literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Frantzisko Lapitz Arizkunen jaio zen, Nafarroa Garaian, 1832an; hazi, berriz, Irisarrin, Nafarroa Beherean. Apaiz egin zen aurrena, eta Mixel Garikoitz santu euskaldunak fundaturiko betarramistetakoa gero. Argentinara bidali zuten eta han eman zituen bere azken 30 urteak, 1905ean hil zen arte.

        Liburu bat idatzi zuen Lapitzek Ameriketara joan aurretik, 1867an argitaratutako Bi saindu eskualdunen bizia: San Inazio Loiolakoarena eta San Frantzisko Zabierekoarena. Aurreko aldian hain ugari ikusi dugun erlijio-gaia du honek ere, baina estiloz eta idazkeraz bereizi egiten da haiengandik. Hain zuzen ere, biografo edo kazetari moderno baten antzera, nobelatu egiten ditu Inazio eta Xabierren ibilerak, historia-liburu hotz eta santu-bizitza gozoetan ez bezala: deskribapen arin, narrazio bortitz, elkarrizketa biziak eginez. Damu izatekoa da, horren idazle trebeak euskaraz gehiago idatzi ez izana.

        Ondoren doakizun zatia liburuaren hasiera aldekoa da. Bertan kontatzen da nola Inazio, Gaztelako erregeren soldadu gisa Nafarroaren konkistan parte hartu ondoren, haren defentsa prestatu behar duen eta nola azkenik zauritzen duten. Ohargarria da tentsioa zein ederki helarazten dion irakurleari, lehenalditik orainaldira txandakatuz kontakizunean zehar, eta esaldi laburrekin erritmoa azkartuz. Ez dago hitz bat ere soberan.

 

Obrak:

— Bi saindu hescualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Franzizco Zabierecoarena

 

Bilaketa