literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

50.— Xabier Gereño Arrate

(1924-....)

 

        Euskal idazle aberats au Bilbo'n jaio zan 1924-8-12'an. Gran Canaria'ko Las Palmas'eko Komertzi Goi-Ikastetxean eta Bilbo'ko Salerosketa Goi-Eskolan osatu zituen eskola-urteak. Komertzioz kanpo iru urtetan ikasi zuen pianua, baltzu edo enpresa erakundeazko gaiak eta Europa'ko izkuntzarik ezagunenak ere ezagutzen ditu. Cinsa (Coordinación de Iniciativas, S.A.) zuzendari dala, diskuak, euskal-kantak, irakur-idaztiak eta abar argitaratzen dizkigu. Irratian, teatruan, dantza ta musika arloan ez du lan gutxi egin.

        Euskal idazle legez, ordea, gaurko Euskalerriko aldizkarietan, Bilbo'ko euskal folklore ta gauzai buruz batez ere. «Txistulari», «Karmel», «Dantzari», «Zeruko Argia», «Anaitasuna»'n datoz bere lanak. Azken urteotan, berriz, zenbait polizi-nobela ta irakurgai labur eskeiñi dizkigu. Euskaldun-berri dalarik ere, naiko ongi menderatzen du euskera eta irakur-errez eta ariñak zaizkigu bere sorpenak.

        Onela dakar K. Etxenagusia'k Gereño'z: «Euskaldun berriai gure izkuntza irakasteko asmoz, berak bakarrik daki zenbat lan egiten diarduan Gereñok, euspaldian euskera batuaren bidetik. Gereñoren idazlanak gaurko girokoak izan nai dabe, izkera errez bakunean» (Euskal Idazleak bizkaieraz, 259 orr.).

        Asko idatzi du Gereñok, eta argitaratu. Atera ditun liburuen zerrenda osoa egin nai nuke, baina etzait errez izango une onetan bere idazti guztiak eskuetan ez ditut-eta. Auek emen dituzu, ala ere:

        1) Arantza artean-deritzana (Zarautz, 1969, 112 orr., Kuliska Sorta). J. San Martin'en itzaurrea dakar, eta onela dio asiera-asieran: «Uste dot, Xabier Gereño-k, bere nobela lanari ekiterakoan ondo gogoan izan dabela euskal literaturak daukan nobela errezen beharra. Nornahik oztopo bagarik irakurri ahal izateko nobelena, gehiegizko konplikaziñorik bage eta euskera errezean. Kontuan izan ez badau be, hau ondo bete dau».

        Eta beeratxoago: «Irakurri ondorean galdetu deutsat egilleari: Non jazo da historia hau? Ez dozu herririk aitatu. —"Non jazo dan? Baina, zer arraio! Zertarako burua nekatu? Holakoak, edozein tokitan jazo leitekez. Zuzentasuna ez dan bitartean ez da arantza bako lorerik, ez tristura bako maitasunik izango". Gaurko problematika. Gaurko mundua erarik arruntenean, baina oharpen sentikor eta jakingarriakaz aurkeztuaz. Pasadizu xinpleak, hain garesti joastatzen jakuzenok».

        2) Argi bat iluntasunean. Teatru lana, 1965'an antzeztua.

        3) Zein da errudun?

        4) Nobio bat behar dogu (1965. Teatru lana).

        5) Nora naramazu? (Donostia, 1972).

        6) Andereño (Donostia, 1975). Aurrekoa eta au ere teatru-lanak.

        7) Jurgi Kapitaina Hong-Kong'en (Bilbo, 1982).

        8) 8 Teatru-lan (Bilbo, 1983).

 

        (Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 95 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 126 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 200 orr.; Enrike Zabala, Euskal Literatura, 1979, 245 orr.; Ibon Sarasola, Euskal Literaturaren Historia, 141 orr.; Egatsez (Zarautz, 1971). J. San Martin eta Serafin Basauri'k antolatua, 167 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleak bizkaieraz, 259 orr.).

 

Bilaketa