literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.394 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Juan Antonio Mogelek aipamen berezia merezi du arrazoi askorengatik: bera izan zen idazle-familia oparo bateko aitzindaria, haren gidaritzan egin baitziren idazle Bizenta eta Juan Jose Mogel neba-arrebak eta Juan Antonioren ilobak; bestalde, Mogel jo liteke Bizkaiko lehen idazle garrantzizkotzat, beronek igo baitzuen bizkaiera literatur euskalkien mailara, gaitzetsia eta gaizki ikusia zegoenean; azkenik, Mogel da lehen euskal nobelaren egilea, oso nolabaiteko nobela bada ere.

        Juan Antonio Mogel Eibarren jaio zen 1745ean eta Markinan hil 1804an. Kanpotik etorritako mediku familia baten ondorengoa zen, baina berak apaizgoa hautatu zuen bizibidetzat. Markinan egon zen erretore, eta hantxe sortu zituen bere liburuak. Gipuzkeraz idazten hasi zen elizako gaiak, euskalki hau landuagoa zegoelakoan; beste abade batzuen eskariz bizkaieraz idazteari eman zion gero, Markinako hizkeran oinarrituta, eta halako jasotasun bat eman zion euskalki horri; geroztik, Lapurdin Sarako euskara eta Gipuzkoan Tolosakoa goratzen diren bezala, aburu zabaldua da Markinakoa dela bizkaierarik ederrena. Mogelek ondu zituen lanik gehienak erlijiozkoak dira batetik eta euskarari buruzkoak bestetik: hizkuntz kontuetan jantzia eta zalea zen, Humboldt zientzialari alemaniarraren adiskidea eta basko-iberismoaren defenditzailea, hots, Iberiar penintsula osoko hizkuntza zaharra euskara izan zela uste zuena (Larramendik bezala). Dena dela, Mogelen lanik garrantzizkoena Peru Abarka dugu, eta argitara gabe egon zen 1881 arte, egilea hil eta 80 urtera ia-ia.

        Peru Abarka elkarrizketa-liburu bat da gehienbat: batetik Peru dago, baserritar zintzo, kristau, bizkor eta baserri-bizitzari dagozkion gauza guztietan jakintsua; eta bestetik Maisu Juan, bizargile-zirujau, kaletar eta sasijakintsu bat. Biek topo egin eta egun batzuk emango dituzte elkarrekin: Peruren baserrian, burdinola bat bisitatzen... Denean erakutsiko digu Mogelek Peruren nagusitasuna, baserriko bizimoduaren eta berba egiteko moduaren nagusitasuna frogatu guran edo. Mogel bere garaiaren barruan kokatuz, argi ikusten da Ilustrazioaren zeregina, modu berezi batean: alde batetik, Rousseauk aipaturiko «salbaia ona» dakarkigu gogora, gizarte nahasiak kutsatu gabeko gizon prestua; bestetik, baina, Ilustrazioak zekartzan berrikuntza ugarien aurrean euskal bizimodu tradizionala aldarrikatzen digu.

        Lehen euskal nobelatzat jo izan da Peru Abarka. Baditu, noski, ezaugarri narratibo batzuk, baina zaila da horrelako auzi bat erabakitzen. Nolanahi ere, egileak eman zion pedagogismotik harago ere, balio literario ukaezinak ditu liburuak: elkarrizketen grazia, bi pertsonaien arteko harreman bizia, erakutsitako paisaien ugaria...

 

Obrak:

— Confesioe ta comunioco sacramentuen gañean eracasteac

— Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos

— Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaínas y castellanas, para que se puedan entender ambos dialectos

— Confesiño ona edo ceimbat gauzac lagundu bihar deutseen Confesinuari ondo eguiña izateco

— Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Mogel sobre la lengua vascongada

— Historia y geografia ilustrada por el idioma bascuence

— Cristianuaren jaquinvidea

— Pascalen gogamenak

— El doctor Peru Abarca

 

Bilaketa