literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura IV»
Santi Onaindia

Etor, 1975

 

39.— Estepan Urkiaga Basaratz, «Lauaxeta»

(1905-1936)

 

        J. Aitzol'ek onan amaitzen ditu «Bide Barrijak» olerki liburuari egin zion itzaurreko itzak: «Olerkari bikañenak ezilkortasun aiotsak entzun izan dituzte. Gure gazte onek ere dei orren oiartzuna neurtitzetan dagerkigu. Poesi goiargiak lagun bekio ezilkortasuna irixteko. Adi-ego egokiak ditu naikuna betetzeko. Euskerari, bide latza, leguntzeko, "Lauaxeta"'k dagiana, ez da lan makala. Bere "Bide barrijak" goren, txalogarriak. Olerti-uts zelaietatik juan bedi. Nekeak ez dezala auldu; ain da galgarria Bide ori. Oraindañokoan bulartsu darraikio. Ez bezaie, ordea, maitasun gaiei, minkuntasun asmo samurrei uko egin. Ain olerki politak egin dizkigu! Ain gogokoak ditut gaztaro asierako neurtitz oiek! Adi-poesi eta maite-olerkiak ez-ezik beste gun ederra dituen olerkitxoak aurki lezazkike irakurleak» (X orr.).

 

        BIZITZ-ORRIAK.— Euskalerrian, eta Bizkaia'n batez ere, baditugu toki ta errialde begiragarriak. Gisa ortakoa duzu itxasotik eta Butroe gaztelutik ur-xamar daukagun Laukinitz nekazari erritxoa. Emen jaio zan Urkiaga ta Basaratz'tar Estepan —Lauaxeta— 1905-8-3'an, Erriko Taberna deritzan etxean. Beronen gurasoak: Jose Mari Urkiaga ta Urizar-andia, Murelaga'koa, ta Bizenta Basaratz eta Zorrotza, Laukinitz'ko alaba. Aitaren aldeko aitita-amamak: Erramon Urkiaga ta Ulibarren, Mendexa'koa semez, eta Frantziska Urizar-andia ta Espilla, Murelaga'koa. Amaren aldekoak: Erroman Basaraz eta Zorrotza, Zamudio'koa, ta Kristina Eguzkitza ta Eguzlitza, Laukinitz'koa. Juan Barrenetxea bertako txaunburuak bateatu zuen, illaren 6'an, Frantzisko ta Errose Urkiaga, biak Murelaga'koak, aita-amabitxi zirala.

        Esteban ume zala, Laukinitz utzi ta Mungia'ra aldatu zan Urkiaga sendia. Orduan zer aundirik ez, baiña gaur uri azi egiñik daukagun toki onetan osotu zituen bere len-ikasketak. Mutil argia zetorren, eskolan oso aurreratua. Karrera bat ere ikasi naita, amabi-amabost urteko izanik, praille joan naia ere erakutsi zuen. M. Zarate'k onela: «Mutikoa zala, fraile joan gura izan eban, karmeldarren komentu batera. Baiña Lekeitioko osabeak abade egin bear ebala esan eutson». Orrela, beste gazte askotxo legez, Durango'ko jesuiten Ikastetxera jo zuen latin eta abar, ots, giza-ertiak ikastera. An zan —bat aipatu— ikaskide bezala Pio Montoia.

        Joakin Zaitegi ere, Durango'n bertan, ikaskide izan zuen. «Leendik —diosku onek— elkar Durango-n ezagutu genuen: Urkiaga latinaren laugarren urtean ari zen, Erretorikan alegia, ni, berriz, leenengo urtean ari nintzen. Garai artan euskaltzale ote zenik eztakit arean... Gero, Loiolaratu ginen biok, 1921'garreneko Uztailaren 15'nerako edo, batak bestearen berri iakiteke. Loiola-n asi-berri elkarrekin batera asi ginen... 1924'garren urtetan "iunior" bezala latin, eladera ta elertiak ikasten ari ginen euskaldunok, euskaltzale gertatu ginen». Bertan ziran Urkiaga, Ibinagabeitia, Iñaki Goenaga, P. Muxika, G. Larrañaga, Argarate, Sarobe, Martikorena, Korta anaiak, Zubiaga, Gaztelumendi, ta abar, geroztik ere euskal alorrean benetako lana egin diguten gazteak alegia. An ziran baita eragille bizkor bezela, Apalategi, Zugatzaga ta Olabide aitak ere.

        Gazte auek ba-zuten nun idatzi. Zaitegi'k onela: «Guziak Bilboko Jesus-en Biotzaren Deia-n idazten genuen eta, ileko asmoa Agirre-tar Iorka-k, eta Peli Areitio-k Berri-On bateratua ta orrelako batzuk kenduta, aldizkaria osorik geuk gazteok idatzi izan genuen amar urtetan-edo. Urkiaga-k Basaraz izengoitia zerabilen nonbait» (Olerkiak Lauaxeta, Bilbao, 1974, 8 orrialde). 1925'an agertzen da Lauaxeta'ren lenengo lana, «Begoñako Amari» deritzan olerkia; 14 lauko dira ondo biribilduta; «Basaraz, S.J.» darabil izenpetzean.

        Olakoetan oi danez, euskaltzale bazkune bat ere sortu zuten Loio-la'n, gero Oña'n eta Marneffe'n beintzat iraun zuena. Loiola'ko gazte kementsu auek erabaki eder bat artu zuten: eladerazko ta latinezko klasikoak euskeratzea. Ortan lan egiñak dira, dakigunez. «Giro ortan azi zen Urkiaga —dio Zaitegi'k—, geroko Lauaxeta, 21 urte bete arte. "Gure arteko ikasle gazteak zenbait urtez Elade-ko ta Erroma-ko giro osasungarri ta zoragarrian bizi izango balira, oberenik litzateke: giro orri neronek zer zor diodan gogotik esan nezake, norbere buruaz mintzatzea ain itsusi ezpalitz. Nik neuk, beintzat, eztitut galdutzat irizten enetara igaro nituen gaztaroko urterik ederrenak", esan zezaken Urkiaga-k ere. Asieran olerkari bezala agertu zen Lauaxeta, gero egunkalari ta izlari bezala. Gazterik il zuten: gora ta gora zioan garaiean. Aingerutxo bat bezala il zen, esan zidan Aita Moreno-k, Gasteiz-ko morroilopean ikusi zuenak» (Loc. cit.).

        Itzal uts gara gizonok, leize aundi. Gogo ta soin, bi zatiotatik jalgi oi diran ondorio nasiak ez dituzu ulert-errez. Ez ortan! 1928'an, bere bidetik pozarren zebillela ematen zuen Urkiaga'k, Jesus'en Lagundia utzi ta Bilbao'ra etorri zitzaigun. Zergatik? Bizitzan gorabera asko ditugu erantzun gabeak. Dana dala, Lauaxeta Bilbao'n daukagu, ta aurrerantzean «Euzkadi»-n lan egingo du aspertu gabe. Eguneroko onek ba-zuen euskal atal bat: 1913'tik Kirikiño'k zuzendu zigun atal au, ainbat idazle berri ere sorturik; 1928'garren urte azkenetik, Kirikiño Mañari'ratu zala-ta, Orixe'k eta Lauaxeta'k burutu zuten lan ori bi urte ta erdian; Orixe gero, 1931'an, bere jaioterrira juan zan «Euskaldunak» poema idaztera; iru urtez berak, Lauaxeta'k, zuendu zuen dalako orria; 1934'tik aurrera, Uribitarte'tar Ibon'ek —Enbeita'tar Imanol'ek— lagundu zion.

        Urte auetan eten barik idatzi zuen Lauaxeta'k, egunero zerbait. Orixegatik, itz-lauz ain ezaguna ez dugun arren, guztiz ugaria izan zan ortan ere. Gai askori ekin zion, baiña abertzaletasunari batez ere. 1934-10-5'tik aurrera, orraitio, ez zuen «Euzkadi»-k ezertxo ere argitaldu euskeraz, egun aietako Erkalaren naste zalapartak zirala-ta. Urrengo urteko epaillaren 10'rarte luzatu zan ixillaldia, 164 egunekoa nunbait. Bizkaia'n bakarrik ezarri zan arako zigorra, itxura danez.

        Errepublika aldian idazle ezezik, izlari trebe ere ibilli zitzaigun Lauaxeta. Etorri aundiko mintzoa zuen, eta erriz erri ibilli zan Jel-azia ereiten, iñoiz ere nekatu barik. Euskalerri osotik dei egiten zioten, eta erriak txera bizitan txalotzen ditu aren itzaldi sutsuak. Eragille bezela ainbat laguntzaille ditu inguruan. Egunero irixten zaizkio lanak, errietako albistelariak bialduak geienez; idazleak bizi ta gozo bizkortzen ditu, lumaz ta mingaiñez, gero ta leialago zeregin ortan jardun dezaten. Or eta emen eskeintzen dizkiote omenaldiak, merezi bait ditu.

        1936'an anai arteko gerra. Urkiaga etzan guda-zale, baiña izen aundikoa zala-ta, gudatalde ta nagusien arteko ordezkari izendatu zuten. Ortan zebillela, Kanpanzar'en, Intxorta'n, Basalgo'n, ots, Elgeta aldean sarri bostekoa eman genion alkarri. Euskal lanak ere eskatzen zizkidan «Euzkadi» ta «Egun»-erako. 1937-4-26'an. Goizean Munitibar'en lerkai-botatze gogorra; arratsaldean, Gernika suten, eta gabaz ere berdin. Martin Itziar'ek onela: «Gabak bere maindira beltzakin gure lurralde gaixoa estali zuanean, sortaldetik zerua gorri-gorri zan...» Andik iru egunera, 29'an Gernika errean'zear zebillen Urkiaga «Le Petit Gironde» egunerokoak bialdutako George Bernard lagun zuela; itsumustuan oratu ta Gazteiz'era eraman zuten, Plazet donostiar jaunarekin batera.

        Gorago aipatu dugun Martin Itziar ere, guda ostean, Gazteiz'era eraman zuten atxilo; aurretik arat-onat erabillita gero, 1937'ko dagonillaren asieran, Gazteiz'ko karmeldar Lekaidetxea espetxe biurtuta zegoen-eta, an sartu zuten. Eta Itziar'ek: «Sartu ninduten gelan amalau-amabost gizon adiñeko zeuden denak arabarrak, eta tartean laudiotar batzuek. Auek esan zidaten nola gela ontan Lauaxeta ta Plazet egon ziran. Baita erakutsi ere ormatik zintzilik zegon Ama Birjiña Karmengoa'ren lauki atzean, Lauaxeta'k, il aurreko orduetan idatzita utzi zuan, erderaz Ama Birjiñari zuzendutako amalaukoa. Ta bereala, euskerazkorik ez ote zuan utzi galdetzean, "Bai —erantzun zidaten—, or aurrean, orman exegita dagen zurezko gurutz illun erren antzeko beste baten utzi zizkian euskerazko olerkiak. Baiña, dakikanez, egunean gela ontatik at izaten geran orduerditxo orretan, bateon batek gurutzea trukatu ziguan... Uste degunez, ori egin zuena fede onez ibilliko uan» (Olerkiak Lauaxeta, 14 orrialde).

        1937-6-26'an, azkenez, Gazteiz'ko karmeldarren komentuan bi illabete egin ondorean, bagillaren 25'an, goizeko 5,39'etan, su-izkillotua izan zan. Antxe zegoela idatziak ditu sei-zazpi poesi sentikor, eta azken-naia, testamentua. Aspaldian ez erdu ta ez merdu egonik, bi urte dirala (1973) omenaldi eder bat egin genion emen, Larrea'n, Olerti-egunez, Laukinitz'ko olerkari bikaiñari.

 

        OLERKARI.— Arima en eta sentikor baten jabe genduen Lauaxeta. J. Aitzol'ek ederki: «Olerki egillea gaztea degu, oso. Ogeitalau (26) urteak, doi-doi, beteak ditu oraindik Urkiaga'tar Estepan jaunak. Iñoiz ikusi-gabea gaurdaño! Gaztaro asieran, besteak zartzaroan eskeintzen digutena, jolas-eran "Lauaxeta"'k dopalkigu. Neurtitzok olerkari gaztearen gogo osoa daramate. Sare-mea izaki poesia bere ari goitar artean gogapen, irudi ta naipenak ez atzitzeko. Olerkaria nor dan ikasi nai zenuke? Bere amets garden zintzoei so-egiezu». Bide barrijak poesi-liburuari egiañiko itzaurrean zesan onela.

        Izatez genuen eder-bera. Eta ikasiz ere, amar bat urtez, ederki jantzi zuen bere arima. Durango'n, Loiola'n naiz Oña'n ba-zioten eragille piñak euskal arlorako. Oiek ez al zioten bultz eragin? Dana dala ogei urtekin (1925) mamitua duzu aren len-olerkia, J.B. Deya'n datorrena; irudimenez ta izkeraz poliki jantzia. Asko irakurri zuen, antza, ikasle zalako urteetan.

        Ona aren poesi-lanak:

        1) Bide-Barrijak (Bilbao, 1931). Emeterio Verdes-Atxirika'ren irarkolan. XVIII-143 orrialde. Euskeraz ta erderaz. Berak azken-oarrean: «Bide barrijak amaitu doguz. Batzuk arrika egingo dauste, beste batzuk goralduko nabe. Eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño. Olerkari nazala agertutiari enago, izkuntza onetan be gogoi batzuk azaldu daikeguzala erakustiari bai, ostera. Or-an entzun eta ikasi dodazan gogai batzuk neure biotzaren barnetik euzkeralduta, agertu dodaz. Gastaroko neurtitzok eztira sakonak, eztira gurenak, gauza guren eta sakonik gastaruan eztalako egiten. Geruago Aberrijari yagokozan neurtitzak egingo dodaz, Euzkadi Amaren maitasunak jo naulako» (142 orr.).

        Luze ta labur, 42 olerki dira guztiz. Maitasuna, aberria, Jainkoa abesten digu. J. Aitzol'ek, jakiña, egin zion itzaurrea, ta onela aitortzen: «Olerkiok, "Lauaxeta"'ren bizikera erdibitua darakusgute. Gaztetxoaren gogo artega lañotsua, lenengoz, dager. Bizitz elburuak urduri dakarzkio, adi-irudiak. Iñoizka maitasun-izpiak bidea dargiote. Galen atzaparrak biotza urratzen, bereala, ordea... Barneko maite lei au eusko elertiari onurakorra zaio. Olerki bikañak sortu azi dizkio. Oraindaño ez lakoak. Alegia, azalez eta gun-mamiz, maitasun gaiz beterik daudenak».

        2) Arrats-beran (Bilbao, 1935). Verdes etxean. «Sagi»'ren azalkai ta ederkaiekin. 162 orrialde. 40 olerki guztiz. Berberak diño: «Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak dakarkidaz. Auxe da neure sakona! Bestiak entzuten eztaben egal-otsa neure gelara yatort eta barneko, zugatz eneitatik txerijak aidatu ziranarren, abar-dardarea ezta amaitu. Neurez betirarte ixilduko nintzan, barruko ixurpen oneintzat ezpaitago azal ederrik. Euzkeraz batez be! Erabillijak ixan diran izkuntzak bost jarrai-bide erakutsi dagiskegubez, baña ele onen iruliak gerau gara... Elerti-zale nazan onek ziarkeri ta pirtxilleritzat daukodaz olerkijok. Maisialarijak esango dabez esatekuak! Baña ele lander baten seme jayo nintzan ezkero, bertso ñimiño oneik be, argitara datorz».

        Alare bide ortatik nai zuen jokatu, bertso labur, sotil ta atsegiñak onduaz. Euskeraz ta erderaz argitaratu zuen bigarren au ere, Lizardi'k bere «Biotz-begietan» eta Orixe'k bere «Barne muinetan» bezela. Garai artan, urrean, moda zan olako idaztiak bi eletan ateratzea. «Arrats-beran» lako liburu mordo bat egiteko asmotan zebillen. «Euzkadi»-n orrela argitara zituen alegi batzuk, 1932'garren urtean batez ere, Izkiñuak, erderazko Letrillas antzeko olerkitxoak. Bigarren liburu au zala-ta, Federiko Gartzia Lorka'k emendik ibilli zan batean ikustaldi bat egin zion Bilbao'n; arrezkero adiskide miñak izan ziran alkarrekin, guda bitartean alabear berdiñak itzali zizkigun biok.

        3) Olerkiak (Bilbao, 1974). Gráficas Bilboa'ren irarkolan. 179 orrialde. Lauaxeta'ren omenez ateratakoa. Berton datoz: 1) Bide Barrijak, J. Aitzol'en itzaurreakin; 2) Arrats-beran, eta 3) Beste pusketa batzuk, Gazteiz'ko espetxean idatzi zitunak eta abar. Orrez gainera, sarrera bezela: 1) Zaitegi'ren «Urkiaga ta biok»; 2) Itziar eta Agirre'tar Martin'en «Oroitzak»; 3) nere «Urkiaga'tar Estepan'en Bizi-urratsak», eta 4) Arostegi'tar Luis karmeldarraren «Lauaxeta'ren Poesi-gunetarantz», 1973'an, Olerti-egunez, arrastiko batzar-aldian irakurritako lan sakona.

        Asko idatzia dugu Lauaxeta. Jesuita zegoela asi ta «Euzkadi»-ko euskal atalaren arduradun zala, 1931'garreneko maiatzetik aurrera batez be, egunero idazten zuen zerbait, «Azalpenak» zeritzan saillean bereziki. Orduan Euskalerrian gertatzen ziran gauzaen berri emate edo «reportaje» bezela genitun azalpenok. Orrez gainera, olerkiak idazten zitun eta lan sakon luzeagoak noizean beinka. Ortik at, «Jesus'en Biotzaren Deya»-n, «Jaungoiko-Zale»-n, «Ekin»-en, «Euzkerea»-n, «Yakintza»-n idatzi zigun; baita «Bizkaiko Begiragarria» (Bilbao, 1934) ta olako liburuetan ere.

        Iztegi bat osoturik zeukan, erderaz-euskeraz, Liliput tankeran. Baita ba-zekian, abertzaletasuna zabaltzeke, adierazle indartsua dugula antzerkia; onek baitu, arin ta bizkor ta goxo jardun ezkero, ikuslea jolas-arazi, biotz-ondoa ikutu ta pozetan jarri. Lauaxeta'k bi antzerki —«Gotzone» ta «Antzerti yayan izan naz»— beintzat utzi zizkigun.

 

        IDAZLE TA OLERKARI PIÑ.— Naiz itz lauz naiz bertsoz, Lauaxeta'k idatzi zuen guztia zentzunez eta gatzez beterik daukagu.

        Onek ere, olerkiakin bezela edo, izango du bere aldia or-emen itz lautan utzi zizkigun lanakin bilduma eder bat egitekoa. Orduan ikusi al izango dugu nolako idazlea izan genuen; nolako euskera zerabillen; nolako izkera ta joskera garbalak zerabilzkigun.

        Aren olerkiak, ordea, ia danak beintzat, or ditugu nik 1974'an argitara nuen «Olerkiak» bilduma txanbeliñean; or duzu osorik laukiniztar olerkari sotillaren arima ta arnasa, bertso goitarretan ustuta. Orixe'k eta Lizardi'k egiaz txalotu zuten aren olerkia.

        Baiña J. Aitzol'ek eta L. Arostegi'k aztertu digute, iñork baiño obeki, olerkari gaztearen poesi lana. «Euskaltzaleak» Olerti-Egunak ospatzen asi zanean, Errenderi'n izan zan lenengoa, 1930'an. Batzaldi artan agertu ziran Lizardi, Orixe, Tapia-Perurena, Jautarkol, Jaka-Kortajarena, Loidi, Zugasti, Enbeita ta besteak. Lauaxeta'ren Maitale kutuna deritzan olerkiak eraman zuen len-saria, «zillarrezko aritz abartxoa». Aitzol'ek onela: «Urkiaga jauna, izenordez Lauaxeta, geienak Errenderi'ko olerti-egunaren bidez ezagutu dute. Ez guk ordea. An eta emen argitaratutako bere neurtitz bigun eta leunak, irakurtzen bai giñuzen, orain dala bi edo iru urte ezkeroztik» (Eusko Olerkiak, Donosti, 1930, 12 orr.).

        Urkiaga, esan dugunez, berez olerkari jaioa duzu. Baiña ikasiz ere eder-senaren gozotasuna eten gabe beregandu zuen; irakurtzean, espaiñar olerkariak albora utzi barik, Prantzia'koak eder, atsegin zitzaizkion batez ere. Kanbo maite zuen «Francis Jammes biotz-bigun, gauz txikitxoen ertilari trebearenetik, Baudelaire elerti iraulari, "parnasisme" taldea irasi zuan olerkari arenetarañoko bertso arrigarrienak euskeratu dizkigu», diñosku J. Aitzol'ek.

        Eta aurrera, oraindik: «Maitale kutuna, saritutako olerkia, olakoxea deritzaigu. Alako naitasun mee, gozo, atsegin eta aundikia, asmaketan eta irudietan alako batasun egokia, antz eta itxuraz alako aberastasuna, amets-ereduz alako indar bizitasuna; ahapaldi bakoitza pitxia, neurtitz bakoitza dirdiz argikorra. Biotz maitekorrak ezagutu ezarren, nolabait nabaitzen duan maitalearen edertasuna, ahantziz, goratzen du. Eta garbi-gardenaz eta apain oso, neskatx onen itxura adierazten digu. Egoak eragindako aizeak, liliak igurtzitzen dituan bezela, oartzen dira neurtitzetan zerutar egokada leunak» (Idem, 14 orr.).

        Arostegi'k iru zatitan banatzen du Lauaxeta'ren poesiari buruz osoturiko lana: 1) Poesi-lurraldeak; 2) Bideak, eta 3) Poesi bera. Orain arte aren poesi-lanari begira egindako zerik sakonena duzu. Arostegi berau ere olerkari da, «Poema Amaitu bakoak»-en egillea, ta nundik dabillen ba-dakielako, ez gaitu bat ere arritzen burutu digun lanak.

        1) Poesi-lurraldeak aztertuz ta aren poesi-gunera urreratu naiez, iru lurralde aipatzen dizkigu: maitasuna, gaztaroa ta igarokortasuna. Olerkarien artean maiz erabillia dugu maitasun gaia, Maitagar baita eiztari, giza-biotzak zauritzen dituna; eta zauriak poza ta negarra ekarten. Maitasun billa dabil Lauaxeta, itxaropenez gaiñezka; ez du maitasun leial-ezik nai, onakoa jostorratz zorrotz antzera baita sartzen barre-barneraiño; leiala ta garbia opa du, «gizazko garbitasun gartsua». Onela dabes:

 

                «—Neure begiok dira gaba baxen baltzak:

                Maitasun-zalez dakart bijotzeko suba.

                —Lora baltzak edurtzan bildurgarri yataz;

                begi orrein diztira eriotz-mosuba.

                Maite eziña, betiko neugaz lotu zaite!»

 

        «Beste poesi-lurralde bat Maietasuna edo gaztearoa da —diosku Arostegi'k—. Eta esan lei berau dala lurralderik zabalena, bearbada beste guztien erdi-erdia, bere poesiaren iturburua. Maitetasuna ta bizitza guztia gaztetasuna-zear ikusten ditu». «"Gaste ule batez gara", bere deadarra. Itxaropena gaztaroari dagokion zabalgurena da. Goiak eragiten dautsoe bere bizindarrari; argia da bere arnasa». Aberria ta askatasuna ere gaztearoaren inguru kokatzen ditu:

 

                «Gastedi orren didarra

                bai dala didar zolija!

                Aberri baten samiñez

                urduri dabil errija».

                «Dana emon biar yako

                maita dan azkatasunari».

 

        Olerkariak maite dituen gauzarik asko, ala ere, igesi doaz igarri gabe. Igarakortasuna dugu, beraz, Lauaxeta'ren irugarren poesi-lurraldea. Reste gaiak ere emendik artzen dute, erdi-irikiz, beren poesi-mugagetasuna. Eta emen dio: ez omen diola izadiaren maite-bularrak kentzen barne daraman arantzearen miña, ezta barruan ozka dabilkien kezka nagusia, burruka...

        Edu onetan amaitzen du: «Iru alde oneetan batez be susmatu eban bere poesia Lauaxeta'k. Orain, ez litzakez iduritu bear alkarren ondean, bananduta legez. Ikus-sentipen baten iru neurriak dirala esan lei, edo, obeto, margo bakotxeko, iru leiar garden, alkarren gañean ipiñiak. Gitxi gora-bera danak dagoz danetan, eta baketxean batak edo besteak indartzen dau beste bien gañetik bere mango zeargia. Ikuspegiak, bakar arturik, ez dau garrantzi askorik erakusten. Mendi, baso, ibai ta zugatzak, itxaso, odei, zeru ta abar, naiko eurrez darabilz, baña geienetan, ia beti, giza-inguruan».

        Naiz-ta laugarren lurralde bat egitera ez eldu, Lauaxeta'ren poesia jainkozkoa ere bada. Ugari ditu onakoak. Eta Arostegi'k: «Baña neurtitz oneen ederra ain zuzen be "zearkako" izaerara makurtzen da. Jaungoikoa baño, bere kezka edo billaketa edo baitaezko dirdaia da euren poesi-muiña». «Sozial» eta aurkako poesi legez, bat aipatzen digu: Langille eraildu bati deritzana.

        2) Bideak? Bere lenengo liburuari, olerkizkoari noski, «Bide barrijak» jarri zion; beraz, zador ezkutu ta berriz ibiltzeko asmotan zegoen. Izan ere, antxiñako euskal olerkiaren bide zarrak, erdizka beintzat, utzi ta berrietatik jo nai zuen. «Sentipen-gaiak eta erak» darabiltza len-bilduma ontan. Bigarrenean, ostera, —Arrats beran— gotuts-gaiak albora utzi ta arin-gaiak geiago darabiltza; sentipen-giroa, gotuts ez dana noski, emen ere agertzen digu. Arostegi'k: «Leenengora itzuli da, baiña "sentipen" ori iñausi, garbitu ta estutu egin nai izan dau. Neurtitzak eurak be —azala— jokera bardiña erakusten dabe: laburrak, geienetan esanaldia neurtitz bitan esiten dabenak. Bide-barrijak liburuko leenengo olerkiak, euren bakuntasunean, ez darie bearbada goi-arnas gitxiago, oindiño garbitu ta estutu bearra erakutsi arren. Arrats-beran bilduman, ostera, olerki batzuk poesitik naiko aldenduak aurkitzen dodaz; eta neurtitza beti labur ta bardin-antzekoa apur bat ezberezko ta aspergarri be iruditzen yat».

        Sinbolo-poesira jo zigun geienik; aren eles ta edesti soillak, ala ere, «beste zeozer esan nai dabe, eta jokera au, batzuetan batez be, argiegi ta lar naiezkoa be ba-dirudi». Olerki «utsa» ote? «Bearbada zeatzago, olerki oneek "gotuts-olertiari" dagokioz, ez ain beste "poesi utsari"... "Poesi utsa" giroak bere izate ta mamitzat poesia bakarrik, ez beste edozelango gairik ez eban nai. Olan, poesi beraren ikertze bat zan, ez idazkera bat bakarrik. Baña non dagoan poesi uts ori, non susmatzen edo erdiagotzen dan, au da eztabaitu leikena. "Olerti uts" giroak sinbolo aldean ipinten eban». Liliak eta larrosak, urrea ta zillarra eurrez darabiltza-ta, modernista giroaren aztarnak ere ikusi ditzakegu. Arostegi'k onan: «Modernismoaren azalkeriari nagokio emen. Baña modernismoak, edo obeto onen jatorri-muin dan parnasotar giroak irakatsi eutsozan Lauaxeta'ri bere era lirain ta apaiñak. Ez da orregaitik parnasotar utsa: bere elestiak beste esanai, goi-bero ta sentimentu batek aldetik aldera zeartzen ditu».

        3) Poesi bera. Poesia ezta azaleko zeregiña bakarrik. Lauaxeta'k ba-zekien au. Onela ziñoan berak: «Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak dakarkidaz». Txorien egal-otsa ene entzuten du, «bestiak entzuten eztaben egal-otsa» noski; eta txoriok aidatzean uzten dioten abar-dardarea etzaio aultzen, ondoren geratu baizik. Eta Arostegi'k: «Leenengo, puntu baten, erdi-erdiko ikus-sentipen erage ta sendar bat; gero, dardara gozo, mintsu ta billatzalle baten zabaltzea: dardar-zabaltze onetan dator olerkia bere osora».

        Dardar sakona. Neguak eta elurteak biotza sakonera biltzen. Nun idoroko erantzuna? Maitearen begietan. Gaste gexo olerkian au:

 

                «Mendi-ertzeko gastia arratsak dakar geldiro

                udazken ori barnera sartuten yako leunkiro».

 

        Sakon onetan bat dagi gizaldietako asabekin. Gaztea joan danean, basoa —asaben oiana— illun ta bakarrik gelditu da:

 

                «Baña ostroen dardarak eta txorijen txijuak

                iñor ez eben idoro alai egiten basuak».

 

        Gaztea aurrera doa, beti arantza. «Ez ete au giza-poesiaren guna bera? Dei bat, baña poetak ez daki nondik nora: zuzendu nagizu, argi gozo-illuna». Olerkariaren jardunak, aurrera ekiteak —aberriaren onerako bereziki— ez dauko azkenik. Soin gaztearen lorea aitu arren, excelsior!, beti aurrera.

        Poetak gertakizun bat, eta onen muiña, ikusi ta sentitzen du; itzez nai du jantzi beratzat eta besteentzat, zer dan adierazten emanik. «Izate edo gertakizun orrek, aurrez-aurrez agertzen dan eraz, beste zer batera bialtzen dau». Ortarako poetak, sinbolo artean ibilli ta ere, ez du sinbolorik bear, ez du metaforarik bear: «poesiaren benetako sinbolismoa berez-berez gertatzen da».

        Azkenez, Arostegi'k onela bere billaketa: «Lauaxeta'k poesiaren dardar au ezagutu ebala nabaritzen dau. Poesia pitxi bakan bat da, eta munduan idatzi ta idazten dan geienak urrundik baño ez dauka aren itxurarik. Ez da orregaitik guziz alperrikoa, beti be benetako poesiaren susmo edo bidatza da-ta. Lauaxeta bidean joian: poesiaren dirdir batzuk zuzentzen eutsoen biotza bere zadorrera.

 

                »Aintzak zabal ditu esku argituak.

                »Erri zintzo onek zaindu dagiala

                il gintzanen atsa, il gintzanen aala.

 

        Poetaren biotz-agoan erriaren edo gizaki beraren ezkutu mugagea une baten dardaraka indartzen da. Ta olan poeta gizadian ikur edo aztarna bat da. Batez be bere eder-abotsa odol ixillean amaitzen danean».

 

        (Ikus J. Aitzol, Eusko Olerkiak, 1930, eta Bide Barrijak, bi itzaurretan; Orixe, Euzkadi, 1931-II-29, 1 orr., ta 12-8, 1 orr.; Lizardi, Euzkadi, 1931-12-30, 1-3 orr.; Jautarkol, Euzkadi, 1935-8-29, 12 orr.; S. Onaindia, MEOE, 656 orr.; L. Mitxelena, HLV, 146 orr.; L. Villasante, HLV, 339 orr.; Gabin Garriga, Bol. Amer. E.V., 126 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 163 orr.; Ibon Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 120 orr.; M. Zarate, Bizkai'ko Euskal Idazleak, 224 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 197 orr.; Luis Arostegi, Olerkiak, 1974, 19 orr.).

 

Bilaketa