literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura V»
Santi Onaindia

Etor, 1977

 

19.— Agustin Anabitarte Iratzu

(1891-....)

 

        «Euskal literaturan nabarmendu diran eleberri idazleetatik bat dugu Augustin Anabitarte», dio N. Kortazar'ek. Donostia'n jaioa, 1891-11-20'an. Gaztetan ikasi zuen bere ogibidetza, salerosketa batez ere, ta ortik bizi izan zaigu. Ikusmiñetan, lurralderik lurralde ibillia, Afrika'n batez ere.

 

        EUSKALTZALE .— Euskaltzain urgazle. Ta «Euzkadi»-n, «Euskal Esnalea»-n, «Gipuzkoarra»-n, «Euskera»-n, «EID»-en, «Gure Herria»-n, «Argia»-n eta «RIEV»-en idatzi izan digu. Ona argitalduta dauzkan lan batzuk:

        1) Espartiña, Euzkadi'n sortua al da? («Euskal Esnalea», 1918, 143 orr.).

        2) Gernika'ko Batzarra. Oroitz samurra («Eusko Ikaskuntzaren Deya», 1922, IV, 15'gn. zenbakia, 15 orr.).

        3) Kirolak. Igariketa («Euskal Esnalea», 1919, IX, 63 orr. eta abar).

        4) Euskeraren batasunaz Azparren'en irakurritakoa («Euskera», 1922, III, 83 o~rr.).

        5) Neska-mutilleri dirua aurreratzen erakusteko (Donostia, 1923). Eneko Deunaren irarkolan. 45 orrialde.

        6) Antziñako Olimpiar jolasak (Donostia, 1925). Martin eta Mena'renean. 52 orrialde. Baita ba-dator lan au «Itzaldiak», 1926, IV, 1-50 orr. ere.

        7) Don Kijote-ren atal bat euskeratuta. IX'g. atala (RIEV, 1928, XIX, 608 orr.).

        8) Usauri (Bilbao, 1931). Editorial Vasca'k aterata. 146 orrialde. Euskaltzaindiak, 1929'an, jarritako «Schuchardt Saria» irabazi zuen irakurgaia. «Euskera» aldizkarian (1930, XI, 3 orrian asita) ere ba-dator.

        9) Donostia (Bilbao, 1932). Editorial Vasca'k irarri zuen. 153 orrialde. Euskaltzaindiak antolatu zuen «Schuchardt Saria», 1932, eskuratu zuen nobela onekin ere. «Euskera»-n ere badaukazu, 1933, XIV, 101 orrialdetik aurrera.

        10) Poli. Mutil umezurtz baten ibillaldiak (Zarautz, 1958). Itxaropena Argitaldariak. 139 orrialde. «Kuliska Sorta»-n dator, 23-24'garren zenbakian.

        Nobela au dala-ta, ona egilleak: «Poli-k emen esan baño gaiztakeri geiago egin zituan. Ala ere, naikoak. Bakarrik munduan, gurasoak aldegiñak, ikasbide onik ikusi ez, barkagarria zaigu Poli. Ain bakarrik ere, eskerrak bere buruaren jabe zala. Ain jabe ere, nai zuan aldera jotzen zuan. Jo ta utzi, ostera jotzeko. "Igual" ara, onera bearrez. Zer gogoak eman, bizimodu berria gure mutikoak. Aguro aspertu. Bide berria artu ta lenagokoa iñori ezere esan gabe utzi, nai zuan artan bertan. Beñere ez sari-zai. Gaztetandik ernetu bear izan zuan bere burua. Bearrak asko erakusten du. Goizero zerjan arkitzen bazan ere, ez iñoren mende. Bakarrik munduan asi zanean —berak noiztik jakin ez— gazterik asko, bere aalez billatu bear izan zuan bizimodua. Ta atxituta ere errez laga, beti esku-utsik ibilliarren. Jainkoak bearra berdintzen duala baleki bezela ibiltzen zan. Txoriaren irudi, berbera zan» (Asi-itza, 7-8 orr.).

        11) Aprika-ko Basamortuan (Zarautz, 1961). «Kuliska Sorta» 49'garren zenbakia. 105 orrialde.

        12) Patrones y capitanes de yate (Donosti, 1958). Erderaz.

 

        IRITZIAK.— N. Etxaniz'ek: «Oraintxe irakurria nazue POLI irakurgaia. Bere ariñean, errez eta pozik irakurtzekoa benetan... Ixillik egona ainbeste urtetan, berriro emen datorkigu bere ale atsegiña eskaldunoi eskeinka. Ordu onean! Euskal-giroa mamitzeko ezta txantxetako lana. Oraindik, egia esan, gure gallurrera ezkera eldu; baña aldapan gora daramagun bide onetan, laguntzalle ona dateke onoko liburu berri au... Euskera gozoa ta erreza du geienetan. Kontatzeko grazia ere, eztu txikia. Pozik dijoa gogoa liburu onen orrietan. Akats txiki batzuek eztituanik, ezin ukatu. Gure zorioneko aditz orrek koxka batzuetan irrist eragiten dio idazle jatorrari. Irakurri bezela, lerrotxo batzuek liburu-ezpañetan egin dizkiot. Ona bat edo beste: "Poli'k ezin ZUAN iñola ere biak alkartu"; ZITUAN jarri ba-lu, zuzenago, noski. "Txalupa neska lirain baten antzeko igidura zerabilkian"; TXALUPAK jarri ba-ligu, egokiago zitekean. ZERABILLEN ere, norbaitzuek ZERABILKIAN baño jatorragotzat ar dezakete. "Naiago zuten azalduko BA-ZAN..."; AZALDU IZAN BA-LITZ, obeto josia ez ote, aurreko ZUTEN'ekin?» (Euzko-Gogoa, 1958, orrilla-daguenilla, 430 orr.).

        Eta L. Mitxelena'k: «Euskal-eleberrigileetan gehiena —xuberotarrek dioten bezala— dugun Anabitarte jauna agertu zaigu berriz ere, plazara, zori onean, Usauri eta Donostia-ren urren irugarrena den irakurgai onekin. Luzaroko ixil aldiak eztio batere etorria urritu ez eztarria moteldu... Irakurgai onek eztarabil auzi larririk: eztu iñoren gogorik kezkatuko ezta biotzik erdiratuko ere. Ezta bearrik ere. Bere bidetik dabil egillea, kontakizun arin, otxan eta jostarien bidetik. Eskubide osoa du, jakiña, eta gure arteko irakurlerik geienek eztiote noski orregatik kargurik artuko» (Egan, 1958-3-6, 239 orr.).

        Egia aitortzeko, iru irakurgaiok —Usauri, Donostia ta Poli— ez dute, ez, auzi «larririk», kezka-min esatekorik, izubiderik; baiña egilleak, ezarian ezarian, ereiten digu gatz-pikor ederrik bai gai-matazan eta bai euskaldun joskera, itz eta esakunetan. Errez, bizkor ta txukun idazten du.

        Poesi bat ere, «Itxasoa non den», argitara zigun Gure Herria, 1922, II, 37 orrialdean.

 

        (Ikus N. Etxaniz, Euzko-Gogoa, 1958, 430 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1958, 3-6, 239 orr., eta 1962, 4-6, 312 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 27 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 543 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliographia, I, 157 orr.).

 

Bilaketa