literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

6.— Andima Sabin Ibinagabeitia Idoiaga

(1906-1967)

 

        L. Mitxelena'k dio: «Ibinagabeitia idazleak ez luke oroitzapenik bear, gure oroimena ain urria ez balitz eta munduak azken-aldi onetan daraman lasterrak atzoko oiñatzak ain errazki urratuko ez balitu. Andima eta Zaitegi elkarren kide izan dira, euskaltzaletasunean ez ezik (bion izenak maiz agertu dira elkarren ondoan, euskal-idazlanen beheko aldean, gerra ondoreko urte illunetan), baita eskola bateko mutil izan direlako eta ain maitatzen ikasi zuten antziñako klasikoen kutsu bizia euskal-letretan txertatu naiean ibilli direlako. Naiz bata prosaz ari eta bestea, maiz aski beintzat, itz-neurtuetan; naiz batak Grezia-aldera izan joera eta besteak, batez ere, Erroma'ra, berdintsu da. Andima'k, aspaldi ez duela, bere biziko lana eman zuen argitara: Virgilio osoa euskeraz» (Egan, 1967, 108 orr.).

        Emen ere, bakoitzari berea ezarririk, iraitzean esan dezagun, gizaseme prestuak ere, naiz-ta meatz, loak artu oi ditula; ots: Andima'k etzuen Bergili osoa euskeraz eman, Unai-kantak (Bukolikak) eta Alor-kantak (Georgikak) baizik; Enearena (Eneida) neronek euskeraldua duzu.

 

        BIZITZ-ZEAZTASUNAK.— Elantxobe'ko seme dugu Andima. Itxas-ertzean kaio-kabi bezelaxe zintzilik daukazun arrantzale errixka onek ainbat gizaseme argi ta guren eman dizkigu azken urteotan, itxastariak ez-eze euskal literaturan ere bai: Errenteria'tar Gorgoni, Galo Ibinagabeitia —gure Andima'ren aita—, Arriandiaga, «Ogoñope» (Ruiz de Azua), ta abar. Galo, Kepa Enbeita ta orduko beste euskaltzale askorekin erriz erri ibilli zitzaigun izlari.

        Elantxobe'n, ba, jaio zan Andima 1906-1-26'an, eta urrengo egunean bateatu zuen Juan Gorgonio Kalle bertako txaunburuak. Gurasoak: aita, Galo Ibinagabeitia Beobide, elantxobetarra, ta ama, Eufemia Idoiaga Aldamiz-Etxebarria, Ibarrangelu'koa. Aitaren aldeko aitita, Martin Bizente, Ibarrangelu'koa semez, eta Petra amama, Elantxobe'ko alabea; amaren aldekoak: Eustakio, Akorda'koa, ta Tomasa, Ereño'koa.

        Aitaren arikoa zetorren Andima, bizkor, zur, argi ta erri maitale. Elantxobe'n bertan osotu zituen len-ikasketak. Batxillera Tudela (Muskaria)'n ikasi zuen, Aita jesuiten ikastetxean, ondoren, Jesus'en Lagundikoa izan nairik, Latin eta Edestia Loiola'n egin zituen; Filosofia, Metafisika, Matematikak eta Izadi-jakintza, Oña'n, eta Teolojia, Eliz-Eskubidezkoa ta gaiñerakoak, Marneffe'n, Erkalak beartuta ara joan bearra izanik. Ondoren, maixu bezela, Kolonbia'ko Barranquilla'n irakatsi zuen urte batzuetan. Eliz-karrera bukatua zuen arren, etzan meza ematera iritxi, barru-kezkaz estu xamar bai zebillen.

        Geroztik laster Galdakano'ko «Explosivos» fabrikako ofizinetan daukagu, langille ta baikor; Chalbaud'etarrak begiko zuten. 1936'ko guda aurretik Lisboa'ra joana zan, galdakar fabrika onek ordezko edo sukursal bi, an iriki zitulako; Andima zan bi etxeotako buru ta eragille. Gerra ostean fabrikakoak Madrid'era dei egin zioten; baiña bere ogibideak ordun artu zuen bidea etzitzaion eder, eta, Bilbo'raturik, beste egiteko batzuetan buru-belarri sartua bizi izan zan iru-lau urtean.

        Egun illun aietan ere Aberri alde jokatu zuen zintxo. Baiña burkide ta jazartzailleen eraso bizia zala-ta, Paris'era jo zuen igeska bezela, an Jon Mirande ta beste euskaltzale batzuekin euskal arloan lan egiñik. Paris'en asten da, ain zuzen, Andima'ren benetako lana, euskal lana, biotzez maite zuen lana. Egia esan, aurretik ere ba-zituen euskerazko idaz-lanak, bizi-izti edo biolojiari buruzkoak berariz, baiña ementxe lotu ta atxiki zan osotoro euskal-zerari, ementxe idatzi zituen ainbat artikulu ta iritxi-emate goragarri (Zeruko Argia, 1967, abenduak 31). Zortzi-bederatzi urte igaro zituen bertan.

        1954'an Paris utzi ta Guatemala'rako bidea artu zigun, Zaitegi'k bait zion dei egin «Euzko-Gogoa»-n lan egiteko. Itxas-ontzian zijoala itzuli zitun leendik ere asko ausnartuta zeuzkan Unai-kantak. Guatemala'n «Euzko Gogoa» indartzen dendatu zitzaigun, Zaitegi aldizkari buru ta bera, Andima, lankideen nagusia ziralarik. Biok burutu zuten lan eredugarria. Orixe ere andik egurastu zitzaigun aldikada artan, bere lan eder-eder bi, Quito'n arrebarekin eta On eta Eder, beste askoren artean, langille bikain aien aldizkarian argitara emanez.

        Andik urte bete ta erdira, 1956'ko urrillean, Zaitegi Euskalerrira itzuli zan. Andima, ordea, an geratu zan: Karakas'n zeuzkan illobak eta aiek maitekiro artu zuten, eta antxe bereen artean eman zituen arrezkeroko urteak, amaikaraiño guztiz. Ofiziña batean lan egiñez bizi izan zan, eraso xamar bizi ere. Aberri-miñak sakonki joa, bai ordea. Osasunez etzebillen ondo, biotzak ez baitzion erantzuten, orduko lur-ikara gogor baten ondoren baitik bat. Gaitz ortatik il zan 1967-11-2'an, 61 urte zituela.

        Illeta gogoangarriak egin zitzaizkion ondoren, Karakas'en eta abar. Illen egunean il zan, azillaren 2'an, goizeko lauretan, lau bat orduko miñak jota gero, eta arratsaldean izan ziran aren omenezko elizkizunak. Gero, emen Euskalerrian, berak azken-nai bezela utzi zigunez, euskal idazle guztiok Lazkau'n elizkizun orokor bat ospatzea erabaki genduen, baita meza abestu eder bat ospatu ere, gure euskal langille zintzoaren gogo-atsedenerako Jainkoari biziro eskatuaz. Berdin egin zuten bere sendikoak eta bilbotar talde gartsu batek Deustu'ko pasiotarren elizan.

        Ortaz gaiñera, Karakas'eko euskaltzaleak, Andima oso maite zutenak, sari bat taiutu zuten ura il eta laster: «Andima Ibinagabeitia Saria», milla dolarreko saria, ango «Euskera Lagunen Elkartea»k sortutakoa. Urtero banatzen dan saria noski. Euskaltzaindikoa genduen.

 

        EUSKAL LANAK.— Loiola'n ikasle zala asi zan idazten. Oña'tik ere bialtzen ditu lanak Bilbao'ko «Jesus'en Biotzaren Deya»-ra. 1930'an «Pio XI-garrena ta Eleiz-abestiak» deritzan lana, txit ederto egiña daukazu bertan. «Euzkadi»-n ere ba-ditu olako lanak gerra aurretik; eta ostean, euskerazko aldizkari geienetan idatzi zuen: Paris'ko «Euzko-Deya», «Alderdi», «Gernika», «Euzko-Gogoa», «Egan», «Karmel», «Olerti», «Zeruko Argia»... «Euzko-Gaztedi», «Irrintzi», Karakas'ko «Anuario del Centro vasco»... Euskeraz ederki zekien. «Norbait», «Elentxu», «Ibiñaga» ta «Idoyaga» ere erabilli zituen lanak izenperatzean.

        Liburu gisan azaldu zituenak:

        1) Abere-indarra (La Fuerza bruta). Bi ekitalditako antzerkia, J. Benavente'k erderaz idatzi ta Zaitegi-Ibiñaga'k euskeraldua. «Euzko-Gogoa», 1950, 1.

        2) Euskal idazti baten eunkiaren inguruan zerbait gogoeta. G. Garriga'k erderaz egiña, Andima'k euskeraz. «Euzko-Gogoa», 11.

        3) Landaraetaz atzapenak (Botanika-asimasiak). «Euzko-Gogoa», 11.

        4) Maite-bidea (Euzko-Gogoa, 1952). Obidi'ren «Ars amandi» euskeraz. Irakur berak itzulpenari begira dioguna: «Oztoporik arkitu dudala aitortu bear dut, bainan gure euskerak garbi aski erakutsi dit edonolako idazlanak bere soinekoz yazteko gai dala. Eta auxe, batik bat, nabarmendu nai izan dut nere itzulpenean. Norbaitek lan garbiago bati ekin bear niola erasoko dit. Erasoleak berak egin beza. Errex esaten da: au egin bear zenuen, beste au obeto izango zan. Buru ederra asmo ederragoz gainezka duzutenok, zergatik ez zerate zeuok lanera yartzen? Ez neri esan beste zerbait egin bear nuenik, zeorrek egin ezazu».

        5) Euskal literaturaren Amaseigarren mendea (Euzko-Gogoa, 1954) Londres'ko B.B.C. irratontzitik bi ekiñaditan emana.

        6) Euskal-Mitologiaren Ikaspiderako (Euzko-Gogoa, 1954). Barandiaran'dar Joxe Mikel'ek erderaz egiña, Andima'k euskeraz. Lan eder-ederra.

        7) Euskera irudi-bidez (Nuevo método de euskera básico). (Paris, 1953). 269 orrialde. Gaurko ikasbide berrien tankeran antolatua.

8) Erdal-ikasbide erreza (Aprenda el vasco en 60 horas. Zarautz, 1961). Erdeldunak euskeraz ikastekoa. Muiña: 1) Euskal-abedea; 2) atzizkiak; 3) aditzaren jokabide batzuk; 4) alkar-izketak, eta 5) iztegi egokia, bost milla itz inguru dakartzina.

        9) Idazti berriak. (Euzko-Gogoa), 1954). Azaltzen ziran liburuen iritzi ematea. Oso ederki. Ertzak maixuki arturik, zur eta bipil ager-azten digu berak uste duena. Egundo ere ez du iñor zirika mintzerik. Bakoitzaren balioa argi jartzen saiatu zan, gerra ostekoen balioak batez ere, beti maitekor eta baikor. Makiña bat olako kritika egin zuen «Euzko-Deya»-n eta «Euzko-Gogoa»-n. Iñoiz esan dute kritikalari bigunegia zala, baña gizon argia zanez, bazekian gizabidez eta xamur zaurian ikutzen ere.

        10) Bergili'ren Unai-kantak (Euzko-Gogoa, 1954). Itzulpen bitxia, esan dugunez, itxas gaiñean osotua. Badu bere zera: askok eman oi ditu olakoetan ogei naiz ogetabost egun, itxasoak ditun edertasunez asetu nairik, ezertxori ere ikutu gabe; Andima'k, ostera, euskera jazteari ekin zion.

        11) Bergili'ren Alor-kantak (Bilbao, 1966). Eragille ona zan Andima. Nik ez nuen arpegiz —vis a vis— ezagutzen; eskutitzez, ordea, ar-eman goxoa izan genduen amabi bat urtetan. Alai ta gartsu beti, euskal arloan lan egitera bultzatzen ninduen. Ark eskatuta egin nuen Kepa Enbeita'ren bertso bilduma, Gure Urretxindorra, ain zuzen. Bergili'ren idazlan osoak argitaratzeko asmoa artu nuenean, Unai-kantak ain ederki itzulita zeuzkan ezkero, Alor-kantak ere biurtzeko eskatu nion. Orrela egin zidan. Eta bion artean, ark Unai-kantak eta Alor-kantak eta nik Enearena gertaturik, Bergili'ren idazlanak osorik tituluarekin liburu ederra aragitu genduen.

        12) Eman (Karakas, 1967). Andima'k il aurretxoan asiberri zeukan aldizkaria, erderaz ta euskeraz. Bost zenbaki atera zituen. Bere asmoetatik bat auxe: «Euzkotar eta euskaldunek —diosku— Ameriketa auetan egin dituten lan eta egintza aundiak iñarrosi eta aizetara eman, gure inguruetakoak ikasi ta aietaz jabetu ditezen». Eta beste au: «Gure erri osoan jazo ditezken kultur-gertaera guztien oiartzun ozenena izan nai luke».

        13) Argitara gabe oraindik anitz lan laga zizkigun, osoak eta erdizka amaituak, sailkatu ta eraz jarririk argitara ekartzea merezi luketenak noski baiño noskiago. Ortan saiatua naiz, baiña ez dut oindio ezer iritxi: asmo onenakin jardunda ere, iñoiz kale egitea egoki zaigu.

 

        IRITZIAK.— Zarautz'en atera zuen «Euskal-Ikasbidea» zalata, L. Mitxelena'k idatzi zigun: «Berrogei ta bederatzi ikasgai ditu, elkarizketa uts-utsak guztiak... Izketa-gaiak —oraingo gizartean maizenik erabil ditezkeanetakoak— ederki aukeratuak daude eta itzak eta esaerak —euskaldun ikasiari dagozkionak— egokiak dira; gorago esan dut Andima'k autatuak eta asmatuak direla. Uts gutxi arki lekioke ikasbide oni alde orretatik» (Egan, 1961, 151 orr.).

        K. Etxenagusiak: «Bizkaitar jakitun onek —jesuitarako ikasketarik geienak egiña zan— euskereari eskeiñi eutsan bere bizi osoa, urteokaz Ameriketako erbeste latzean. Idaz-lanik geienak gipuzkeraz egin ditu, izkera landu, txukun, aberats eta, bear bada, otzegian... Kritikalari zorrotza (zuzena ta biguna, batera) ta itzultzaille aspertu-egiña... Zaitegi, "Orixe", Ametzaga, T. Etxebarria ta beste asko ta asko: gure artetik urruti bizi bear izanarren, ez dabe euskera alde batera itxi; urrutiago ta laztanago... Euron artekoa dogu gure Andima txalogarria be!» (Lorategia, 282 orr.).

        Ugalde'tar Martin'ek: «Euskalerri osoak semea izan genduan, bai biotzez eta bai izkuntzaz ere. Gure idazleetatik goienetakoa. Andima'k euskera osoa erabiltzen zuan, gure erri osoko euskera, euskera aberatsa, jakinduna» (Zeruko Argia, 1967, azaroak 26, 11 orr.).

        Juan San Martin'ek: «Euskera eta euskal literaturaren irakasle egin izan du Paris'en eta Caracas'en. Paris'en, bere ikasleak izan ziran J. Mirande eta D. Peillen, beste zenbaiten artean. Andima, gizon jakituna eta apala genuen, ezagutzera eldu ziran guztiak maitasuna eta ar-eman izan dugunok ere ez gutxi, ain zabala ta maitalea bai zen bere biotza» (Euskera, 1968, 282 orr.).

 

        (Ikus G. Garriga, BIAEV, 1954, 242 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1961, 151 orr.; J. San Martin, Euskera, 1968, 281 orr., ta Escritores euskéricos, 98 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 282 orr.; A.M. Labaien, Teatro euskaro, II, 170 orr.; Auñamendi, Literatura, 111, 467 orr.; Martin Ugalde, Zeruko Argia, 1967, azaroak 26, 11 orr.; S. Onaindia, Zeruko Argia, 1967, abenduak 31, 12 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliografia, IV, 317 orr.).

 

Bilaketa