literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.366 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

1.— Felipe Arrese ta Beitia

(1841-1909)

 

        Gizaseme batzuk badira, urteen gurpillak millaka arantz-onantz egin arren, gogotik joaten ez zaizkigunak. Beren egipenak luzarazten dute olakoen oroitzaren aria. Ta oietakoa dugu ezpairik gabe Otxandio'ko Arrese oleskaria. L. Mitxelena'k onela: «Ezaguna da gure artean Arrese ta Beitia...: zenbait bertso beintzat, gutxi bederen, buruz dakizkigu geienok. Biotz sutsu aren garra ezta oraindik illaundu» (Egan, 1957, 117 orr.).

 

        GIZONA.— Txit ezagunak dira aintziñatik Otxandio'ko untzak. Araba ta Bizkai muga-mugan daukagu erri ospetsua, Anboto ta Gorbea mendien begipean. Ementxe jaio zan Arrese 1841-5-25'an. Andres ta Tomasa, bere gurasoak. Amairu urte egin zitunean Gazteiz'era joan bear izan zuen, an Markos Ordozgoiti maixuakin marrazkigintza (dibujoa) ikasten. Andik laster, maixuak, mendean zitun ikasleai poztasun pixkat ematearren, jartzen zizkien sariak, ia geienak, Felipe'k jasoten zitun; lagun batek bein, ori zala-ta, otxandioarrari autsak aterateko asmua artu zuen. Augatik edo, etxera biurtu zan Arrese eta arrez gero, bere aita arotzaren ondoan eman zuen, olerkari ta santugin, bere bizitzaldi guztia. Azkenengo karlatar gerrateko iru urte —1873-76— Donostia'n egiñak izan ezik, bere errian bizi izan zan beti.

        Ogetamar urte zeuzkalarik Azkoaga (Aramaio) erritxoko alaba Anjela Bengoa'rekin ezkondu zan, eta sei seme-alaba izan zituzten: lau gazterik il zitzaizkien, Luzio ta Puri, berriz urte luzeak artu zituzten. Erriarentzat santugiña zan Felipe, ta izan ere santu-irudi asko ditu bazterretan: Otxandio'ko elizakoak, zurezkoak beintzat, bereak ditu, eta Durango'n, Oñati'n, Gazteiz'en eta abar ere ainbat dauzka. Donosti'ko egotaldian argintzari ekin zion, eta ango Ikastetxe zarreko (gaur Bidai ta Urrutidazki-Biltoki) karel edo goi-ertzetako euskotar gizon famatuen iduriak zizelatu zitun, baita iltegi zarrerako ainbat obi edertu ere. Nolako artista ote genduan arlo orretan? Naikoa ona, itxura danez; baña, txibizkeriz edo, emen ingurumari ainbat aldare berriztu zitun durangoar Saturnino Basoa'k esaten zidanez, Arrese'k pikondoz egiten omen zitun bere santu-irudiak.

        Oso maitatua zan errian; edonori laguntza eskintzeko beti prest zegoelako, batez ere. Karta bat idatzi bear zala, ilburuko bat aurrera atera, ondasunak banatu, mesede bat eskatu naiz beste antzeko gauzaren bat egin, Arrese'gana jo oi zuten Otxandio'ko seme-alabak. Eta, edonork ulertzekoa da, edu ontako gizasemeak nolako on-iritziaren jabe izaten diran errietan. Kristau legean ere bete-arteza genduan Felipe, bere olerki-lanetatik ondorendu dezakenez. Eliz-kantak ez-ezik, bestelakoak ere, goi-ixuriz gaiñezka dauzkagu, ezti abaua legez.

        Eta auxe, fede-batasuna nai zuen euskaldun guztientzat. 1880'an Maule'n sariztatu zioten «Bizi da ama euskera» itz-neurtuan, onela kanta zigun:

 

                Neure anaiak, bat izan beti

                   Euskeldun siñiskeretan;

                Bat izan geure uste, eretxi,

                   Gogo eta asmuetan;

                Fede bizi bat baldin badogu

                   Biotz eta arimetan,

                Bakez oraindik biziko gara

                   Mendi, atx eta ibarretan.

 

        TRUEBA, ETXEGARAI.— Garai artako euskaltzalerik geienakin artu-emana izan zuen. «Euskal-Erria», «Revista Euskara», «Euskalzale» eta «Ibaizabal» ziran orduko aldizkariak; guztiotan idazten zuen Arrese'k. Eta oien artezkariak ezagun eta maite zitun: Manterola, Arzak, M. Soroa, Lopez-Alen, Artolatarrak, Azkue, Kirikiño, Txomin Agirre, Kanpion... Menéndez y Pelayo'k ere iñoiz agurtu zuen eskutitz ederrez, baita Pardo Bazan andereiño idazleak zorionak eman zizkion. Bidasoa'z andik ere ba-zuen adiskide on euskaltzale jator bat: Duvoisin kapitaina. Ederki alkar artzen zuten idazkiz, eta askotxo dira kapitainak Arrese'ri egindakoak. Berak itzuli zitun prantsesera Arrese'ren olerki sarituak; onela dio 1879-8-25'an izenpetutako idazki batean: «Guziagatik zure eresia atera da mila kopiatan eta gero «La Semaine» Baionakoan 1500 kopiatan, frantsesezko biurtzerakin batean». Beste izkuntza askotara ere itzuli nai izan zuen Ama euskeriari azken agurrak olerkia; ona bere itzak: «Nahi ginduke ezarri elkarri bekoz beko Eskera, Española, Frantsesa eta Angelesa, goan dadin Europa guziko gizon argituetara». Ta gerora, iñun olerki gudurik bazan, beingoan iragarten zion, bertarako zerbait idatzi zezan Arrese bizkorturik. 1891'an, Ziburu'n il zan Duvoisin kapitaina, ta Arrese'k, adiskide samur antzo, amalauko gozo bat idatzi zuen aren azken-omenez.

        1909-1-16'an il zan Arrese, 65 urtekin. Bertso bipil berotan euskal erriari arnasa ematen lerrenak egin zitun oleskariaren gomuta etzan bertatik griñik-ezaren zuloan erori. Aren poesi-lanak, gaur ere, irakurriak dira. Omenaldiak, ordea, maiz izan ditu; oietariko bat, euskal erriko idazlerik oberenak esku arturik, 1930'an, Otxandio'n bertan egin zitzaiona dugu.

 

        ZERK EGIN ZUEN ARRESE EUSKAL OLERKARI.— Lendik ere esana gelditu da: emeretzigarren gizaldiaren erdirantza ba-zan euskal lurrean liskar, azantz eta ezin-aiturik! Ez zijoazten nasaiki Espaiña'ko barne-arazo ta auziak, eta pitean bein sortu oi ziran eztabaida ta iskillu-otsak: 1873-1876 bitartean, adibidez, karlistak eta liberalak gordin ere gordin burrukatu ziran alkarren artean.

        Gure erriak, iñork baiño latzago jokatu zuen garai artan, eta On Karlos'en alde jokatu ere. Norbaitek galdu bear eta karlatarrak galdu zuten. Eta, anai arteko burruka ta galtze ori zirala-ta, a nolako astiñaldia izan zuen euskal erri osoak! Ordurako ere naiko murritz zeuden euskal legezar eta eskubideak, osoan ebaki zituzten garailleak: Cánovas del Castillo gobernuko nausiak —1876-7-21'an— gure foru ta lege zarren ondar guztiak suntsi-azi zituan. Karlisten sailleko askok, jakiña, etzuten begi onez ikusi murrizte au; eta orduko euskaldun zintzoak ditugu, bakoitzak al zuen giñoan, euskeraz ta erderaz, galdutako lege zar aien faborez zorrozkiro ots egin zutenak.

        Ogetamar urte zituan Arrese'k orduko. Gerra aldiko gorabera askoren testigu izan zitzaigun. Baita ikusi zuen alkar-jote susterrik gabeko orren amaia. Alderdi bitan zatiturik zebiltzan euskaldunak ordu negargarri oietan. Zer uste zuten? Zeren billa zijoazten? Au ezin zuen, ezertara ere, eraman Arrese'k; euskaldun zurrian, pakezale zan, eta anaiak anaiengandik bananduta ibiltzea ezin eramana zerizkion. Jakingarria dugu ontan 1898-10-2'an Azkue zanari egiñiko kartan dioskuna. Ona puska bat:

        «Amorebieta-ko konbenioa egin zanean erretirau nintzan karlisten partidutik, eta geiago beti predikau izan neban bakean egoteko, Foruak galdu gura ezpagenduzan; esan eta egin galdu artean etzirean geratu; alan etorri zirenean zorigaiztoko egunok gure Erriagana nire biotzak mingoztasun asko iruntsi ebazan, alderdi bietako jenteagaitik, enebalako ikusten bitzuetan soberbia baño; danak egin eben ondo euren gerrea euren miñean; baña nire biotzean ez; eta neure artean esaten neban, ez ete dago euskaldunik euskaldun gauzak maiteago dabezanik erdaldunak baño?

        »Aldi artan nik eneban iñor bere ikusten inguru onetan. Alan, bada, zelan neure etsigitasuna izan zan ordurako bere bertsoak ipintea inprentara emon ezarren, 1879'ko udabarrian gogoak emon eustan eresi bat egin bear nebala illetatsu edo negarrezkoa, iñok egiten ez eban ezkero. jaungoikoagana biotza jaso, ez ezkerra ta ez eskumara begiratuta, bakarrik gora eta geure izkera ta Arboleagana, asi nintzan ipinten Ama Euskeriaren azken agurrak» (Euskera, 1957, 311 orr.).

        Donostia'ko «Aires Bascongados»-era bialtzeko asmoz egin zituan, baiña alan-bearrean Elizondo'ko euskal jaiak iragarri ziran egun gutxi barru ta araxe bialdu zuen bere bertso-sail ederra, euskaldunen biotz-muiñean egiazko sentimentu abertzalea sartzearren egiña. Euskaldun danen batasuna opa zuen; ortantxe bakarrik zekusan berak Euskalerriaren salbabidea; guztia galdua zan, bestela: euskal legeak eta euskaldunen mintzaira. Igarle goi-argitu ez ote genduan?

        Gizon batek —ala-ala, erri batek— zoritxarpean baldin ba'dakus bere burua, dauzkan indarrak bateratu ta bizi-naia adierazi oi du. Etzun nai ilterik Arrese'k, ezta bere erria ilda ikusterik ere; beraz, bizi-naia ta olerki-sena odol-bultz berdiñean naasirik, deadar zulagarria bota zigun lau aizetara; tantai bezela jaiki zan erriaren egoera estu mingotsa kantatuz: asieratik saiatu zan «bide-gabekeriaren irudi txepela begietatik urrintzen, nainon agiri zan ezin-ikusi aula, indar lotsagabea, zigor abere taiuzkoa, eskubidean auste mingarria arinduten».

        Ekaitz gogor ostean zugatz buruak oi duten bezela, Euskal-Erriak, garailleen zigorpean aul negar egin gaberik, berriz ere burua jaso ta, denak bat, naiz ekonomi-bizitzari naiz kultur-bizitzari bekokia ematen alegintzea nai zuen biziro. Kikiltzetik ez bait-dator ezer onik.

 

        ARRESE'REN EUSKAL LANA.— Zeukan lanbideko asti-uneetan liburuak irakurtzeari emana zebilkigun gaztetatik, eta olerkiak irakurtzen zitun batez ere; gaur oraindik bere sendikoak gordetzen duten liburutegian, beste askoren artean, olako bitxi batzuk agiri dira, gaztelar olerkarienak bereziki. Idazten ez dakigu noiz asi zan, baiña ziur asko gaztetatik ekingo zion orri ere. Olerkari bezela 1878'an, Elizondo'ko euskal jaietan agertu zitzaigun, eta arrezkero ogei bat bider beintzat saria jaso zuten bere poesi-lanak: Elizondo (1878), Donosti (1880), Maule (1880), Irun (1881), Bilbao (1882), Markina ta Ondarribi (1883), Iruña ta Donosti (1885), Arantzazu (1886), Durango (1886), Gernika (1888) —Unamuno'k emen irakurri zuen, abots argi ta zoliz, Arrese-Beitia'ren olerki saritua, Gure Bandera deritzana—, Gazteiz (1888), Yurreta (1891), Maule (1896), Senpere (1898), Zumarraga ta Aramaiona (1899).

        Ona bere lanik beiñenak:

        1) Ama Euskeriari azken agurrak (1879), Iruña'ko «Revista Euskara»-n.

        2) Bizkaitar zarrak eta erromatarrak («Revista Euskara», 1883). Trueba'k erderazko bertsotan jarri zuen.

        3) Diccionario Manual Bascongado y Castellano y elementos de Gramática (1884). VIII-112 orrialde. Astigarraga'ren iztegia bizkaireraz atonduta.

        4) Ama Euskeriaren Liburu Kantaria (Bilbao, 1900). 496 orrialde. Lendik «Euskal-Erria»-n eta «Euskalzale»-n argitaraturiko olerkiz ornitua. Artur Kanpion'ek jarri zion itzaurre luze bat.

        5) Asti-orduetako bertsozko lanak (Bilbao, 1902).

        6) Olerki Sortatxua (Zornotza, 1930). 62 orrialde. Amasei olerki datoz.

        7) Olerkiak (Zornotza, 1933). «Jaungoiko-Zale» bazkunak osotu zuen txorta au. Beronen asmoa naiko zabala zar: Arrese'ren olerki guztiak argitaratzekoa. Lenengo aleari itzaurrea ezarri zion Jon Kurutz Ibargutxi apaizak onela: «Arrese-Beitia'ren olerkiak barriro argitaratzeko asmoa artu dabe aren seme-alabak. Asmo ederra, bein! Urietako zeietan giza-gurenen gomutaz jasoten diran irudiak, gomutaki illak izan oi dira. Agoa bai ta itzik ez dagie». Lau idaztitan agertzeko asmoa zeukaten, baiña lenengoa baiño etzuten atera.

        8) Olerkiak (Bilbao, 1956). Asmo berdiñez su-garturik, neronek egiña duzu argitalpen au. 688 orrialdeko liburu eder baten, aren iru olerki-idaztietako danak batu ta sartu genitun. Baiña baditu oraindiño geiago ere «Euskal-Erria»-n eta «Ibaizabal»-en; azkenengo ontan ogei bat ba-dagoz beintzat oraindik liburuetan bildumatu gabe. 1903'an, Arana il zanean, ari unkitua lez du Gure Eguzkia amatau da!, deritzan 19 ahapaldiko poesi arnas aundikoa.

        Bederatzi zatitan banatu nitun nik Arrese'ren olerki-sorta gertatzerakoan. Ona: I. Kantu errikoiak: ederrenak nunbait, askoren ustez. II. Lirika kantuak: bere lira zuen aldean, eta onen ariai atzez ikuturik egiñak ditu Arrese'k bere neurtitz mazalak. III. Gora kantuak: eder zaigu gizaseme gurenak txalotzea. IV. Amalaukoak: Lope de Vega, Quevedo, Shakespeare ta olakoen maillara ezta iritxiko bear bada, baiña poliki egiñak ditu 35 bat. V. Eliz kantak: erromantikuen bidez ibillia dugu Arrese, ta goitar gaiak abestean ere, oparo askatzen ditu irudimenaren egoak. VI. Alegiak: alegi ta ipuietarako etzan iñoren arrobira gai billa joan; otxandioarrak, geienak beintzat, bere-bereak ditu azal ta mami. VII. Ipuiñak: errian bazan trakets edo griña txardunen bat, santugilleak laster jipoia berotuko zion. VIII. Irakurgaiak: askotariko gaia dute auek. IX. Erderatik euskeratuak: Zorrila, Karo, Herrera, Valbuena ta olakoen lanak itzuli zitun. Augatik edo, Fray Luis de León, Becquer eta antzekoak barik, beste oiek itzuli zitulako, L. Mitxelena'k au dio: «Egia esan, poesirako baiño retorikarako ixuri geiago zuen. Ezta ikusi besterik zein olerkari euskeratu zituen». Baiña, beti bezela, aren olerkiz iritzia emateko, obe litzakigu garai artako poesi-tira ta joera aurrez gogotan artzea. Ta orduan ezingo duzu esan Arrese egiazko lirikua eztanik. Poesi lirikua, zer ote dugu? Alan nai onan, norbere izate barruko sentiera ta zauskadak adieraztea, bakoitzak bere barne-mundua kantatzea; ez dugu besterik. Ta au bakoitzak egin oi du ondoen dagokion, edo-ta modan dagoen, tinko naiz itz-ontzi, piko ta joeran.

 

        IRITZIAK.— Aurrera egiteko jaioak gara gizonok; aurrera kultura saillean, edo zibilizazioan. Eta kulturaren zati bat, ez dugu besterik, literatura ere. Guk ba-dugu, poesian batez ere, tradizio bat, gaur ere oraindik, bertsolariak eta mugaz andiko olerkariak, naikoa ondo zaintzen dutena. Tradizio ortatik zerbait saiestuaz ibilli zitzaigun Arrese ta Beitia. Geroztik laster, Arana-Goiri, Iñarra, Tolosa'ko Arrese ta ondorenguak ibilliko zitzaizkigu bezela. Adimen zorrotza, irudimen bizia ta biotz kilikagarria erakutsi zuen otxandiotarrak bere lanetan; eta gauzak esateko ganora. Doai auengatik, ziur asko, orduko euskaltzale jakintsu guztiak txalo-zartaka goratu zuten.

        A. Kanpion'ek onela: «Olerkari gorengoa dugu Arrese, baiña euskal olerkaria gero, ta aberri-miña kantatzen, nik uste, iñor baiño euskaldunago. Eskuratu bere olerki ederretatik edozein, ta euskal erriaren muin gartsua ta azal islatsua bertan aurkituko dituzue. Foru-zale da Arrese, ta onek ematen zizkigun eskubideak ilda ikustean, eurok negartzen ditu, malko jario; Jaungoikoa maite du, ta Aregana biotza jasorik, Aren lege jakintsuak goratzen ditu, Aren egiñen osotasuna abestu; gizon ona duzu, siñismen bizikoa, ta erlijiozko ezkutapen aundiak gogora dakartzi».

        Duvoisin kapitainak: «Zure burutik atera da, jaun maite-maitagarria, eskara zaharrak duen eresiarik ederrena». Eta beste eskutitz baten: «Zuri erakusteko, jauna, zeinbat ederresten, miresten eta prezatzen ditudan zure bihotz-jauzi herritarrak, bidaltzen darotzut ene iduri iguzkin egina, begira diozozuntzat, adiskide baten arpegiari bezala» (1879-7-11).

        L. Mitxelena'k: «Biotzondoa badu, izkuntza aberatsa ere bai; egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskeraz geroztik agertu den zer berezi ori, falta zaio». Eta ondoren: «Esandakoak eztu beeratzen ez gutxiesten. Retorika jatorra du, goitarra, biotz bero batek indartua. Eta euskera eder, sendo eta ugarian mintzatzen da beti. Izkuntzaren aldetik badugu, beraz, zer ikasi Arrese'gan, eta beste batetik ere bai. Bertso orietan dauzkagu bilduak garai artako gogoeta, kezka, asmo eta burrukak, euskaltzale gartsu batek ikusiak eta adieraziak» (Egan, 1957, 118 orr.).

        Azkenez, aitor dezagun argi: poesi-zale zan Arrese umetatik, amaren sabelean edoski zuen griña indarrez. Erti-lanak egikeran ez zuen musaengana jo bearrik, argi-billa nunbait; gogo baitan zeraman naikoa kopla zoragarriak eiotzeko. Egia da, ikasiz ere asko piztazi zuen bere irudimena, Liburu santuak irakurriz geien bat. Osterantzean biotza zan beretzat iturri jori ta apartsu. Iparragirre ta Arrese bi erri-igarle ditugu, beren garaikoen naikari ta opa biziak kopla gartsuetan gorputz egiñik utzi zizkigutenak.

 

        (Ikus B. Larrakoetxea, Euskal Esnalea, 1926, 167 orr.; S. Onaindia, MEOE, 288 orr., Olerkiak, Bilbao, 1956, itzaurrean eta Gure Bertsolariak, Bilbao, 1964, 238 orr.; L. Villasante, HLV, 282 orr.; L. Mitxelena, «Egan», 1957, 117 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E. V., 1952, 188 orr.; Auñamendi, II, 115 orr.).

 

Bilaketa