4. Martin Larralde Ithurbide, «Bordaxuri»
(1782-1821)
Hazparne'n sortua, urtarrillak 2, 1782. Ogibidez zapatari. Plumagain etxean bizi zan bere guraso Gulelma ta Mari ta anai-arreba Salvat'en auzoan, 1809'an ama il zitzaienean, doakaiztasun izugarria erori zan sendikoen artera ta Martin galeretara bialdua izan zan. Ordun idatzi zuen «Galeriano'aren kantuak» deritzan olerki bikaiña. Rochefort'eko itxastarren eritegian il zan 1821'an, urte luzez lan zakarraren beaztuna irentsi ondorean.
Kantari bizkorra gendula ere, adu gaiztoak zigorkatua ibilli zitzaigulako, aren bertso-lanetatik zertxobait besterik ez dugu ezagutzen. Aitatu dugun kantua, esaterako, negar-miña upelka dariona da; bederatzi bertso ditu.
Milla zortzi ehun ta hamabortz garrena,
Ni Ahazparnen preso hartu nindutena
Plumagaineko premu orok dakitena,
Galeretan ihartu beharko naizena.
Pierre Larzabal apaizak, azparnar koblariaren ederrak gaiñez eraginda noski, antzerki pilpil-eragille bat osotu zuen aspaldi eztala, «Bordaxuri» deritzana.
(Ikus Auspoa, II zenbakia; Haristoy, Recherches... II, 312 orr.; S. Onaindia, MEOE, 459 orr.; J. Haritschelhar, «G. Herria», 1963, 257 orr.; Auñamendi, Literatura, 283 orr.).