literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jean Etxepare 1877an jaio eta 1935ean hil zen, eta bera da, zalantzarik gabe, mende hasierako Iparraldeko idazle aipagarriena. Argentinan jaio zen, Mar Chiquita herrian, gurasoak hara joanak baitziren, beste euskaldun askoren gisa; haurra zela itzuli zen Euskal Herrira, 1883an. Larresoroko apaizgaitegian ikasi zuen txikitan, baina berak ez zuen apaizgorako joerarik; aitzitik, bere belaunaldiko idazle laiko bakarrenetarik izateaz gain agnostikoa ere bazen, horrek arazoak ekarri bazizkion ere zenbait lan argitaratzeko, gaiaren gordinkeria zela eta ez zela. Jakintza-gose handia zuen Etxeparek eta medikuntza ikasi zuen Bordelen; hain zuzen ere bere izenari «mirikua» izenondoa erantsita ezagutu ohi dugu, euskal literaturako beste Etxeparetarrengandik bereizteko.

        Gaztetatik hasi zen «Eskualduna»n idazten eta bere luma trebeak ordura arte euskaraz gutxi landutako gaiak erabili zituen: batik bat osasuna, Frantziako eta nazioarteko politika, ideia berriak... Eskualzaleen Biltzarreko lehendakari izan zen, euskara bultzatzeko ekintza askoren eragile eta Hego Euskal Herriko idazleekin ere izan zituen harremanak. Bere lanak bilduz, bi liburu argitaratu zituen bizi zela: Buruxkak artikulu bilduma eta Beribilez bidai kronika, autoa hartuta Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan barrena egindako egun bateko txangoa kontatzen duena. Gogoan izan behar da automobila ez zela orduan gaur bezalako tresna arrunta: gizarte-maila bat adierazten du, eta baita modernitatea ere, nolabait (Lizardik ere idatzi zuen artikulu gogoangarri bat, «Donapaleura joan-etorria», honen paralelo gertatzen dena). Berriki, Etxepareren lan guztiak apailatu eta argitaratu ditu Piarres Xarritonek.

        Etxepareren estiloa alde askotatik da aipagarria. Bat, azalekoa, bere hizkuntza. Ordura arte lapurtarrak izan ziren Ipar Euskal Herriko idazle gehienak, eta lapurtera eredutzat harturiko euskalkia; Etxeparek, aldiz, baxenabarrera hartu zuen oinarritzat eta joera hori indartu egin zen harez geroztik, batez ere Nafarroa Beherean euskaldun gehiago zegoelako Lapurdin baino, baina baita ere Etxepareren prosak eredu berri bat eskaini zuelako. Estiloz, berriz, xehetasunetan erreparatzeko trebetasuna azpimarra liteke, deskribapen, kontaketa eta gogoetak nahasteko abileziarekin batera. Garbi ikus litezke ezaugarri horiek Beribilez liburuko bi pasarte hauetan. Batean kontatzen zaigu nola Iruñetik Irurtzuna bidean geldialdia egin duten, errepide ondoan zerbait jateko; egileak ia batere antsiarik eta harrabotsik gabe kontatzen badigu ere, toki eta garai hartantxe gertatzen ari zen euskararen galeraren lekuko gordina dugu testu hau. Bestean, itsasoaren ikuspenak sortarazten dizkion amets eta gogoetak erakusten dizkigu.

 

Obrak:

— Buruxkak

— Beribilez

 

Bilaketa