literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

24.— Juan Iñazio Goikoetxea Olaondo, «Gaztelu»

(1908-1983)

 

        Urrituz doa euskal idazleen esparrua?, idatzi nuen nik alkarren ondoren legez itzali zitzaizkigun Gaztelu, Iñaki Olabeaga ta Bordari il ziranean, eta itzali oien utsunea nork bete gutxi ikusten bazterretan. Eta Joxe Mari Aranalde, zenaren aideak, bere aldetik: «Bukatu ditu lanak. Joan zaigu. Hori dugu lehengo Errege Egunak ekarritako erregalietako bat. Eta nik, familiako bat gutxiagoz gain, lagun bat gutxiago badut orain, lagun garbi, lagun argieta gozo bat gutxiago. Esker-on dagiot bihotzez» (Argia, 1983, otsaila, 27, 31 orr.).

 

        GIZONA.— Gaztelu giputz erritxoan jaio zan J.I. Goikoetxea (Juan Bautista Ordenan) 1908-5-5'an, «Bordatxuri» baserrian, gerora Zapatari izenekoan bizitu bazan ere familia. Mutil koskor zalarik, kaputxinoetara jo eta an osatu zituen eliz-ikasteak, Altzatzu, Ondarribi, Lizarra ta Iruña'ko komentuetan. Mezakotu orduko ere euskaltzale bipil agertu zan, «Zeruko Argia»-n lan txukunak idatziz. 1936'ko ekaitz biurrian gaizki erabillia, Ameriketara jo bearra izan zuen beste lekaikide askoren artean.

        Ogeitabi urtetan an ekin zion eliz-arazoetan, Argentina'ko Mar de Plata, Lavallol, Kordoba eta Mendoza'n batez ere. Buenos Aires'en zegoelarik, ango «Euskal-Etxea»-n euskeraz irakasten zuen. 1958'an, aurretik ere agerraldiren bat egiña zan arren, betiko Euskalerriratu zitzaigun, arrezkero guztian emen lan egiñik arima-zaintzan eta Auñamendi argital-etxean, euskal egingoetan.

        Ogeitaz urteak etxe onetan lanari emana igaro ondoren, 1983-1-6'an Jaunaren eskuetan utzi zuen bere azken arnasa. Urrengo egunean, ostiralez, egin zitzaizkion illetak Artzain Onaren elizan, Gipuzkoako eliz-barrutiko eliza nagusian, ainbat apaiz-lekaide, senitarteko, adiskide, euskaltzale ta euskal idazle bertan zirala otoitz-lagun.

 

        ITZULTZAILLE.— Aipaturiko etxe-argitaldarian, eta aurretik noski, itzultzaille bikain agertu zitzaigun beti Gaztelu, bietara ain zuzen ere, euskal erdera ta erdal euskera. Gai oni itsatsirik, konta-ezin beste itzulpen ditu Auñamendi sortaren lau aleetan, Literatura aleetan alegia; beronek aurrera atera zitun, prosaz eta itz-neurtuz, lanik geienen biurpenak. Lan izugarria, benetan! Neketsua, baiña gizonki eramana.

        Alere, gisa ontako lanean osperik beteena «Musika ixilla» liburuaz iritxi zigun. Frai Luis de Leon eta Gurutzeko Juan Deunaren emeretzi olerki ematen dizkigu berton euskeratuak. Iruron artean osatu genduan liburua, Gaztelu, Orixe ta ni tarteko giñala; iruron itzulpenak eta lan jatorrak datoz liburu orretan. Norbaitek esan omen zuen Frai Luis zala eguzkipeko lirikurik aundiena eta M. Menéndez Pelayo'k, Jon Gurutzekoaren olerkiengatik, onen eresiak gizakienak baiño aingeruenak geiago zirala, aitortu zigun zabal-zabalik.

        Orixe'k onela dio liburuaren sarreran: «Gaztelu'k bi aundienetara jo du; euskeraz poliki jantzi ditu bi aundien orien olerkirik onenak. Ez ote du joko laister goiena gure izkuntzak? Gu baiñan obeki itzuliko duztenak etorri ditezke, jakiña, ta jatorrizkoakin berdindu ere egin ditezkela dirudit, erabat gaintzea neke ba'da ere. Gutxi al lirake gure ele ederrarentzat, besterenak olan emaitea, geronetik aiek lako olerkaririk atera ez ba'ledi ere?»

        Eta L. Mitxelena'k: «fray Luis'en amar olerki eta San Juan de la Cruz'en zortzi jo ditu begiz Gaztelu'k eta euskal-neurtitzetan eman. Nolako trabak eta oztopoak arkituko zituen bere bidean, ezta gaitz igartzen. Izkuntza bateko bertsoak edozein besteko bertsoetan itzultzea eginbide larria da beti eta gutxi batzuek baizik onduko eztutena. Orretarako bear du biurtzailleak "anapoeta" izan; Unamuno'ren itzez esateko, poeta ez ezik, ots, ber-egillea edo bersortaillea. Ezpaita aski, prosaz beala, besteren musña eta mamia adieraztea; aren itzen musika ere, eta ez musika ixilla, belarriek suma dezaketena baizik, nolabait ere berritu bear baita beste soiñugaillu baten bitartez» (Egan, 1963, 1-3, 141 orr.).

        Luze-sakon goraipatu zuten ainbat idazlek liburu onen eina. Aipa-berri dugunak onan bukatzen du berea: «Euskal poesiaren atzeaz eta geroaz kezkatzen denak usu erabilliko du, ezpairik gabe, esku artean». Nik ez dakit arrezkeroko olerkariak olan egin dutenik, baiña merezi lukena da. Gaztelu'k, beingoan dakuskegunez, bide ortatik jo zuen bere bizitzan; bai, aren lanak ildo eta azatz ortatik ibilliz landuak dituzu. Guren, gozo, giar, mami naiz azal. Orraxe jo bear luke euskaldunon olerkiak, geure euskalduntasun oso-betean, ez txoro, noraezeko, amets arlote, irudikizun ziztrin. Egia esa, gutxi baiño ez dituzu beste izkuntzetan ere, era ontako olerkariak.

        Liburu onen amaian Gaztelu'k euskal neurkerari buruzko lan garrantzitsu bat dakar. Gaiok aztertzen ditu: 1) Mintzoa eta igikera; 2) Ritmua; 3) Euskal neurkera legeak; 4) Koplarien egitura, ta 5) Neurtizketarako eredua. Gaztelu'k ba-zuen ontaz bere iritzi apartekoa, «Olerti»-n eta «Musika ixilla»-n adierazia.

        Lan ederra osatu zuen, baita, Auñamendi'k argitaratu asmo duen Iztegi nausi erdel-euskerazkoan ere: oraindik sei ale dira argitara emanak.

 

        OLERKARI.— Nik olerkari ontzat euki izan dut Gaztelu. Ar eta irakur aren poesi-lanak; olerkiz idatzi zuenetik ez duzu ezertzo ere kaskar idoroko. Gerra baiño leen «Zeruko Argia»-n eta «Yakintza»-n asi ta gaurdaiño ondu digun guztia daukazu sakon, bitxi ta eder oretua. Tamalez, bizitz-egunik geienak euskal girotik urrun eman zitulako bear bada, etzigun Orixe naiz Zaitegi baten erako lan ugaria utzi, baiña aren lumatik irtena, oro, ez dugu iñolaz ere arbuiagarri.

        Zeregin askoz lanpetua bizi izan zalako, etzuen poesi askorik sortu al izan, baiña utzi ziguna edozein antolojitan, baita atzerritarrenetan ere, ezeren lotsakizun gabe agertzeko moduan dago. Ez dituzu bolada bateko lanak, txapligu-zarta bezela, ixio ta itzali, euskal literaturan mendeak zear iraungo dutenak baizik. Orixegatik, ziur asko, olerkion barne-balioaz konturaturik, epaimaikoen ustez onak ziralako, ainbat sariketetan sarituak izan ziran aren poesiak. 1959'an «Loramendi» sarian aipamena lortu zuen; 1961'an, emen Larrea'n, «Olerti» leiaketan leensaria eskuratu zigun; 1970'an, «Irun-Saria»-n irabazle izan zitzaigun; 1971'an ere bardin, berak irabazi zuen «Irun-Saria», 50.000 pezeta eta Urrezko Gaztelua. Lan sarituak argitaratuta daude —Biziaren erroetan, 1972 eta Gauean Oihua, 1972—, baiña beste asko or-emen sakabanatuak, «Zeruko Argia», «Yakintza» eta «Olerti»-n datoztenak batez ere. Ederki legoke guztiokin sorta jori bat osatzea.

        Bere illoba azkenez, osaba poeta dala aitortuz gero, taiu onetan mintzo da: «Ez du poesia bakarrik egin, baina hori da batez ere landu duena eta hortan erakutsi du gehienik nor zen eta zer zen. Eta poeta bihozpera eta maitabera bat batez ere. Haatik kantatu ditu maitasuna ta mina hasi eta buka» (Argia, 1983, otsaila 27, 31 orr.). Izen-ordeok erabilli zitun: «Gaztelu'tar Jon Bautista», «Gorota», «Gaztelu», «Bordatxuri».

 

        (Ikus S. Onaindia, MEOE, 1056 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 92 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, IV, 67 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 141 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1963, 1-3, 141 orr.; S. Onaindia, Zer, 1983, 62 zenbakia, 8 orr.; Argia, 1983, otsaila, 30 orr.).

 

Bilaketa