18. Pierre Larzabal
(1915-1989)
Donibane Lohitzune'tik sei kilometrora dagoen Azkaine erritxoan sortua dugu, 1915-5-7'an. Uztaritze'n eta Baiona'n eliz-ikasteak burutu ondoren, apaiztu zalarik, Hazparne errira bialdu zuten ariama-zai eta antxe egon zan bikario amabi urtez. Europa'ko gerra gertatu zan artean, burruka oiñetan ibilli zitzaigun, baita atzillotu ibilli ere Alemania'n; andik, baina, askatu zuten guda bukatu baiño lehen eta Hazparne'ra biurtu zan.
Hazparne'tik Zokoa'ra eta emen daukagu gaur ere. Urreña'ko ta Ziburu'ko bi errien egal bat zan orduan Zokoa, erretorik eta etzuena; kapilla txiki bat zegoen ta Urruña'ko apaiz batek ematen zuen meza igandetan. «Larzabal izan da hau eman duten lehen erretora, eliza egin behar, apez-etxea egin behar, eta bertzalde arimetan asko lan egiteko: horko jendea baita kanpotik etorria, nunahitik, arrantzaleak, Frantziak behereko Bretaniatik, baita ere Espaini aldetik», irakurten dugu «Auspoa», 11'garren zenbakian.
Orain eliza eder bat dauka amaiturik; apez-etxe polita, Zokoa'ko etxerik geienak legez, eliz-ondoan egiña. Erritarrak, naiz arrotz naiz bertako, maite dute beren erretora, Dakar'era ta doazten arrantzaleak batez ere.
TEATRU-IDAZLE. Euskeraz ederto daki. Euskal antzerkia du egiazki maite. Asko idatzi du, «Herria»-n eta «Gure Herria»-n, dela antzerki, dela kondaira, dela lehengo orhoitzapen edo paper zaharretako ikertze. Gazteak maite ditu, eta bera gazteak. «Eskualdun Gazteria» deitu Ekintza Katolikuaren jaietan Larzabal'i dei egiten diote «denetarik eta denentzat zerbait asmatzen du bere talentu ederrarekin».
Hazparne'n zegoelarik asi zan teatru-lanean eta ainitz lan osatu zuen ortan ango gazteekin. Berak ere ez daki zenbat antzerki idatzi ta antzeztu ditun, konta ezin-ala bait dira. Batzuk laburrak ditu, beste batzuk txit luzeak; batzuk argira emanak eta beste batzuk argitara gabeak.
Ona erdizkako zerrenda bat aren lanez osatua: «Etxahun» («Gure Herria»-n); «Bordaxuri» (1962), «Hiru ziren» (1962), «Herriko bozak edo nor alkate» (1962), «Senperen gertatua» (1964), «Hila esposatu» (1965), bostok «Auspoa»-n argitaratua; «Portuxoko», «Basabeltz», «Urriki latza», «Berterretxe», «Mugari tiro», «Mila espo», «Paper mende», «Nork hil du Oyanalde», «Sarako lorea» «Lehen eta orai»... Eta gertaldi bateko auek: «Okilomendi jaun mera» (Egan, 1952), «Xirrixti-mirrixti», «Amerikanoaren ilhobak», «Merkatutik merkaturat» (Gure Herria, 1937)... Plaza agirian antzeztuteko auek: «Bihotz bero», «Tuta jotze», «Kontrabandixtaren alaba»... Eta auek: «Irri eta nigar» (Gure Herria, 1934), «Muthil berri» (Gure Herria, 1960), eta abar. «Infernuko dirua» lanak, 1966'an «Agora» sariketara bialdu zuenak lehenengo saria eskuratu zuen.
Orrez gaiñera baditu beste lan asko «Gure Herria»-n, «Herria»n, «Enbata»-n, «Otoizlari»-n, «Aintzina»n, «Eskualduna»-n eta beste. «Gure Herria»-n auek, adibidez: «Aldaira» (1959), «Allanda ta hiru astronomuak» (1938), «Euskal teatroaz» (1960), «Eskualduna miriku» (1934), «Eskuarazko teatroa» (1955), «Larrun, ene mendia» (1958), Pertsulari aiphatu bat: «Txirrita» (1958), «Pierre Loti eta gu» (1960), «Salutatzen zauztegu, jaun pertsulariak» (1958), «Sorginak Lapurdin» (1937), «Urdea hil dugu» (1964) eta abar. «Herria»-n, ordea, «Mugako apez» (1968). «Orreaga» pastorala (Baiona, 1964) eta «Gure Pastorala» (Egan, 1965, 1-6, 3-13 or.) ere aipagarri dira.
Larzabal'en dramak naiz komeriak, ederki biribilduak daude aren lanan iritzi-emailleak diotenez. Izkera arin errikoan egiñak. «Auspoa»k Senperen gertatua argitaratu zuenean, L. Mitxelena'k idatzi zigun: «Larzabal apaiz jaunaren izena ongi ezaguna da gure artean, eta merezi onez ezaguna, bere teatro-lanei eskerrak. Bere antzerkiak, besterenak ez bezala, errikoiak eta ikasiak baitira, jende landu eta jende arruntarentzat egiñak. Maiz ikusiak eta txalotuak izan dira, bai Bidasoa'z alde onetako euskaldunen artean ere, bere lanak, eta orietan ezagunenetako bat da noski... Senpere'n gertatua deritzan au».
Euskaltzain osoa. Ez-izen auek beintzat erabilli ditu: «Aldaiko», «Kostatarra», «Haritzgain».
(Ikus G. Garriga, Bol. Am. E.V., 1958, 133 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 109 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1962, 1-3, 91 orr. eta Egan, 1964, 1-6, 167 orr.; Antonio M. Labaien, Teatro euskaro, 1 eta 2'garren aletan; Bitaño, Aranzazu,1964 otsailla, 125 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 115 orr.; J. Bilbao, Eusko Bibliographia, V, 3 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 255 orr.; S. Onaindia, Euskal elertia, 1978, 228 or.).