'k, 1919, 50 orr.— Martin Landerretxe, lapurtar apaiz, ta Eskualzaleen Biltzarra'eko idazkizaiñ jauna izendatua izan zedilla. Ta guziak, autarkiz, onetsi zuten». Eta urrillaren 26'ko batzarrean, Donostia'n, Gipuzkoa'ko Aldun-jauregian ospatutakoan, «Azkue'k Landerretxe'ri ongi-etorrizko agurrak eman ondorean, onek, Lapurdi'ko euskera garbiz, Euskaltzaindia'ri eskerrak biurtu zizkion».

        Arrezkero, zintzo zintzo, agertu oi zan alkargu onen batzarretara, beronen lan eta txostenetan esku eragikorra izanik. Egin-egiñean, Euskaltzaindiak Bilbao'n ospatu zuen billera baten ondo-ezak eman, garai artan bizi zan errixka Ezpeleta'ra eraman eta antxe, andik egun gutxiren buruan itzali zan, 1930-1-29'an. 88 urte zeuzkan, etengabeko lanean eralgiak.

 

        EUSKAL LANA.— Asteroko ta agerkarietan daude, sakabanaturik alegia, Martin Landerretxe'ren idazlanak. Bildu ta zabaltzea, merezi lukete. Lan auetan dager aren biotza: gizaseme on, apaiz jator, euskaltzale zintzo, langille aspergaitz. Mende betea doi-doi egin zigun euskal erriari ta beronen izkuntza beneragarriari lotua. 1891'tik asi zitzaigun batez ere euskal sailleko beargin zoli ta antsiduna. Ona bere lan batzuk:

        1) Fedearen Hedameneko Urtekaria —Annales de la propagation de la Foi— (Baiona, 1891-1930). Bi illabetetik bein, urtez urte, atera zuen 50 bat orrialdeko ingurraztia. Laburdieraz idazten zuen, euskera «zaharxean». Eta, G. Lakonbe'k dioanez, «Landerretxe'k lan auxe besterik burutu ezpalu ere, euskaltzaleen aldetiko esker-erakutsiaren duin eskubidez dukegu».

        2) Aphurka zahar eta berri, ahurtara bat eskuararen alde (Baiona, 1905). Liburuxka, Antonio d'Abbadie'k eraturiko batzaldietan saritu zizkioten lanakin eta or-emengo eguneroko ta aldizkarietan azaldu zituenakin osotua. Danetik duzu berton, naiz liburu-azterketak naiz izkuntza-gaiak.

        3) RIEV agerkarian ba-dira zenbait lan, Landerretxe'k 1907'tik asita egiñak. «Euskera»-n berdin, 1925'ean eta urrengo aleetan, artikulu mordoa agertu zuen, erriz erri batu zituen esaera, atsotitz eta zuur-itzez.

        4) Baita idatzi zuen Baiona'ko «Eskualduna» ta «Courrier de Bayonne» agerkarietan ere.

        5) Grammaire basque. Argitara gabe. 1860'an irakasle zala egiña, argitaratzekotan zeukan, baiña Landerretxe'k zoritxarrez —Lakonbe'k diosku— etzuen egungo ere bere iritzi atzeratuak utzi ta linguistikari buruz bereziki bide berririk artu nai izan, eta bere bizi-atzenerantza etzuen gaztetako lan ura interesgarri ikusten argitara emateko.

        Olerki batzuk ere osotu zizkigun.

        Nor bakoitzak du bere jit berezka, ta orixe agertu oi dugu geure izakera ta idazlanetan. Gaztetan artutako eskolak ere ez digu gutxi laguntzen. Dana dala, P. Lafitte'k, M. Landerretxe'ren lanari, batez ere «Fedearen Hedamentua» deritzaionari gain-giroki begiratuz, au dio: «Euskaltzain zaharra urteetan ari izan zitzaigun itzez-itzezko biurpenak burutzen, Jainkoaren on-onak zalantzik gabe, baiña euskal jeniotik aski urrutiratuak» (Le Basque et la Littérature, 61 orr.).

        Ona, adibidez, nolako euskera zeukan jakin dezazun, Kastillako Blanka erregiña deritzan lana, 1909'eko azaroan Donibane-Lohitzun'en egiña:

        «Blanka, Kastillako alaba, Frantziako erregiña zen. Artha handiz altxatu zuen Luis bere semea. Ez zuen aldiz batez ere onhetsi haren haurrari bertze emazteki batek bularraren ematea. Nola behin nekatuxe zelarik, lo on batean baitzegoen eta printzea kexatua baitzen, gortheko andre handi batek eman zioen bularra. Erregiñak ordean, atzarri zelarik, galdetu zuen haurra, eta ezagutu batzuen ez zela gose, behar izatu zioten aithortu bularra hartua zuela. Eskerrak ematetik urrun, Blankak, erakutsi zuen gaitzitzen zitzaioela, eta, eria eztiki haurrari zintzurrerat emanik, goiti arthik-arazi zioen esnea, zioela: —"Zer uste duzue, ala Jainkoik eta naturalezak eman darotaten amatasuna, den gutienik ereman dezadaten onhestekotan nagoela?"

        »Printzeari, adimenduratu zen ordutik, maiz adiarazi zioen hitz hau: —"Nere haurra, badakizu maite zaitudala; bainan halarik ere nahiago zintuzket erregetasunaz eta biziaz gabetzen ikusi, ezen ez eta bekhatu mortal batez obendun". Haur maite hari behar zituen erakuspenen emateko, hautatu zituen erresumako gizon ahalik zuhurrenak eta Jainkotiarrenak. Goizdanik hararazi nahi zioen bertute guzien urhatsa. Hala hala, Printze hura izatu zen San Luis errege, Frantziako errege distirantena». (Esku-Egundiya, 40 orr.).

 

        (Ikus Aztertzale, Euskal Esnalea, 1930, 19 orr.; G. Lakonbe, RIEV, 1930, 652 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1094 orr.; L. Villasante, HLV, 304 orr.; G. Garriga, Bol. Ame1. E.V., 1955, 167 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 418 orr.).

 

Bilaketa