literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

33.— Iñaki Zubiri

(1913-....)

 

        Bilbotarra dugu Zubiri, naiz-ta jatorriz napartar. Euskaldun berria, azken orduan euskal-jit, zaletasun eta lerak maiteki ukitua. Gaur, Bilbo'n euskera indar-azi naiez lanean diarduan «Euskerazaleak» alkartearen buru dena.

        Ez bitez izutu euskera ikasi guraz dabiltzanak; ortan asia zan Zubiri urte batzuk dirala, eta gaur-egun ederki mintzatzen zaizu edozein batzarretan, eta dotore asko idazten dizu azken amar urteotan argitara dizkigun liburuetan. Gizonak badu adorea barnean, eta adore orren leiaz pizkaka pizkaka, ia konturatzeke, lan bikaiñak dakizki osatzen.

 

        EUSKAL IDAZLE.— «Agur» asterokoan asi zan, nik dakidanez, idazten, gerora ere ainbat idazlan osaturik «Zer» illerokoan. Orrezaz gaiñ, iru liburu argitaratu dizkigu:

        1) Oroitzak (Zarautz, Itxaropena, 1975, 282 orr.). Agiñalde'ko Txepetxa'ren oroitzak dira ipui antzera egindako lan ugari, errez, bitxiak, atsegiñez irakurten diranak, Gipuzkeraz dago. «Niketz —dio— bizkaireaz idatziko nukean, alabaiñan elertirako euskera zabal batean idazteak aspalditik kezkatzen ninduenez, nere izkelgia oraingo ontan alde batera utzi, ta euskaldun geienak uler lezaketen euskera bat erabiltzea erabaki nuen. Onek ez du esan nai, gure euskalkiak utzi bear ditugunik, ez urbiltzekorik ere...! Euskalkirik gabe euskera bizirik ez da izango; gure izkuntzaren iraupena euskalkietan datza, sendi baten iraupena semeengan datzan bezela. Gure euskalkiak ilgo ba'lira, euskera bizia, betiko suntsia litzake, latera il baten antzera biurturik. Indar dezagun beraz barruti bakoitzean erabiltzen dan euskera, goi-maillako elerti osotu baterantz zuurki eta zentzunez urbiltzen garan bitartean» (7 orr.).

        2) Galdu txakurra (Bilbao). Eleberria, ipui luzea dala, esan oi da; «Galdu» berbadun txakurra duzu, aintziñako alegietan autuan eta alkar-izketan agertzen ziran abere ta piztien entzera; gauza asko esaten ditu, adimen argiko agerturik. Urruti joan gabe ba-dira olako eleberriak, Tormes'ko «Itsu-mutilla», Cervantes'en «Rinconete y Cortadillo» eta, urbillago, Azkue zanaren «Txiristadak», esan genezake.

        Nobela auzian aitua dan Olazar'tar Martin'ek onela dio: «GALDU'k ba-dauko bere trebe-bidea (teknika). Alde batetik antxiñako alegi edo fabulena. Sortaldean asi eta gaur arte piztian, abereai berba egitea eskatzen dautsen trebebidea... Beste aldetik, "pikaro"-ren trebebidea, apur bat egokitua baiña zeatza. GALDU euskal elertian "pikaro"-tankerako lenengo eleberria da... GALDU eleberria, "pikaro"-tankerakoa, irakurgai erreza ta ederra da».

        3) Bidetik amesetan (Bilbo, 1982). «Bidari» izengoitiz izenpetua. Olerki liburua, 41 poesi, 95 orrialde. Gai mordoa darabil, atsegiñak danak. Rimaz eta neurriz obeto ezin, eztu utsik. Pentsamentu eskertsuak eta jantzia ere txairoa.

        Ortik kanpora, 1982'ko Olerti Egunean beronek etxeratu zuen lirika sailleko leen-saria. «Neskato itsua», bere lana. Neskato bat iruditzen du olerkariak; bakarrik dago, arratsaldeko argi geldian. Ikuspegi zoragarria du aurrez-aurrez, baiña ez du ezer ikusten; begiak zabalik dauzka, baiña ez dute zabaldiko edertasuna ikuskatzeko indarrik; agor daude, idor, ildako lizarra iduri. Utsari begira dago gaixoa. Olerkaria urreratu zaio, eta aren zoriaz biotz-ikutua, onela kantatzen dio:

 

                «Baserriko bitxi kutuna

                jaiotzetik laztan itsua,

                aizeari itaundu egiozu

                ikusten ez dozun mundua».

 

        Edu onetan, goxo ta legun, beste estrofak ere. Epai-maikoak esan zutenez, Lizardi ta Lauaxeta gogorazten omen.

 

        (Ikus M. Olazar, Zer, 1980, 30'garren zenbakia, epailla, 3 orr.; Muniategi'tar Sabin, Zer, 1982, garilla, 11 orr.; S. Onaindia, Zer, 1983, 61'garren zenbakia, urtarrilla, 8-9 orr.).

 

Bilaketa