literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

23.— Jose Artola Elizetxea

(1864-1929)

 

        Pepe Artola, neurtizlari fiña, Donostia'n jaioa duzu, 1864-1-4'an, eta San Bizente elizan bataiatua. Gurasoak: Ramon eta Manuela.

        Zer bizimodu izan zuen? Ona Aita Zabala'k: «Pepe ta bere bi anaiak (Pako ta Ramon) aitaren bizimoduari segitu zioten, lenternero ta pintatzalle. Denda Puyuelo kalean (gaur Fermin Calbeton) zuten, gaurko Restaurante Rodil'en aurrean. Bakoitzak bere lana artu zun. Ramon linternero zebillen tellatuetan ta guzi. Pako dekoradoak ta orrela egiteko. Pepe, berriz, etxez etxe kristalak, ispilluak ta paretan papera jartzeko. Pintatu ta barnizatu ere bai. Langille batzuk ere izaten omen zituzten bere mende. Artista xamarrak izan bear zuten. Bein aita ta iru anaiak Frantzitik deitu zituzten Baiona edo Burdeos aldeko eliz bat pintatzeko» (Auspoa, Ustez lagun detan, IV, 11 orr.).

        Zizurkil'go alaba Joakina Urkola'rekin ezkondu zan 1887-10-29'an. Bi alaba izan zituzten: Rosario ta Modesta. Azken au jaio ta laster il zan. Pepe alargundu ta berriz ezkondu zan Zarautz'ko alaba Gertrudis Gartxotenea Larrañaga'rekin: bi alaba euki zituzten, Ramona ta Pepita.

        Donostiko alderdi zarreko saltza guztietan sartzen omen zan, nagusiakin zein umetxoakin beti alai ta umore oneko agerturik. Etzan antzerki-idazle bakarrik, baita antzezlari erne ere Donostia'n bertan eta errietan, bere papera ondo egiten zekiana. Musika gauzetan ere aitua gendun, Orfeoi donostiarran eta Bandan esku artzen zigun; eta ostera asko egin zituen ara ta ona Orfeoiakin, Zaragoza'ra, Paris'era, Bilbao'ra, Toulouse'ra, Barzelona'ra ta abar. Etzekin iñori ezetzik esaten, eta orduko musikalari askori lagundu zien euskal letrak jartzen: Otaño'ri Suite Vasca'rako, Usandizaga'ri Mendi-mendiyan'erako... «Euskaldun Fedea» alkartearen su-emaille.

        Bizitz azken aldera begi bat galdu zuen, lauso-laiño urraketa zala-ta. Berezkoaren ordez kristalezko bat jarri zioten. Eta iñork esaten ba'zion: «Kaixo, Don Pepe!», berak erantzuten zuen: «Ni ez naiz Don Pepe, geratu nintzalako begi-pe».

        Donostia'n il zan 1929-4-20'an, 65 urtekin.

 

        EUSKAL-LANA.— Amazortzi urtekin asi zan idazten, eta etengabe ekin zion orrela bere bizitzaldian. 1880'tik 1918'ra bitartean makiñatxo bat ipui ta bertso atera zuen Donostia'ko «Euskal-Erria»-n. «Euskalzale», «Ibaizabal», «Ttun-ttun», «Baserritarra», «La Galerna», «Pueblo Vasco», «La Brecha», «Novedades» ta Buenos Aires'ko «La Baskonia»-ren ateak zabal zabal zeuzkan bere lanak ateratzeko.

        Bertsoz idatzi zuen geien bat. Eta folio neurriko 580 orrialde utzi zituen bere eskuz idatzita. Bere idazlanak kopiatzeko oitura zuen urrean, nun eta noiz argitaratuak ziran ere jarririk. Auetatik sail bat Auspoa'k azaldu zigun, Pepe Artola'ren lana beste liburu batzuk osatzeko ere arrobi aberatsa zala gaiñeratuaz.

        Bereak ditu antzerki auek:

        1) Legorreko arrantzalia (Donostia, 1898). 44 orrialde. Jostirudia, bakar eta bi zati atal berean, bigarren aldeera Zestua'n irabazitakoa.

        2) Bixente (Donostia, 1901). 52 orrialde. Jostirudia bi egintzetan.

        3) Xabiroya (Donostia, 1903). 40 orrialde. Jostirudia, jardun batean; itz neurtu ta itz laburrean dago. Oñati'ko euskal jaietan saritua.

        Eta bakar izketa auek:

        1) Praixku (Donostia, 1902).

        2) Pello Kirten (Donostia, 1906).

        3) Motxa erriyan (Euskal-Erria, 1913), Elgoibar'ko euskal jaietan (1907) sariztatua.

        4) Joxepa ta Bittori (Euskal-Erria, 1909, 166 orr.).

        5) Maria Iñaxe nerea (Euskal-Erria, 1912).

        Onez ostean, kontu, izkirimiri ta ateraldi zorrotz ontzaille bezela ere omen aundia irabazi zuen; arte-gaietan aitua genduan, eta olako zerbait zan tokian, an zegoen Artola ere. «Euskal Esnalea»-k bein (1921) omenaldi ederra egin zion Donostia'n.

 

        (Ikus Euskal Esnalea, 1921, 117 orr.; S. Onaindia, MEOE, 353 orr.; L. Villasante, HLV, 441 orr.; Auspoa, 4'garren zenbakia; G. Garriga, Bol. Amer. E.V., 1961, 188 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, I, 42-45 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 407 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, 341 orr.).

 

Bilaketa