Bernat Etxepare dugu euskal literaturako lehen idazle ezaguna, eta garai guztietako onenetakoa ere bai. Hala ere, ezer gutxi dakigu haren bizialdiaz. XV. mendearen bukaera aldera jaio zen, Nafarroa Behereko Sarrasketan, eta 1518an erretore zegoen Donibane Garazi ondoko Eiheralarren. Bere poema baten bidez dakigu, Nafarroa konkistatu zuteneko gerretan salaketa faltsua egin ziotela, Espainiako Fernandoren alde ari zelakoan, eta horren ondorioz espetxean egon behar izan zuela, Biarnon. 1545ean kaleratu zuen Bordelen bere liburu bakarra eta euskaraz egindako lehena: Linguae Vasconum Primitiae («Euskaldunen Hizkuntzaren Hastapenak»); ale gutxi atera ziren eta ez zuen ez zabalkunderik ez osperik bereganatu, baina denbora igaro ahala haren estimazioa nabarmen igo da, bere poemen freskotasun eta kalitateagatik. Bi gai nagusi dira liburuan: erlijiozko bertsoak batetik eta maitasunezkoak bestetik; horiez gain, beste hiru poema dakartza bildumak, azken aldera: autobiografikoa bata, eta euskararen laudoriozkoak beste biak; izan ere, Etxeparek kontzientzia osoa zuen bera zela euskarazko lehen idazlea, eta konfiantza agertzen du ordura arte ezkutuan eta gutxietsirik egondako hizkuntza gurea harro eta lotsarik gabe agertuko zela mundu zabalera.
Kritiko batzuen ustean Erdi Aroko egiletzat jo liteke Etxepare, Jainkoa eta giza amodioa nahastea garai hari dagokiola eta; beste askoren iritziz, ordea, arrazoi gehiago daude Etxepare Errenazimentuko gizona dela esateko: adibidez, bere burua aipatzea ezaugarri modernoa da, eta baita ere inprimategiaren ahalmenetan eta, oro har, aurrerapenean jartzen duen fedea.
Liburuko gai nagusi guztien agerpen bana aukeratu dugu antologiarako, poema osoak ez baina zati hautatu batzuk transkribitu baditugu ere, azkena izan ezik. Erlijiozkoen artean «Judizio jenerala», heriotzak handiak eta txipiak berdindu egiten gaituela gogoratzera datorrena. «Emazten fabore» ekarri dugu hona amodiozkoen artean, erlijio-gizonek menperaturiko euskal literaturan ez baitira ugari emakumeen aldeko aldarrikapenak; hala ere, hemen dagoen maitasun fisikoaren goraipamena, oso plastikoa eta adierazkorra izanagatik, gaurko ikuspegitik sexista dela esan genezake, emakumea gizonaren zerbitzuko egiten baitu. «Mosen Bernat Etxepareren kantua» da aipatu dugun autobiografikoa, kartzelaren esperientzia gogorra kontatzen duena. «Kontrapas», azkenik, euskararen laudoriozko kantu alai eta baikorra da.
Azken poema honetan izan ezik, gainerakoetan berdina da beti neurria: hamabost silabako lerroak, barruan hiru zesura edo eten garbi dituztela, lau silaba bakoitzeko: lau, lau, lau eta hiru. Lerro guztiek dute errima, binaka edo launaka, eta ahapaldiek lau edo bost lerro izaten dute gehienetan. Neurri mota honek, zenbait aldaketa eginez, jarraipena izango du hurrengo mendean, ikusiko dugunez.
Obrak:
Linguae Vasconum Primitiae