48. Jose Maria Bizente Agirre Egaña, «Xabier Lizardi»
(1896-1933)
«Lizardi», «Xabier Lizardi», «Zarauz'tar Sabin» eta «Samaiko-Zulo», «Mendi-Lauta» euskal literaturan. «Aitzol'en gizaldian sortu dan euskel-olerkari ta idazle bikañenetarikoa duzu Lizardi dio Zaitegi'k. Egia esan, Lizardi'ren bizitaldia laburra izan zan... Ilbeltzeko egun laburra iduri aren bizitzaldiak; alare, dagonilleko uztaroa bezin betea zitu ederrez».
Gure elertiaren aurrerapidean euskal idazle batzuk, mugarri bezela, aukeratu bear ba'genitu dio J. Ariztimuño'k, ondorengo iru auek lirake onenak: Etxepare'tar Bernardo, Arana Goiri'tar Sabin eta Lizardi'tar Xabier... Izen oetatik bakoitzak, Etxepare, Arana, Lizardi, aro baten asiera markatzen dute euskal literaturan: saio ta leia aroa dugu noski Etxepare'rena; eusko letren egiazko berpizte aroa, Arana-Goiri'rena; eta Abando'ko abertzalearen ikasle ta jarraille dan Lizardi'ri zor diogu azkenez gaur nabaritzen dugun loratze arrigarria. Lizardi'k berak adierazten digu au «Gure mintzoa» deritzan olerki ederrean:
II zaarki, bizi dugun gizona!
Egunoro berpiz lurpean dagona!
Bezat onets aren izena,
aberriz ta mintzoz gu yantziarena.
BIZITZ-ORRIAK. Zarautz'en jaio zan Lizardi, 1896-4-18'an Azara kalean; biaramonean bataiatu zuen Juan Migel Orkolaga'k Santa Maria elizan. Bere gursoak: aita, Frantzisko Maria Eleuterio, Zarautz'eko semea, ta ama, Emili Nizeta Juliana Kasilda Egaña, Donosti'ko alabea. Aitaren aldeko aiton-amonak: Erroke Agirre, Aia'koa, ta Maria Salome Goikoetxea, Zarautz'ekoa; amaren aldekoak: Frantzisko Egaña ta Klementina Balaunzaran, biok zarauztarrak. Bataioko aita-amabitxiak: Jose Antonio Amilibia, zarauztarra, ta Bizenta Labaka, donostiarra.
Zarautz'en eta To1osa'n ara bait zan aldatu bere familia, 1906'an osatu zizkigun bere lenengo ta bigarren maillako ikaskizunak. Batxiller amaitu zuenean, azke bezela, egin zuen baita lege-karrera Madrid'eko Ikasguan, 1917'an amaiturik. Bitartean, azkar bezin langille bait zebillen, Tolosa'ko «Perot» Metal-Eun fabrikako arduradun bezela lan zegigun. Eredugarri izan zan aren gaztaroa, Tolosa'n eta inguruetan; zurra ta biotz-onekoa zalako, ikasle lez eta gero, adiskide ta lagunak errez beraganatzen zituen. Beste aldetik, katoliku bezela zeatz eta meatz bete oi zizkigun bere kristau egikizunak: siñiste betez bait genduan Jainko-zale.
Begoña'ko eliza nagusian ezkondu zan, 1923-2-2'an, Frantziska Eizagirre'rekin. Ama ta senar-ematee, pozik bizi ziran Tolosa'n beren seme-alabak azteko lanari ekiñik, jakiña. Garai ontan, amar urtetan, jan bear zuten ogia irabaztea utzi gabe, euskaltasunari ere berea ematen saiatu zitzaigun. Nolako yoranez ibilli zitzaigun aurrak batez ere euskaltzaletuten! Itzaldi, antzerki, euskal egun, bertsolari, olerki jai, amaikatxo joan-etorri izan zituen! Eta, euskera sakon ikasirik, aren idatzi bearra, itz-lauz ta bertsoz, gure izkuntza «aundiki-soiñekoz yantzi-bearrezko leiaketa gorrian».
Eta azkenik, 37 urte bete gabe, Tolosa'n il zan gure Lizardi, 1933-3-12'an, igande arratsaldeko iru t'erdietan. «Otoitz egin, zerura nadin», esaten zuen pitintxo bat leenago; eta bere umeai: «Ene kutunoik, agur, on-onak izan», pa goxo ostean, bedeinkatzen zituela. Berak kanta zuen Egun aundirako bidea artu zigun gure olerkaririk oberenak.
Eorzketa eguna etzan urria izan, jendez ta elizkizunez. Euskalerriko aldizkari ta egunerokoak Bilbao'ko «Euzkadi» ta «La Gaceta del Norte», Donosti'ko «El Pueblo Vasco» ta «El Día» ta Iruña'ko «La Voz de Navarra» saminki adierazo zuten Lizardi'ren ilberria; baita onek eginda utzi zigun lana goretsi ta txalotu ere. «Zeruko Argia»-k onela: «Lizardi, bere idazki argi, sakon, eme ta euskalzaletasuna gañez zorionaz ezagutu genun lenengoz. Bere luma legun, zorrotz eta esakorraz maitagarri egin zitzaigun. Baño Donostian euskeraz eta erderaz itz-egiten entzun genion batean askoz ere geiago bereganatu genitun. Ain zuurra zan bere esanetan! Ain apala bere adierazpenetan! Ain argia bere gogorapenetan! "Euskaltzaleak" beren izena egun artantxe artzen zuten. Eta oker ez banago, Agirre'tar Jose Mari jauna beren burutzat. Etzen uts aundia izan! Gertaera onek urte gutxi ditu, baño andik onuntza "Euskaltzaleak" on ederrik egin dute Euskal-Errian! Eta Lizardi maitea ezta azkena izan lanbide ortan. Amaika biotz berotu ditu; amaika gogo zuzendu ere bai; amaika gaztek ari zor izango diote beren aberriaren ezaguera ta maitetasuna... Euskaldun guziak olerkari oni zenbat zor diogun nork igarri? Euskal olerkiak onen bidez ez al ditu bere ega-bide guziak urratu ta artaraku bildurtitasun guzia galdu?» (Z.A., 1933, orrilla, 173 zenbakian, azaleko orri orian).
EUSKALTZALE. Gizona, pixkaka ta baratxe ornitu oi da zaiñez ta jakitez. Edozein gaitan, alare. Lizardi etzan agotik sudurrera euskaltzaletu, ezta euskal idazle itsumustuan gertatu ere: mintzatu ta irakurriaz biurtu zan euskaltzale, ta ikasi ta idatziaz euskal idazle. Auxe duzu nornairen aurrerabidea. Opa duguna, ekiñaren ekiñez lortzen.
Batxillera amaitu zunean, ia umetan zekien euskera gabe aurkitzen zan. Berriki ikasi bearrea zuen, beraz. Eta ortan asi zitzaigun lege-karrera astean, eta, gogo errime baten jabe baitzan, errotik aztertu ta ikasi zuen bere aberri izkuntza. Berak dioskunez, gaiñera, aur zalarik oartu zuen barruan kantanaia; ta ortarako giza-mintzoa menderatu bear, naitaez. Kanta-irrika orri lasaitasuna emateko, zein izkuntzaz ari? Erderaz ederki zekien, eta Lizardi arriskutan egona dugu. Zeiñi oratu? Baiña ez. Azkatu zan tentaldi ortatik. Naiz-eta nekeak neke izardia aterazi, ark bere asaben izkera ikasiko zuen. Eta urteak joan urteak etorri, lirika saillean beintzat, Euskalerriak izan duen poetarik bikaiñena izango zaigu.
Legeak ikasi-ala, idazteari ere ekingo dio; ingurrazti edo kuadernu bat dauka bertsoz ta itz-lauz betetzeko; euskeraz ta erderaz ari lenengotan, gero euskeraz soilki. 1916-3-30'an asi zuen len-ingurraztia, ta olerkitxoz, oarrez, izkirimiri ta antzezkoz betea utzi zuen; auetatik batzuk «Euzko-Deya»-n, Bilbao'ko Euzko Gastedijaren aldizkarian atera zituen; marrazki politakin batera, lenengo poesi-zituak, noski. Garai artako lanik etzuen artu geroago osatu zigun «Biotz-begietan» bilduma ederrerako. 1917-5-18'an asi zuen bigarren kuadernua, «Naste-Borraste» zeritzana. Bertan idazten duen guztia, Aitzol'ek dioanez, euskeraz da. Ez dauka dibujurik ere. Olerkiak eta itz lauzko lanak dauzka bakarrik; illabete batzuetako egiñal betea, edo bear bada urte batzuetako lan eraman aundikoa. Orrela egin zan, gutxi-gutxika, idazle gaillena. Ez norbaitek uste izan duenez beingoz eta brastakoan.
Une ta ergai larriak izan ditu nola ez? gure euskerak, eta mende onen barruan ain zuzen ere: Primo de Rivera'ren agintaripean bat beintzat, oso latz zakarra, andik amabost bat urtera ikusi genuna gogotan artu gabe. Gorantza zijoan euskaldun pizkunde aintzagarria, ez bat ez bi, aberekiro atzerazia izan zan. Alare, 1926'garren urterantza, Gipuzkoa'n lenengo ta Bizkaia'n gero, ixuri samar gaur eta gorputz egiña biar, gure izkuntzari indar emateko euskaltzale jatorrak jaiki ziran. Jaiak antolatu bear ziran, jendea sustatzeko. 1926'an ospatu zan olako lendabizikoa, Elgoibar'en; urrengo urtean Motriku'n. Baita urte artan bertan Arrasate'n ere «Euskal Eguna»: antxe sortu zan «Euskaltzaleak» bazkuna, ondorengo urteetan ainbat lan egin zuena euskeraren onerako.
Bi xede zituen Lizardi'k garai ontan: irakurri ta idatziz bere burua gero ta geiago jantzi ta landu, ortarako eder zitzaion Axular eta Etxepare batez ere irakurri ta auetan aurkitzen zituen itz bereizi, esaldi txanbelin eta euskal joskera politak arkatzaz jasotea; eta bigarren berak zegiana enparauak ere egitea nai zuen, eta ortarako or-emengo aldizkari ta egunerokoetan euskeraz ta erderaz aspertu barik idazten zigun, ari ta oni ere, berdin egin zedin, zirikatu ta oiñarria emanik. Ordukoak ditu bere olerki ta itz-lauzko lanik bikainenak. Aitzol'ek dioskunez, larogeta amarreraiño dira orduan idatzitako artikuluak, prentsari, olerkiari, irakastolari, antzerkiari ta aur-eragiari buruzkoak.
Eskutitz mordo aundiak ditu, berak idatzi ta artuak, ia denak euskeraz. Orduan sortutakoak dira «Euskal Egunak», «Olerti-Egunak», «Euskaldun Ume Egunak», «Bertsolari Egunak», «Kirikiño Saria» ta olakoak, euskera piztu ta edatu nairik. Ordukoa duzu Lizardi'ren beste asmo eder bat ere: Euskal Egunkaria opa zuen, eta ainbat lan osatu zigun asmo ori aurrera eramatearren. Nolako lanak idatzi zizkigun! Gaur ere darabiltzagun ametsak ziran.
Gai oneri dagokionez zer pentsatzen zuen jakingarri zaigu guri ere. «Iñola ateratzekotan zioan berak egunkaria, askoen alkar-artze ta lagurtzaz bear bide da, nik uste. Egunkari ON bat eta bearrezko dezu ona, erderazkoak bezin on; bestela; zeren indarrez edatu?; egunkari on bat, bada, ateratzeko, zillar-pilla larria bearko litzake. Zenbat?... Orra, nere ustez, lendabizi egin-bearra. Beste egunkarietatik, bear bezela ta zeatz, xetasun oro ikasi: zenbat diru bear egunkaria irasteko, zenbat eusteko; zurki yota zenbat emate'aal-luken, saltzez bai iragarki-bidez. Ori eginda, diru-biltzea letorke. Atera ditzagun, adibidez, euna laurlekoko akzioak. Artu nai orok len-agiri bat izendu bezate, onenbeste-ainbeste eman-agindua sendotzen dutelarik. Onela beintzat ikasiko genduke zer itxaron genezaken, zenbatera eldu gintezken, jendea bero-bera ala otz al dagon eginkizun aundi ari bizkarra erasteko» (Itz-lauz, 1934, 73 orr.).
Asmo ta lan guztiok zirala tarteko, izen aundia ardietsi zuen Euskalerri osoan, abertzaleen artean baitik bat. Eta eusko alderdia, ekaitz ostean zerbait eratu zanean, Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkari izendatu zuten; ala ere, beti alderdikoa zan arren, politika ekintza etzitzaion ain gogoko, ta euskal arloari buru-belarri lotua zebillen iñoiz ere aspertzake.
OLERKARI. Olerkari bete-betea duzu Lizardi; naiz eta olako batek, aurtemin, bestela salatua izan, oraindik etzaigu iñor ere zarauztar au eldu zan goi-maillara iritxi. Umetatik zekarren oler-miña ozka bizian. Eta auxe landu zuen gogotik aziaz eta gizonduaz ziolarik ere. Maite zuen atzaparpe ikusten zuen Euskalerria; atzapar oiek puskatu bear ziran, aberriari lokarriak kendu. Nola? Barne zekarren oler-miñaren giltzari eragiñez. Olerkari izango zan bera.
Zuur dasagu berak: «Olerkaria deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ezta erri-erti-betetasunik. Aberrialdeko gogo gudari-sailletan olerkaria beti da leen-oñean. Ta beroni zor zaizka, gogo lurgoien irriek gorabeera, gudate orietarik gurenda ozenenak. Batez ere, eleen apaintze ta gaizkakundeari buruz, olerkariari ez bezakio iñork ken oro-aal bezelako bat... Olermin aundi eder batek bai garabil euskozale oro: aberri berriaren olerki giarra egin dezagun: idaz dezagun guziok neurtitz bana, bederik!» (Itz-lauz, 1934, 37 orr.).
Nor dugu olerkari? Kanpoko ta barneko ederra sotil adierazten dakiguna. Mami ta azal, sotil da egiazko olerkia. Biotz ta adiñez sortu naiz dardarazten gaituen ederra, beraz, jaso ta antzetsu agertzen jakin bear du olerkariak. Abesmiñetan zebilkigun Lizardi. Ta nola adierazi jantzi bikaiñez barrean zuen eder-irakin ori? Asaben izkuntza ortarako gai egiñez: ortan saiatuko zaigu. Berberak ederki «Gure mintzoa» deritzan oleridan:
«Nerekin yayo nun abesmiña,
ta aurtandik min ori dut izan samiña...
Kanta nai, nai alper; mintzoa
peitu, miñak bear eztigai gozoa!»
Eta, ari ta ari, peitzen zitzaion mintzoaz jabetu zan, osoan jabetu ere. Norbaitek Arana-Goiri'k esan zion giltzapetu bat zuela bere izatearen barean, leotz gorrian. Eta:
«Ordun, yetxi nazu lezera;
nork gere muñean dugun itzalera».
Bai, guri argia eman nairik itzali zana eskutik zuela, barnera jetxi zan, eta leotzean, illik bezela, gizalaba bat idoro zuen odolik gabe. Baiña
«Ezpañak dardar, lepo-zañak ler
bearrean, muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki:
ta ura bai, egin zan aoan abesti!»
Gizalaba eder ari itsatsia, Lizardi'k itxaso urdin zear dagi bere itzulia, eta aapaldiak elkarren ondotik jalkiaz, uso zuri lez itzultzen zitzaizkion. Onela berak:
«Itzuli zetozen aapaldiak;
itzuli zetozen nere uso txuriak
Aberriarentzat damesgun
legor gizenetik, yai-ostoa lagun...»
Onelaxe egin zitzaigun Lizardi, aberria ta onen izkuntza kantatuz batez ere, Euskalerriko poeta lirikurik bikainena. Aitzol'ek au: «Lizardi etzaigu izan ugarikor ez naro, urri ta neurtuna baizik. Zorrotz bere buruakin, bere elertizko ekiñaren ikurburu bezela zeukan egiten zituen lanetan osotasuna billatzea. Bere bertsoen azal eta izkeran oso arduratsua zan, eta adierazi nai zituen gogaientzat, leiatsuki, alegindu oi zan sorpen berri ta jatorrak billatzen. Egundo ere etzitun arriskuan laga ez azalaren osotasuna, ez gogaiaren berrikitasuna, olerki asko ta ugari egitearren. Naiago izan zuen, beti, autatua izatea. Irizpide onekin aukeratu zituen bere liburuxka txit eder "Biotz-Begietan" agertuko ziran olerkiak. Ogetabat sartu zizkizun bakar-bakarrik. Ala ere, arreta aundiz ibilli zan bere erti-bizitzaren lotura ta uztarpide ziran amazazpi urtean ondutako oberenak aukeratzen. Bere olerkiak dira, ximenki autatuak» (Yakintza, 1933, 168 orr.).
Esan dugunez, etzan Lizardi gabetik goizera idazle bilakatu, arian arian baizik. Bere bertso-bilduma txanbeliña osatzeko aukeratu zituenetik atera dezakegu ori. «Euskaltzaleak» bazkunak, 1930'garren urtean, Euskal Olerti jaiak sortu zituen; «Biozkadak» olerki liburua argitara zuen Jauregi'tar Koldobika'ren omenez Errenderi'n ospatu zan lenengoa. Iru olerki «Agur», «Otartxo utsa» ta «Paris'ko txolarre» aurkeztu zizkigun Lizardi'k; baita Orixe'k ere bere «Yainkoagan bat» eta «Itzai zekena». Lauaxeta'ren «Maitale kutuna»-k eraman zuen len-saria, zillarrezko abarra.
Lizardi'k etzuen saririk izan, baiña etengabe lanari ekin zion; eta urrengo urterako ba-zuen itxaropenik. 1931'an, Tolosa'n Olerti-Eguna Arrese'tar Emeterio'ri omenaldi bikaiña eskeiñirik. «Urte-giroak ene begian» aurkeztu zigun Lizardi'k, eta onexek ain zuzen ere irabazi zuen len-saria. Lan onexek egin zuen Lizardi eusko-olerkarien olerkari gaillen; orduan iritxi zuen koroia txapela ez dio oindio iñortxok ere erauzi: berea du berrogei ta lau urteotan.
Urrengo urtean, ots, 1932'an, «Biotz-Begietan» eman zigun, bere bizitzan liburu bezela ekarri zigun bakarra. Ondoren, poema bat «Maite» idatzi gogo zuen; baita kantu batzuk erdizka bukatu ere, «Agur», «Gazte'ren esnatzea» ta abar. Alare, guk asmatzen eta Jainkoak erabagitzen.
IDAZLANAK. Bai, Lizardi, lanean asi-berri zala eraman zigun Jaunak. Asi-berritako lanok, orraitio, igali umotuak izan. Eta gaur pitxi bikain bezela zaindu, irakurri ta maite ditugu. Ikus laburki zerrenda au:
1) Biotz-begietan (Bilbao, 1932). Olerkiak, poesías vascas, con traducción castellana. E. Verdes-Atxirika'ren etxean. 167 orrialde. Bere emazteari opatu zion liburua: «Maite: bion aur, il ta bizien, oroiz». Orixe'k egin zion itzaurrea, berton datozen 21 olerkiak banan-banan aztertuz. Liburu oneri orain arte egin zaion kritikarik ederrena da-ta, bego emen osoan, olerkiena beintzat; onela diote berak olerki bakoitzari ezarritako oarkizunak:
«Yaun errukiorra. Erderatik itzulia, dio berak. Gogai ederra du erderazko amalauko onek, baiña euskal-belarriendako gogor-antxa dirudit.
»Oia. Yatorra, gauzak berak dakarrena. Egi-zirrara sartzen du barnean.
»Mendi-gaña. Aski polita. Olerkari on batek bere dunik uka ez lezaken adiñakoa; baiña liburu onek olerki aulik ba lu, nere ustez aulena.
»Zeru-azpia. Xoragarria. Prantzesetik mamia dun arren, euskal-axal goxoa du.
»Aldakeri. Idurimen yostanaia ta adimen zailua du egilleak. Olerki au bulkoz yoria ta gizon oartuarena da.
»Xabiertxo'ren eriotza. Bikain bikaiña. Aita siñiste berodunak, semetxo yaioberria garai artan il zaiolarik egiñikoa.
»Neskatx urdin-yantzia. Goxoa, errexa, ugaria, zailua, laisterra.
»Bultzi-leiotik. Zirrara ematen du egiaren egiz. Gaiari dagokion bezain zailua ta laisterra da.
»Paris'ko txolarrea. Oartua ta zirrarakorra ageri zaigu ontan ere. Izkuntza mendean du, euskeraz iñork ba du. Ederraren susmo bizi bizia du.
»Otartxo utsa. Selgas'en La cuna vacía gogora dakar idazpuru onek, baiña ez olerkiak. Meaxka da, ez ordea belaxka. Beti dugu gizaki ta beti euskotar gure Lizardi.
»Agur! Buruzkoegia dirudit. Ba ditu olako beste zenbait ere. Biotzaldiari noizpenka indarra ken lezaio.
»Biotzean min dut. Bere aldikoa da. Emen agertzen ditu doairik garaienak batean.
»Zuaitz etzana. Bikaina, oartze aundikoa. Zugatzaren bizitza yator yalkia dago. Au egin duna ez ote litzake antzerkigille ere? Bizitzaren eta giza-biotzaren ziskuak ezagunak edo ditu.
»Urte-giroak: I. Bizia lo. Ugaria, oartzez yauntzia, berekia, egitsua. Ni bezelako baso-semeari ere ozki eragiten dio. II. Sagar lore. Aurrekoaren kidekoa, iduripenez aberatsa. III. Baso itzal Lenaren antzekoa. Tolosa'ko Olerti yaiean sariztatua. Lau urtaroeri dagozkion olerki oetan, gizon umoa ta agoxuria agertzen da Lizardi. IV. Ondar gorri. Ausaz, oberena. Lau urtaroen zitua berekin du». Azken zatiagatik au dio: «Arrigarria da zati au. Nik ezagutzen dudan lirikurik aundienaren zatirik ederrenari batere ez dio zorrik».
«Eusko-bidaztiarena. Izkuntza pinpirina, aundikitarra, zarpazu esan dioten andere aberats batek aterako luken yantziz yantzia.
»Asaba zaarren baratza. Ugari guzizkoa, besteak bezela.
»Izotz ondoko Iguzki ta Gure mintzo azken-orduan egiñak ditu. Landuak noski, ez orde bear bezain legundunk. Itz berri ta aditz-yoku berri zenbaitek olerki-guriña kendu egiten diote... Erabat esateko: bulkoz, iduripenez, biotzondoz, agoxuriz, izkuntzaz, oso guzizkoa dugu Lizardi. Euskera zar ezagunbageak dun muña atereaz, lirikarako aukerakoena dala garbi adierazi digu. Ainbeste esangai, ainbeste itz doi erabiltzen ditu; kirioz ta odolez yantzia da; euskera erpiñeraiño landu digu. Gurean orainarte ez du izan kiderik, nekez duke garaitzailerik».
2) Itz-lauz (Donostia, 1934). «Euskaltzaleak» bazkunak aterata. 171 orrialde. Joseba Markiegi apaizaren itzaurrea. Or-emen argitaratu artikuluz eta mintzatu itzaldiz osoturiko bilduma atsegiña. Olerkizko liburuan datozen «Oia», «Xabiertxo'ren eriotza», «Otartxo utsa», «Biotzean min dut», «Urte-giroak ene begian», «Gure mintzo,» ta abar zoragarriak baldin ba'dira, itz-lauzko ontan dauzkagun «Etxe-barre bizia», «Erdi-bearra», «Olermen-irakite», «Euskera aundiki-soñekoz» ta abar ez dituzu gutxiago. Idazti bikaiña duzu Bilbao'ko «Euzkadi»-n «El Día»-n, eta olakoetan atera zituen lanakin osatua.
3) Umezurtz Olerkiak (Donostia, 1934). «Euskaltzaleak» argitaratua. Itzaurrea, J. Aitzol'ek. 58 orrialde. Azken orduko olerkiz ornitua.
4) Kixote'ren Bederatzigarren atalkia (RIEV, 1919, XX, 207 orr.).
5) Txindurriak (Yakintza, 1933, I, 84 orr.).
6) Antzerkiak: a) Bi aizpak (Tolosa, 1932); «Antzerti», 5-6 zenbakietan; b) Laño ta izar (Tolosa, 1932); «Antzerti», 2-3 zenbakietan, Lopez Mendizabal-enean; d) Ezkondu ezin ziteken mutilla (Donostia, 1953); «Egan», 1-4, 25 orrialdean.
7) Lizardi (Donostia, 1974). Gráfica Valverde'ren irarkolan. 67 orrialde. Zortzi lan, Jean Haritsxelhar'en itzaurreakin.
Eguneroko ta aldizkari auetan azaldu zizkigun Lizardi'k bere lanik geienak: «Euzkadi», «El Día», «Euskalerriaren Alde», «Euzkerea», «Euzko Deya», «Libro de Oro», «Euskal Esnalea», «Yakintza», «Eusko Olerkiak», «Antzerti», «Aranzazu», «Euzko-Gogoa», «Gure Herria», «Eusko Ikaskuntzaren Deya», «El País Vasco», «RIEV», ta abar.
«Biotz-begietan», arrezkero ere, bi aldiz argitara emana izan da: Donostia, 1956, Valverde'ren irarkolan, eta Zarautz, 1970. Baita bein «Itz lauz» ere: Donostia, 1972, A.M. Labaien'eren itzaurreakin Edili'k aterata. 150 orrialde. «Txindoki-sorta 1».
ERAGILLE BIZKOR. Orixe'k eta Aitzol'ek jaso zuten batez ere Lizardi, olerkari ta idazle bezela goi-goi jarririk. Eta Lizardi'k, bere aldetik, au dio Aitzol'i goratzarrez: «Eragille bizkorra aiz, adiskide on, ta abagunearen sena dek argi: Euskel-olerti-yaien etorkizunean aitatu bearra zegok ire izena». Eta «Euskaltzaleak»-en eraberrigin eta zuzpertzaille berdiñaka bezela goratu nai zigun olerkigintzan arnas emaille izan zuen tolosarra.
Guk Lizardi beragatik esan ditzakegu ori ta geiago. «Itz-lauz» idaztian datozen lan guztiak, itzaldi ta osterantzeko, denak dituzu Euskalerria zuzpertu ta bizi-azo nairik egiñak. Nola aizatzen ditun idazle asko ere: «Orixe», «Aita Intza», «Jauregi», «Larreko», «Otxolua», «J. Alberdi», «Iparralde», «Dunixi», «Gireuya» ta abar. Aren lanak atsegin aunditan irakurtzen ziran, edo-ta irakurtzen genitun, ni ere idazten orduantxe asia nauzu-ta.
Baiña, batez ere, aren olerki-eran jartzen genitun guk geure begiak; Jauregi, Arrese ta Lauaxeta'rekin batera bide berriak urratu zizkigun, eta mendi-erpiñerantza aurrenen doanari geienik bederen jarraitzen diogun legez, gu ere aren atzetik orpoz orpo giñoazen; edo, beintzat, orrela egin nairik. Gazteak, izan ere, bide berriak opa dituzte beti. Lauaxeta'k, «Bide barrijak» izendu zigun bere lenengo neurtitz-idaztia. Eta Lizardi'gatik onela Zaitegi'k: «Euskaldun yatorra izaki, bere kabuz bide berrietan barna yo zun eta bat-batean yaso zigun gain-gaineko erpiñeraiño gure euskera zarra. Aren olerkietan argitan blei-blei ageri dira gure ozkarbiak eta gure lurrak eta gure erriak edergairik apañenaz: gure arto muskerrak, gure baserri zarrak, gure nakazariak» (Euzko-Gogoa, 1950, 1'go zenbakia, 11 orr.).
Lizardi'ren giro ta ingurua zerbait aztertuz, onela idazten digu Zaitegi'tar Jokin'ek. «Euskal-olerki azia dio- garatu ta zugatz egiten ari zan. Gezu batean, zugatz orrek igali goxoak emango ditu, erri-mausarra du-ta. Lizardi baño len, ordea, olerkariak koloka, aztamuka, zirkun-zarkun zebiltzan. Olerkariak euskera lantzen ari ziran-eta, ipauska ta zañil zitzaien. Euskeraren korapillo ainitz askatu, zoztor asko oildu ta itz makal eta maskarren bidez asmo sendoak azaldu nai zituzten».
Onela darrai: «Yauregi olerkaria ugari, naro, ta yoria duzu: Lizardi'k, ordea, esakera labur, ta giartsuagoa darabil. Azala bera ere txukunago zun Lizardi'k: deztera-arriz izkera bera txorroztu ta txukuntzen ari zan. Olerki-izkera "Orixe"-k-eta apaindu zuten eta izkera lauari Olabide'k eta Azkue'k eta Eguzkitza'k batez ere ertza atera zioten. Dagoneko, Lizardi'k gerturik zun bere bide berria. Izneurtizlari bikaña ta olerkari ximen eta urguria zan orobat. Olerki mueta guzitarikoak idatzi zitun. Zear-mintzoarekiko ziri-neurtitzak ere idatzi zitun».
Eta azkenik: «Ahapaldi berriak asmatu eta lengoak ere berritu ta apañagotu zitun; aren buruausterik biziena olerki-azala orraztu, motostu ta atontzea zan; baña, mami ta gunaren axola indar du... Olerki berrien zaiñetan antxiñako odol yatorra sartu zun: zaragi berritan antziñako ardo bizi zarra zekarren... Zirt-edo-zart, ortik-edo-emendik yo ta Orati'ren guna ta mamia bereganatu zizun. Norbaiten ustez, Lizardi'ren idaztankera erbatzez egiña ta edea bezin zailla dirudi. Ez nik ala uste. Aren idaztankera zangar eta zaintsua izan arren, arin, bizkor eta eragiña duzu. Ederrarekiko ao goxoa zenun. Biotzez biguna, buruz ernea. Aren olerkietan, arranoaren urubiak eta usoen urrumak entzun bide ditzakezu. Olerkari arnasez gaiñezka zun gogoa. Eten gabe biotz-begietan izan zun izatearen funtsa» (Euzko-Gogoa, 1950, 1'go zenbakia, 9 orr.).
J. Ariztimuño'k onela: «Arrotz olertiaren kutsurik, Lizardi'ren neurtitzitan aurki ezin lezazuke, ordea. Barneko iturburutik jaio zaizkio mami-azalak. Ederrak ba dira ere, eusko-olerkarienak dira. Ez irakurriz ikasiak, adi-muñetik sortutakoak baizik. Bertsoak eusko-guna erraiyetan daramate. Euskerari dagokion gisa tajutuak dira. Gaurko olerki au ots, "Urte-giroak ene begian" irakurriaz antziñeko poesi bateren-baten oroipena datorkit burura. Alako bertso errikoien doñua edo:
»Iduzki denean, zoin den eder itzala!
Maitia, mintzo zira, plazer duzun bezela.
Euskera onela, olerti bidez eraberritzea, antziñeko guna gaurko izkerari txertatzea dala deritzait. Jantziz oraingoa ba dirudi, barnez aspaldikoa izan dedilla... Bertsoak esakeraz labur itzez zurrak dira. Ez gai, ez jantzi alperrikakorik aurkitu lezakegu. Laburtasunak eta mami-azal ezkontza egoki onetxek Lizardi'ren olerkiari kutsu jatorra erantsitzen diote. Gaiez bezin bikain, jantziz ere. Alako eusko-gun bereziak onelako soñeko etxekoia bear. Ez etxekoia dalako beartsuen jantzia daramala uste. Irudiz, amets-ereduz, asmoz aberatsa oso. Eta ez eskutartean darabilzkigunak, berriak, gure belarriak oraindiñokoan entzun gabekoak baizik» (Eusko Olerkiak, 1931, II, X orr.).
Labur: gero, ekaitz zakar bezela, illunpe ikaragarria izan genduen arren, garai artako egunak, ots, 1930'tik 1936'rarteko zazpi urteak ezin-obeak izan genituen eusko-olertiarentzat. J. Zaitegi'k au: «Nik uste, zazpi urteok betirako goragarri izango dirala Eusko-Olertiaren edestian».
AKATSIK? Iritzi-emaille onak lanaren ederra bereziki goraipatu bear duen arren, eduki litzaken utsak pixkat aizatzea ere ez deritzaigu gaizki. Nork ez ote ditu, idazle ona izanik ere, akatsen batzuk? Egia au ere: sarriegi dakusagula samarra iñoren begian, agea norberenean baiño.
Lizardi'k ere ba-ditu bereak. «Bereak eta, agian, gureak ere bai -diosku J. Aitzol'ek. Euskera lizundu zamarra eskuratu zaigu. Jatorriz, gure izkera asmoak labur erakusten zituenetakoa zan. Adi-gaietarako itz gutxi eta aiek egokiak. Aldiz-aldi zabartu, eten egin zaigu eusko mintzoa. Txalogarria, beraz, antziñako itz-asmoen izorraldi ori berritzea. Buru belarri, auxe iritxi nairik, dabil olerkaria. Elburu onek, ordea, utsak ba-ditu. Bertsoan doñua gogortxoa izatea, bat; ulerkaitza, aditzez zail xamarra izatea, bestea. Ez da nolanaiko lana izkerari erdoia kentzea. Ez deritzat, ordea, bat-batean egin leikena danik» (Loc. cit. XIII orr.).
Orixe'k bi-iru uts aurkitu zizkion «Biotz-begietan» liburuan (Yakintza, 1933, I, 405 orr.). Eta A. Irigarai'k beste batzuk (RIEV, 1934, 199 orr.): «guziek», «guziak»-en ordez; «ari ere ditugu», «ari ere gaituzu»-ren ordez; «ezin erderaz ari gaituzu», «ezin ari gaituzu erderaz»-en orde. Baiña, esan dugunez, idazleari errez yaulkitzen zaizkio onelakoak, konturatu barik ere.
(Ikus E. Agirre, Euzkerea, 1933, II, 320 orr.; J. Ariztimuño, Yakintza, 1933, I, 163 orr. eta «Euzkadi»-n ainbat artikulu 1934'gn. urtean batez ere; Jautarkol, «Euzkadi», 1934-5-25'an; A.M. Labaien, EID, 1933, XV, 18 orr. eta Teatro Euskaro, II, 155 orr.; N. Ormaetxea, Yakintza, 1933, I, 405 orr., Euzko-Gogoa, 1950, I, 7-8, 6 orr. ta Euskera, 1958, III, 17 orr.; A. Tapia Perurena, Yakintza, 1933, I, 183 orr.; J. Zaitegi, Euzko-Gogoa, 1950, I, 9 orr., ta 1954, V, 22 orr., ta 1956, VII, 94 orr.; A. Irigarai, RIEV, 1934, 19g orr., ta Euzko Gogoa, 1956, 94 orr.; Tomas Agirre, Yakintza, 1933, 23 orr.; S. Onaindia, MEOE, 883 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 1959, 263 orr.; L. Villasante, HLV, 335 orr.; J. Artetxe, Euzkadi, 1934-6-6'an, eta Caminando, 1947, 63 orr.; L. Mitxelena, HLV, 146 orr., ta Egan 1956, 2, 84 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 455 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliographia, I, 55 orr.; Ibon Sarasola, Euskal Literaturaren historia, 1970, 64 orr.; X. Lete, A. Zelaieta, A. Lertxundi, Xabier Lizardi, 1974, «Jakin» liburuxka sailla).