69. Salbatore Mitxelena Lazkano
(1919-1965)
Beti da eder Andima'ren iritzia. Eta Aita Salbatore'ri buruz, au diñosku: «Etorri andiko olerkaria. Noiztanka poema luzetxoegiak ere egiten ditula esango genioke. Olerki labur-zale naiz izatez, baiña orrek ez du esan nai beste irakurle guztiak ni bezelako diranik. Salbatore Mitxelenaren doai bereziena, nere ustez, erri euskera ta euskera landua iñork ez bezela elkartzean datza. Ori azalari gagozkiola. Mamiz berriz, bete ta okituak dira aren bertsuak, asmo ta irudi berrien aberaska goxoak» (Eusko-Gogoa, 1955, orrilla-lotazilla, 141 orr.).
GIZONA. Zarautz'en jaio zan 1919-1-18'an, Etxebeltz baserrian, Murritza auzoan. 1930-9-14'an Arantzazu'ra doa praille frantziskotar izateko. Emen egin zituen iru urte ta Foru'n bi urte gramatika, latin, eleder, itz-eder, edesti ta gaiñerakoak, ikasten. Oso argi zetorren eta ikasteari emana. 1935-9-13'an Zarautz'eko komentuan dago Nobiziadu urtea asita, urrengo urtean iraillaren 14'an lenengo zin-itza emanik. Ondoren Nafarroa'ko Erriberri'ra Filosofia ikasten. Anai arteko gerra ta soldaduzka, bi ustez. 1940'ko iraillean, berriz, Arantzazu'n dago Teologia ikasten. Eta ementxe berton, 1943-12-28'an Jainkoaren apaiz sagaratua izan zan.
Teologi-ikasturteak amaitu arren, apaiz-bizitza batez ere pastoraltza dala-ta, Burgos'ko La Aguilera'n ikastaro aparteko bat egin zigun gai ori ikasi ta ortan trebetzen. Gero, amar urtetan 1945-1954 Donosti'n Atotxa'ko frantziskotar komentuan ari da pastoralgintzan, ainbat mixio, gogo-jardun, bederatzi-urren eta olako eman eta egiñik. Ondoren, Ameriketatik mixiolari eskabidea artu zutelako, Ordena askotako lekaideen artean eraturiko taldean, 1954-1962 bitartean, Erdi ta Ego Ameriketako lurraldeetan lan egin zuen, Urruguai'tik asi ta Bolibia, Ekuador, Peru, Kolonbia, Kuba, Panama, El Salvador, Kosta Rika'ra. Kuba'tik Castro'k bota zuen 1962'an.
Andik etxeratuta, Suiza'ra bialdu zuten nagusiak 1962-12-28'an. Espaiña'ko emigranteen eta Maria'ren Frantziskotar Mixiolari lekaimeen kapillau izan zedin. La Chaux-de-Fonds erritxoan kokatu zan. Eta bertotik, inguruetako errietako emigranteei ere lagundurik, burukomin askoko lan izugarria burutu zuen iru urtetan. Lendik ere ez zebillen ongi osasunez, baiña emengo lanaren lanez gaitzak geiago egin zion eta bertan, Chaux-de-Fonds'en, Jainkoaren eskuetan utzi zuen bere arnasa, aberritik urrun noski, 1965-12-20'an. Ona ainbat euskaldunen zoria: Aberri miñez bizi, aberritik urrun il. Aren gorpua, ala ere, Arantzazu'n dago lurperatua.
OLERKARI. Euskal idazle dugu Mitxelena, baiña olerkari batez ere. Foru'n ikasle zala idatzi zituen bere leenengo olerkiak. Zarautz'en, Erriberri'n eta Arantzazu'n oartu zan barne zeramakien aberri-suaz, min berezia, erri bat zuen berea, erri au katigu zegoen, kateak austeko alegiñak erreko zituen. Luma erabilliz noski. Ikasle zala etzuen gutxi idatzi eta gero Donosti'n lan aiek orraztu ta berriak atera. Bertsoz eta itz-lauz. Ona aren lanik beiñenak:
1) Arantzazu euskal poema (Zarautz, 1949). Itxaropena irarkolan. 247 orr. eta doñuak 5 orr. Onela egiten du eskeintza: «Arantzazuko Ama: tori zuretzat, ainbeste zor dizun seme onek eskeintzen dizun lana. Ez da nerea. Zure erriarena baizik. Gizaldiz-gizaldi zure babesean eta zuri kantari bizi izandako Euskalerri zarrak abestu izan dizun poema dezu, nik orain andik eta emendik osatua, ilzorian zeuden puxketatxoekin gorputz bat eginda. Kantazar eta elezar oiei darien poesi-lurruna ta kristautasun sendoa bildu ta, kondaira lagun, itzez jantzi: nik besterik egin al dizut gero?». Txalo galantak artu izan ditu poema onek!
2) Ama-semeak Arantzazuko kondairan (Zarautz, 1951). 263 orr. XII kapitulutan. Edestian zear, Arantzazu'ko Ama zer izan dan guretzat kontatzen digu. Poema au ere? Berak erantzun: «Poema ta kondaira biak anaiak dituzu. Eta berriz, biak alkarren antzeko. Ua kantari ta au kontari, biak Arantzazuri buruz ari zaizkizu. Jakiña, bakoitza bere aldetik, norberen berezitasunakin».
3) Ogei kanta Arantzazuko (Arantzazu, 1952). 47 orrialde.
4) Arraun ta Amets (Zarautz, 1955). Kuliska Sorta, 7-8 zenbakiak. A. Sorrarain, J. Galarraga ta J.M. Garaialde'ren «Elezarrak» ostean dator, 83 orrialdetik aurrera 32 olerki goxo.
5) Bizi nai (Guatemala, 1955). «Euzko-Gogoa»-k urte artan poesi-batzaldi bat eratu zuen eta Aita Mitxelena'ren onek eraman zuen lenengo sari bakarra, N. Etxaniz'ek, S. Onaindia'k eta Aurraitz'ek dedu-aipua izanik. Poema luze gartsua.
6) Unamuno ta Abendats (Baiona, 1958). «Iñurritza» ezizenez. 176 orrialde. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Anima'ren jokerei antzemate batzuk. Sakon idatzitako lana; liburu mardula.
7) Idazlan guztiak I (Donostia, 1977). 466 orrialde. Karmelo Iturria'k eta J.A. Gandarias'ek gertatu dute argitaldi au. Bi aletan osatuko dira aren idazlan guztiak. Leenengo onetan auek datoz: Aitzin solasen ondoren, «Olerki umezurtzak», «1936 ezkerozkoak», «1943: Euskal samiñaren guruzbidea», «Arraun ta Amets», «Erri bat guruzbidean», «Confixus», «Unamuno ta Abendats». Aita Salbatore'n animak bizi ta urduri zapart dagian liburu atsegingarria.
8) Jakin aldizkaria (Oñati, 1970). 140 orr. Zenbaki berezia, lan oso ta ederra, A. Salbatore'n omenez argitara emana. Askoren artekoa.
9) Idazlan guztiak II (Donostia, 1984). Oraintxe jarri dute salgai.
IRITZIAK. Ez naiz asiko emen idazle gotor oni buruzko iritzi ta goralpenak banaka aldatzen. Geiegi luzatuko nintzateke. «Idazlan guztiak» liburuan dituzue naibeste. Ala ere, bitxia zait-eta, bego emen A. Iturria'k aipatu liburuan (453 orr.) dioskuna: «Orduko Arantzazuko ikasle euskaltzaleok talde bat osatu genuen: BAI taldea, alegia. BAI izeneko errebistatxoa ateratzen genuen euskaraz, makinaz kopiatuta. Lehendik Loramendi izeneko beste bat aterea zuten urteetan Mitxelenak eta honen aurrekoek. Eta geroxeago, baita Izarño izeneko bat ere. Ez zen erraza orduan gauza horiei ekitea. BAI taldekoek Mitxelena genuen geure gidari eta hauspo emaile. Bera zen gure maisu eta nagusi euskara kontuan. Gu baino askoz gorago ikusten genuen bera, bai olerkigintzan, bai hitz lauz idaztean».
«Euzko-Gogoa»-n, «Gure Herria»-n eta «Egan»-en batez ere argitaratu zituen bere olerki-lanak. «Iñurritza» ta «Abendats» erabilli zizkigun.
Euskaltzaindikoa izan zan 1952'tik.
(Ikus S. Altube, Euzko-Gogoa, 1954, V, 102 orr.; A. Ibinagabeitia, EuzkoGogoa, 1951, 9-10, 63 orr. eta Gernika, 1952, 18 zenb., 64 orr.; I. Lopez Mendizabal, Bol. Am. Estudios vascos, 1952, 111, 120 orr.; A. Irigarai, BAP, 1949, V, 397 orr.; A.M. Labaien, Eusko Jakintza, 1949,111, 89 orr.; N. Ormaetxea, Euzko-Gogoa, 1952, 111, 1-2, 23 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.044 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 445 orr.; J. Bilbao, Bibliografia V, 408 orr.; San Martin, Escritores euskéricos, 130 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 189 orr.).