10. Txomin Agirre eta Badiola
(1864-1920)
Idazle trebe onengana eltzean dakargun berriz ere gogora Orixe'ren aitorrera. «Ondarruar Agirre dugu dio oraindaino literato edo antze-idazlerik garaiena. Aren egunetan baino euskera ugariagoan, edatuagoan, landuagoan ari gara egun, euskal-biziera ez ezik, edonolako arte ta jakin gaietan ari baitugu gure izkuntza maitea. Alare, ua adinekorik ez bide zaigu sortu» (Euskal Esnalea, 1927, 247 orr.).
BIZI-ZEAZTASUNAK. Gizaki aldetik begiratuta, Txomin Agirre apala zan arren, eder zitzaion bera munduratu zan erria, ots, Ondarru aipatu ta erpiñeratzea. Izatez bera gaxoti-samarra zan, baiña itxasaldeko arrantzaleen gorputz osasuntsua ta kresal arteko burruka miresgarriak gogoratzean, alai ta arrai jartzen zitzaion arpegia. Ondarrutarren aurka iñork ezer adierazten ba'zuen, beingoan jartzen zitzaigun aien alde; eta, alderantziz, aien aldezko zerbait aditzean, poz-irria loretzen zitzaion ezpain-ertzean. Odolak odolari dei.
Ondarroa'n jaio zan Agirre, 1864-5-4'an, eta urrengo egunean bataiatu zuten, Domingo Aszension izena ipiñiaz. Bere aita, Manuel Bizente, Motriku'ko semea zan, eta lanbidez arotza; ama, ordea, Mari Madalen, ondarruarra zuen. Gaur ere, Goiko kaleko 26'garrena duzu Agirre'ren jaiotetxea.
Gaztetxo zala, elizan eta Kristau-Ikasbidea ikasterakoan, ango apaizak guztiz irabazi zioten biotza, ta elizarako garra erne zitzaion igarri gabe. Ortarako ba-zitun, baiña, eragozpenak: txiroak ziran bere gurasoak. Zoztorrak, alere, kemenak ditu erasten. Eta ikusi nola bideak lautu zitzaizkion Txomin'i apaiz izateko: Bilbao'ko Santiago elizan artzipreste zegon Mariano Jose Ibarguengoitia jaunak (1888-10-31'an il zan), ondarrutar gaztearen mendu ona ta buru argia aintzat arturik, berarekin eraman zuen bizitzen, «bere mezamutil eta lankidetxo» izan zedin. Apaiz onen ardurapean eta Elorrio'ko seme Silberio F. Etxebarria (1898-4-2'an, Eibar'en illa) jaunak irakatsita ikasi zitun Agirre'k latiña ta inguruko ikaskizunak.
Ogei urteko zala Gazteiz'era aldatu zan eta ango apaiz-ikastetxean ikasi zitun Filosofia ta Teolojia; Filosofia ikasten urte bete egin zuen, 1884'garreneko kursoa; Teolojia ikasten, berriz, bi urte, 1885-1887'garreneko kursoak. Karrera laburra egin zuen Agirre'k, baiña Gazteiz'ko ikastetxean osotu zitun iru urteotan nota oso ederrak atera zizkigun beti.
Ango nagusi, irakasle ta ikaskideen biotzak laster irabazi zitun; ikasle gozo, eratsu, zintzo ta apala zalako, denak zuten maite. Azkue, Izurrategi ta abar, au da, euskera ta Euskalerria maite zutenakin artu-eman barrukoagoa erakutsi zuen beti ere. Azkue oso adiskide zuen. Izatez, ordea, bata (Azkue) odol-gorri ta bestea (Agirre) odol-zuri ziran; Azkue sendo ta iraunkorrago lanerako, Agirre «arrpegi-zuri ta izakera bigundun» egokiagoa gizartean bizi izateko. Lekeitiarrak onela daitor: «Seminarioko urte alai aietan odol-gorri giñanok, sarberritan beintzat, batean zutik bestean belauniko, okerreriatxoren baten ordaiña artzen genuen artean, Agirre odol-zurbilla etzan bein ere bide zuzenetik ateratzen, ta elizan izan ezik bein ere enuen belauniko ikusi» (Itzaldiak, Donosti, 1920, 72 orr.).
Aldiari berea emanik, ba-zioan gaztea gertatuaz apaiz egoki izateko noski. Eta, biotza birtutez edertua ta «gazterik umo» aurkitzen zala, onela artu zituen ordenak: Ile-mozketa, 1886-4-17'an; Txikiak eta Subdiakonutza, 1887'ko iraillean; Diakonutza, 1887-12-19'an, eta 1888-5-26'an Mariano Migel gotzaiaren eskutik artu zuen apaiztasuna.
Bete zitzaion, beraz, umetatik zekarren ametsik zoragarriena: Kristo'ren ordezko zan. Urkiola'n, zugatzez, arkaitzez eta loraz bitxituriko goi-alde artan eskeiñi zuen meza berria. Ondoren, Karrantza'ko erritxo baten illabete batzuk eginda gero, Zumaia'ko mojen kapellautzarako izendapena artu zuen; eta ementxe Karidadeko karmeldarretan, bai mojen ta bai barruko neskatoen kapellau izan zitzaigun ogetemar urtetik gora: txoko ontatik egin zuen bere arimazaintza ta euskal lana. Zumaia'n, ala ere, ez omen zan ezaguna euskal idazle bezelaxe, baiña sermolari on eta aitor-entzule jakituntzat omen zeukaten guztiak.
Izlari ona zan. Eta, Azkue'k dioskunez, bere errian Antigua deritzaion baseliza txukunean itz egin zuen lenengoz, meza berria emanda laster. Baiña toki ixilletan bakarrik etzan mintzatu, ospe aundiko itzaldiak ere euki zitun: 1898'an, esate baterako, Zestua'ko euskal jaietan egiña; 1900-9-8'an, Begoña'ko Ama koroatu zan egunekoa; G. Muxika'k dionez, Lur santuetara erromes-aldian Kalbario'rako bidean bota zuena; Beasain'en, Loinaz'ko San Martin'en birtuteak goraldu ta aundietsiaz elizaz kanpo aldarrikatu zuena; 1916'an, Bilbao'ko «Campos Eliseos»en, lagunarte estuaren aurrean eukia, ta abar.
EUSKALTZAIN. ERIOTZA. Azkue zanak sortu ta zuzendu zitun lenengo «Euskalzale» (1897-98-99) ta gero «Ibaizabal» (1902-03) astean asteango albistariak. Lenengotik asi zan Agirre Azkue'ri laguntzen. Izan ere, etzitzaion alperreko lana iduritzen, eliz-gizon eta euskaldun zanez, bere izkera sustraitik ikasi ta aoz idatziz bala-bala erabiltzea. Ba-zitun, diotenez, ortan bere kezkak eta bein bere gotzaiari galdetu omen zion ea bere apaiz eginbideen aurka zebillen orrela egiñik, eta ark bide ontatik jotzeko esan zionean, oraindik gar geiagorekin, asmoz ta jakitez biztuagotua, ekin zion bere euskal arloari, idaz-lerroan batez ere. Zumaia'ra joan zaneko asi zan orduko aldizkarietan idazten: «Euskal-Erria», «Euskalzale», «Ibaizabal», RIEV, «Euskal Esnalea», «Jaungoiko-Zale»...
Naiz olerkiz, naiz itz lauz sarri idazten zuen. Eta ospetsu egin zan bere izena. Adiskide zitun orduko euskaltzale ta euskalari ezagunenak; beste askoren artean: Azkue, Kanpion, Etxegarai anaiak, Urkixo, P. Lhande, J.K. Gerra, S. Muxika ta abar, oso begikoak zituen. Ilundain, Sevilla'ko kardenal jauna, maiz joan oi zitzaion Zumaia'ra; Ortega y Gasset eta Zuloaga margolaria ta bilbotar Iturribarria olerkaria ere adiskide zitun. «Jaungoiko-Zale» apaiz alkartean lenengotik emana zuen bere izena. Euskaltzale auekin naste, ainbat lan burutu zuen or-emen euskal jaiak antolatzen.
Baita 1918'an Oñati'n ere. Aurretik sortu zan Eusko Ikaskuntzak batzar nagusi bat, bere lendabizikoa, eratu zuen Oñatin, ta batzar ortan beste asmo batzuen artean, Euskaltzaindia sortzeko erabakia artu zuten. Batzarkide zan Txomin Agirre; geiago: euskera sailleko taldearen zuzendari. Azkue aukeratu zuten euskaltzain-buru, eta Kanpion, Eleizalde ta Urkixo lagun; baiña Agirre ere antxe agertzen zan beste euskaltzaiñen artean, 1919'ko urriaren bostean aukeratua. Bere lan ederren ordaiña zan, aurki. Baiña maxkal samar zebillen orduko eta etzuen askorik iraungo. Euskaltzaindiren lenengo batzarraldietan bakarrik agertu zan.
Gaixorik zegon, auleriak joa. Ta 1920-1-14'an joan zitzaigun beste mundura. Olaizola zumaiarra, Bilbao'ko kanonigua, euki zuen bere ondoan azken-arnasa ematean, eta onek dionez, aren azken itza «ama» izan ei zan. Garai artako euskaltzale mordoa izan zan aren gorpuari lurra ematerakoan. Gazteiz'ko Eliz-barrutiko illerokoak onela: «Joan dan urtarrillean, bizi izan zan lez santu-antzean, il zan Zumaia'n Domingo Agirre apaiza. Gazteiz'ko Eliz-barrutiak onegaz bere apaizetatik onenetako bat galtzen dau». (Boletin Of., 1920-2-16, 111 orr.). «Euzkadi», «Euskal Esnalea», «Euskalerriaren Alde» ta «Jaungoiko-Zale»-k luze ta sakon eman ziguten aren eriotzaren berri. Ainbat omenaldi izan ditu arrezkero, baiña guztietan ederrena Ondarru bere jaiotzerriak, 1964'an, bere jaiotz-eunurte burua zala-ta egiña. Ondarruarrak lenago ere, 1934-6-30'an, berdin egin zioten; eta 1959'an, Bizkaiko Aurrezki-kutxak «Txomin Agirre» nobela saria jarri zuen.
IDAZLANAK. Idazle ugaria izan zitzaigun. Eta aren lan laburrak orduko aldizkarietan dagoz or-emen. 1964'an, Ondarruko omenaldia zala-ta, bilduma bat osatu nuen nik, «Ondarrak» deritzaiona; berton datoz Agirre'ren gertiduri batzuk, 22 olerki, ipuiñak, eleiz-gaiak eta kondaira-kimak. Baiña ezta bilduma osoa, sakabanaturik beste lan batzuk ere ba-ditu ta. Aren sermoirik geienak, berriz, ez dute oraindik argia ikusi.
Ona aren lanik beiñenak:
1) A. Larramendiren bizitzaren berri labur (Donosti, 1890). Donostiako Lore-Jokuetan sariztatua. «Euskalzale» aldizkarian ere eman zuen 1898'an, 388 orrialdetik aurrera.
2) Joan etorri bat Erromara (1892). «Euskalzale»-n dator 1899'garrenean, 90 orrialdetik aurrera. Antonio Arzak eta K. Etxegarai'ri eskeiñita dago. Zeatza duzu lan au, ertz askotatik begiratuta.
3) Historia de Nuestra Señora de Iziar (Donosti, 1895). Erderazko lan bakarra.
4) Auñemendiko Lorea (Bilbao, 1898). «Euskalzale»-k literatur-batzaldi bat iragarri zuen 1897'an, eta Txomin Agirre'ren irakurgai au ta B. Iraola'ren jostirudia izan ziran sariztuak. Bertan daukazu Auñemendiko Lorea lendabizikoz argitaratuta, 12'garren orrialdetik aurrera. Berau argitaratzen astean, Azkue'k onela: «Irakurgai onen azaldariak, Agirre abadeak, auxe baiño beste euskerazko lanik egin ezpaleu bere, Auñemendiko Lora Riktrudis-ek euskalzalerik errimeenak eta geienak bizi direan tokira gooratuko leuke beren izena. Onetariko lan asko baleukaz gure euskera ederrak, urte gitxi barru burua jaso al izango leuke». 1966'an, Auñamendi argitaldari etxeak euskeraz ta erderaz atera zigun, ale bitan.
5) Kresala (Durango, 1906). Bizkaierazko nobela au, Donostiko «Euskal-Erria» aldizkarian atalka agertu zan lenengo, 1901'an asita. Durango'ko argitalpena, beraz, bigarrengoa duzu. Irugarrena Itxaropenak egin zuen 1954'an, Santos Etxeberria'ren marrakiz eta nere itzaurrez ornituta. Geroago ere Arantzazu'ko prantziskotarrak egiña dute beste bat. Erderaz, Bonifazio Etxegarai'k itzulia, Madrid'eko «El Correo Español»-ek atera zuen 1918'an. Eta prantsesez, P. Arburu'k itzulia, Biarritz'en azaldu zuten, 1958'an.
6) Garoa (Durango, 1912). 380 orrialde. Au ere lenengoz RIEV aldizkarian agertu zan, 1907'an asita. Bigarrenez, liburu bezela, Tolosa'n argitara zan, 1934'an, eta irugarren agerraldia obetua, Arantzazu Argitaldariak (Zarautz, 1956) egin zuen; baita laugarrena ere (Oñate, 1966), Aita Villasante'ren itzaurreakin.
7) Ni ta ni (Euskal Esnalea, 1917). Auxe zan Agirre'k, eriotz eldu zitzaionean, eskuetan zerabillen eleberria; Erdi-aroko goraberak euskaldunen artean, oiñaztar eta ganboatarren burrukak eraginda, laugarren nobela bat antolatu nai izan zigun.
8) Larraldeko Lorea (Iruña, 1918). A. Kanpion'en La Flor de Larralde euskeraz. Au lenengo A. Kanpion'ek bere «Euskariana» seigarren saillean argitaldu zuen, eta gero Euskaltzaleak «Narraciones Baskas» (Zarautz, 1935) deritzaionean, 78'garren orrialdean.
9) Ondarrak (Bilbao, 1964). Agirre'ren idazlan autatuak. 261 orrialde.
L. Jauregi apaizak onela: «Euskerak idazle asko xamar izan ditu ta ditu gaur ere: baiño literato benetako gutxi oso. Denetan nausiena, nere ustez, Garoa'ren egille, Agirre apaiza» (El Día, 1935-12-11'an).
OLERKARI. Beiñola idatzi nuen: «Agirre arima eder ta onera makur baten jaube da. Arima orrek ezirik eukazan bere joera ta griñak; onela aren barre baratzean geroago ta mardulago egiñaz joiazan onbidezko lorak dakarren zorion-aparra. Zorion alaia, zer da besterik otzantasuna, indar-neurri bardiña, men naroa baiño? Auxe dakusgu Agirre'ren izate osoan. Neurriz kanpo samiña datza, neurriz barrutik poza. Oreka ta bardiñetik sortu oi da ederra, barru egokitsuaren ispillu legez. Agirre'ren idaztiak bere arima neurritsutik darion lurrun ezti iraunkor dirudie. Edegi edozein liburu Auñemendi'ko Lorea, Kresala naiz Garoa, ta orixe aurkituko dozu: arima minbera, eder-zale, gozo ta guria. Igali-zugatzak, barriz, bere ariko frutuak emon daroaz» (Ondarrak, 106).
Agirre'k itzi zizkigun iru nobelak ez daude bertsoz idatzirik. Baiña nork esango luke iru liburuok poesirik ez dutela? Giza-maitasuna, itxas-zorakorpena ta euskal baserrietako garo ta ire usai olerkitsua ez ote ditu gizonki kantatzen? Orrez gaiñera, ba-ditu Txomin'ek olerki goxo batzuk, gaztetan onduak batez ere. Donostiko «Euskal-Erria»-n (1890) atera zuen bere lenengoa, Ipuia deritzaiona, zortziko nausitan egindako lau ahapaldiko poesi laburra. Gero «Euskal-Erria»-n eta «Euskalzale»-n argitara zitun besteak. Sariak ere eskuratu zizkigun: Agure kanta'rekin Arrasate'ko euskal jaietan, 1896'an; Ai balekite!-rekin Oiartzun'en, 1897'an; Seaskatxo bat'ekin Segura'n, 1898'an... (Ikus Ondarrak, 30 orr.).
Nolako olerkari ote? Irakur zazu K. Etxegarai'k dioskuna: «Ar zazute zeren eskuetan Agirre'ren idaztitxo bat, eta irakurri zazute. Irakurtzen dezutenean, ez da noski zuen biotza len bezela egongo. Barren-barrenen, len etzenuten sua ulertuko dezute. Zer dala-ta izango da ori? Zuen begien aurrean daukazuten idaztia olerkia dalako».
Iru gauza ditugu munduan kantagaiz gaiñezka: beian lurra, goian zerua ta alboan itxasoa. Agirre'k etzitun sapuztu iru gai-arrobiok. Izadiko ta barnean sorturikoa, gogai sendoz ta biotz-zauskada biziz jantzi zituen. Beraz, olerkari yaukal dugu.
IRITZIAK. K. Etxegarai'k onela, aren olerkiaz egiñiko itzaldi batean: «Bere biotzean surik ez badu, nondik aterako du olerkariak besteren biotzean piztu bear duen garra? Ezerezetik gauzak sortzen oraindik ez du gizonak ikasi... Gure Agirre, oetakoa zan. Bere biotzean berotzen etzan itzik, etzan bere ezpañetatik ateratzen. Tximistaz etzan apaindutzen. Berak ematen zuen berotasuna apalagoa zan. Bigunki-bigunki biotzera sartzen zitzaigun, eta batere uste gabe bere mendean arkitzen giñan: olerkaria alai bazan, alai gu ere; olerkaria samiñ bazan, gu ere samiñ. Barrendik itza ez datorkionari, orrelakorik ezin eskatu leikio» (Itzaldiak, 1920, 89 orr.).
Aita P. Lhande'k: «Garoa da gure Txomin'ek idatzi duan irakurgai ederrena, ta beiñere euskeraz idatzi izan dan ikusgarriena dala baditeke. Kondaira pollit mee baten inguruan egilleak euskaldun nekazariaren bizitzako egikizun geienak josi ditu, ala nola, artzaigoa (I ta VII'g. buruetan), landako lanak (II ta IV), karobiaren berotzea (22'g. orr.), ogika ta ogi jotzea (23'g. orr.), eztaiak (50-5'g. orr.), aizkolariak (84 ta 103'g. orr.) ta abar. Gure oitura orieri lotuak diran euskerazko itz zarrak aditu ta bildu ditu. Ortik datorkio bere euskeraren garbitasun ta aberastasuna. Norbaitek iñoiz gure izkuntza txiroa dala balerasa, irakur ditzala Garoa'ren 3'garren orrian Agirre'k "otsa" esateko jarri dituan ogei itz berexiak» (Itzaldiak, 1920, 110 orr.).
Orixe'k: «Nai dunak nai duna besa: begitarte ona egin diote Agirre'ri euskaldunak, eta bai merezi ere. Euskera garbia ta ugaria du, ta naiz bizkaieraz, naiz gipuzkeraz, irakurgai ederrak utzi dizkigu: Garoa, Kresala, Auñemendi'ko Lorea. Garoa'n idaztankera belaxka-antxa gertatzen zait, emexkoa edo zain gutixko duena; Kresala'n zaintsuagoa: euskalkiari egotzi ditioke ori. Garoa bizkaieraz egin balu, aurki etzen ain usu irakurriko, ez agortuko; baino bizkaieraz balego, balinba, irakurle jakintsu denak eskerrago lioke» (E.E., 1927, 247 orr.).
L. Mitxelena'k: «Aukerakoa zan Agirre novelarako: begi-belarri-sudur erneak zituen eta sumatzen zuena adierazteko esku arin ta zeatza. Or dauzka orrialde orietan, egia dan ala ez bere begiz ikusi nai lukeanak, Arranondo'ko kale mear, oker, aldapatsuak, itsasoaren (eta itsas-gizonen) zalapartak eta bazter guztietatik darion arrai-usaia. Eztut onenbestez esan nai Agirre'k etzuela barrena begiratzen. Gizonaren biotzeko izkutuen berri ere bazekien etzuen lanbide txarra orretarako, baiñan Pereda eta Rochelt'en gisa, sortzen zituen gizakiek etzuten gaurko noveletan ageri diran zenbaitek adiña azpil, biurgune ta zoko ilun» (Egan, 1954, 42 orr.).
A. Villasante'k: «Azken bolara ontan Garoa maxiatzea moda bezala biurtu da. Alako erromantiko kutsua artzen omen zaio. Nobela ortako lagun batzuei errealismu gutxitxo aurkitzen zaie ia. Idaztankera bera eta gauzak adierazteko moldea, astuntxoa, gaur maite dugun baiño patxada geiagorekin kontatua... Bai. Urteak ez dira alperrik joaten. Gaurko gizaldia eta ordukoa ere ez dira berberak. Gustoak eta modak eta bizikera bera ere izugarri aldatu dira. Gaur gauzak motx eta artez esanak nai izaten ditugu. Trinko eta labur. Itz berdintsuen ugaritasun hori askotan aspergarri iruditzen zaigu» (Garoa, 1966, itzaurrean, 15 orrialde).
Zertan gera? Garoa ala Kresala obea? J. San Martin'ek oraintsu: «Aituentzat eta gutxi jakiñarren zentzunez ondo begiratzen dakienentzat, ez dago dudarik Kresala obea dana. Kresala dogu euskeraz egin danik nobelarik onenetakua. Gaia, tartea, pasarteak, bizitasuna, gatza, errealidadea... Zer geiago eskatu geinke nobel bategandik? Indarra dauka, bai nobela bezela ta bai izkuntzaren aldetik. Kresala'n azaltzen dan guztia da egilleak bizitakua. Bertako Tramana, Kitolis, Brix ta abar, bene-benetakuak dira. Garoa, barriz, motela da; bertako pertsonajietan ez dago Kresala'n bezelako egiazkorik. Ezaguna da egilliak berak bizi ez ebana ipiñi ebala. Ta alperrik emongo yakoz bueltak, beti "pastiche" bat izango da. Agiri-agirian dago Txomin Agirre'k Kresala bere bizitzaren barruan eroiala, ta Garoa azalez. Kresala'gaz ez deutsa bere denborako nobelagilleeri zorrik. Arro erakutsi geinkean nobela da» (Boga, boga, Ondarroa, 1964, maiatz-bagilla, aldizkarian).
Gamiz kritikalari argiak, ordea, «Garoa» irakurri ta gero, au diosku: «Izkuntzea ederra da. Garbizalea. Bere iztegian erdel-itzik ez da agertzen beren-beregi izan ezik eta orduan euskaldun okerren jokerea agertzeko. Noizean bein itz barriak asmatzen ditu, eta oneitarik batzuk ez dira errira sartu, esaterako: "Gaiztotegia" (espetxea), "gizadi" ta "gizarte" inguruko talde txikiai, "euritakoa" (aterkiña), "oinzorroak" (zapatak), "sendakiña" (osagillea), "izketartea" (alkar-izketa). Gaur be batzuk erabilten dituen itz-bikoteak sarri darabiltz: "aitzaki-maitzaki", "tipirri-taparra"... "Ez" aurrizkia be ba darabil: "ezbardintasuna" ("bardiñeztasuna" be bai), "ezezaguna"... Aditz-joko asmatuak noizean bein agiri dira: "badantzute"... Izlari guztiak ez darabilte izkuntza bardiña. Erri-izkerea agertzen da noizean bein; bakarrizketa ederrak agertzen dira. Trebea da orretan. Zugatz bategaz alkar-izketa bat be agertzen da. Trebetasun au gaurkoa dogu. Eta alkar-izketak ugariak eta ederrak, zorrotzak eta ondo ebagiak dira... Eleberriaren barruan bertsoak be agertzen dira. Joskerea "Kresala"-n baiño obea da, an utsen batzuk agertzen ba'dira, emen bat be ez... "Kresala" baiño asko obeto josita dago eleberri au, aria obeto eroana da. Baiña onetan be ba ditu, neure ustez, obetu legikezan gauzak»...
Onela amaitzen du, aldia, notingintza, tokia, zeazketak, gogaketak eta eritxiak, Txomin Agirre'k «Garoa»-ren orrialdeetan ereinak noski, aztertu ondoren: «Zer esan eleberri oneri buruz? Eleberri ederra ta bere "Kresala" baiño askoz obea dala. Geiago, munduko eleberri onenen artean, lenengoetariko ez ba'da be, mailla on baten jarri bearrekoa dala. Eleberri onegaz, gaur artean beintzat, gure eleberrigintzak gaiña lortu dau. Liburu eder au erderatzea ez litzake txarto izango, eta beste eleberri ospetsu asko baiño goragoko maillan agertuko leiteke elerti edo literaturaren kondairan» (Agur, 1973, 106 zenbakia, 8 orr.).
Esanak esan, entzun berriz ere A. Villasante'ri: «Joan-mendeko azken urteetan, eta gure onen asieran, zerbait berri nabari da gure literaturan. Pizkundea deritzaion abiadura aundi hori orduan asi zan. Aro berri bat, muga berri bat. Muga ortaz andiko eta emengo euskal idazleek alako leize batek bereizten eta bitaratzen ditu. Gure Txomin Agirre, aro berriko idazleen artean sartu bearra dago, zalantza gabe. Eta aro berriko idazleen artean garaienetakoa dugu, garaiena ezpada. Or gelditu dira aren liburuak aro berrien bandera bezala» (Garoa, 1966, itzaurrean, 3 orr.).
(Ikus P. Lhande, RIEV, XI, 148-160; Itzaldiak, Donosti, 1923, 97 orr.; R.M. Azkue, Itzaldiak, 1923, 67 orr.; K. Etxegarai, Itzaldiak, 1923, 81 orr.; G. Manterola, Yakintza, 1934, 323 orr.; S. Onaindia, Ondarrak, Bilbao, 1964; I. Omaetxebarria, Euskera, 252 orr.; L. Mitxelena, HLV, 156 orr.; L. Villasante, HLV, 318 orr.; G. Muxika, «Euzkadi», 1920-1-28; «Euskal Esnalea», 1920, 17 orr.; J. Etchepare. «Gure Herria», 1922, 442, 631, 680 orr.; K. Iturria, «Garoa», 1956, itzaurrea; S. Onaindia, «Kresala», 1954, Aurkez; G. Garriga, Bol. Amer. E.V. 1951, 187 orr.; Boga, boga, Ondarroa, 1964; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 179 orr.; Mikel Zarate, Bizkaiko Euskal Idazleak, 1970, 122 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 246 orr.; A. Zubikarai, La Gran Enciclopedia Vasca, IV, 529 orr.).