literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

74.— Jon Etxaide Itarte

(1920-....)

 

        Donostiarra 1920-3-27'an sortua. Iñazio Maria Euskaltzaindi-buru ta euskaltzale jaukalaren semea. Marralari da Gipuzkoa'ko Portu-Taldekoen bazkunean, eta sal-erosle batzuetako ordezkari. Donostia'n osatu zituen leenengo ikaskuntzak, eta batxiller karrera. Aurrera jarraitzeko estudioetan zebillelarik, bere berezko deia euskereari zegokiona zala-ta, euskeraz idazteari lotua bizi izan zitzaigun bere bizitza guztian.

        San Bizente elizan ezkondu zan, 1956'gn. urtean.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Jakiña danaz, ekiñaren frutua da idazlari izatea; ez kaskarin batzuk uste dutenez edo-ta beren buruari ematen diotela, liburuxka bat naiz idaz-lerro errukarri batzuk, naiz-eta nekez, uts-erazi baldin ba'dituzte, upa-txotx begiz idazle dirala esan oi digute. Ez, emen bakoitzak egitez adierazi bear du noraiñoko gizasemea dan; Etxaide'k bezela, alegia.

        Euskaltzain urgazle dugu.

        Ona beronek emandako liburu-sail bikaiña:

        1) Alos-torrea (Zarautz, 1950). 166 orr. Elezar berritua, Santoz Etxeberria'ren irudiekin. Bere ama Dolores Itarte ta Alberdi zanari eskeintzen dio bere leen-frutu au. «Zerutik nere ardura dezun ama on-ona —dio—: Gugandik aldendu ziñan eta ala ere beti alboan nabaitzen zaitut, eriotzak berak ezin urra bai-lezake ama baten maitasunik. Eta nik, zure erraietako zati onek, aztu ote zaitzaket nere zañetako odola zurea dudaño?» Poliki!

        2) Purra! Purra! (Zarautz, 1953). 110 orr. Irri ta par egiñerazteko ipui sailla. Bere aitari eskeiñia. «Gure euskera salbatzeko —dio— liburu onekintxe urrats sendo bat eman dutalakoan nago. Zuk euskal-mintzoaz ezetu ezpa'niñuzu, liburu onek eluke gaur argirik ikusiko. Beraz, liburu onetxek biotz-biotzez eskerrak eman nai dizkitzu nere bitartez sortzea eman diozulako».

        3) Joanak joan (Zarautz, 1955). 279 orr. Itxaropena'ren Kuliska Sortako 9-10 zenbakian dator Piarres Topet Etxahun Barkoxtar koblakariari buruz egindakoa, 1955'garren urtean Euskaltzaindiaren eleberri-sariketan leen-saria irabazi zuena. Santos Etxeberria'ren irudiekin. Eskeintza: «Euskalerriko elezahar ta ixtoritan oñarri arturik eta euskal-arnas beroz igurtzirik ainbeste ipui ta eleberri mamitu dizkigun Arturo Campion Iruña'ko seme argiaren oroiz eta gorazarrez». Ez dakigu noiztik, ala ere Etxaide'k maite izan du Etxahun. Zuberotar koblakari onen bizitza ta neurtitzak liburu-gaitzat artu ta leenen saria jaso zuenetik gaur arteiño, Etxahun erabilli digu beti buruan eta idazkortzean. Aren koblak iñork ez bestean —Jean Haritschelhar'i ezer kendu gabe— azaltzen eta gipuzkeraz jarten saiatu da urteotan. Eleberri ontan, ordea, aren bizi ezbeartsua, nekez eta miñez asea, bizikiro jarten digu begi aurrean, nobela luze mardulean, euskera aberats, jator, bere-berean. «Zaarrak eta gazteak —idazten du L. Mitxelena'k—, angoak eta emengoak irakurri ta aztertuz, gaurko euskal-prosak dituen maisuen artean jarri du bere burua». Arrera ona egin zitzaion idazti oparotsu oni.

        4) Pernando Plaentxiatarra (Zarautz, 1957). 116 orr. 67 kontakizun. Ipuiok bildu ta tajutzen auek lan egin zuten: J. San Martin Plaentxia-Eibarretan biltzen, Etxaide'tar Jon tajutzen eta Paulino Larrañaga dibujatzen.

        5) Amasei seme Euskalerriko (Zarautz, 1958). Kuliska Sortako 19-20'garren zenbakian. 172 orr. Euskaltzaindiak 1956'gn. urtean sarituriko biografi sailla. Eskeintza: «Ana-Mari, ene besoetako arreba kuttunari, maiteki». L. Mitxelena'k itzaurrean: «Duen izena eta entzutea eztu jendeak musutruk emana, merezi onez irabazia baizik. Eztugu euskal-soroan Etxaide'ren antzeko langille trebe eta saiatu geiegirik izan... Ongi asi bazen, etzuen orrenbestez etsi. Eztio geroztik utzi izkera lantzeari, belarrietaratzen zitzaizkion itz eta esaera jatorrak jasotzeari, atertu gabe paper zaar eta berriak iraultzeari. Orrela eldu da gaur darabillen mintzaera ugari, zeatz, bere gisako, arin eta gerri-biguiñaren jabe izatera».

        Liburu ontan Etxaide'k aztertzen ditun Euskalerriko amasei semeok, auetxek dituzu: Añibarro, Astarloa, Axular, Elizanburu, Etxahun, Joanes Etxeberri, Etxepare, Iparragirre, Iturriaga, Iztueta, Aita Larramendi, Leizarraga, Mendiburu, Mogel, Oihenart eta Zabala. Lan ona benetan euskal idazle auetaz zerbait jakin nai duten guztientzat.

        6) Itxasoa laño dago (Zarautz, 1959). 270 orr. Kuliska Sortan, 29-30 zenbakian. Pio Baroja'ren «Xanti Andia» itxas-gizonaren bizitza ta kezkak, euskeraz. Eskeintza: «Pilartxo Errekalde, ene emazte maiteari, gure alkartasunaren oroigarri».

        7) Gorrotoa lege (Zarautz, 1964). 384 orr. Oiñaz-Ganboatarren guduetan biratutako eleberria; 1962'an, Euskaltzaindiak D. Agirre zanaren omenez eraturiko nobela sariketan leen saria jaso zuena.

        8) Etxahun'en Bertsoak Gipuzkeraz (Zarautz, 1969). Liburu mardula. Etxahun'en bertsoak, koblak, berak idatzi zituen legez eta Etxaide'k giputzez ipiñi ta ainbat zeaztasunez eta azalpen jakingarriz ornituta. Aurretik, OLERTI poesi-aldizkarian (1961-1966) eman zizkigun zatika.

        Euzko-kondairan zutikaturik, iru drama auek ere ondu dizkigu: 1) Amaiur (Euzko-Gogoa, 195l); 2) Markesaren alaba (Egan, 1958), eta 3) Begia begi truk (Egan, 1962).

        «Egan»-en datoz baita itzulpenak: Bidez-bide (1952-1954), J. Artetxe'ren Caminando, eta Egipto'ko Ozalantze (1961) Ivar Lissiner'en «Ainsi vivaient nos ancetres». Otaz gaiñ ba-dauzka beste lan asko. 1935'an asi zan «La Cruz» asterokoan idazten, eta geroztik idatzi du «Gernika», «Euzko-Gogoa», «Gure Herria», «Egan», «Jakin», «Karmel», «Olerti», «Euskera», «El Diario Vasco», «Zeruko Argia» eta abarren. «Aldapeko», «Uarrain», «Zelai» ta erabilli ditu lanak firmatzean.

 

        (Ikus A. Ibinagabeitia, Euzko-Gogoa, 1954, 3-4 orr., eta 5-12, 143 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1957, 3-4, 22 orr., eta 1958, 3-6, 237 orr., 1965, 1-5, 159 orr.; Gure Herria, 1951, 2, 126 orr., eta 1970, 1, 43 orr.; Zeleta, Euzko-Gogoa, 1958, 236 orr.; Garriga, Bol-EV, 1957, 37 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 70 orr.; A. Labaien, Teatro vasco, II; Auñamendi, Literatura, IV, 327 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, III, 243 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 228 orr.).

 

Bilaketa