33. Joan Batista Elizanburu eta Irazabal
(1828-1891)
Prantziko gudari-zaindarien artean kapitain maillara iritxia izanik ere, izatez lotsakorra genduan antza, eta bere poesi-lanak batez ere, ez-izenez izenpetu oi zituen. Ortaz, berari egozten zaizkionak dira urrengo auek: «Saratar bat», «Piarres Adema», «Harluxe», «Berjes (?)», «Doiarzabal», «Sallaberri», «Darrupe-Harluz», «Lewy d'Abartiague», «Ziburuko Xantrea».
Elizanburu ez dugu, egia esateko, idazle ugaria; baiña idatzi zuena, bai bertsoz bai itz lauz, gaillentasun aundikoa duzu, ta urtez urte, gure artean, ots-dundurio itzala iritxitakoa. Onela J. Etxaide'k: «Elizanburu'k, itz-neurtuetan ez-ezik itz lauz ere landu zun gure euskera eta idazle zaharretan berrialdi atarian bada ere, au dugu ezpairik gabe, bai bertso ta bai prosari erri mintzairaren kutsurik garbiena erantxi diona eta bere lan guzitan euskalsenaren barru-barruraiño murgildu zaigun gizona. Onetxegatik izan dute ain arrera bikaiña Elizanburu'ren olerkiak euskaldunetan, euskal-jario garbikoak diralako, euskal-arnasaren sormen, euskal-gogamenetan dezaten atseden».
BIZITZA. Mixel eta Jane'gandik Sara'n sortua dugu, «Piarres-enea» deritzon etxean, Istilar auzoan, 1828-8-14'an; Juana, diotenez, Zugarramurdikoa zan jatorriz. Buru argiko ta ikasteko gogotsu zetorren gaztetatik; eta len-ikaskizunak bere jaioterrian egiñik, Larresoro'ra aldatu zan bigarren maillakoak osotzera. An ezagutu zuen Grazian Adema, «Zaldubi»; baita olerki-garra piztu ere an piztu zitzaion. Laster baiña, 21 urte zituala, ikasketak utzi ta prantses erreximentu baten sartu zan guda-mutil; apurka apurka igorik joan zan, 1866'nean teniente izatera eldurik. Italia'ka guda ondoren, Napoleon III'garrenaren agindupean, kapitain maillara iritxi zan.
Gero, 1871'an, prusitarrak Napoleon zapaldu zutenean, Sara'n jarri zan bizitzen, Urruña'ko alaba Prantxa Eiheraburu'rekin ezkondua. Azken urteotan artu-eman barrukoa izan zuen garai artan Sara'n bertan bizi zan Wentworth Webster ingles euskaltzale argiarekin. Ementxe il zan, bere adiskide kutun «Zaldubi» olerkariak lagunduta, 1891-1-2'an. Mugaz andiko koblakaririk bikain garaiena duzu, noski, XIX'garren mendean batez ere.
OLERKARI. Esan bezela, etzigun askorik idatzi. Baiña baditugu ogei bat olerki, oso ederki landuak, eta bereak, antza; «antza» diogu, Abbadie jaunak eraturiko olerki-batzaldietara ainbat lan bialtzen zituen arren, beti ez-izenez igortzen zitulako. Saratar onen bizitza ta lanak ondo baiño obeto aztertu dizkigun A. Labaien'ek 23 damazkigu Elizanburu'renak bezela. Ona: 1) «Emazte edalea», Urruña'n, 1855, len-saria irabazi zuena; 2) «Tan, tan, tan», Sara'n, 1858, len-sariz sariztatua; 3) «Gazte hiltzera dohana», Sara'ko batzaldian, 1860, len-saria irabazi zuena; 4) «Nere etxea», Urruña'n, 1862, aipua; 5) «Apexa eta Lorea», Urruña'n, 1862, len-saria jaso zuena; 6) «Solferino'ko itsua», Sara'n, 1864, bigarren saria; 7) «Maria», Sara'n,1866, len-saria; 8) «Eskalduna», Sara'n, 1867, saritu gabea; 9) «Xori berriketari», Sara'n, 1871, len-saria eraman zuena; 10) «Aingeru bati»; 11) «Maite zaitut»; 12) «Agur Herriari»; 13) «Arbasoak»; 14) «Biba Frantzia»; 15) «Iragan besta biharamunean»; 16) «Amets»; 17) «Zapataina edo gizon zuhurra»; 18) «Eritegian»; 19) «Lehen eta orai»; 20) «Kriolinak»; eta bear bada, J. Berjes izen-ordez datozten auek; 21) «Artzaingoa», Sara'n 1865, lenengo saria irabazia; 22) «Laboraria», Sara'n, 1866, aipatua; 23) «Oraiko Neskatxa batzu», Sara'n, 1867, sariztatua. Eta «Xori kaiolatik ihesi goan dena».
Onek dioskunez bukoliku zalea duzu Elizanburu. Eta J. Etxaide'k: «Arrigarria! Bere bizia gudari igaro zunak, nekazaritzan, artzaingoa eta baserriko bizibide paketsua autatzen dizkigu kantagaitzat. Gudaldirik zaratatsuenetan. Euskalerri paketsuaren oroimiñak, etzion barkatzen nunbait Saratar olerkariari». Dana dala, bere olerkiak ots aundia iritxi izan dute; «Nere etxea», «Urrundik», «Maria», «Iragan besta», «Solferino'ko itsua», ta abar, nork ez ditu entzun?
Lenengoa, ots, «Ikusten duzu goizean» asten dana, euskal jaialdi guztietan abesten dugu. Gozo ta giar goraipatzen du baserriko bizitza, uriko zarata ta aandikeriaz bestelakoa oso. «Maria» deritzaionak euskaldun neskatxaren doaiak azaltzen dizkigu neurri errikoian; «xarmanta, xaloa, laisterra, zaulia, benetan ago-xurigarri». «Urrundik» asten danak, berriz, Elizanburu'ri sarri gertatua gogoratzen digu: urrundik dator gudaria, erri-miñak ikutua, eta errirantza urbiltzean, elizako kanpaiaren otsa dantzu. Lertu-bearrez biotza, onela dabes:
Urrundik ikusten dut, ikusten mendia,
beraren gibelean baitut nik herria.
Jadanik dut aditzen, zorion handia!,
ezkila maitearen hasperen eztia.
«Apexa ta lorea» ere maite-kanta bipilla duzu. Ederki bait dio:
Neguaz primadera zenean jabetu
sasi baten hegian apexa zen sortu;
leku berean baitzen lorea gertatu,
gaixoek elgar zuten bihotzez maitatu.
«Xori berriketaria» guztiz mazala duzu, prestutasun aundiz moldatua. Ez du alperrikako itzik, ez bulko arruntik. Eta denak oso garbiak, ariñak, irardausi ta itz-jarioka egiñak. Atsegin zitzaizkion Orixe'ri Elizanburu'ren olerkiak, onen lan guztiak agertzen diguten araztasunagatik batez ere. «Nik dakizkidanetan dio "Aingeru bati" ederrentsuna, begirapenaz eta maitez ihiztatua». Txasta zazu beronen lendabiziko ahapaldia:
Maite dut, eta ezin erran
aingeru bat maite dudala,
zeru garbiak arratsean
izarra maite duten bezala!
Zer! ez da, bada, zorigaitza?
Mintzatu nahi, ezin mintza!
Non-nahi naizen, gogoan dut,
gauaz, egunaz, aingeru hori;
urrundk frango xede ba-dut,
bainan hurbildik, ezin atrebi!
hurbildu eta, ez naiteke atrebi!
Nolanai ere, gaurko gure kantari garraixitsu askok baiño gun eta biotz-ondo ugari ta biziagoa du onek. Igesi dagi azalkeri txau arroegitik, eta konturatu gaberik neurri ozenera doa, zuhur eta dotore.
Maixu dugu izkeran, aditza batez ere ederki ta jori darabillena. Trebetasun aundia adierazten du bertsogintzan; gai ugaria, naiz au naiz bestea eragozpenik gabe dantzatzen duena. Grazian Adema, Iturriaga, Bilintx eta baita Justin Larrebat gaskoiña ere iñoiz jarri dituzte kideko bezala; baiña Elizanburu'k bere nortasun berezia darakusgu osotu zizkigun lan guztietan. Neurtiz eta doiñuz errikoi duzu, asmo ta jakitez nausi; euskera, sendia, nekazaritza, maitasuna, aberria abesten digu, bertso ondo asmatu, josi ta neurtuetan, iñoiz arrotz kutsu pixkat izanik ere; baiña ez da arrigarri, prantses kultura artu bait zuen gazterik.
«PIARRES ADAME» NOBELA. Elizanburu'k itz-lauz ere idatzi zuen zeozer; au da, irakurgaitxo txanbelin bat: «Piarres Adame». Ona beronen gaia:
«Piarres Adame burutsua duzu. Eta idazleak dioskunez, amabost bat urte zeuzkalarik, Sara'tik Olheta'ra, emengo jaietara zioala, bidean aurkitu zuen dalako Piarres, Sara'ko zapatari ospetsua, irurogei bat urteko gizasemea, umore onekoa ta pikokari setatia: Olheta'ra zioan au ere. Piarres'ek milla gertakizun, gaztetakoak geienak, kontatzen dizkio gazteari. Bidean iñor aurkitzen baldin ba'du, naitaez jazoko da gauza parregarriren bat: zer gazi-gozoak, piper mina, ziri-bertsoak, danetarik zerbait. Piarres itz-ontzi duzu, lagun gazteari bere gertakizun, ixtori ta aurkitzeak edesturik: Sara, bere erria, goraltzen du batez ene. Alkar-izketaz egiña dago irakurgaia, idazkera errez, atsegingarri ta jario aundikoz. «Irri eztitsu batean irakurtzen dira, bai bideko gertakizunak, bai Piarres'ek kontatzen dizkion ixtorioak», diosku J. Etxaide'k.
Eta Olheta'ra bidean gertatutako au gogoratzen digu: «Iru emakume gobara egiten ari ziren erreka bazter batean bidetik urbil. Lixiban ziarduten irutatik bik, gonak belaun gaiñetik jasoak zituzten, "bainan ez modestia sobera kolpatzeko gisan", diño Elizanburu'k. Irugarrenak, ordea, gonak ia lurreraiñokoak zitun. Ez bat eta ez bi, Piarres'i, bertsolari jator baitzen, neska gazteak bertsotan tentatzeko akuluak eragin zion eta errespetuari sobera faltatu gabe ezin ezten fiñagorik erabilli:
»Egun ni naizenean Azkain'erat hurbildu
»hiru Graziek naute bidean gelditu;
»biek erakutsiak batek gorde ditu...
»ez zituen gordeko ederrak ba'litu!».
Eta onela amaitzen du: «Lau lerrotan asmo burutsuagorik antola ote diteke? Euskeraren arerioak ager dizaigutela euren izkuntzetan bertso auen aiñako esan indarrik!» Orrela da.
(Ikus G. Mujika, RIEV, 1912, 538 orr.; W. Webster, «Euskal Erria», 1892, 9 orr.; J. Manterola, «Cancionero Basco», 1880, III, 212 orr.; Ph. Veyrin, Les Basques, 213 orr.; J. Vinson: Essai Bibl. Basque, II, 640, 751, 780 ta 794; P. Lafitte, Le Basque et la Litt... 52 orr.; A.M. Labaien, Elizanburu, bere bizitza eta lanak, «Egan», 1955, 1-2, 23 orr., eta 3-4, 14 orr.; N. Ormaetxea, «Euskal Esnalea», 1927, 211 orr.; S. Onaindia, MEOE, 531 orr.; J. Etxaide, Amasei seme Euskalerriko, 29 orr.; L. Mitxelena, HLV, 134 orr.; L. Villasante, HLV, 180 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 672 orr.).