literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

2.— Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga

(1842-1915)

 

        Adia samin au bota zigun bein Eusebio Erkiaga'k: «Euskal idazle izan ez diran letradun edo burujantzi asko izan da Euskalerrian. Esaterako, mixiolariak, eta baita autorrentzuleak be re. Eskribauak eta, osagilleak eta. Zenbat jazoera, zenbat egoera latz nobelagarri ez ete ditue ikusi ta bizi izan, berbarako, mixiolari euskaldun sail zabal eta edatsuetako gizasemeak? Zegaitik ez ete deuskue aberastu gure elertia, irakurgai biribillak agertuaz?... Egia da, alan bere, euskeraren alde jardun izan daben euskaldun euskaltzalerik zintzoenak, ia beti, ain zuten elizgizonak izan dirana. Beste letradun asko, ibiltariak, itxasgizonak, aundikiak batez bere, iñoiz agertu al izan dira euskeraren aldeko lanetan?»

        Etxeita mundakarra, alere, sail ajolakabe ortatik berex eman bearra da: berau bait dugu, uri-gizona noski, euskal literaturako nobelagilleen taldea edertzen duten lenengoetariko bat. Bai, Mogel'en «Peru Abarka», Daskonagerre'ren «Atheka gaitzeko oihartzunak», Elizanburu'ren «Piarres Adame»-ren auzoan jarri bear ditugu Etxeita'ren «Josetxo» ta «Jaioterri maitia» ere.

 

        NOR GENDUAN.— Kantauri itxas ertzean, ots, Mundaka'n jaio zan Etxeita 1842-12-13'an. Il ere bertan il zan, 1915-5-1'an. Bere gurasoak: aita, Markos Etxeita Duñabeitia, Garai'ko semea, ta ama, Maria Josefa Luzarraga Abaroa, Mundaka'ko alaba. 1867-11-25'n ezkondu zan Mundaka'ko alaba Juana Abaroa Axuriagoxeaskoa'rekin. Seme bakarra izan zuten, izenez Salbador.

        Atsegin izan oi zaigu gizonaren itxura nolakoa izan zan jakitea ere, bai gaiñez bai izakeraz. Etxeita'ri buruz, au diosku E. Erkiaga'k: «Gizon bardingoa zan luze-laburrean. Azalez, baltzerana. Begiak, urdiñak zituan, zear luzanga urratuak. Bekoki zabala, ezpan lodiak, ao egokia, bizar estua. Izakeraz, atsegiña ta mazala ei zan. Artu-emonetan, apal eta maitakorra. Bai goikoentzat, bai beekoentzat, guztientzat bardin antzekoa, gizon oso ta bakarra, azpillik bagea. Buruz argia, zanez azkarra, ariurriz langillea» (Olerti, 1962, 108 orr.).

        Gaztetatik ibilli zan, txo lez, itxas-adarrak urratzen. Geroago, Bilbao'n ikasi zitun Nautika-gaiak, beti ere nota ederrak ateratzen zitula. Ta laster itxosoratu zan berriro, lenengo bear ziran proba ta azterketak egiten, eta ondoren itxaso guztietarako pillotu bezela. Era ortan ikuskatu zitun sarriro Europa'ko ta Ameriketako errialdeak; baita, berak bere Oroitzapenetan dioskunez, ekaitz gogorrai arpegia eman eziñik, bere burua arrisku izugarrietan ikusi ere. Etxeita'ren bizitzako asi-orraziak txit garrantzizkoak dira.

        Azkenez, itxaso ta beronen ekaitzai agur egiñaz, Manila'n geratu zan, Larrinaga itxas-ontzi etxeko zuzendari amasei urtez egiñik. Bitartean kargu auek euki zituen: ango kaieko Batzarrekoa, Filipinas ugarteetako Banakuntzakoa, Tabakalera Bazkunako onularia, Itxas-bazkunako artezkari ta Saleroste-Kamarako lendakari, eta guenean Manila'ko alkate. Erkiaga'k ondoren au gaineratzen du: «Lan eta arazo guztietan agertu izan eban bere zuzena ta zindotasuna. Gizon azkarra ta jendakiña izan zan; euskaldun eredua. Apala, baketsua, etxezalea, aren oiturak ez euken ezer nabarmenik» (Loc. cit.).

 

        ETXEITA'REN IDAZLANAK.— Ez dakigu noiz etxeratu zan. Baiña, aurretik ere idazteari emana baldin bazan, gero, Mundaka'n, bere jaioterri gozoan, Izaro, Ogoño ta Atxerre begipean zoragarri zitularik, euskereari ta musikeari osorik lotuta bizi izan zitzaigun. Orduko aldizkarietan ugari agiri dira aren lanak: Euskal-Esnalea, Euzkadi, Yaungoiko-Zale ta Gaceta del Norte'n batez ere.

        Liburuak ere argitara zitun, bertsoz eta itz lauz. Ona:

        1) Josecho (Durango, 1909). Florentino Elosu'ren etxean. 368 orrialde. Irakurgai onen gaiak badu gatza. Mundaka'tik, Bermeo'rako bidean basetxe baten senar-emazteak bizi ziran seme-alaba barik. Bein jitano batzuk joan zitzaizkien etxera; mutiltxo eder bat zekarten: Josetxo. Onek beingoan oratu zion seme gabeko amari, esanaz: «Ama! Ama!» Umetxo ura erosi zuten. Zegan? Amar ogerleko ta amar oillotan. Aundi azi ta itxasoratu zan, pillotu ta buru izatera eldurik, eskualde asko ibilli ta ikusi zitun. Bitartean, ainbat gorabera. Azkenik, bere jaioterrira biurtu ta Mundaka'ko neskatilla batekin ezkondu zan. Geroago jakin zanez, Josetxo napartarra zan, Etxauri'ko semea; jitano emakume batek ogetabi illabete inguru zeuzkala ostua, «bikotxa bere arreba bategaz, da biak guztiz alkarren antzekoak, biak euken eskumako belarpean orañen andi samar bat» (Josetxo, 355 orr.). Guenean, bere egiazko ama ezagutzeko poza izan zuen.

        2) Jayoterri maitia (Durango, 1910). 255 orrialde. Pizkundeko artzain-nobela kutsua du. Euskaldun neska-mutillak erbestera doaz, Mexiko'ra, geroago Ardibaso zoragarrira biurtuaz. Berton datorren lagun baten inguruan ainbat gauza gazigozo eiotzen ditu. «Lenengo maillako notiñak, ugariago ditugu emen —diosku E. Erkiaga'k—. Elebarri au, ostera, alaiagoa da, ariñagoa. Bear bada, biotz-isuri aundiagokoa. Barruan, alako lillura ugariago zirikatzen dauana, letragintzaren ikutu nabariagoa daukana. Irri-ikutu atsegiñez txitean-pitean, olde ameskorraren kilika bigunez».

        3) Au, Ori ta Bestia (Durango, 1913). Durango'ko Elosu'ren etxean, besteak lez. Neurtitzak dira, lendik ere orduko aldizkarietan eta aipatu nobela bi oietan sartu zitunak. 52 olerki guztiz. E. Erkiaga'k onela: «Musika-zale zanez, neurriz artez egiñak dira, izkera errezean, oztopo barik irakurtekoak, itzak moztu ta itsusitu bage, euskera osasuntsuan. Samurtasuna igari dabil izneurtu askotan, an or emen sentimentu bikain ta gardena erakutsiaz. Minberatsuen ondoan, ba ditu bertsu zirikatzailleak bere, alaikorrak; eta noizean bein akulugana zorrotz darabil. Alkarrizketa-zale itsua zan, eta neurtitzotan bere, autuka diardue ango bizidunak, geienez giza ta emakumeak. Teatrulan politak egin izan eukean, orretara jarri izan ba'litz» (Olerti, 1962, 115 orr.).

        Ba-ditu oraindik, or-emenka argitaratuak, «Euzkadi» aldizkarian batez ere, beste lan batzuk: «Atsua ta mutikua», «Libin», «Auntz-kumetxuba», «Matilde'ren naigabiak», «Deungekeria ta damutasuna», «Mari Jesus ta iru artzañak», eta A. Trueba'gandik egin zizkigun itzulpen batzuk, «Zorijona», adibidez.

 

        SARIAK.— Etxeita'k, bere bi nobeletako notiñak, berak ibilliz ikusi ta ezagutu zitun itxas-barruti ta lur-aldeetan jartzen dizkigu. Oien gaia, beraz, bizi-bizi zekarren aurreragotik bere gogoan. Idatzi ere egin ote zituen atalen batzuk? Dana dala, edo azkenengo urteetan edo aurretik, naikoa idatzi zigun. Gauza askori buruz idatzi ere.

        Eskuratu zitun sariak ere etziran kaskarrak izan. Lenengoa 1908'an irabazi zuen, «Euskal Esnalea»-k eraturiko ipui-batzaldian Mari, Jesus ta iru artzañak sariztu ziotenean. Zarautz'en 1912'an, «Euskalerriaren Alde»-k antolatu zuen poesi-leiaketan bere Itxasoa olerkiak eraman zuen bigarren saria. 1914'an ere, «E. Alde» berak eratu zuen ipui-itzulketa batzaldian berak irabazi zitun lenengo bi sariak, bata Trueba'ren ipui «Jainkogan siñisten dot» itzulpenagatik eta bestea «Urikoa» komediagatik.

        Argitara barik datza oraindio bere gutun Memorias deritzana, itxasoak astintzen ibilli zaneko ainbat gorabera ta gertaldi uste gabekoz ornitua.

 

        IRITZIAK.— I. Omaetxebarria'k: «Etxeita'k bi nobela utzi dizkigu: Josetxo ta Jaioterri maitia. Lenengoak Añibarro'ren idazildoari jarraitzen dio, bigarrena berriz Mogel'eraiño irixten da. Errikoitik urbil dabillena duzu bere izkera, itz berriak oso zuur erabillirik» (Euskera, 304 orr.).

        Eusebio Erkiaga'k: «Grima kezkatsua eban gure idazle itxastarrak. Zeaztasunak zuzen ta zuur emoten oitua nunbait eta, estadistika zale amurratua da. Zerzelada ta koxka ta buru-buztanak, ziur esaten dakiz».

        M. Zarate'k: «Josetxo. Nobela bat da. Erromantiku usaiña dario, baiña erreza eta polita da».

        Etxeita'k ba-zuen kezkarik bere eleberriak osotzean: fonetika zala, itz berriak, orduko joerak zirala-ta... Ezagun zitun orduko euskaltzaleak; berak diosku Josetxo'ren itzaurrean: «Irakurgei au iratzi dodanean, gomuta izan dodaz Astarloa, Campion, Azkue, Arana-Goiri ta beste jaun jakitun batzuk, eta eurak euskerearen alde egin dabezan lan gogoangarriak».

 

        (Ikus G. Muxika, «Euskal Esnalea», 1915, 50 orr.; S. Onaindia, MEOE, 624 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 304 orr.; L. Villasante, HLV, 314 orr.; Eusebio Erkiaga, «Olerti», 1962, 107-123 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 1969, 152 orr.; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 1970, 118 orr.; Auñamendi, II, 179 orr.).

 

Bilaketa