literaturaren zubitegia

1.027 idazle / 4.943 idazlan
7.374 esteka / 6.002 kritika / 1.828 aipamen / 5.284 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Juan Arana, Loramendi

«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

53.— Juan Arana Ezpeleta «Loramendi»

(1907-1933)

 

        «Bedoña'tar Jokin» edo «Loramendi». Leintz ibarreko Bedoña erritxo lilluragarrian jaio zan Arana 1907-1-27'an, Mendibitzu baserrian. 1920'garren urteko udan, amairu urte ta erdi beterik zituela, Altzatzu'ko kaputxinoetan sartu zan, bost urtetan latin-eta bertan ikasirik. 1925'an Sangotza'n jantzi zuen kaputxino jantzia, urrengo urtean iru botoen eskeintza egiñik. Eliz-ikasketak onela osotu zizkigun: 1926-28'ra Ondarribi'ko komentuan ikasi zuen bi urtez Filosofia ta onen ingurukoak; Lizarra'n ikasi zuen Filosofiaren azken urtea, ots, irugarrena ta Teolojiaren lenena; 1930'tik 1933'ra Iruña'n uritik at datzan komentuan jarraitu zuen beste iru urtetan Teolojia ikasten. Onetan zebillela, 1933'garreneko epaillean gexotu zan eta laster-lasterka Donosti'ra eraman zuten ebakite bat egiteko. «Peritonitis» dalakoak edo estarteko miñak eratsi zuen 1933-3-23'an, 26 urte ozt-oztan beterik zituela ta leen meza esateko ogeitairu egun bakarrik palta zitzaizkiola.

        Zaraya euskal idazle argiak au idatzi zigun: «"De mortuis nihil nisi bonum". Egiaren egiz esan genezake gaur Kilon'en aolku eder ori, Loramendiri bizitz-mugaz ara begira gagozkionok. Loramendi deitu zan bera, lorez jantzirik, biotz-lorez beterik bizi izan baitzan. Loramendi bat zan Bedoñar Joakin laguna ta lorezaleok maite genuen biotzez. Maite genuen lurtar lorezaleok, baña maite zuen guk aña zerutar lorezaleok. Lur ontarako lorez beteegi zegola-ta, Jainkoak bereganatu du zeruko edergarritzat. Apaiz-jauregian sartzeko zegonean zeruko jauregira deitu du Apaiz-Nagusiak Jainkoz bete dedin» (Zeruko Argia, 1933, orrilla, 85 orr.).

 

        OLERKARI.— Geroak zer dakarkekigun ezin igarri askotan. Baiña «nik eta nire inguruak» asko esan nai dute auzi onetan. Barne xamur baten jabe izateak aski balio du gerorako; baita inguruan umetatik dauzkagun gauzak eta azi ta ezi gaituen giroak ere. Loramendi sortzez genuen biotz beroz ta adimen bipillez ornitua, bere olerkiak lekuko. Ortik, bada, berez zan olerkari; «berez zetorkion barnean aditu oi zituen naigabeak, maitasunak eta oiek berekin duten edertasun ta goitasuna olerkietan azaltzea ta abestea».

        Bestetik, leku lerdenean sortu zaizun Loramendi. Tantai ta landare loretsuz jantzita dituzu ango jirabirak; soro emankorrak ere ezker-eskubi; bideak sasi ta masustaz gaiñezka, zelaiak lorez ta argiz ñirñir; iretza ori biziak; bat edo beste troka, aizearen biur-toki txairo. Ondoren Altzatzu ta Sangotza, ez dituzu eder-sorburuz urri. Eta Ordarribi! Emen osatu zuen nunbait «Arrantzalien arrats-otoitza». Ondorioz, Loramendi'k badu biotza, ba-du irudimena. Baiña batez ere egia Zaraya'k dion au: «Gazte-gaztetatik ederrak su-bera lur-inguruetako izaki bakoitzarekin zegokion izkuntzaz itz egiten oitua Confontaine'k bezela esan zezakean: "Izaki bakoitza mintzo zait bereziki, ta biotz ondorañokoa det"» (Z.A., 1933, orrilla, 86 orr.).

        Olerkari liriku jainkotia dugu Loramendi; Jainkoa ta onen inguruko egiak ditu batez ere kantagai: gaztetxo zan eta fraille, beraz zer kanta zezakean? «Eder utsa danak, baita ederra Aren gandik artuta duten gaiñerakoak ere, lillura ta zora dezakete olerkaria; ta zoramen orren ondoren bezela, biotz barrenean berezizko izakera sor-arazten diote. Ta orduan olerkariak, musika bezin gozo diran itzetan, sua bezin gartsu diran olerkietan, biotz-ondoa zabaltzen du, oiu egiñaz Jainkoari, Andre Mari'ri, santuai edo baita erlijioa ta oren ezkutapenak lurtarroi entzunaziz» (Olerki, 1962, III-IV, 134 orr.).

 

        OLERKI-BILDUMA.— Bertsotan ta itz-lauz idatzi zigun Loramendi'k. Eta, beti jazo oi eztana, esku maitekor bat izan dute aren lan guziak. Aita Yurre'k osotu zizun bilduma eder bat lan oiekin. Olerki ta idatzi guziak (Zarautz, 1960) dute izenburua aipatu-lanok. Itxaropena Argitaldariak eman zuen argitara. 196 orrialde. 37 olerki dakarzki, biltzailleak dionez, «Zeruko Argia» illerokotik, Jakintza'tik, «Eusko Olerkiak» liburutik eta MEOE' tik jasoak denak. Azkenez sei lantxo itz-lauz, «Zeruko Argia»-tik artuta.

        Biltzailleak uste du etzuela besterik idatzi. Loramendi'k utzi zituen paper zirri-borroak ere erabilli zizkigun esku artean. «Baña zirri-borro oietatik —dio— ez det gauza garbirik atera al izan: alde batetik, zirri-borro oetako olerki ta idatziak bukatu gabe ta egin gabeak daudelako. Beste aldetik, ez bakarrik itzak, baita lerro erdi ta lerro osoak ere, bata bestearen gañean idatziak baitaude, ezin ditezke irakurri, askotan beintzat. Orrela, paper oietatik olerki bat bakarra, "Aitormendia eresti", atera ta sorta onetan sartu det. Gogoan iduki bear dana da: elertilari guziak dituztela euren zirri-borro paperak: egunean-egunean egin oi dituzten elerti jardunak, ez argitara emateko asmotan egiñak, jarduketan aritzeko baizik. Olakoak ez die nortasunik ematen ezta aintza ta dirdira berririk eransten ta ez dira argitara bear ere. Orregatik, bilduma onetan batu ditudanetatik gañera, ez det uste gauza aundirik agertuko danak, "Loramendi"ren olerki ta idatzietan» (Aurreitza, 19 orr.). Beraz, bilduma ontan dauzkagu Bedoña'tarrak utzi zigun emai osoa.

        Neurri ta tankera askotako olerkiak ditu Loramendik, ao goxoz taiutuak guztiak; arnas aundiko lanak, eta egin zituenak ez dira ezer, ziur asko, egin zezakenaren aldean, baiña «bere biotz aundia edergai ta adigaiaz betetzen ari zanean ta lanerako astirik izango zuen aldirarte eldu baño len, aldegin digu illen aberrira». Tamalgarri benetan euskal literaturarentzat.

        Aren lanetatik bi ditugu batez ere aipagarri: Barruntza leyoan eta Arrantzalien arrats-otoitza. Besteak ere alegiz, itzez eta egituraz maisuki borobilduak ditugun arren, biok bulkoz ta biotz-ondoz beteagoak dira.

        «Barruntza leyoan» olerkiak 1932'an Ernani'n ospatu zan Olerti sariketan lenengo saria jaso zuen. Zer sari? Aritzaren adartxo polita, bere ezkur ta guzti, zillar erdoiztatuz egiña. J. Aitzol'ek onela: «Lekaide abesleak maitemiñezko intziriz itz egiten dio Yainkoari. Asis'tar Donearen adurra dario non-nai olerki onek, baño irudiz ta antzekiz ornitua; ez bait-dute auek olerki-giarra bat ere aultzen ez illuntzen, bai ordea arimak Yainkoarekin dituan maitezko artuemanak bizikiago adierazten; eta Yainkoak barneko illunpeak bere argiz danak ditu argitzen, len auts zana, gero dana argi-izpi ta lore ta kanta biurtzen bait-du biotz ezurretarañoko guzia... Yainko-maitezko gañezka ontan aapaldi guzietan ditugu ainbat gogai ta antzeki, ainbat edertasun eta antz-irudi, ezin izango genuke zeatz olerkiaren berri eman. Maitearekiko biozketa zoragarriak berriz, ainbeste ta ain sarri ta usu, norbaitek uste izan dezake ez duketela alkarrekin bear besteko batasunik; aundia dute ordea ta arnasa gero ta aziagotuz, biotz-itxuri ederrak abesten yartzen dute azkenerako olerkari maitemindua... Auxe da "Loramendi"-ren olerki-lanik gurenena. Bikaiñagoak egin al izango zituan noski, Yainkoak gure artean luzaroagoan utzi izan ba'ligu. Aren olermena, azken aldiko idazlanetan, asiberriko bildur-mildur ta lañoak utzita, sutsu, oldartsu, diztikor azaltzen da ta arnari eldu eder-bikaiñik asko eman bear zizkigun» (Eusko Olerkiak, 1932, III, Aurreitza, XIV orr.).

        Bigarrena «Arrantzalien arrats-otoitza» duzu, aurreko urtean, 1931'an, Tolosa'ko Olerti jaietarako aurkeztu zuena. «Asiberria Bedoña gaztea —diosku J. Aitzol'ek, ara igorri ziran olerkiak banan-banan aztertzerakoan—: itxaso, aitz, eguzki, itxas-txori, arrantzalien bizitz gogorrak eta oien ziñismen sustraitsuak olerkari kementsuari irudimena mamitzen diote izpi aratzak ixuri araziaz. Goiargi diztikorraren semea degu olerkian» (Eusko Olerkiak, 1931, II, XVIII orr.). Antzetsu egiña du, ta «Barruntza leyoan» baiño obea dala dio Orixe'k, onela: «Olerki ezur-ederra (Arrantzaliena), buruz egiña lenbizi, itzal-apain garbiekin; betegarriz ez dago gaizki; sua ere badario, Loramendiren beste zenbait olerkiri bezela» (Olerkiak, 1960, 30 orr.).

 

        IRITZIAK.— J. Aitzol'ek: «Olerki mistiku dalakoa, bera da izkuturik izkutuena, bera eldugaitzena, aren barnera banan-banango gizon aukeratu batzu besterik ez dira eldu... Eta (olerki) batzuek ala ere eta Eusko-Olerti egunean, Ernanikoan sarituak bereziki, argi erakusten digu ez zala gure olerkaria mistiku edertasun-dirdaiak nabaitu, ikusi ta azaltzen nolanaikoa» (Eusko-Olerkiak, III, IX orr.).

        Orixe'k: «Badu Loramendik adimena, badu idurimena, badu biotzean sua. Euskera ugaria ta ederra. Arrigarri da, gaxte-gaxte komentura sartu ta andik irten ez, eta ainbeste euskera nola irakurri zun eta buruan eduki. Damurik il zitzaigun gazte, Loramendi; lore ez ezen, igali edo arnari aunitz eman zezakena» (Olerkiak, 29 orr.).

        Antonio Arrue'k: «Oraintsu ildako erdal-olerkari ospetsu batek zion: kendu bertsoei beren igidura, beren musika, baita itzen azken berdintasuna, rima; kendu ondoren itzak berak eta gogoetak, ideiak ere bai; ta ala guziaz, zertxobait gelditzen bada, ori izango da poesia... Loramendiren olerki batzuek irakurtzen badituzute, ta gero beren igiduraz, rimaz, itzez eta ideiaz zearo aztutzen bazerate ere, geldituko zaizute aldi luze batean, buruan ezpada biotzean beintzat bai, alako poesi-zantzu gozo bat. Beraz, Loramendi poeta zan ta gorputz osokoa gañera» (Euskera, Bilbao, 1960, 187 orr.).

        Jauregi'tar Koldobika'k: «Bi auek ("Arrantzalien arratsotoitza" ta "Barruntza leyoan"), poesi lirikuaren igali eldu ta naroak ditugu; bigarrena, batez ere, Euskerak diraueño, olerki-zale orok atsegiñez irakurriko dute ta nere lantxo onetan aipatu dizkitzuedan beste olerki polit ta ezti oiek ere, euskal poesi-sorta orotan dizdiz dagikete ta Loramendiren izena euskal olerkari ospetsuenen artean biziko da noski baiño noskiago» (Euskera, 1960, 252 orr.).

        Gabriel Aresti'k: «Proba da, iruzpalau izen kenduta, gañerako guztiak berdin izango litzakeala ezer ere eskribitu ezpalute, Euskalerriari ezpaitiote (politak bezela) ohorerik ematen eta munduko atentziora ezin presenta bailitezke. Iruzpalau, oek dira: Orixe, Lizardi, Lauaxeta (ordena onetan), bear bada Loramendi eta besteren bat» (Zeruko Argia, 1963, abenduak 29, 44'gn. zenbakia, 4 orr.).

        Eta Zaitegi'tar Jokin'ek: «Loramendi'ren zenbait olerki labur atsegiñago zazkit nere aorako. Adibidez ikusi "Antzekia". Dana dala, erabateko olerkaria zenun. Idurimen mardula zun, baita iturri baten biotzondo-etorria. Euskera bera ere atsegiña du: ortarako lerrenak egin bear izan zitun: yayotzez berea ez zun izkelgia ongi ikasteko. Ortan ere goragarri dugu: euskeraren batasunaren alde biotzez yokatu bai-zizun» (Euzko-Gogoa, 1950, 1, 17 orr.).

        Yurre'tar Julen'ek: «Bilduma au egiten ibilli izan naizela, ikasi det olerkietan txikienak diran batzuk, ederren ta atsegiñenak zaizkiela batzuei. Esaterako: "Enada beltza...!", "Illargitara", "Antzekia", "Onatx, erletxoak", "Banoakizu...!", ta abar. Olako txikiak deritzaizkie onenak batzu arei. Orrek esan nai du, guztiek olerkari bikain-bikaintzat dutela "Loramendi"» (Olerki ta idatzi guziak, 25 orr.).

        Izan ere, luze ta labur, ederki landuak daude Loramendi'ren lanak. Ba-zekigun ederra sortzen eta eskeintzen irakurleari atsegiñ emateko eratan. Argia zan buruz ta sentiera urduriz kuin-kuin zeukan biotza. Ondo zeukan euskera, amaren magalean entzuna ta edoskia ari ta ari ikasiz obeagotua. Ortik naitaez aren lanak bikaiñak izan bear. Irudikizun ugariz, larregiz bear bada gaurko ao-xuriarentzat, jantzita dauzka geienak; beste batzuk, txikiak noski, alegi politak dira, euskal jantzi gorri-miñetan.

        Giroak asko dagiala esan dugu asieran. Eta olaxe da. Loramendi ikasle zalarik, gure elerti-loratze zoragarrian gengozen. «Euskaltzaleak» olerti-jaiak ospatzen asiak ziran. «Zeruko Argia» dotore zetorren itz-lauz ta olerkiz: ba-zuen nun idatzi ta nork lagundu. Gazte zan, ikasle ta garai ortan erri-elertia ta elerti jantzia, kulturazkoa, bearrez ta griña biziz ikasi oi da. Giro guzti oni onura atera zion Loramendik, olerkigintzan asiberri izanik ere lan lerden giarrak aragitzeko.

        Zer irakurri ote zuen? Etxekoen lanak bai beintzat, Lizardi, Arrese, Jautarkol eta Iraizoz'enak batez ere. Aren lanak ba-dute oien kutsua. Eta erdal olerkaririk? Mistral Orixe'k itzulia, Verdaguer, Gabriel y Galán eta oien sorpenak ere bai; olerki txikiak baitik bat Verdaguer'en Idil-lis i cants mistics dakarkigute gogora. Gaztetatik irakurtzeari eman dionak, ikas-ala ere, liburu asko irentsi ta kurkatu oi ditu.

 

        GORATZARRRAK.— Lau bederik izan ditu. Lenengo 1935-6-2'an, Loramendi ilda bi urtera. «Euskaltzaleak» bazkunak eratu zuen, ortarako Bedoña'n bertan Loramendi'ren omenez Olerti-eguna antolatuz. Lenengo euskal jaiak Arrasate'n. Gero, igandez, Arrasate'tik eta Aretxabaleta'tik jendea eurrez Bedoñan, Olako gotzaia buru zala. Gotzai-meza, ta ondoren bide kurutzean, izadi ezin ederragoaren erdian, arri-oroigaillua jartzea. J.M. Lojendio'k itzaldia. Olerki-sariak: K. Jauregi'k zillarrezko aritz-adarra; Orixe'k «Arraunketa» poemagatik; erri-bertsoengatik baita J. Dorronsoro, Gazteiz'ko Kadaberatz-Taldeak, Andoni Lizaso ta Agirre'tar Eli'k ere. Txapel eta Zepai bertsolariak, eta Arrasate'ko ta Aretxabaleta'ko eres-batzen jardunaldia.

        Bigarrena, 1959-9-20'an ospatu zan Bedoña'n bertan. Bost milla bat pertsona giñan Mendibitzu baserri inguruan. Zelaiko meza ostean, leena espetxeratua izan zala-ta, oroitarri berria jartzea: Loramendi'ren amak berak, estalkiari eragiñez, agertazi zigun; zortzi umek ondoren Loramendi'ren olerkirik bikaiñenak esan zituzten. A. Arrue'k itzaldia. Basarri ta Lizaso'k bertsoak. Sariak banatzea: Olertian, G. Aresti, B. Gandiaga, F. Artola ta Irazoizko Polikarpo sarituak; elerti-kritikan, Jauregi'tar Koldobika ta Yurre'tar Julen Aita; antzertian, E. Erkiaga ta J.A. Martija.

        Irugarrena, 1971-9-19'an, aste osoa eskeiñi zioten Aretxabaleta'ko «Alkar» gaztedikoak, itzaldiak, saioak, abesti-entzuteak eta abarrez. Astearen azkenengo egunez, ots igandez, «Loramendi» izena daraman enperantzan meza abestua, Zumarraga'ko Jon A. kaputxinoaren itzaldiz edertuta. Ondoren, erriko alkateak, jendearen txalo artean, oroitarria danen begietara agertazi zuen: oroitarri au 1936 espetxera eramandako duzu.

        Laugarrena, 1972-7-2'an. Gauzeak jabeari dei dagio-ta, Bedoña'ko gazteak ere, beiñola erritik eraman eta espetxeratu zioten arri ura, aurreko urtean Aretxabaleta'ko enparantzan kokatua, legez eskatu ta berriro Bedoña'ratu zuten. Ortarako, auzo errietako jendez inguruak beterik zeudela, meza izan erriko erretore jaunak emana ta Yurre'tar Julen A. eragilleak itzaldia egiñik. Bedoña'ko goi-goiko bide-gurutzean daukazu gaur yarein-arria; lorak ditu ingurumari, ta ondoan ageri dan fraillea Yurre'tar Julen A. kaputxinoa duzu.

 

        (Ikus Yurre'tar Julen A., Olerki ta idatzi guziak, Zarautz, 1960, ta Olerti, 1962, III-IV, 124 orr.; S. Onaindia, MEOE, 953 orr.; J. Ariztimuño, Eusko Olerkiak, 1932, III, aurre-itza; eta Eusko Olerkiak, 1933, IV, aurre-itza; Orixe, Olerki ta idatzi guziak, 27 orr.; Jauregi'tar K., Euskera, Bilbao, 1960, V; T. Agirre, Yakintza, 1933, 22 orr.; Izurtza, Euzko-Gogoa, 1950, 1, 17 orr.; Kaiero, Jakin, 15'garren zenbakia, 26 orr.; Zeruko Argia, 1932, agorra, 153 orr.; Zaraya, Zeruko Argia, 1933, orrilla, 85 orr.; G. Aresti, Zeruko Argia, 1963, abenduaren 29'koa, 44'garren zenbakia, 4 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 488 orr. ta Diccionario, An-Artazu, 219 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, 216 orr.).

 

Bilaketa