literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura VI»
Santi Onaindia

Etor, 1990

 

79.— Juan San Martin Ortiz Zarate, «Otsalar»

(1922-....)

 

        Euskal kulturari buruz makiñatxo bat lan burutu duen langille porrokatu au Eibar'en jaio zan 1922-6-23'an. Urrengo egunean bataitu zutelako ipiñi zioten Jon izena. Eibar'en berton egiñak ditu bere ikasteak, bai gazte-eskolakoak eta bai bere gain eta kautakoak. Naiz-ta gaur Ondarribi'n bizi, Eibar'n eman du gaiñera bere bizitzaldi guztia.

        Barne-dei askok joa, taillar bateko maisutzaz gaiñ, mendigoizale duzu, Auñamendi, Alpes, Gredos'ko eta abarreko mendiorratzik goi ta arriskutsuenetara igona; leize-ikerle lez ainbat artzulo ta arpetan ibillia, Arlas inguruan batez ere. Au da, izadi ta bertoko eder-mota guztien zalea.

 

        EUSKAL IDAZLE.— Apeta guztion artean, baiña, idazletza izan du beiñena eta biziena. Ibilliz eta ikusiz ikasia luma-puntaz adieraztea eder zitzaion beti, eta au aspaldidanik gero. Euskeraz eta erderaz idatzi digu; euskeraz «Euzko-Gogoa»-n, «Egan»-en, «Jakin»en, «Karmel»-en, «Olerti»-n, «Zeruko Argia»-n... Eta erderaz, edo bietara, «Eibar», «Euskera», Eibar'ko Klub Deportivo'ko Boletiñean, BAP, «Munibe», Buenos Aires'ko «Euskalduna», Oviedo'ko «Speleo»-n, Tolosa'ko «Pyrenaica» eta besteetan.

        Euskaltzain osoa 1957'tik. Eta urte mordoan bertoko idazkari oia, eta kargu onek ematen dion nekeak beterik, «Euskera»-n agertzen zaizkigu zenbaki guztietan konta-ezin ala txosten, izpar eta liburu berrien iritzi emate. Etniker saillean ere lankide dugu.

        Ona idazle legez azaldu ditun libururik beiñenak, euskeraz eta erderaz.

        EUSKERAZ:

        1) Juan Antonio Mogel eta Urkitza, bere bizitza ta lanak (Zarautz, 1959). 47 orr. «Euskera», (1960, V, 26 orr.). Gaia: Mogel'en bizitza, euskalari, euskal-dazle eta Mogel'ekiko bibliografia.

        2) Zirikadak (Zarautz, 1960). 151 orr. Kuliska Sortan. Ipuin barregarriz ornidua.

        3) Eztenkadak (Zarautz, 1965). Berdintsu, ipuin eta jazorikoak.

        4) Uhin berri (1964-1969). (Donostia, 1969). Poesi berriaren bilduma. Bijoa emen nik sarritan esana eta San Martin'ek ere maiz errepikatua: argi aitortuta, poeta berriak, eguzki indartsu legez asi ta gero bertatik laiño arre artean murgil gelditzen dirala. Esna, ba, poeta berriok!

        5) Euskeraren inguruan. «Euskal Elerti 69» bilduman agerturiko saiaera. (Bilbo-Donostia, 1969).

        6) Hegatsez (Zarautz, 1971). 371 orr. Itz-lauzko bilduma, Serafin Basauri'ren laguntzarekin. Kuliska Sorta, 71'gn. zenbakia. Txukun, atsegiñez eta iñor bazter uzteko asmorik gabe osaturiko bilduma.

        7) Euskal Artea (Oñati, 1974). «Lur eta gizon, Euskal Herria» bilduman datorrena.

        8) Gogoz (Donostia, 1978). Kondaira, erti, musika, literatura, izkuntza...

        9) Literaturaren inguruan (Donostia, 1980). Saiaera. 247 orr. Euskal idazle ta euskal literaturari indarra eman dioten zenbait idazleri buruz eman dituen itzaldi ta idazkietan banaturiko ideiak datozki bilduma ontan.

        10 Bidez. Gure Herriko gauzak (Donostia, 1981). 484 orr. Gipuzkoa'ko Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaratua. Euskeraz eta erderaz. Saski-naski atsegiña, «Gogoz» bezela, gure erriko etnografi, izkuntza, edesti, literatura, omenaldi ta olakoz txukundua.

        ERDERAZ:

        1) Estudio etnográfico del Valle Urraul Alto (Donostia, 1966). L.P. Peña Santiago'ren laguntzarekin.

        2) Escritores euskéricos (Bilbo, 1968). 183 orrialde eta 158 argazki.

        3) Elgueta con Anguiozar y Ubera (Donostia, 1975).

        4) Eibar (Donostia, 1979). Auñamendi'ren «Diccionario Enciclopédico del Pais Vasco»-n, X, 180-272 orr. dator.

        Olerkari lez, poeta bikain —poema asko dauzka, «Olerti»-n argitaratuak batez ere— agertu ez-ezik, uin berri edo azken orduko koplakariai makiña bat zirikada zorrotz ziztatua dugu, gurdi-tiratzailleak iñoizka lokatz-arteko sakonean ezin geiago-ta, gelditu izanarren.

        Literatur-norgeiagoka askotan izan da tarteko. Liburu ez gutxiri jarri die itzaurrea. Itz-lauz, 1964'an, Baiona'ko Euskal Kulturaren Alde'k jarritako «Lauaxeta» kazetari saria merezi izan zuen; olerkitan, ordea, ainbat sari jaso dizkigu.

        Itzultzaille bezela, iru liburuok bereak ditu:

        1) Zaldun bitxia (Donostia, 1965). Michel Ghelderode'ren «Le cavalier bizarre» teatru-lana, euskeraz.

        2) Siñerako liburu (Donostia, 1966). Salbador Espriu'ren «Libre de Sirena» poemak.

        3) Kantak eta poemak («Olerti», 1966). Bertolt Brecht (1898-1956) doixtar olerkariaren poemak eta kantak. «Auñamendi» ta «Otsalar» izen-ordeak erabilli ditu.

 

        (Ikus H.V.B., El Bidasoa, 1960, XVI, 755 zenbakia, 4 orr.; L.M., Egan, 1960, 1-2, 116 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 99 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 155 orr.; M. Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 273 orr.; Auñamendi, Literatura, IV, 350 orr.; J. Bilbao, Bibliografia, VII, 385 orr.; S. Onaindia, Euskal Elertia, 219 orr.).

 

Bilaketa