literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

25.— Nikolas Ormaetxea Pellejero, «Orixe»

(1888-1961)

 

        Bijoa emen ere, aurrena, «Orixe» —onela dugu ezagun euskal literaturan geienik— zanaren illoba J.M. Aranalde apaizak dioskuna: «Orixe gorriak ikusita joana da mundu ontatik bestera; baña emen ikusi zitun gorri oiek baño gorrigo zegon arek biotzean zeukan Jainko-maitasun-garra ta su ortan etzuten erretzen bee ontako min-gorriak. Ta an daukagu orain, guk nai baño len beregana eraman zun Jainkoaren altzoan. An argitan, Jesus eguzkiaren alboan, kristau izar aundienetakotan, berriz esan, aundienetakotan. Aren atsekabeen bukaerak negar egiñarazi digunori erakutsi dezaigula, arek maitatu zitun gauzak maitatzen: JAINKOA ta EUSKERA» (Orixe Omenaldi, 39 orr.).

 

        BIZITZ-ATALAK.— Irakurria ezta gezurra. «Orixe» Jainkozale bezela ta euskaltzale bezela aundienetan aundienetakoa dugu. Or lekuko bere bizitzaldi osoa.

        1888-12-5'an jaio zan N. Ormaemea, Orexa'ko «Iriarte» etxean. Geroago gurasoak «Beata Berri»-ra aldatu ziran, eta azkenez, etxe-aldeko arreba ezkonduak «Gogortzanea» erosi, ta emen jarri ziran bizitzen. Esan dugun egunean iru aur sortu ziran. A.M. Labaien'ek: «Irutako bat, Nikolas, ain zuten, Uitzi'ra iñudearengana eraman zuten. Maitetsu ta biotz-zabalez artu zuten aurra Errekalde, Uitzi'ko etxekoak, batik bat Asuntxi amandreak, eta orexatar aurra, napar koskor biurtu zan, eta arrezkero ez zituan saltzeko ez iñude ez Asuntxi ta ez Errekalde ta ez Uitzi'ko erria». (Orixe Omenaldi, 16 orr.).

        Eta nolako mesedea egin zion Orixe'ri aurtzaroa Uitzi'n igarotzeak. Antxe ikasi zizun, aur-lagunai ta etxeko zarrai entzunez, gero ain ederki erabilli zuen izkera, itz eta joskera ederra. Umetxo zala asita, amaika urtetan erriko eskolan ibilli zan, eta maixu-arazoan zotzak beregana jo zuen: Maixu ona euki zuen Orixe'k. Oiartzabal'dar Martin'ek: «Ain zuzen, maixu ori, berak euki zitunen artean onentzat jotzen zun. Irakasleak, aurrei irakasten zizkien gaiak, argi ipintzen omen zizkien, gauzak zer ziran eta elkarren artean zer artu-eman eta zer alde zuten adieraziz. Urte asko joanda ere, oroitzen zan Uitzi-eskolako gauza auetaz, irakaslea goratuz» (Orixe Omenaldi, 120 orr.). Gero, bost-sei urtetan lanari ekin zion, nekazaritza, artzaintza ta basoko lanak ondo ikasiaz. Eta baita berarekin zebiltzanen aotiko euskera bikaiña ere. Orrez gaiñ, orduantxe ikasi zuen Jainko-zale izaten: animako gurasorik onena bere amona izan omen zuen. «Ua lako gurasorik/ otoitzean ez dut kausi», diosku olerki baten.

        Amazazpi urte zitula, 1905'an, Naparroa'ko Jabier'era joan zan, Jesus'en Lagundiko izateko asmoz. Zerk eragin ote zion? Ona J.M. Aranalde'k: «Maixuak eta apaizak eragin zioten artara, jesu-lagun bat errira aur billa etorri zan batean. Etzitzaion, beraz, berari jaio ara joatea. Beste norabaitera bidea erakutsi ba lediote ere, berdin joango zala esaten zun» (Orixe... 36 orr.).

        Bi urte egin zizkigun Jabier'en, ondoren, 1907-4-12'an, Loiola'ra aldaturik; emen egin zituen iru urte, lenengo bi urteak nobiziotan eta irugarrena Giza-letrak ikasten. 1910'an Burgos'era joan zan, «La Merced» zeritzan ikastetxean bi urtez klasikoak ikastera; gero, iru urte —1912-14— Oña'n eman zituen filosofia ikasten; ondoren, Komillas'en bi urte ta Karrion de los Kondes'en beste bi urte maixutzan egin zizkigun, baita gero Tudela'n eta Jabier'en ere beste bana; 1921'an Oña'ra doa Teolojia ikasteko asmoz, eta azkenez, 1923'an, Oña'tik Jabier'era aldatu zan, ikasketak etenaz, eta Jabier'tik erten egin zizun, Jesus'en Lagundia utzirik. Eliz-karrera osorik egiña zuen.

        Jesu-Lagunditik atera ta guda arterako urteak, ots, 1923'tik 1931'arterakoak, beintzat, Bilbao'n egin zituen, Azkue'ren aldamenean egin ere. Zortzi urtetan Bizkai'ko uriburutik edatu zan Orixe'ren eragin bipilla; Azkue'k bereganatu zuen eta «Euskera»-n lan egiten asi zan, euskal itz eta esaerak biltzen, Bizkaia'n ez-ezik, Euskalerri guztian ere ango ta emengo baserri, errixka ta uriak arakatuz. Baiña aren izen-izpiak barraiatu ziran batez ere «Euzkadi» egunkarian —1924-1934— euskeraz naiz erderaz idazten ekin zionean. Bilbotar egunkari onen euskal atala Kirikiño'k utzi zuenean (1928), Orixe'k artu zuen aren lekua, eta «gramatika gaiz, eztabaida ta burrukan bazterrak dantzatu zituen».

        1931'tik 1936'rakoa Orexa'n igaro zigun; urte oietan osatuak ditugu «Barne-Muinetan» eta «Euskaldunak» poema. Gudatea sortu zanean, 1936'an, Iruña gaiñeko San Kristobal espetxean eman zituen illabete batzuk. 1937'garrena osorik Tolosa'n igaro zuen bere arrebaren etxean; 1938'an Prantzi'ra joan zan, lenengo Donibane Lohitzun'en, bi urtez, ta Saubion'en, Lourdes ondoan egiñik gero 1943-5-6'arte. Saubion'dik Air-Sur-L'Adour'era aldatu zan; emendik Betharram'a, gero Baigorri'ra ta azkerik Donibane'ra. Ondoren, zori billa bezela, Argentina'ra, Txile'ra ta El Salvador'era. Poz-pozik ibilli zitzaizun Ameriketatik lurraldez ta adiskide onez zorabiatua batez ere.

        Bazterrak astintzen jardunik, ala ere, ezin barnera kiribildu ta Jainko-griñari berea opatu. «Egunero Jaunartzeagatik bakarrik etorri zan Ameriketatik», dio J.M. Aranalde'k. Dana dala, 1954-11-24'an Bilbao'n daukagu berriz ere. Urrengo urtea Lazkau'n eman zuen Agustin Gurenaren «Aitorkizunak» euskeraz jartzen; 1956'an Tolosa'n daukazu, ta urte onen azkenerantza Orexa'n; 1958'an, Arama'ra aldatu zan, bere illoba apaizaren etxera; andik, urrengo urtean, Añorga'ra, Zabalegi'ra, bere illoba apaizarekin. 1961-8-9'an il zan. Donosti'ko Polloe iltegian aren gorpuari lur ematean Euskalerri osoko euskaltzale, idazle, olerkari ta jakitun guztiak parte artu zuten.

        Arimaz at, soin aldetik ere, Orixe gorriak ikusita joan zitzaigun. Berak aitortu zuen beiñola: «Gota reumática edo Axular'ek "ezueri" deitzen dion gaitz-zital mingarri onek nauka, eskubiko beso, gerri ta meakezurretik belaunetaraño, miñik». Bedaio'n zan, 1956'garren urtean.

 

        EUSKALTZAIN.— Idazlea idatziz egin oi da aitamen larriko. Orixe, «Jesus'en Biotzaren Deya»-n (1917) idazten asi besterik ez, ta bere lanak zirala-ta, ospe aundiko gertatu zitzaigun. Ortaz, 1919-10-26'an Euskaltzaindiak autaturiko urgazleen artean daukagu Naparroa'tik. Laster asi zan alkarte onen goraberetan buru-belarri sartzen: 1920'tik aurrera Euskeraren batasunaz izan ziran batzaldietan irakurritako txostenen artean agertzen da N. Ormaetxea'ren «Unificación del Lenguaje Literario. Diversas soluciones» ere (Euskera, 1922, 43 orr.). Arazo ontan gai egokia zalako, RIEV aldizkariak ere argitara eman zuen (1920, XI, 53 orr.). Geroztik beti, lan aundia egin zuen Orixe'k Euskaltzaindiaren altzoan, «Erizkizundi Irukoitza» zeritzan lana erririk erri aurrera eramatean berariz. Latera, gerkera ta eberkera eliz-karrera bitartean ederki ikasiak zituen, eta Euskaltzaindiak, 1922-4-28'ko batzarrean «euskal-laterazko gramatika egitea» egotzi zion.

        Orrelaxe ke ta su euskal lanari eratsia ibilli zitzaizun 1936'ko guda aurretik Euskalerrian eta ostean erbesteetan zear, iñoiz ere euskaltzain oso izatera eldu gaberikan. Orixe'k ba-zituen arantza gogortxo bi bere izatearen muiñean naikoa barru josiak: euskaltzain oso ez izatea, ta olerki-batzaldietan, berandu arte, saririk ez jasotzea. Biotzez samur-bera zan, eta bi arantza oiek ekarriko zioten larri-miña etzan txikia noski.

        Baiña azkenez, jasateak ere amaia izanik, iritxi zitzaigun Euskaltzain aulkira 1958-11-22'an, Euskaltzaindiak Leitza'n eratu zion euskal egun gogoangarria, ta Orixe'k antxe, euskaltzale jatorrez inguratuta, egin zuen bere sarrera itzaldia, sakon eta jakingarri alegia. Aspalditik ausnartua zerabillen euskeraren «mintza-doiñua» aztertu zuen maixuki; Leitza'n zegoen eta «nik belarriz obekienik artzen dudana, Leitza'koa da» esan zigun. Iru azentu-mota bereizi ta aztertu zituen. Giltza: «Gure azentua eskurakoi da erabiltzeko, baña beste ainbeste zail esamiñatzeko, igeskorra baita inguruko izkuntzena ez-bezala. Gure onek, griego zaarrak bezala, ez du indarrezko azentu nabarmenik; gora-beerako mintzor leguna du, ta ortatik eldu da (dator) kantarekin oztopo itsusirik ez egitea» (Euskera, 1958, 30 orr.).

        Irakur orain L. Mitxelena'k Orixe'ri, onen itzaldi ostean, eskeiñi zion goralpena. «Ormaetxea jaunaren sarrera-itzaldiari erantzuteko jeikitzean, arako aurrenak azken eta azkenak aurren izango diren aldi arzaz oroitu bear, nai ta ez. Orrexegatik, ozen eta argiro aitortu bearrean arkitzen naiz, eztuela gaur Euskaltzaindiak "Orixe" goratzen, "Orixe"-k goratzen duela Euskaltzaindia Euskaltzaindi'koen artean sartzearekin. Asko zor diogu "Orixe"-ri eta Euskaltzaindiak iñork baiño geiago. Asko eta askotara. Or dugu nik beste guztien gainean jarriko nukean "Orixe" lirikoa, Lizardi'ren adiskide biotzekoa, mundu onetan suma ditekean egarririk ederrenak mintzarazi duena. Or dugu bere aldiko euskaratzaillea. Or dugu gure erriaren izaera, mamiz eta azalez, barre-muinetaraiño bereganatu duen gizona, gure izkuntzaren aberastasuna gaiñezka darion itun goxoa. Atzoko, gaurko eta betiko euskaldun onek jaso du, bestek ez adiña, euskararen eta euskaldunen izena eta omena. Ederrez igortzia dago bere kanta, gure mintzo nardatu onetan, provenzar aundi ark bezala, eman duen kanta. "Edertasunak ukitu duen gauza —zion Keats'ek— beti da atsegin. Gero ta ederrago ageri da eta eztu iñoiz ezerezak irentsiko"» (Loc. cit., 36 orr.).

        Bi itzaldion aurretik meza ederra legez, ostean aizkora-jokua Udaletxe aurreko enparantzan; ondoren Bello jaunaren Abesbatzak euskal kantak, eta azkenik bazkaria, Erkiaga, Etxaniz eta Artola'ren olerkiz eta Arrue, Altzeta ta Zeleta'ren itzaldiz poz-atsegin aria emanda. Egun onekin emetu ote zitzaion Orixe'ri aspaldi danik ozka zekarren arantza?

 

        IDAZLE.— Sena omen da idazlearen doairik gaillenena. Eta A. Ibinagabeitia'k: «Euskal-sen ori, "Orixe" zanaren idaz eta itzul-lan guztietan nabarmen ageri zaigu, eta ortik nunbait ere, aren idaztankerak duen erakar-indar ezin utzizkoa» (Omenaldi, 90 orr.). Sen bete ori lortzeko, ordea, alegiñak alegin burutu zizkigun. jaioterrian edo Uitzi'n ikasi zuen, artzai, ikazkin eta nekazarien artean azi ta bizi zanean, euskera eder jatorra; gero euskal idazle zaarrez baliatu zan, Euskalerriko izkelgi guztietaz laster jabeturik. Alegin orrez gain, Orixe buruz argi ta belarriz ezin obekoa genduen. Andima'k: «Entzupidez burutxoan sartzen zitzaizkion itz eta esaerak oro, antxen gelditzen zitzaizkion betiko tinko ta bizi, entzun zituanean bezin garbi eta argi. Euskal mintzoaren ikararik izkutuenak ere, bertan arkitzen zuten oiartzun betea aren gogo-biotzetan» (Omenaldi, 94 orr.).

        Olerki-barrutia geroko utzirik, aitor dezagun aurrenik Orixe itz-lauzko idatzian edo prosan eredu bikain dugula. Ontaz dio L. Mitxelena'k: «Onekin baikaude zorretan itz-neurtuetarako doairik eztugun idazleok, izen larri ori nere buruaren gainean ezartzeko baimena ematen badidate. Ormaetxea jaunari eskerrik batez ere, etzen eten gure artean eteteko zorion egon zen "gure asaben lokarri zaarra". Bere bitartez eldu zaizkigu askori, oartzen ez giñalarik sarritan, lau mendetako euskal-idazleen mintzaera dotorea ta ikasia, ta bertsolarien etorri ugaria ta lasaia. Antziñako aberastasun ugariak gordetzeaz gaiñera, aalegiñean saiatu da gure izkuntza aldi eta eginkizun berrietarako egokitzen, izkera zailu, labur, biziago bat moldatzen. Eredutzat daukagu Orixe prosa-gaietan, baiña —eta au da iñork aaztu bear ez lukeana— nekez eta izerdiz bakarrik urbil gakizkiokean eredutzat» (Euskera, 1958, 37 orr.).

        Euskal idazleetan, Orixe, ugaria bezin antzetsua dala ukaeziña dugu. So egizu zenbat liburu osatu zizkigun, eta guztiak dauzkazu ederrez plin-plin gaiñezka. Norbait bear izaten dugu geienik barruan daramagun lerari zirkin eragiteko. Nork jarri ote zuen orexatarra euskal bidean, idaz-lanean batez ere? Segura'ko seme ta euskal idazle jator Aita Lardizabal izan zan nunbait, Orixe'ren doai bereziak ikusiz, idazkortza artu-erazi ta idazten ezarri zuena. A. Lardizabal'ek, A.K. Basabe ta beste josulagun batzuekin, sortu zigun Bilbo'ko «Jesus'en Biotzaren Deya» (1917-1937) aldizkaria. Emen agertzen dira Orixe'ren lenengo lanak, bertsoz eta itz-lauz agertu ere. Aldizkari orren lendabiziko zenbakian dator «Igesi» olerkia, Orixe'ren lenengoa noski, argitaratua. Ondoren ere ortxe eman zizkigun ainbat latin eresi euskerazturik, eta prosazko «Ni naiz bidea», «Igandea», «Onezko amesa», «Gizonen argia», ta «Jainkozko biziera ta ongienera eldutzeko Lasterbide bikaña», Nieremberg Aitak erderaz egiña, euskeraztuta, batez ere. Zenbaki bakoitzean bi lan argitaltzen zizkioten geienetan.

        Orrelaxe gero Euskalerriko euskal eguneroko ta aldizkari guztietan esan bearko: «Euzkadi», «El Día», «Euzkerea», «Argia», «Yakintza», «RIEV», «Euskalerriaren Alde», «Euskal Esnalea», «Gernika», «Euzko-Gogoa», «Karmel», «Egan», «Euzko-Enda», «Euzko Ikaskuntzaren Deya», «Gure Herria», «Olerti», «Zeruko Argia», «Yakin», ta gaiñerakoetan.

        Zail zaigu, beraz, aren lan guztien sail oparo bat eskeintzea. Ala ere, ar zazu emen prosazko pusketa bat, osoa ez, baiña nagusiena.

        1) Erizkizundi Irukoitzari Bizkaiak erantzun diona (Euskera, 1925, VI, 16-36 orr., ta berdin 1926 eta 1930'an ere).

        2) Santa Cruz Apaiza (Donostia, 1929). Leizaola'ren irarkolan. 149 orrialde. Oraintsu berriz ere (Zarautz, 1974) argitara emana.

        3) Euskal-Literatura'ren atze edo edesti laburra (Euskal Esnalea, 1927). XVII, 148 orr. eta abar. Lan ederra.

        4) Euskaldun bipilak eta Manchatar bizkorrak izan zuten burrukaldi lazgarriaren ondarra (Donosti, 1929). Aldundiaren irarkolan. 4 orrialde. RIEV'en (1929, XX, 6 orr.) argitaratua duzu.

        5) Tormes'ko Itsu-mutilla (Bilbao, 1929). Euskeraz ta erderaz. Verdes-Atxirika'renean. 127 orrialde. Gordintxoak zerizkiolako, atal auek kendu zituen erdel-jaubearen idazti jatorretik: azkeneko ataltxoa, beste batekin bere kabuz ordaindurik; «kendu dodaz ganera —diosku—, esan zantar bat lelengo yardunean, amazortzi lerro irugarrenean, eta bi koma-tarte laugarrenean». «Bat bederak daki bere barruko deiari nola erantzun bear dion», gaiñeratzen du A. Ibinagabeitia'k.

        6) Iruleak (Yakintza, 1933). 1930'gn. urteko «Kirikiño Saria» —lenengoa noski— eraman zuen lana.

        7) Mireio (Bilbao, 1930). Verdes-Atxirika'ren irarkolan. VI-151 orrialde. Mistral (1830-1914) probenzar idazle yaioaren Mirèio duzu euskeraz.

        8) El Imposible vencido (Euskal-Esnalea, 1930, XX, 189 orr.).

        9) Iztueta'ren euskera (Euskal Esnalea, 1930, XX, 61 orr.).

        10) Iztueta y sus canciones (Euskal Esnalea, 1931, XXI, 9 orr.),

        11) Lizardi'ren azken-olerkiak (Yakintza, 1933, I, 405 orr.).

        12) Oraindañoko euskal-neurtitzak (Itzaldiak, 1930, VI, 127 orr.).

        13) On eta Eder (Yakintza, 1934, II, 83 orr., ta Euzko-Gogoa, 1951, II, 1-2 zenbakian, 29 orrialdean eta 5-6 zenbakian, 26 orr.).

        14) Leoi-Kumea (Paris, 1948). Ylla'ren argazkiak. 32 orrialde.

        15) Euskera antiguo y moderno (Gernika, 1950, 12, 35 orr.).

        16) Euskotarren mintzaera ta elertia (Euzko-Gogoa, 1951, 11, 9 orr.).

        17) Urte guziko meza-bezperak (Tours, 1950). Zabalo'tar Pablo ta Xabier'en apaingarriak. Garikoitz'tar Laguntzaileak argitaratua. X-1456 orrialde. Ibinagabeitia'k txaloka: «Gaur gero, euskaldun eliztarrek ba-dukete goi-argiz gogoa nun ase. Amaikatxo eliz-liburu argitarazi dira euskaldunen artean, meza, otoitz, eta edonolako eraspenez kuin-kuin. Eliz-liburu egoki ta beterik ordea, ez geunkan. Orainartekoak egile bakoitzak asmatu otoitz eta eraspenez egokituak ziran geienak. Beste batzu eliz-otoitz iatorrez, bainan otoitzok erdizka baizik etzitzaizkigun emanak izan. Labur esateko, eliz-liturgi osoari zegokion idaztia etortzekoa zitzaigun. Gaur berriz, euskeltzale kartsu batzuen laguntasun eta Orixe maisu aundiaren kemen-adoreei zor, iñoiz euskeraz sortu eliz-libururik bikainenaren iabe gaituzute. Azalari gagozkiola; ez dio iñungo meza-liburu dotore ta apainenari zorrik... Argitarazi nai izan dutenek ezin zezaketen itzultzale oberik autatu lan tzar ori borobiltzeko, Euskadi ta mundu guziko euskal-idazle oro arakatuta ere. Gure elerti-oianean, Orixe zaigu ibar-iaun, eta iaun orrek bezin ongi iñortxok etzezakean misalaren itzulpenik euskeraz mugatu. Euskaltzalez gainera, Orixe, latin-zale ere bai zaigu, eta Lati'ko izkuntzaren zirkun-zarkun ta gurpillak iñork ez bestean dazagutzi. Ori dala bide, lan oso ta garbala burutu digu» (Euzko-Gogoa, 1951, 9-10'garren zenbaldak, 61 orr.).

        18) a) On eta Eder (E.G., 1951, 5-6, 26 orr., ta b) Egi ta Eder, (idem, 28 orr.).

        19) Gizonaren eskubidegai guzietaz Aitorkizuna (Euzko-Gogoa, 1950, 3-4'an).

        20) Quito'n arrebarekin (Euzko-Gogoa, 1950, I, 11-12, 12 orrialdean asita aurrerantza; 1951, 1952, 1953 ta 1954'garren urteetan 12 artikulu luze. Lan guztiz ederra mistikaz.

        21) Antze ta eder. Croceren argibide bikaiña (Euzko-Gogoa, 1952, III, 3-4, 9 orr.).

        22) Biarno'ko birrizenak eta toki-izenak (Gernika, 1953, 24 zerbakia, 170 orr.).

        23) Agustiñ Gurenaren Aitorkizunak (Zarautz, 1956). Itxaropena Argitaldariak. 462 orrialde.

        24) Leitza'ko mintza-daiñua (Euskera, 1958, III, 29 orr.).

        25) Musika ixilla (Donosti, 1963). Gaztelu'rekin batean.

        26) Euskal-Izkera (Euzko-Gogoa, 1952, III, 9-10, 25'ga rren orrialdean asita, 1954, 1956 ta 1957 urteetan ere bai. Martin Oiartzabal apaizarekin batean.

        27) El Lenguaje vasco. Desarrollo del verbo vasco (Donostia, 1963). 147 orrialde ta 12 paradigma. M. Oiartzabal'ekin batean egiñiko lana.

        28) Jainkoaren billa (Bilbao, 1971). «Etor» argitaldariak irarria. 296 orrialde. Liburuaren axalean: «ORIXE'k, bere euskal-zitua, "Euskaldunak" poeman eman zigun. Orixe'k, bere krixtau-zitua, liburu ontan ematen digu. Ura, giputz, bizkaitar eta lapurtarrek Uitzi'n erein azitik zetorkion. Au, amona Mariaxuntxik biotzean ereinekotik datorkio. Euskaldunek, ari ainbat esker eman bezaiote oni. Dakitela naiz ez dakitela, "Jainkoaren billa" dabiltzan guziek, or arkituko dute Arenganako bidearen izena ta izena: Jesukrixto, bide bakarra eta betea».

        29) Mamutxak (Baiona, 1962).

        30) Lati-izkuntzaren joskera (Bilbao, 1966). S. Arton'go Katekisaren Euskal-Argitalpenak.

        31) Itun Berria (Donosti, 1967). G. Izarra irarkolan. 251 orrialde. Arretaz egindako itzulpena.

        Auetarik iru —Santa Kruz apaiza, Quito'n arrebarekin eta Jainkoaren billa— guztiz bikaiñak, jatorrak, bere-bereak ditu; eta beste lau —Mireio, Urte guziko Meza-bezperak, Aitorkizunak eta Itun Berria— itzulpenak, guztiz ederki egiñak. Itzultzailleak, benetako lana osotu nai baldin ba'du, idazleak bere lanari ezarri dion gogo-giroaz jabetu bearra du. Itzultzailleak, bada, giro berezi ori ezarri bear, al dala beintzat, bere itzulpenari. Orixe, maisu izugarria dugu orretan.

 

        OLERKARI.— Ederra, egia ta ona artzeko gai guztiok garan arren, guztiok ez gara alere gauza barnean senti ta daramaguna idatziz azaldu ta adierazteko: poetak berak ere ezin izan oi dute nai lukeenetik erdia adierazi; zerbait bakarrik, asperen batzuk. Ederra lendabizi, naiz barrukoa naiz kanpokoa, somatzen jakin bear dugu, eta ondoren, olerkiz ba'da, olerkitsu edo antzetsu aitzen ematen; olerkera deritzaiogu oni. Igikera ontan, zelanbait esan, jakintza bat salatu bearrean gaude. Edonor ezta ortarako gai, ta nolanaiko jakintzan legez, irteera izatekotan, ederlegeak ikasi ta eder ori bikainki adierazten jakin bear du olerkariak batez ere.

        Orixe'k orrela jokatu zuen. Etzan sasi-jakintsu Elade'ko ta Lati'ko izkuntzetan, ezta oietan idatzi ziguten gizaseme ederzaleen lanetan ere; ederki ezagutzen zituen Omer, Bergili, Obidi, Orati ta abor. Oien olerkiak itzultzen saiatu zitzaizun ikasle zalarik. Ezta etzuen albora utzi euskaldunon antziñatiko olerkera, gure bertsolarien jokabide zaarraz jabetu zan osorik. Eta gisa orretan, klasikuenaz geurea naasirik, oi ez bezelako eder-adierazte bikaiña sortu zigun gure olerki-barrutian. Gure bertsolariarena dugu —diosku Oteitza'k— gure arteko jardunik garbi, argi ta sentikorrena (Quousque tandem...!, 1963, 9). Erantsi edo lot ezazu au antziñako eder-zaleen jardunarekin, eta or duzu euskal olerkirik bikaiñena, gaurkoa ta betikoa. Orixe egin zigun N. Ormaetxea'k, eta orixe dugu ark utzi zigun olerkia.

        «Orixe-k obra ugaria utzi digu —idazten du Gaztelu'k—, bai itz lauz bai neurtitzez, berebaitarikoa edo itzulia, beharbada euskal idazle batek luze-zabalean eta kalidadez iñoiz utzi duen larriena, andi-andizka arturik. Aipatu diran lanaz gaiñera, bereak ditu Estetikaz, Filosofiaz edo Ontologiaz egindako saiaerak, eztabaidazko, irizpenezko, gramatikako, joskera-legezko t.a. lanak. Baiña bere idazlan guzien artean, neurtitz-lanak ditu, batez ere "Euskaldunak" poema, "Barne-muinetan" eta erbestean ondutako olerki-sailla, maixu-lan bezela nabari diranak. Iñork ez ditu berak bezala lituratur jakintza jatorra atzerriaren laiñotasuna ta bakuntasuna elkartu ahal izan. Bere poesi mistikogatik Aita Estefaniak zuzen bai zuzen esana dauka: poesi jatorra, gain gainekoa, oro dendu, gartxu, osasun, naiz kristauarauz, naiz antze-arauz» (Euskaldunak, Donosti, 1972, XXXIII orr.).

        Komillas'en (1915) maixutza egin zuenean asi zan olerkiak onduten; ordukoak ditu amar. «Nere ama», «Mañasi», «Gorriti'ko andreak», «Lenengo ortza», «Laiariak», eta abar, gaztetako oroiz beteak. Ondoren asi zan Jesus'en Biotzaren Deya'n lan ugariago egiten. Edu orretan azi ta koskondu zitzaigun poesi-zelaian. Aldi berean, literatur klasikoan maixu zalarik, asko irakurri zuen euskal poesi zaarretan eta bertsolarietan ere, 1921'an Durango'n irakurri zuen itzalditik atera dezakegunez. Itzulpen saioak egin zizkigun, Omer, Bergili, Orati, Jorge Manrique, Maragall ta olakoen lanak euskeraz emanik.

        Geroztik etorri ziran «Euskaltzaleak» eraturiko Olerti-egunak, 1930'an Errenderi'n ospatu zanetik asita. Urte artan Lauaxeta'k eraman zuen len-saria, baiña Orixe'k ere an aurkeztu zituen «Yainkoagan bat» eta «Itzai zekena» (Ikus Eusko Olerkiak, 1930, 34 ta 46 orrialdeetan). Ondoren Bilbao'n zituen lagun min batzuk eraginda, Orexa'ra baztertu zitzaigun bere «Euskaldunak» poema aundi bikaiña, aspalditik gogoan zerabillena, biribildu ta burutzen. Orrela, lanari gogoz ekiñik, 1936'rako amaitua zeukan lan eder ori, naiz-ta geroago argitara ekarria izan. Orduantxe idatzi ta azaldu zuen «Barne-muinetan» poesi mistikuzko liburuxka ere. Gero gerokoak.

        «Auñamendi»-k, 1972'an, argitaldu zuen «Euskaldunak poema eta olerki guziak» liburu mardulean ikusi dezakegun bezela, Orixe'k olerki asko mamitu zuen, ango ta orko aldizkarietan argitaratuz. Baiña auek dituzu aren olerki saillik beiñenak:

        1) Barne-muinetan (Zarautz, 1934). Itxaropena argitaldariak. 139 orrialde. J.M. Estefania josulagunak onela idatzi zuen: «Siniste-gaiak, Ebangelio-egiak ditu; bere barne-muinetan erne ta auznartuak ordea. Begikalduz baino buru-eraginez igurtzigoak edo ditu ausaz guziak; zenbait, nabaritxo ere bai, zimel-giro antza dutelarik. Biotz-eragin sendoa baitute ordea, aitzaki ortatik lekura daude. Kristauaren zinezko biotz-eragina dute, ezeztarainoko umiltasun sendoz betea, seme bati deritzon uste onez ta lasapidez betea; alakorik baita kristau sinesteduna Iankoagan ta Iesukristo Erosleagan bere sinestea ondo tinkatzen dunean» (Barne-muinetan, 21 orr.).

        2) Euskaldunak (Zarautz, 1950). Itxaropena Argitaldariak. Poema XV kantutan. Santos Etxeberria'ren irudiak. 569 orrialde. Eraskin bezela musika-sorta edo LX kanta ta dantza doñu. Egilleak itzaurrean: «Au izan dut len asmo: nik moldatu dudan poema au, erriak moldatua litzan gisan egitea; nik egin ditudan bertsu ok, erriak egin zezazken gisan egitea. Ortan ez dezu gertakizun ontan maratil askorik bilatu bear, ez naspil aundirik bereizi bear, zenbait novela tzarretan bezala. Ez ta eriotzik eta beste gauza lazgarririk dramaetan bezala. Erri bat bere oiko lanbidetan, jolasetan, ipuietan, sukaldean, bizian, eriotzean agertu nai nizuke, gauzak eskuarki edo komunzki gerta oi diranez... Nere lan oni kera berri bat ematen saiatu naiz; ez Homer'ena bezain lasaia, ez Horati'rena bezain tinkoa, bien tartekoa baino. Gauza eder aunitz esan, labur esan, arin eta laister eman, ustez beintzat. Erri-kera asmatu dudala nago alde batera, baina bestera, batez ere poema au beste izkuntzara biur ba ledi, norbaitek esan lezake, erri-tajuz ez dauden gauzak ere an emen ba ditula. Ez ordea niri ala iduritzen, gure euskera bizkor onek, ondoko erderak baino erri-erriari gauza izkutugoak eta geiago adierazi baitezazkio, nik uste» (Itzaurrea, 7-9 orr.). A.M. Labaien'ek egin zuen poema onen laburpen bat erderaz (Compendio... Zarautz, 1950).

        Poema eder oni, ona nolako agur beroa egin zion, agertu zanean, Zaitegi ta Plazaola'tar Jokin'ek: «Naiz ta oraindik iñoren morroi egon, iñolako abertzaletasunak eraginda Euskalerria'k dagoneko badu bere poema nagusia. 50 urteontan, euskerak gara-aldirik bizkorrena izan du, iñolaz ere. Aurrerantzean gain-gorago nekez joko du euskerak, zenbait arlotan, beintzat. Zernaitan gainbera joko dun beldurrago nauzu nunbait. Etsai-moltsoa eusko-gogoa zauritu ta iltzeko aleginka ari izan arren, euskeraren orañaldia urdin ikusten dizut. Eztaietan dut euskera. Or duzu lekuko "Euskaldunak". Ez da azaldu ustel, euskaltzaleen ustea. Zuziatzeko beldurrik gabe aitortu dezakegu: badugu gure poema nagusia. Areago oraindik: non-naiko ta noiznaiko poema bikaiñenak bezin bikaiña. Ta zenbait saietsei begiratu ezkero, gurea bikaiñagoa, erritarragoa, alegia. Oraiñaldi beltz ta illun ontan, lekaioka irrintzi egin dezakegu, euskeraren alde, "Orixe"-k xaxa edo marka urratu baitigu» (Omenaldi, 255 orr.).

        3) Salmutegia, (Donosti, 1967). Dabid'en eresiak euskeraz. «Izarra» irarkolan. Jabe: Lazkao'ko Beneditarrak. 287 orrialde. M. Lekuona'k itzaurrean: «Salmoak ez dira Orixe'renak, Dabid'enak baizik. Orixe'rena, Dabid'en lanaren euskerazko itzulpena da. Iñor ez, ordea, gure Orixe baño egokiagorik, Dabid'en Salmoak euskerara itzultzeko. Olerkaria zan Dabid; olerkaria gure Orixe ere. Artzai izana zan Dabid; artzai izana Orixe ere. Al-da geiagoren bearrik, biok ondo alkar-artuko zutela jakiteko?... Itz bat geiago oraindik. Salmoen itzulpen au, ez ala Orixe'ren "gaztearoko lan". Zaarturik egin zuala. Olerkari elduaren lana da, beraz. Zentzu oneko lan. Ontan ere, bera bere lanaren neurriko» (VII-IX orr.).

        4) Ereserkiak. Berrogei ta amabostetik gora dira «Urte guziko Meza-Bezperak» liburuan datozenak. Goratzare auek, geienak beintzat, elizkizunetan kantatu oi diran musika doiñuai dagokionez egiñak daude. «Jesus'en Biotzaren Deya»-n (1917) asi zan eliz-eresiok euskeraz ematen.

        5) Eun Oberenak. Onetan ari izan zitzaigun azken urteetan, eta onetan aurrera zijoalarik eraman zigun Jainkoak. Sail ontatik amairu bukatuak utzi zizkizun. Denak dute Ebangelioko gaia. Azken saio ontan, esanbearra ta doiñua uztartzen saiatu zan; ontarako latiñaren igikera nai zuen euskerarentzat ere. Gerko-latiñen oin-neurkera beti izan zitzaion atsegin.

 

        GARAI-SARIRIK?— Antzerkiari dagokionez ezik, beste olerki-sail guztietan saiatua dugu Orixe. Eder zitzaion liriku sailla, ta ortaz mordo galanta utzi zigun; eder zitzaion gertakizun sailla, ta or utzi zigun «Euskaldunak» poema, eder bertsolarien jarduna, ta oien tankeraz zenbait kopla eder ditu. Lirika saillean atsegin zitzaion batez ere poesi mistikua, ta or «Barne-muinetan», lan sakon garbala. Asko ta bikainki idatzi zigun beti, naiz itz lauz naiz bertsoz.

        Alaxe —giza-semeon maltzur-jokatzeak azkenik ez !—, poesi-batzaldietan eta, etzuen oi ez bezelako saririk eskuratu. Etzebillen, jakiña, orren billa; baiña idazleoi beti izan oi zaigu pizgarri eder, egin-lanak duen alderdi ona aintzakotzat artu ta olako zerbait jasotzea, gerozkoan ere lanari gogotsuago oratu ta sorpenak ugaltzeko. Orixe'k etzuen olakorik izan; maite zuen Euskalerri ta euskeraren alde bere kabuz jokatu zuela, aitortu bear. «Euskaltzaleak» Errenderi'n antolatu zuen batzaldira bialdu zuen bere lana, esan dugunez. Uste zuen saritua izango zala, baiña Lauaxeta'ren Maitale kutuna'k eraman len-saria. Onek kokarazi zion arantza luzaro egari bear izan zuen Orixe'k.

        Ogei ta amar urte geroago atera zitzaion arantza ori. Ezta gutxi. Beiñola idatzi nuen, eta bera ber-idazten dut emen ere: «1960'garren urtean, Kristo Erregeren egunez OLERTI'k bere urteroko poesi-batzaldia egin zun Larrea'n. Aurretik iragarrita zegonez, lau sailletan banandu ziran olerki guztiak, liriku, poema, alegi ta bertso arrunt. Lenengo saillean, "Orixe"-ren Argia bera 1.000 laurlekoz sariztatua. Berbera etorri zitzaigun jai ortara, baita bere olerkia ta bizkaitar idazleak goraipatuz beste itzaldi mamitsu bat irakurri be. Pozaren pozez urduri zebillen gure "Orixe", ainbat olerkari ta idazle jatorrez inguratua. Seizazpi aldiz bota zidan: "Ez daki berorrek, Aita Onaindia, zelako poztasunak nadukan. Oraiñarte arantza bat erabilli dot biotzean; eta gaur arantza ori atera daustazue". —"Zergatik, jauna?" —"Ara, auxe da nik euskal olerki-saillean lenengoz jaso dotan saria"» (Omenaldi, 137 orrialdean).

        Andik laster izan zuen beste sari-jasotze bat ere: Tolosa'n, 1961'garren urtean. Euskaltzaindiak ipiñitako «Lizardi» poesi-saria irabazi zuen bere Lau urtaroak nere begietan zeritzan olerki ederrakin. (Euskera, 1961, VI, 337 orr.).

 

* * *

 

        Guzti onen gaillur-adar bezela, irakur zazu L. Mitxelena'k diona: «Goresmenik bear balu, aski litzake esatea, eta ez genduke egia soilla baizik esango, Euskal-erriari eta euskerari eskeiñi dizkiola bere bizitza luze eta lanpetuaren fruiturik geienak eta onenak, etengabeko ahalegiñen gaiña ta bikaiña. Ori naikoa ez balitz, gaiñera, esan diteke bere obra dugula bear bada asmoz eta neurriz, erabat arturik eta iñorena gutxietsi gabe, euskal-idazle batek, noiznaikoa den, sortu duen larriena» (Omenaldi, 5 orr.).

        Baita bego au ere, goresmenetan ari garan ezkero. Nik neuk ez nizun Orixe'rekin ar-eman aundirik izan, aurrez-aurre beintzat: iru aldiz alkar ikusi genduen, Lekeitio'n (1936), Orexa'n (1956) eta Añorga'n (1960). Baiña nik beti, gaztetan ta gero, begirune maitekorra izan diot, euskal idazle zelaian baitik bat asko ikasi izan dut aren idatzietan.

        Itzali zitzaigunean, beraz, etzan arrigarri nik ere aren goratzarre ta omenez zerbait antola gura izatea. Alaxe, 1962'an, Kristo Errege egunez, urrillaren 28'an, Olerti-eguna zala-ta, N. Etxaniz oneratu zanean, nere lan-gela ixil onetan biok geundela, Orixe zanari eskeiñi omenaldi bezela idatzi mardul bat osatzea erabaki genduen. Ortik sortua duzute «Orixe Omenaldi» deritzan 321 orrialde dituen bilduma joria. Ari ta oni idatzi nien, eta denon —L. Mitxelena, J.M. Aranalde, N. Etxaniz, J. Garmendia, F. Artola, Aita Goiria, J. Bilbao, Aita Onaindia, A. Ibinagabeitia, M. Oiartzabal, Aita Baztarrika, Iñaki Goikoetxea, M. Lekuona, Patxi Altuna, E. Erkiaga, J. Zaitegi ta A.M. Labaien— artean pozez eta lan-gogorik onenarekin egiña duzu. Beraz, Orixe'ri buruz zerbait jakitekotan, araxe jo bear duzu batez ere.

        Orexa'n bertan ere egin zitzaion beste omenaldi bat, 1969-10-12'an.

 

        (Ikus Ibar, Genio y Lengua, 193 orr.; P. Lafitte, E. Jakintza, 1950, 251 orr.; G. Garriga, Bol. Ame1. E.V., 1950, 109 orr., ta 1951; S. Onaindia, MEOE, 925 orr., Olerti, 1961, 253 ta 316 orr.; L. Mitxelena, HLV, 148 orr., Egan, 1956, 5-6, 142 orr., ta 1961, 157 orr., ta BAP, 1961, 4'garrena, 431 orr.; A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1950, Ep.Jor., 9 orr.; M. Lekuona, BAP, 1950, 381 orr.; J. Zaitegi, Euzko-Gogoa, 1950, 9-10, 11 orr., ta 1951, 7-8, 48 orr.; J. Yurre, Zeruko Argia, 1958, otsailla; B. Estornés Lasa, Estética Vasca, Buenos Aires, 1952; E. Erkiaga, Egan, 1958, 1-2, 9 orr.; N. Etxaniz, Egan, 1958, 1-2; Zeleta, Egan, 1956, 5-6, 87 orr.; A.M. Labaien, Compendio del poema vasco «Euskaldunak» (Zarautz, 1950); Euskera, 1961, VI, 345 orr., ta Aranzazu, XLI, 268 orr.; F. Artola, Egan, 1958, 1-2, 10 orr.; Orixe Omenaldi, Donosti, 1965; Auñamendi, Euskaldunak poema eta Olerki guziak, Zarautz, 1972; Auñarnendi, Literatura, III, 390 orr., eta abar).

 

Bilaketa