16. Pello Mari Otaño Barriola
(1857-1910)
Euskal senak urduri zekarren bertsolari gaillena. Ibiltaun berebiziko gendunez, Ameriketan ondu zituen bere bertsorik geienak. I. Unzurrunzaga Aitak onela: «Bertsoak zitun bere naigabe, urruti-min atsekabeen izkuntza maitea; or uzten zitun bere barru-gogamen biotzekoenak. Euskeraz eta bertsotan izaten zitun emengoekin artu-emanak; aitonak eta osabak jatorki erantzuten ziotela» (Pedro Mari Otaño'ren Bertsoak, 1959, 12 orr.).
BIZITZA. Zizurkil'en munduratu zan 1857-1-26'an. Bere gurasoak Juan Pedro ta Juana Batista izan ziran, eta aiton-amonak, Pedro Mari Otaño ta Mikaela Lasa, bertsolariak auek ere, Joxe Bernardo bere osaba bezela; gaur ere ospetsuak dituzu Ameriketatik 1889'an oneri bialdutako 22 aapaldiko zortziko nagusiak; baita itxasoz bestaldetik etxeratu zanean, Errekalde'ko ate-aurrean bota zituenak ere. Bai, aitona, Pedro Mari Otaño «errekalde zarra» ta «Larraul'ko baria» deitzen ziotena entzute aundiko bertsolaria garai aretan, eta Mikaela Lasa amona, bertsolaria berau ere ta ez edozelakoa. Osaba, ordea, Joxe Bernardo, orduan jairik jai bertsolari ibilli oi zana dugu, kantari azkar-azkarra.
Otaño familia Pedro M. gazte zalarik, Zizurkil erria laga ta Donostiko Amara kalera etorri ziran bizitzen. Emen lanean asi zan, baiña gauzak ez irten berak nai bezin ondo; beste aldetik naikoa eraman bearra zeukan Euskalerria odola zeriola ikusiaz. «Au da txoria gari tartean goseak egon bearra», diosku berak. Eta naskatuta bezela, beste euskaldun asko lez, Ameriketara joan zitzaizun. Arako ontzia Pasaiko kaian artzean, jendetza aundia, Txirrita bera ere bai, agur egiten joan zitzaion. San Polikarpo eguna zan, 1898'ko urtarrillaren 26.
Bitan egin zuen Ameriketarako joan-etorria. Ona baten Mari Madalen Alberdi'rekin ezkondu zan Donostiko Jesus'en Biotzaren eleizan: sei seme-alaba izan zituzten. Argentina'n bizi izan ziran geien bat, Buenos Aires'en eta Santa Fe probintziko Rosario urian. Buenos Aires'eko «Laurak bat» gizartean euskal gaiak erakutsi zitun, baita «Zutik» gizartean itzaldi bero txalotuak egin ere. Emeterio Arrese'ren adiskide miña zan.
Rosario Santa Fe urian il zan 1910-5-5'an, itxura danez. Euskalerrira biurtzeko asmotan zebillen, baiña uste gaberik, etxeko eskeillaretatik jausita artutako kaskako batek eraman zigun beste mundura, 52 urtekin.
EUSKAL LANA. Bertsolari leunetarikoa zan Otaño, errai barruraiño iristen zana. Ez zuen eztarri ona; edozer kantatzen asi orduko eztulak ematen zion, diotenez, eta «katarro» deitzen zioten. Auxegatik edo, Otaño'k idatzi egin bear izaten zitun bere bertsoak. I. Unzurrunzaga'k au: «Bertsoak idatzi bearrak, bestela baiño apaiñago orraztera beartzen zion. Orrezaz gaiñera mundu asko ibillitako gizona zan eta orrek asko erakusten du. Otaño'ren bertsoak gutxitan arkitu oi diran jakin, armoni, olerki dariote ta kezka izaten naiz batzutan Pello Mari'ren zenbait bertso olerki ala bertso ote diran» (Ibidem, 6 orr.).
Bi liburu utzi zizkigun, berak argitara ekarriak:
1) Artzai mutilla (Buenos Aires, 1906). Euskal opera, Felix Ortiz eta San Pelayo'ren musikarekin Buenos Aires'en (1906'an, Eugenia Teatruan) lenengoz antzeztua.
2) Alkar (Buenos Aires, 1904). 82 orrialde. Bertso bilduma, geroago ere (Donostia, 1930) bigarrenez argitaratua. 1959'an, berriz, Zarautz'ko «Kulixka Sorta»-k 33 poesiko ale bat eskeiñi zigun, Otaño'ren bertsoz osotua.
Bi liburu auek ba-dute ezin-ukatuzko une goxoa. Alkar-en gero Pedro Mari Otaño'ren Bertsoak datozen lanak izkera garbi, errez, oparoan dagoz; biotz-ondo ta sentimentuz gilgil dauzkazu, esaterako, «Aitona giza-gaixoa», «Anaitasuna», «Aitasemeak»..., Euskera, il-zorian ikusten zuen eta itxasoz andik bizita ere, gogor eutsi nai dio. Ederki darasa Basarri'k:
O, Pedro Mari, zure bertsoak,
urrezko letratan daude,
ta irakurtzen ari geranak
ezti miazkatzen gaude.
Biotz osoa agertzen dezu zuk,
etzenduan ezer gorde;
atseden gabe lan egiteko
gure izkuntzaren alde...
Ai, Europa ta Amerikan gaur
Otaño asko baleude!
Amaika euskaldun ba dago egon ere Euskalerritik urrun! Aberri miñak esetsia zebillen Otaño. Artzaintzan arrantxu ondoan, onbu eder bat duela aldamenean. Eremu ikaragarri artan, bere erriko pago ta aritz tantaiak ditu gogoan; eta itzal aundiko intxaurra. Onbu aren sustrai gaiñean jartzean bere jaiotzetxeko intxaurpean dagola uste du gaixoak. Onela abesten digu:
Nere lagunik maitatuena
Ombu laztana, zu zera,
argatik nator zure kolkora
ni malkuak isurtzera,
iduriturik naramazula
atariko intxaurpera...
Beti izango zaitut gogoan
baiñan joan nai det ostera,
Euskal lurreko zuaizpe artan
nere ezurrak uztera.
1897'an, Oiartzun'go euskal jaietan Otaño'ren Anaitasun-Pakea neurtitzak jaso zuen bertsolarien sailleko lenengo saria.
(Ikus K. Etxegarai, Euskal-Erria, 1906, I, 236 orr.; S. Onaindia, MEOE, 405 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1955, 161 orr.; I. Unzurrunzaga, Pedro Mari Otaño'ren Bertsoak. Kulixka Sorta, 1959, 31-32 alea; L. Mitxe1ena, HLV, 133 orr.; ta «Egan», 1960, 118 orr.; S. Onaindia, Gure Bertsolariak, 1964, 23, orr.; Auñamendi, Literatura, II, 164 orr.).