5. Pierre Topet, «Etxahun»
(1786-1862)
Euskal koblakari garai onen bizi-ariaz zerbait konturatzeko, gogora dezagun aurren-aurrenetik J. Etxaide'k dioskun au: «Barkoxtar seme onengan Iparragirre'ren irudi nolabait ere, bizi nahasi, beartsu eta bohemitarrari dagokionez, zorigaitzaren edena sistatu zen bere gaztarorik xamurrenean eta etzion laga, esate baterako, bizira ekarri zun arnasak utzi zion arte» (Amasei... 37 orr.).
BIZITZA. Pierre Topet, Euskal elertian Etxahun, Gaztelondo'ko Topetia basetxean, Zubero'ko Barkoxe'n jaio zan, 1786-7-26'an. Aitak, bere antzik ez zeukalako jaiotzatik zapuztu zuen eta zoritxarra gaiñak artuta ibilli zitzaion seaskatik illobira. Amarik ez digu aipatzen bere bertsoetan, eta etzuen ezagutuko bear bada. «Bi berset dolorusik» deritzan olerkian latz eta garratz jazten du bere bizialdi osoko adurraren mergatza. Lenengo lerrotik muker ta narda-dario agertzen da aitaren kontra:
Ene persegitzien hatsarria zer zen,
Egia den bezala deiziet erranen:
Aita batek zian ogen hau bere haurraren,
Haren egiterik gabe amak nündila sorthü ükhen,
Ezpenintzeon aski jiten zeiztan primajen.
Gaztaro illuna, ziñez! Aita ta osaba baten erruz, atzerakor eta beldurti azi zan ezertariko maite-bero gabe. Biotza, alere, gaztetan berez dugu maitati, ta Piarre ere, nekazari aberatsen seme izanagatik bera, neskatx ezeuki batekin maitez lilluratu zitzaigun; gurasoak eta aitabitxik, baiña, etzuten nai Jauregiber-ibarra auzoko neskatxakin ezkontzerik, eta etxe-jabetza gabe utziko zutelako zemaiz beldur-ikaraz zekarten gaztea. Azalez beintzat etxekoen esanetara etortzearren, lanean asi zan burubelarri.
Hazi behar nun phuntin, lanin nintzan hasi,
Desprimüt nentzan lotsaz, nahiz aita trenderazi;
Osagarria, hari khausitü nahiz, benin gal-erazi:
Bizipidia gal beldürrez, hura nian irabazi!
Aita berean tinko, ta Etxahun'ek iñolako samiñez ezetza eman bear izan zion neskatxari. «Urzo apal bat» olerkian biotz-lertua dager; lurjota geratu zan gaixoa. Ona min-jariozko lerro zurbillok «Ahaide delizius huntan» deritzanetik:
Jinkuak maradika beza Gaztalondo Topetia,
Bai eta neskatila praubetan amorio ezartia!
Nik batetan ezari düdalakoz, izan niz desprimütia,
Egüzaitak egin zereitan ordeñiaren haustia.
Ondoren, Piarre'k neska beartsua utzi zuneko, neskatil aberats bat begiz jorik zeukaten Etxahunia'koak: Arritxabalet apaiz ots aundikoaren illoba, Garazi Pelento 23 urtekoa. Barkoxe'n ezkondu ziran, 1808-7-26'an. Bertsolariak:
Hogei eta bi urthik bethe egünin,
Emazte bat hartü nin ene zorigaitzin
Erraiten ahal beitüt zereki zeitan jin,
Ene ürkha büllhürra gorderik altzopin.
Laister askoan ba-zuten liskarrik; emaztearen erruz giltzape euki zuten bi illabetetan. Gerora ere, zergaiti berdiñez, sarri lo egin zuen espetxeko itzalpean. Maitale batekin zebilkion ezkontidea, eta Etxahun'ek bein, giltzapetik irten-ala, zizpa eskuan, etxerabidean itxaron zion leikideari, bertan garbitzeko asmuz. Gau itsua zalako, berak susmotan zuen Hegiapaltarra barik, Etxegoihenia'ko mutil gaztea il zuen ez-jakiñean.
Bestek eraman dik hik behar kolpia
dio errerik. Beste bein ere, buruz-buru idorotako etsaiari bota nai izan zion tirua, baiña ez zizkion berun-aleak urten su-iskilluaren oditik. Atzeman eta morroillopean zanpatu zuten. Gauzak garbitzerakoan, epailleak galde: «Zuk iltzea nai izan zenun, ezta?» Koblariak erantzun: «Bai, etzenduan au pekatu». Arrezkero, amar urte edo, antza, baitegian egiña dugu.
Geroztiko bizibidea berak adierazten digu «Ahaide delizius huntan» deritzaneko kopla erdiragarrian. Gerizpetik irtetzean, ez zeukan etxera biurtzerik, eta, gaztetan jaukitako eriotz-ordaiñez edo, erromes asi zitzaigun ara ta ona.
Izan nüzü Jondane Jaka'n, Erruma'n eta Loreta'n,
Bethi, jente hunen medioz, biz'izan niz ene bidajitan.
Orai ere abiatzen beniz leheneko ber gisatan,
Jinko Jauna, lagünt nezazü ene behar-ordietan.
Konpostela'tik eta Erroma'tik itzultzean, bietan egon zan bere etxeko ate-kisketa joten, baiña etzioten lekurik eman, kutsutua ta madarikatua bait zebillen alderrai. Bizitz-atzenean erriratu zan, eta aitortzerakoan, aitor-entzuleak itz-neurtu elizkoiak ondu bearra ipiñi zion neke-ordaintzat. Atsegin zitzaion Sarrantze'ko eliza, eta ara joanik amabostero jaunartzen omen zuen. Olatu zakar artean bizita ere, bere bertsoak darakuskuenez, oso Jainko-zale genduan barkoxtarra. Munduz mundu asi aurretik onan eskatu zion Jaunari:
Zelietako Jinko-Jauna, zuri gomendatzen nüzü,
Ezi beste lagünguak akabi ziztadatzü.
Libertate huna eta ühüriak galdürik agitzen nüzü,
Khorpitzaren gal lotsaz, mündüz-mündü ba-nuazü.
Il aurretxoan, ala ere, etxean atotsi zuten; eta bertan, eskaratzeko zizailluan, erromes erabilli zuen burusian bildurik, 1862-1-17'an il zan, 76 urteko. Barkoxe'ko iltegian datza bere illobia, sarreratik ezkerretara amabost bat pausu.
OLERKI-LANAK. Ez dakigu zoriak zer dakarkigun: gorabera oi ez bezelakoak sarri. Etxahun'ek bere zorigaiztopean olerkiak eiotzen denbora eman oi zuen; bizitzaren azkenerantza, gaiñera, jaialdi guztietara dei egiten zioten, otoz-otozko bertsoak nainun eta nainori botarik, zorrotz eta zirtolari; zer-nola guztiak arrotzen diote olermena, ta mintzo giarrez ornitzen.
Etxahun'ek alere etzuen libururik argitara eman. Baiña il zanean bertso-kuadernu asko utzi zitun. Nun dira? Erre egin zituzten etxekoak. Ergel alakoak! Gauza bakana, ala ere: aren bertsoetatik asko beintzat nekazari ta artzaien gomutamenean iraun dute oraintsu arte; bai, aoz ao ta belaunez belaun iraunaziak ditugu gaur dauzkagunak. Gutxitxo, egiaz; baiña naikoa «gure koblakariaren izena hilgaitz bihurtzeko». Ontan zoriak irriparre goxoa egin dionik ezin dezakegu uka. Barkoxe aldean kukua jo zuten beste koblakari on batzuk ene, Beñat Mardo, Aroixe, Xapelxuri, Purttau, Berho, Idiarte ta gaiñerakoak. Auenik eztu erriak ezer gutxi baiño gomutatzen, Etxahun'enak ainbat eta ainbat. Jaunak orrela nai nunbait; Erroma'ra bidazti abiatu aurretik egin zituen bertsoetan laiñoki darakus bere kantuak luzatu ditezaneko guraria.
Khantore horik huntü dütüt Uñhürritze'ko bortian,
Erruma'rat abiun nintzalarik, hoiek ezari heñian.
Hil ba'nendi ere holako bidaje lüzian,
Ziberua'n khanta ditzatzien, ene orhitmentxian.
Leia zintzo au etzan ustel geratu. Gaur euskal literaturan ditugu Etxahun'ek egiñiko poesi sozial aiek, eta ez dira sekulan galduko. Bera oroiturik abestuko dira. Lhande ta Larrasquet'ek lenengo ta J. Etxaide'k eta Jean Haritschelhar'ek gero, barkoxtar koblakariaren bertso-pilloa, len erriaren ezpaiñetan bakarrik bizi ziranak, orain oarkizun jakingarriz edertuta, liburu ederretan argitara emanak dituzte.
IRITZIAK. Asko dira Etxahun'i buruz idatzi dutenak; baiña, niretzat, J. Etxaide'k guztiotatik ederkien, berau baitugu barkoxtarraren olerki-lana ongien ikasi ta aztertu duena. Eta J. Etxaide'k dio: «Etxahun, bertsolari edo neurtizlari ez-eze, olerkari ere izan gendun eta ez nolanaikoa gaiñera, bere ahapaldietan alako giar, esakizun indartsu, maisutasun eta goi-arnasaren eragin sendo bat nabari baita».
Eta ondoren, zorikabeak olerkari egin zuela esanda gero, orela darrai: «Etxahun eskolik gabea edo oso gutxikoa gendun beñepein, baiñan alaz ere, bere ziri-bertsotan eta olerki unkigarritan, elejitan alegia, badira iñungo olerkari eskolatuarenak bezain onak, giartsuak, burutsuak, bulkoz eta irudimenez jantziak». Eskoladunak baiño izkuntza zakarragoa du, orraitio, baita arruntagoa ere. Euskal-senez eta giarrez, ordea, aiek «bezain joria edo joriagoa». Akats au ere ikusten du aren lanetan: «Bere ahapaldiak azkeneko lantzea, goxatzea, orraztea falta dute noski, baiñan bere bulkoak itz biurturik darioten ujolak biotzikan otzena ta berekoiena zirrarazteko lain dira».
Alderakizunetan asi ezkero, Orixe'k lenengo Euskalerriko Verlain'tzat jo zuen (Euskal Esnalea, 1925, 45 orr.); Pierre Lhande'k euskal elertiko Villon edo Verlain'tzat. Alderdi ontatik gure Etxahun aztatu nairik, Zaitegi'tar Jokin jaunak lan ederra eskuratu zigun Euzko-Gogoa'n (1955, 44 orr.). Villon eta Etxahun'en artean ba-dakus ark antzeko zerbait, ez ostera Verlain'gan. Villon (1431-1480) prantses olerkaria etxe beartsuko seme zan, bizi guztian zoritxarpean ibillia. Etxahun, odol-beroko zalarik ere, biotz eder baten jabe genduan; Villon, ordea, alper, mozkorti, jokolari, azpi-lapur, emakumezale, iruzurgille. Etxahun etxekoen gogorkeriak galbideraru zuen, Villon txarrerako griña soillak; Etxahun ondu egin zuen zigorrak, Villon galdu. Biak, orraitio, Jainkozale ziran, eta eleizkoi sutsuak.
Bi tankeratako olerkiak ditu Etxahun'ek: ziri-bertsoak eta eresi edo negar-bertsoak. Lenengoak gaztetan ondu zituen, eta oso zirikalari ta irudimentsu agertzen zaigu; geroago egiñak nunbait negar-eresiak, zorigaiztope arat-onat zebillela jazoak eta biozkadak gai emanik antolatuak. Biotatik ederrenak: «Oi laborari gaxua», «Gaztalondo'ko neskatilak», «Etxahun eta Otxalde», «Ahaide delizius huntan», «Bi berset dolorusik», «Maria Solt eta Kastero», «Sarrantzeko sentoralak», «Bi ahizpak», «Hiltzerako khantoriak», «Mundian malerusik», «Ahargo eta Kanbillu», «Urz-apal bat», eta abar.
Ederki egiña du bertsogintza. Neurriz utsik doi-doia. Itz oskideak polito metatzen ditu, neke aundi gabe. Bertso laburra du geienik, ebakia, edadura larregi gabe, itz-laburpenak ugari, bere jaioterriko esaerak eurrez edarazten dizkigu. Eskola gutxikoa zalarik ene, ba-zekian bere ideia ta irudikizunak oso ederki jazten, esaera mamitsu, unkigarri ta biziz apaintzen.
Etxahun'ek olerkaritzat zeukan bere burua. 1853'an euskal jaiak Urruña'n, Abbadie jaunak eratuta; jai auetan bazan olerki-sariketa ere; 37 lan aurkeztu ziran, eta B. Zelhabe 24 urteko gazteak eraman zuen len-saria, ta «Garaztar batek» bigarrena. Au zan gaia: «Montebideorat joaten diranak». Etxahun'ek ere bialdu zuen berea: «Montebideorat juailiak»; baiña etzioten saririk eman. Samurtu zan mai-buruko egin zuten apaizen kontra batez ere, ots, Larralde, Diustegi ta Hiribarren'en kontra, eta «Bi berset horiez» deritzan poema ausart gazia oretu zuen.
Etxahun doakabearen lana aztertu ez-ezik, aren zorigaitza gaitzat arturik liburu ederrak idazki dituztenak ez dira gutxi: J. Etxaide'k «Joanak joan», P. Larzabal'ek «Etchaun» sei gertaldiko ikusgaillua, P. Espil'ek «Etchahun», eta abar osatu dizkigute; eta besteak beste, R. Gallop, R. Lafon, M. Godinot, A. Irigarai, Aita Iraizoz, Orixe, Zaitegi, L. Dassance, G. Epherre, Picochet, J.M. Donosti, P. Lhande ta Larrasquet, Haritschelhar eta beste batzuk zuberotar olerkariaren lana aztertu ta sailkatzen saiatuak dira. A. von Chamisso (1781-1838) olerkari ospetsuak ere, poema bat ondu zuen: Des basken Etchahon's klage Etxahun euskaldunaren deitorea, Iraizoz'ko Polikarpo aitak euskeraztu ta «Yakintza» aldizkarian (1935, 347 orr.) argitara emana.
(Ikus P. Lhande ta J. Larrasquet, Le Poéte Pierre Topet dit Etchahun et ses oeuvres, Baiona, 1946; S. Onaindia, MEOE, 421 orr. eta Gure Bertsolariak, 255 orr.; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 37 orr. eta Etxahun'en Bertsoak gipuzkeraz, Zarautz, 1969; L. Mitxelena, HLV, 115 orr.; L. Vlllasante, HLV, 166 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 618 orr.; Jean Haritschelhar, L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, Bilbao, 1970).