literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

37.— Antonio Maria Labaien Toledo

(1898-....)

 

        L. Mitxelena'k beiñola: «Labayen jauna eraberritzeko gogoz euskal teatroan agertu zen ezkero —eta aspaldixko agertu zen, emen bere lanen berri laburrean ikus ditekeanez—, eztu utsik utzi aurreneko artan artu zuen leku jasoa. Patxadan, itobearrezko presarik gabe, aurrera darama asieran artu zuen asmoa, gero eta trebeago, gero eta maixuago. Eztie berritasunei ez berrikerieri muzin egiten, baiña eztu uste aize berriei atea zabal-zabalik irekitzeaz geiegizko irabazirik izango gendukeanik. Leialki dabilkio ondotik atzoko teatroari, atzokoa ez ezik, gaurkoa eta betikoa ere delakoan. Eztabil oker noski» (Egan, 1962, 46, 308 orr.).

 

        GIZONA.— Tolosa, beiñola Gipuzkoa'ko uriburu izana ta gizaseme jator askoren seaska, ederki nabarmentzen zaigu euskaltzaleen artean ere. Ementxe jaioa da Labaien jauna, 1898-1-12'an.

        Bertoko Eskolapio ikastetxean egin zituen len-ikaskizunak, gero Zaragoza'ko Komerzio Eskola Nagusian amaiturik goragokoak. Ondoren, sendian zeukaten —eta daukaten— industrian asi zan lanean, orrela jarraiturik 1936' garreneko gudateraiño. Guda txinarrak etzaizkion bat ere gogoko, ta aietatik iges egin naita Lapurdi'ko Sara'ra jo zuen bere sendiakin, zortzi urtean berton bizi izanik. Ekaitz tximista-laiñoak zerbait ematu ziranean, berriz Tolosa'ra. Eta emen dugu geroztik, urteetan aurrera joanagatik, beti euskal arloko zer-edo-zer esku artean duela. Euskal gauza ta erdal izkuntzetaz zaletua.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Euskera jagon eta jasotzeko egin duen lanagatik, antzerki-alorrean batez ere, guztiz aintzagarri dugu Labaien. Euskerazko lenengo lanak 1918'garren urtean argitaratu zituen orduko egunkari ta aldizkingietan. Donostia'ko «Argia» asterokoa izan zan aren idazki luzetxeagoai leku eman ziona. Beste zenbait lanen artean ibillaldi baten artikulu-sailla «Bidez-bide» izenpean, Baiona'tik Bilbao'ra bitarteko txangoa erriz-erri kontatuaz. Humboldt'ek joan dan gizaldian egiña zuen antzekoa.

        «Argia»-k ba-zuen bere «Egutegia», urte mordoan antolatu zuena. Atal batzuk eman zituen or ere Labaien'ek; guztietan aipatuena «Aralar» zeritzan lana, mendi-kate ta bazterren berri zeatz eta edergarriak bildurik. Lan ori norbaitek gaztelera biurtu zuen, eta ondoren, katalanera itzuliaz, «Centre Excursionista»-ko aldizkarian agertu zan. Garai aretako «Pyreneica», Tolosa'n ateratzen zanean ere, arki ditezke L. Ayanbe'k izenpetutako artikuluak. Esan dezagun, bada, Labaien'ek «L. Ayanbe», «Ibalan», «Etxekorena», «Aspaldiko», «Ibargi», «Matxingorri», ta abar, erabilli ditu lanak izenperatzean.

        Orretzaz gaiñera, 1930/1936 urte bitartean «Yakintza» aldizkarian naiz euskeraz eta naiz erdieraz idazlan asko azaltzen ditu zer-nai gaiez. Guda gandua gaiñ erorita gero ere etzan lan egitez gelditu: Sara'n zegoelarik ainbat lan osotu zigun. «Gernika» aldizkarian aren lanak agertzen dira. «Euzko-Gogoa» erbestean jaio ta kozkondutako aldizkarian aurrenetako lankide azaltzean zaigu, ta berton irakur ditezke aren lan mamitsu ta umotuak bai antzerki eremuan eta beste gaietan. «Egan», «Karmel», «Olerti», «Zeruko Argia», «Agur» eta olakoetan ere takian takian ikusi dogu aren izena edo izen-ordea. Labur: aren lan jator eta itzulpenak mordoka dira.

        Ona, antzerkiak alde, liburu bezela eskeiñi dizkigun lanak:

        1) Tajuz eta zentzuz (Baiona?). 36 orrialde. Pernando Etxekorena goitizena darabil.

        2) Filosofiazko Jardunak.

        5) Elizanburu (Donosti, 1955). Escelicer etxeak argitaratua. Lendabizi «Egan»-ek emana (1955, 1-2, 23, orr. ta 3-4 orr.). Lapurditar olerkari aundiaren bizitza ta lanak deritzan biografi idaztiñoa da, 31 orrialdekoa. «Gure Herria»-k gero xeetasun ugariak erantsi dizkio lan orri saratar poetaren zernola guztiak osatuaz.

        4) Euska1 Antzertiaren edestirako apur batzuek (Tolosa, 1933). L. Mendizabal'enean. 18 orrialde.

        5) Compendio del poema «Euskaldunak» de Orixe (Zarautz, 1950). Itxaropena'k irarrita. 222-XV orrialde. Orixe'ren poema dalakoaren bilduma euskeraz ta erderaz gaia xeatuaz errez ta argi ematen digu.

        6) Escenas papeleras (Zarautz, 1947). Idazlan asko azaldu ditu or-emengo aldizkarietan ain euskaldun dugun paper langintza gaiez. Bide-urratzaille ederra, benetan, gure ingi-gintzaren kondairarako.

        7) Sasi-batasuna (Tolosa, 1975). Gaurko euskaltzale gazteak artutako joera ez da, bere ustez, gari garbizko joera, euskera idatziari buruzkoa noski. Orren aurkako idaztiñoa duzu au.

        6) Teatro Euskaro (Donosti, 1965). I alea.

        9) Teatro Euskaro (Donosti, 1966). II alea. 190 orrialde. «Auñamendi» bildumak Zarautz'eko «Itxaropena» irarkolan argitara emana. Lenengo liburuan euskal antzerkiaren edestia ariltzen duen bezela, bigarren ontan ark or-emengo aldizkarietan euskeraz ta erderaz azaldutako lan-atalak damazkigu. Gai orretan biak oso baliotsuak.

        10) Teatrogintza eta Yakintza (Zarautz, 1973). «Kuliska Sorta», 77. 144 orrialde. Iru atal ditu liburuak: lenengoak, Agar'en seme Ismael deritzan Anzerti-lana, 1970 urtean «Agora» Teatru-saria irabazitakoa, 1971-3-28'an lenengoz Urnieta'ko «Egi-Billa» taldeak antzeztua dakar; bigarrenak mintzaldi bat, ots, Aspaldiko teatrozale bat oraingo teatroaren aurrean, egilleak, 1965-9-25'an Donostia'ko Erri-Liburutegian emana eta «Egan»-ek 1966'an argitaratua; irugarrenak saiakera bat, ots, Teatroa erbeste ta gurean, aurkezten digu. Liburu atsegiña, teatru zaleentzat.

        11) Muñagorri eskribau, pakegille ta fuerozale (Donostia, 1976); M. Lekuonaren itzaurrearekin. 442 orrialde.

        12) Teatro Osoa (Bilbao, 1977). Retana'k aurten argitaratu dizkio antzerki-lan guztiak, ale mardul bitan.

        Arruntenik artu oi dugun dei berezi ortaz kanpo, beste apeta naiz ekardura txikiren bat ere izaten dugu geien batez geure barrunbe ixillean. Labaien'ek ere bai: musika griñak joa ibilli zaigu, ta BAP aldizkarian adibidez zenbait saiakera emanak ditu gai orretzaz: «Mocoroa, apóstol de la Música», «Situación de la Música», «Iparraguirre», «Variaciones sobre el mismo tema», ta abar.

        13) E1iezer igarlea. Ebreo izkuntzaren Pizkundea. (Gazteiz, 1977), Kardaberaz Bazkunak. 25 orrialde.

 

        ANTZERKIGILLE.— Baiña aitatutako lan guztiak gure elerti ta kulturazko edozein gaiez siñalagarri bai ditugu ere, A.M. Labaien arretaz eta gogo bereziaz Euskal Teatro langintzari lotua bizi izan da. 1921'garren urtean Donostia'n «Txinparta Buruzagi» komeria sariztatu zioten, bereala «Kaiku» aldizkariak argitaratu zuena. Arrezkero, ea etengabe antzerki-lanak sortu ta argitarazten joana dugu, bidenabar sari asko irabaziaz. Aren izena orrela antzerkigilletzat ezagutu ta txalotua izan da.

        Eta nola ez? 1932'an ark sortu zigun Antzerti, euskal Antzertiaren illerokoa, guda garaia tarteko izan ezpa-litz, gaur ere bere arloan ari izango zana. 54 zenbaki agertu ziran, zein baiño zein teatro-lan bikaiñagoz agertu ere. Ibalan'ek aldizkari artan bereak eta iñorenak ager-azi zituen, antzerki-giroa goren-mailla'raiño jasorik.

        Ona bere lan-erreskada galanta:

        1) Txinparta Buruzagi (Donosti, 1921). Komeria ekitaldi bitan. Donosti'ko Udaletxeak 1920'an eraturiko batzaldian sariztatua.

        2) Ostegun gizena (Tolosa, 1930). Navarro, Del Teso y Cia. irarkolan. 16 orrialde. Umeentzako ekitaldi bateko antzerkia, saritua.

        3) Euskal-Eguna (Tolosa, 1931). Lopez Mendizabal'enean. 62 orrialde. Iru ekitalditan, Iztunde Akademiak sariztatua.

        4) Maya (Tolosa, 1932). Ballet. Andre «Maya» erregiña. Lopez Mendizabal'ek, «Antzerti», 2'en eta 3'en zenbakia. 3 orrialde.

        5) Mateo Txistu (Tolosa, 1932). Lopez Mendizabal'enean, 26 orrialde. «Antzerti», 4'en zenbakian. Egintza bakarra.

        6) Iparragirre (Tolosa, 1933). Lopez Mendizabal'enean. 46 orrialde. Bi ekitaldi ta azken-zati dun antzerkia.

        7) Berezi (Tolosa, 1934). Lopez Mendizabal'enean. 8 orrialde. Henriette Charasson'en «Separation» parantzeraz idatzitako antzerkia, euskeraz. Ekitaldi batekoa.

        8) Irri-itzaldia (Tolosa, 1934). Lopez Mendizabal'enean. 6 orrialde. Eztaietarako. Antziñako «Joyeux Sermon de Mariage» batetik euskeraz. Bertsotan.

        9) Gizon bizarpeituti eta Emazte bizartsuti... (Tolosa, 1935). Lopez Mendizabal'enean. 23 orrialde. «Antzerti», 43'en zenbakian. Bi ekitalditako jostirudia.

        10) Iruñxeme (Tolosa, 1936). Iru ekitalditako antzerkia. Lopez Mendizabal'enean. 56 orrialde. «Antzerti», 53-54 zenbakian. «E.B.B.'ko lendakari agurgarri Ziaurriz'tar Dorota'ri Iruña'n 1935 garagarrillaren 30'n ospatutako Aberri Egunaren oroiz Egilleak».

        11) Muga (Baiona, 1954). Darracq'en irarkolan. «Eusko Jalzintza»-n, 1951, V, 293 orr., ta 1952, VI, 194 orr. 16-XIII orrialde.

        12) Lurrikara (Guatemala, 1955). «Euzko-Gogoa», 1955, VI, 115 orr. Lau ekitaldikoa.

        13) Jostuna (Baiona, 1956). «Euzko-Gogoa», 1956, VII, 20 orrialdetik aurrera. Bi ekitalditan, neskatxa bakarrentzat.

        14) Petrikillo (Donostia, 1956). «Egan»-en, 1956, 3-4, 112 orrialdean. Ekitaldi bateko irri-antzerkia.

        15) Jokua ez da errenta (Zarautz, 1960). «Kuliska Sorta»-n, 41-42. Itxaropena'k irarria. 159 orrialde. Iru ekitaldiko komeria.

        16) Galtzaundi (Donostia, 1961). Ekitaldi batekoa, gizonezkoentzat. «Egan»-en dator.

        17) Malentxo alargun (Tolosa, 1962). «Auspoa» bilduman, 17'garrena. Iru ekitalditako antzerkia.

        18) Bai esalea, Ez esalea (Zornotza, 1963). «Olerti» bilduman dator. A. Brecht'en «Der ja sager and der Nein sager», euskeraz.

        19) Gizona ta Kidea (Donosti, 1963). «Egan»-en daukazu. F. Dürrenmott'en «Der Doppel-beanger», euskeraz.

        20) Neskatilla Ezkongai (Donosti, 1964). «Egan»-en au ere. Ionesko'ren «La jeune fille a marier», euskeraz.

        21) Su ta gar (1965). «Les assureurs», euskeraz.

        22) Domenjon de Andia (Zarautz, 1965). «Kuliska Sorta» bilduman, 58'garren zenbakian. Iru ekitalditako antzerkia.

        23) Su emailleak (1966). Max Frisch'en «Die Brandstifter», euskeraz.

        24) Pestaburu (1967'ko «Orixe» saria).

        25) Perretxiko jatea (1967).

        26) Lapikoa (Zornotza, 1969). «Olerti» bilduman. Plauto'ren «ulularia», euskeraz.

        27) California... Ku-ku! (Zarautz, 1969). «Kuliska Sorta»-n, 69'an.

        28) Agar'en seme Ismael (Zarautz, 1973). «Kuliska Sorta» bilduman, 77'garrenean. 52 orrialde.

        29) Mesner. Rouseau'ren «Le devinder village», euskeraz. Argitara gabe.

        30) Bastian eta Bastiane. Argitaratu barik.

        Zerrenda au naiko ezpalitz, eta antzerkigille egikizuna, Teatruari buruzko kritika lan anitz burutuak ditu, esan dugunez; baita zenbait itzaldi emanak ere, «Antzerti»-n, «Yakintza»-n, «Egan»-en, «Euskera»-n eta olakoetan argira ateratakoak. Gaur ala ere teatro gaiezko lanak utziaz joan dala dirudi. Nik orain bost bat urte geiago etzuen egiten, galdetzen nion karta batean; eta arek erantzun: «Azken urteotan giro galgarria sortu bait da gure artean. Euskaltzale gazteek artutako joera ez zan egokiena gure euskal kulturarentzat. Beste-ekintza bideak, bortxa, indarkeria ta iraultza bera gogokoago zituzten eta atzera arazi dute euskal teatroaren aurrerapena. Azpi-jan eta bekaizkeria ere ez dabiltza aien alegiñetatik urruti. Au guztia dala-ta, beste kultura zeregiñetan leiatzea atsegiñago zait, eta bide ontatik jarraitzen dut».

        Ikus-menean dagoanez, gizaseme ornidua dugu Labaien, bere bizitzaldi oberena euskal antzertiari eman diona. Ez al da goresgarri?

        Ba-ditu, azkenez, atsarte uneetan onduta, kopla bizkor sotillak ere. Eta esan dugunez, «Maya» ta «Irri-itzaldia» antzerkiak bertsotan daude.

        Olerkari lez, omenaldi berezia egin zitzaion Larrea'n, 1977-11-20'n, Olerti Egunez.

        Euskaltzain osoa da 1951'tik.

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 1016 orr.; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1957, 86 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1962, 4-6, 308 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 111 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 110 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 578 orr.; Iñaki Muxika, Jakin aldizkaria, 15 zenbakia, 15 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, 536 orr.).

 

Bilaketa