Bartolome Madariaga (Markina, 1768 - Lazkao, 1838) predikari eta idazle karmeldarra. Ikasikizunak izeneko erlijio-lan zabala idatzi arren, beste bat da ospea eman zion liburua: Euskal herrietako olgeta ta dantzen neurrizko gatz-ozpindua, gatza eta ozpina nahikoa eta sobera dituena.
Garai batean, euskaldunen denborapasa ohizkoena dantza izaten zen: igande arratsaldean, herriko plazan, txistu eta danbolinaren soinuan dantzan egitea, elkar ezagutzea eta abar. Ez dirudi gauza bereziki lizuna, baina elizgizonen artean asko ziren dantzaren kontrako amorratuak; hauen artean nabarmenena, Frai Bartolome.
Sua eta garra da Frai Bartolomeren luma, dantzen kontra ekiten dionean. Dena da bekatu, dena ukitu lizun eta zirri lotsagarri. Pentsatzen jarrita, irudi luke edo gure arbasoak guk uste baino askoz sentsualagoak zirela, edo bestela Frai Bartolomek berak zeukala buruan halako galdara berogarri bat, esku-emate huts batetik egundoko abentura erotikoak ikusarazten zizkiona. Gaur egunetik begiratuta irrigarriak dira Frai Bartolomeren iritziak, baina haren testuak sortu zeneko grazia guztia gordetzen du: jarioa eta etorria dute sekulakoa, sinonimo ugari eta antzeko hitzen zerrendak erabiltzen ditu adierazkortasuna handitzeko, eta erdarakadak ere nahi beste, helburu berarekin; sintaxia ere guztiz jatorra eta malgua du; argudioak, modu batera eta bestera errepikatuak, erretorikaren legeak betez, bere arrazoiak barreneraino sartzeko.
Literaturaren historian behin baino gehiagotan jazo izan da: egileak helburu batekin idatzi liburua eta, denboraren buruan, hurrengo mendeetako irakurleek bestelako asmoz irakurtzea. Halako zerbait gertatu zaio Frai Bartolomeren liburu honi ere, sermoi sutsua behar zuena kontakizun umoretsu iruditzen baitzaigu egun.
Obrak:
Euskal-Errijetaco Olgueeta ta Dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba
Jaungoicoaren amar aguindu-beetaco lelengo bosteen icasiquizunac
Jaungoicoaren amar aguindu-beetaco azqueneco bosteen icasiquizunac
Eleizaco zaspi sacramentuben icasiquizunac
Plauto bascongado o el bascuence de Plauto en su comedia Poenulo
Impugnacion del Manual de la lengua vasca impreso en Bayona de Francia el año 1828 por Mr. Lécluse