Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927) ibilbide luzeko poeta da, bere obra zabalean bilakaera bat ageri duena, baina beti edertasun landua eta giza arazoen espresioa bilatuz. Apaiza da, euskaltzain osoa, unibertsitateko irakaslea eta ahozko literaturaren ikertzailea. Bera izan zen, adibidez, Xalbadorren bertsoek zuten lirikotasuna ohartarazi zuen aurrena, hark «hildako emaztearen soinekoari» bat-batean botatakoak azterbide hartuta.
«Errota zar» poema, Lekuonaren lehen aldiko ordezkaritzat har genezake. Formaren aldetik bertsolari-neurri batekin hasten da, baina pixkanaka neurri askeagoetara joz, berez eta behartu gabe; sinbolistatzat har liteke hemen Lekuonaren estiloa, begi-bistako lehen irakurketaren ostean beste zenbait iradokitzen dizkigula, mezu bat behartu gabe eta bai ordea sentimendu batzuk transmitituz: nostalgia, denboraren iraganak sortzen duen larria, patuari ihes egin ezina...
Lehen poema horretan bada sentsualismo eutsi bat, argiago azaltzen dena «Meretriz hila» poeman. Aurreneko irakurraldian, Marilyn Monroeren suizidioak eragindako olerkia dela esan dezakegu; anekdotatik harago, ordea, kristautasunean betidaniko gaia da eme « jarrera errukitsua, existentzialismo garaian ostera ere modan jarri zena, jantzi berriz. Neurritik libre ari bada ere, errima erabiltzen du baliabide formal gisa, indar berezian.
Lekuona ahozko literaturaren ikertzaile dela esan dugu, eta honetan bere osaba Manuelen lanaren jarraitzaile izan da. Ahozko poesia ez da bertsolaritzara mugatzen, baditu beste hainbat adierazmodu eta agerpide, eta horietako batzuk erabili izan ditu, tarteka bada ere, Lekuonak berak bere poesiagintzan. Horren adibide dugu «Haragizko estatua» izeneko poema, erritmo jostalari eta baliabide tradizionalekin batera surrealismo-ukitu batzuk ere badituena, koplari dagozkion lotura ilogikoak eginez.
Gandiaga bezala, ibilbide poetikoa luzatzen doan sortzailea dugu Lekuona. Bere azken emaitzan (Mimodramak eta ikonoak, 1990), kosmogonia poetiko berri bat proposatzen digu, deskribapenaren zehaztasunak termino zientifikoen poetikotasuna lortzen duen estetika zainduan.
Obrak:
Mindura gaur (1966)
Muga beroak (1973)
Ilargiaren eskolan (1979)
Ahozko euskal literatura (1982)
Manuel Lekuona (1894-1987) (1988)
Ikonoak eta mimodramak (1990)
Manuel Lekuona Etxabaguren (1995)
Irakaskuntzak euskal literaturaz (1998)