5. Mariano Izeta Elizalde
(1915-....)
Baztan ibar ederrean sortua duzu, ots, Elizondo'n, 1915-7-14'an, bere «Mutilenea» deritzan etxean. Gaur ere iri ortan bizi da erlojudenda baten jabe dalarik. Aita zarauztarra zuen gaztetxotik Elizondo'n kokatua; ama, berriz, Elizondo'ko alaba.
Bere errian artu zituen dakizkin eskolak, gero irakurriz eta pixkanaka sakondu ta erreztu egin zigun, bai mintzatuz eta bai lanak, euskal lanak biribildu ta apainduz.
Baztandarrak ez dira txur ez murritz ibilli euskal literaturan. Ona A. Irigarai'k gogorazten dizkigun auek: Axular'ek Azpilkueta'koa zuen ama; Elizondo'ko «Datugaraia»-n bizitu zan Bruno Etxenike, Bonaparte'ren laguntzaille gorenetakoa; Frantzisko Lapitze idazlaria Arizkun'goa zan sortzez; Frantzisko Elizaondo aita kaputxinoa, bertakoa zan; Amaiur'ko erretore izan zan Kruz Goienetxe apaiza Elbete'koa zan; Irurita'n egon zan sendalari urteetan «Larreko» (Paulo Fermin Irigarai) euskal idazle ezaguna; Elizondo'ko semea ainbat urtez Ziga'n erretore egon zan Xabier Lazkoz; eta ainbat urtetan Lekarotz-en bizi izandako Aita Donosti, bardin Aita Rietzu eta beste asko; Juan Martin Hiribarren, olerkari ospetsuaren ama Eratzu'koa zan eta Elizanburu'rena Zugarramurdi'koa. Auen artekoa dugu Izeta idazle aspergaitza ere.
Baiona'ko «Herria»-n atertu gabe idatzi du, leen eta orain, ots, 1960'tik gaur arte. Donostia'ko «Zeruko Argia»-n maiz, «Aranzazu»-n eta Iruña'ko «Príncipe de Viana»-n berdintsu. Euskaltzaindikoa dugu.
Badu liburu bat ere, Dirua galgarri (Zarautz, 1962), «Auspoa» liburutegiak, Itxaropena'n, bere 13'garren alean argitaratua, 128 orrialdekin, A. Irigarai'ren itzaurrearekin noski.
Polizi-nobela polita, interes aundiz irakurten dana. Euskera errez errikoian osotua. Ipui asko dauzka, argitaratu gabe.
Sarri ematen dizkigu Baztan inguruko izparrak batez ere.
(Ikus J. San Martin, Escritores euskéricos, 99 orr.; A. Irigarai, Auspoa, 13'grn. zenbakia, 9 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 261 orr.; L. Mitxelena, Egan, 1962, 1-3, 92 orr.).