76. Martin Ugalde
(1921-....)
Andoain erri sonatuan jaio zan Martin Ugalde, 1921-11-11'an. «Euskaldun zintzoa, deitzen dio A. Ibinagabeitia'k, aberri-izkera biotzez maite duen euskotar bikaña».
Oraindik gaztetxo zala, gure erriko gorabera itsak zirala-ta, erbesteratu bearra izan zuen Ego Amerikan, au da, Karakas'en kokatuz. Antxe ikasi zigun, beste gai askoren artean, kazetaritza. Eta orretan jardun izan da bere bizitza guztian. Kazetari lez Txikago'ko Northwestern Ikastetxe Nagusian maillatu zan. Eta Karakas'en bizi zalarik, ango «El Farol» aldizkaria, «Creole Petroleum Corporation»-ek zeukana, berak zuzendu zuen.
Amalau-amabost urte dirala Euskalerriratu zan, eta andik ondoan, berton lan egiten digu kazetaritzan geienbat. Gaur Bilbo'ko «Deia»-n idazten du egunero bezela, gai askori ekiñez. Beti da interesgarri. Azken onetan Ondarribi'n bizi da.
IDAZLE. Landareak lur ona bear du garatzeko; berdin kazetariak ere, eta Ugalde'k etzuen lur idorra aurkitu bere lanerako. Venezuela'ko bizitza ta oiturak gai ugaria ekarriko zioten artikulu errez ariñak osatzeko. Eta orrelaxe dagi, denbora gutxiren buruan kontalari nabarmen gertatuz. Bere ipui ta kontakizunak ainbat sari jaso zituzten aberri-erakunderik erakundenetatik.
Erderaz eta euskeraz idatzi digu aspertu barik, Ameriketan eta emen. Bere lanak, beraz sail bitan bananduko ditugu, erderazkoak leenengo ta euskerazkoak gero.
1) Imágenes de la Semana Santa en Venezuela (Karakas, 1956). Irudien berri emateka.
2) Un real de sueño sobre el andamio (Karakas, 1957). Ipuiak.
3) La semilla vieja (Karakas, 1958). Ipuiak.
4) Cuando los peces mueren de sed (Mérida, 1963). Kontakizunak. 164 orr.
5) Las manos grandes de la niebla (Karakas, 1964).
6) Unamuno y el vascuence (Buenos Aires, 1966). «Ekin» argitaldaria. 219 orr. Eskeintza: Aita Manuel Larramendi'ri, andoaindar jesuitari, bere eriotzatiko bigarren eun-urtebetzean.
7) Hablando con los vascos (Barzelona, 1974). Ariel argitaletxea. 206 orr.
8) Síntesis de la Historia del País Vasco (Donostia, 1974). «Ediciones Vascas» argitaletxea. 242 orr.
9) Tres relatos vascos (Donostia, 1974). Txertoa. 103 orr.
10) Hablando con Chillida, escultor vasco (Donostia, Txertoa, 1975). 180 orr.
Euskeraz, berriz, beste auek ditu:
1) Iltzailleak (Karakas, 1961). 69 orr. J.A. Agirre lendakariari eskeiñia. A. Ibinagabeitia'k itzaurrean onela: «Badu pozbiderik gure euskera xaarrak. Ugalde'tar Martin etorri zaigu euskal alorrera. Ez gero, nolanaiko lanabasekin: atxur dirdaitsu, sega zorrotz eta eskuare berri batekin baizik. Beti ere gure alorrean ari izan dala esan diteke, ain daude dizdizari eta erdoigabe berak dakazkin erremintak». Venezuela'n argitaratutako euskerazko leenengo liburua duzu, gaiñera.
2) Ama gaxo dago (Karakas, 1964). Antzerkia. 37 orr.
3) Gurpegi'n aspaldi gertatua (1965). Antzerkia.
4) Umeentzako kontuak (Zarautz, 1966).
5) Itsasoa ur-bazter luzea da (Bilbo, 1973). Dionisio Amundarain'ek euskeratua. Azala: Karlos Bizkarrondo. «Mensajero» euskal liburuak. 137 orr. Nobela bat eta iru ipui dira. Eta azken-azalean au dio: «Martin Ugalde, kazetalari eta nobelagilea datorkigu oraingo honetan, euskal literaturari arnasa berri eta bipila hatz-eginaz. Izan ere, jadanik gauza ezaguna da gure artean, autorea, gure herriko gorabeherek bortxaturik, Hego Ameriketan urte mordo batez bizitu beharrean gertatu zela. Hango egonaldia, zorionez, ez da alferrikakoa izan Euskal Herriarentzat. Bizitzez ezagutu du hango literaturaren sena, berri ta bizia. Esku artean duzun liburu hau, euskarari sena hori itsatsi nahiaren lekuko duzu, irakurle».
Liburu auetaz kanpo, ondu dizkigun artikuluak ez dira gutxi, eta jakingarriak geienik. Ona bat «Euskera»-n datorrena: «Literatura-motak mugatu nahian asmo batzuk». Beronek luzez landu duen ipuiñak eta kontuak, nobela luzea ta laburra darabizki darda gaiñean, (1974, 295 orr.). «Erritar» erabilli du lanak firmatzean.
(Ikus A.M. Labaien, Teatro euskaro, II alea, izen-zerrenda; J. San Martin, Escritores euskéricos, 161 orr.; M. Iruxo, Boletin del Instituto Americano de Estudios Vascos, 1967, XVIII, 133 orr.; E.L. Placer, Boletin I.A.E.V., 1967, XVIII, 21 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 347 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VIII, 62 orr. eta X, 599 orr.).